Amel Mathloni · Horizon

29 04 2011

Aspaldi ikusi dudan bideo hunkigarriena da hau.
Amel Mathlouthi musikariaren Horizon abestia, aurrera egiteko aldarria, duintasun ikasgaia…





Labi eta Xaporra atxilotu ditu Espainiako Polizia Autonomikoak

27 04 2011

Egun luzea izaten ari da gaurkoa Zarautzen. Batez ere Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenearen senide eta lagunentzat. Bi zarauztarrek gaur zuten kartzelara sartzeko hitzordua. Audientzia Nazionalera euren kabuz ez joatea erabaki dute, ordea, eta Zarauzko Santa Barbara mendiko harrizko horma handian zintzilikatu dira eguna argitzen hasi orduko. Bertan, ‘utzi pakian!’ dioen pankarta handia zabaldu dute.

Era berean, bideo baten bidez eman dute gaurko ekintzaren arrazoien berri. Hemen:

Hona hemen gaurko zenbait argazki:

[Labi eta Xaporra, gaur goizeko lehen orduan, Santa Barbarako horman zintzilikatu direnean].

[Santa Barbaran zein hondartzan bildutako senide eta lagunen babesa jaso dute gaur ere bi gazteek].

Eta hemen azken orduko bi bideo: atxilotu eta eraman dituzten unea, eta arratsaldeko manifa.

Ohorea izan da goizeko 06:00etatik hau guztia beraiekin konpartitzea. Ez dugu erraz ahaztuko gaur bi hauek eman diguten duintasun lezioa. Biba zuek!





Labiri eta Xaporrari, elkartasunez

26 04 2011

Lekuko anonimo baten testigantza faltsuan oinarrituta Audientzia Nazionalak epaitu eta kondenatu dituen Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea zarauztarrei babesa adierazteko manifestazioak ehunka eta ehunka lagun bildu ditu gaur ere Zarautzen.

Bi gazteek bihar Audientzia Nazionalera agertzeko deialdia jaso dute, handik kartzelara sartzeko. Horren aurrean, bidegabekeria hau salatzeko eta bi gazteei babesa adierazteko manifestazio jendetsua egin da herriko kaleetan barrena.

Musika Plazan amaitu da protesta. Bertan, herritar batek hartu du hitza lehenik, eta lekuko anonimoak Labi eta Xaporra hautatu izana kasualitatea ez dela adierazi du. “Ezta Zarauzko Udalak isil-isilik segitzea ere. Zarautz berriro ere kalean dago, herritarrak Labi eta Xaporrarekin daude, eta Udalak isilik segitzen du kontu honetan”.

Labianok eta Gartxoteneak hartu dute ondoren hitza, txalo artean. Audientzia Nazionalaren izaeraz hausnarketa eskatu dute, eta kasu honen larritasuna nabarmendu dute, salaketa anonimoen inpunitateak antzeko bidegabekeria berriei atea zabaltzen diela esanez. Salatariari dagokienez, areago joan dira, anonimoak Zarauzko Udalaren isiltasuna lagun izatea ere ez dela kasualitatea esanez: “Ez da kasualitatea Zarauzko Udalak isilik segitzea”.

Horren harira, manifestazioaren amaieran berriro ere ahoz aho ibili da salatari anonimoaren izena. Antza denez, Zarauzko Udaleko bozeramaile batzordeko kidea omen delako omen dago Udala hain isilik.

Ekitaldia amaitu aurretik, biharko deialdien berri eman dute: 12:00etan elkarretaratzea izango da Musika Plazan, eta 20:00etan berriro ere manifestazio batek zeharkatuko du Zarautz.

Hainbat herritarrek, berriz, bi gazteak azken uneraino babestuko ditu, eta bihar goizean Madrilera joateko autobusa ere antolatu dute Zarauztik. Bidegabekeria honen larritasunak eskatzen duenez, bihar Madrildik helduko diren albiste guztiak zuzenean ematen ahaleginduko gara, #labitaxaporra etiketa erabiliz.





Gernika gogoratuz

26 04 2011

Benetan adierazgarria da gaurko ABC egunkariaren azala: 1936ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zuten haiek ez dituzte epaitu oraindik, eta haien oinordekoek agintean jarraitzen dute Espainian.

Imajinatu antzeko zerbait Alemanian: gaur egungo agintariak nazien sinboloen aurrean harrera eginez beste herrialdeetako agintariei…





Amaitu da gaua, ez gaituzte isildu

20 04 2011

“Bildu gara, bildu” bideoklipa aurkeztu dute

Testua: bildu.info

Kultura alorreko hainbat lagunen babesa jaso du Bilduk. Eta babes honen testigua honako kanta atsegina eta bateratzailea dugu.
Aitor Gorosabelekin batera, kanta eta bideoan parte hartu dute Miren Amuriza eta Jon Martin bertsolariek, Ramon Agirre eta Itziar Ituiño aktoreek, Jose Mari Agirretxe “Porrotx”ek, Imanol Urbieta musikariak, “Mendi” margolariak eta Gari Berasaluze idazleak, beste batzuen artean.