ate iluna

Misterioak eta ezkutuko kontuek sorginduta, gai hauen inguruan ere idatzi izan dut eta aritu izan naiz irratian.
Sasoi batean Zarauzko Arraio irratian, eta pasa den denboraldian Gaztea irratian.

Ate Iluna: misterioari eta ezkutuko kontuei buruzko idatziak, blog honetan bertan.

 

Gai honi buruz Urola Kostako HITZA egunkariak (2013-10-17) egindako elkarrizketa.Testua eta argazkia: Amaia Ventas

Gari Berasaluze: “Zientzia heltzen ez den hori da misterioa”

Batzuek idazle modura ezagutuko dute Gari Berasaluze (Getaria, 1975), sei libururen egilea baita. Beste askok Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotzia delako, batez ere Zarautzen. Besteek kazetari gisara egindako lanagatik, edo azkenaldian Twitter eta sare sozialen bidez. Berasaluzeren alde ezezagunenetakoa, ordea, misterioari eta ezkutuko kontuei buruzkoa da.

Garai batean Arraio irratian eta pasa den denboraldian Gaztean, misterioari buruzko Ate iluna irratsaioa landu eta aurkeztu du. Gai hauen inguruan euskaraz aritzen den bakarrenetakoa da, eta  ekoiztetxe batek proposatuta, telebistarako saio baten egitasmoa du egun esku artean.
Nondik datorkizu misterioari eta ezkutuko kontuei buruzko zaletasun hau?
Kontu hauek betidanik gustatu izan zaizkidala erantzun ohi dut normalean, azalpen zehatzagoak ematen hasi gabe. Behin, ordea, nire buruari galdezka hasi nintzen, zergatik liluratzen nauen honek guztiak, eta hainbat kontu elkartzearen ondorioa dela ohartu nintzen. Batetik, aita arrantzalea izan zen, eta hainbat urte egin zuen itsasoan. Etxean edo ganbaran zituen liburuen artean, Bermudako Hirukiari buruzko argitalpen zahar bat gogoratzen dut. Pasioz kontatzen zituen desagertutako itsasontziei buruzko istorioak. Gauez itsas zabalean karelean guardian egindako gauek, izarrei begira igarotako gauek, eta itsasoaren handitasun guztiak, liluratu egingo zuten arrantzale askoren antzera, eta itsasoko istorioak kontatzen zituen.

Izarrak, konstelazioak, kometak, sateliteak, eta abar ere ohikoak ziren solasaldi haietan. Baina batez ere Bermudako Hirukian gertatutakoak gailentzen ziren. Denboran eta espazioan galdutako ontzien eta hegazkinen kontuak aho zabalik entzuten nituen, edo harrituta irakurri. Itsasontziak edo marinelak, gainera, ez ziren Bermudetan soilik desagertzen, eta hurbileko portu gehienetan antzekoen berri izateak ere, nolabait, sinesgarriak bihurtzen zituen kontu haiek.

Itsasoak ez ezik, izarrek eta unibertsoak ere liluratu zintuzten, beraz.
Bai. Diotenez, munduko hondartza guztiak elkartuta izango genukeen hareak osatuko balu ezagutzen dugun unibertsoa, horietako hare ale bat soilik litzateke Lurra, gure planeta. Gau izartsuetan zerura begira jartzen garenean, haurtzarora itzuliko bagina bezala da nolabait. Hor kanpoan zerbait badagoela iruditzen zaigu. Probabilitate hutsagatik, zerbaitek esaten digu ezin dugula bakarrik egon. Erabat ulertzen ez dugun zerbait da. Zein indarrek eusten dion oreka etengabe honi. Planetak eguzki baten inguruan bueltaka. Sateliteak planeten bueltan. Izarrak. Galaxiak. Materia iluna. Unibertsoaren hasiera. Unibertsoaren bukaera. Bizitzaren hasiera, sorrera. Kasualitate kateatuak. Mirariak. Erantzunik gabeko galderak. Eta batez ere, ikusten ari garen izar hura akaso duela milaka urte itzalita dagoela jakiteak sortzen duen ezinegona, benetan zein hutsalak eta iheskorrak garen erakusten duena.

Zerua eta izarrak aipatuta, ezin Objektu Hegalari Ezezagunak aipatu gabe geratu bada.
Hori da. Bermudako Hirukiarekin eta unibertsoarekin lotuta, kontu klasikoa da OHEna. Ulertzen ez ditugun erantzunak aurkitu nahian atera ohi da askotan, baina hainbat kasuk eta zenbait gobernuren iluntasunak ere gaia misterioz betetzen lagundu dute.

Objektu Hegalari Ezezagunak, gainera, extralurtarren teknologiarekin lotzen ditugu, eta horrek areago zabaltzen du kontu hauenganako lilura batetik, edo erabateko mesfidantza bestetik. Gobernuek ezkutuan duten teknologia militarrarenak ere ez ditu erantzuten honen inguruko  oraindik argitu gabeko hainbat kasu.

Noiz edo noiz aipatu izan duzu euskal mitologia ezagutzeak ere utzi dizula arrastoa.
Bai. Irakurle gisara, aspaldidanik liluratu ninduten euskal mitologiari buruzko kontuek. Aita Barandiaranek, Joxemari Satrustegik eta beste hainbatek jasotako lekukotzek eta egindako lanak Mari, lamiak, sorginak, jentilak, basajaunak, akerbeltzak eta gainerakoak ezagutzera eraman ninduten, trikuharriekin eta lurrari lotutako gure arbasoen bizimoduan ohikoak ziren beste hainbat konturekin batera.

Horrek ere utzi dit arrastoa, eta euskal mitologiari tiraka, sorginen eta sorginkeriei buruzkoak ere pasioz irakurtzen nituen sasoi batean. Pierre Lancre, Caro Baroja eta gainerakoen lanetan, Zugarramurdiko kontuak ez ezik, akelarreak, katu beltzak eta errito ilunak ezagutu nituen.

Telebistak, zinemak eta literaturak ere izango zuen eraginik.
Noski. X files bezalako telesailen jarraitzaile sutsua izan naiz. Zineman ere, antzeko gaiei buruzko filmek arrastoa utzi zidaten txikitandik; Encuentros en la tercera fase, eta antzekoek. Beldurrezko filmek, banpiroei buruzkoek eta gainerakoek ere beti erakarri izan naute, zineman, telebistan zein literaturan.

Noiz hasi zinen halako gaiak lantzen?
2006an Ate iluna irratsaioa egiten hasi ginen Arraio Irratian, Mikel Astigarraga, Kattalin Urzelai eta hirurok. Lagun artean elkartu eta gai hauetaz hitz egiten genuen, astero, irratian. Bi denboraldi egin genituen.

Gaztean, berriz, pasa den azaroan hasi nintzen. Akabo bakea! irratsaioko arduradunek gaiok lantzeko gogoa zuten, eta aurreko denboraldian, ostegunero aritu ginen ate iluna zabaltzen. Gaiak prestatu, dokumentazio lana egin eta blogean idazten nuen, eta gauean irratian landu. Oharkabean, euskaraz kontu hauen inguruan apenas zegoen materiala sortu dugu.

Nolabaiteko eszeptizismoa badago kontu hauen inguruan.
Handia, normala den bezala. Erokeriatzat hartzen dute askok. Ados, jendea erotuta egon daiteke, baina norbaitek aurpegia ematen duenean eta benetan gertaeraren bat kontatzen ari zaizunean, badakizu egitan ari dela. Azken batean, gai hauetan ere badago bertsio ofizialetatik kanpo isildu egin den beste mundu bat, kontatzen ez den mundu bat. Hori mespretxatu egiten da askotan, sentsazionalismora jotzen da, edo erotzat hartzen dira horren inguruan dabiltzanak.

Misterioa, ordea, ezagutzen ez denaren bila bizirik sentitzea da, geure burua apur bat hobeto ezagutzeko. Galdera horiek egiten eta erantzunak aurkitu nahian egundoko lana egin dute hainbatek munduan zehar, eta milioika jarraitzaile dituzte. Zaramagan 1984an gertatutakoen harira gai hauek lantzen hasi zen Iker Jimenez kazetari gasteiztarra, esaterako, horietako bat da. Aldizkarietan idazten eta Milenio3 irratsaioa egiten hasi zenetik jarraitu dut bere ibilbidea, eta miretsi egiten dut zer-nolako pasioarekin aritzen den lanean.

Pertsonalki, zuk izan al duzu esperientzia berezirik?
Lau urte nituenean ebakuntza bat egin zidaten, eta urteak pasatuta heriotzaren atariko esperientziei buruz irakurritakoak eta ikusitakoak ezagututa, argi daukat orduko oroitzapenak oso lotuta daudela gerora irakurri ditudanekin: tunel zurian barrena ibiltzea, zeure burua gorputzetik kanpo sentitzea, eta abar.

Hamabi urte ingururekin, berriz, eskolatik bueltan, Aritzbatalde inguruan geundela hiru lagunek argi arraroak ikusi genituen Pagoeta aldean. Flash moduko argi berezia egiten zuen lauki moduko bat zen. Zerbait arraroa bezain harrigarria. Horrek ere markatu egin ninduen.

Narros jauregia barrutik ezagutzeko aukera izan nuenean ere, gela urdinak benetan aztoratu ninduen. Horri buruzko literatura eta ikerketa guztiak ezagutu arren, bertan sentitzen denak eta batez ere bertakoek oraindik ere kontatzen dituzten kontu beldurgarriek, sentsazio lazgarri batekin utzi ninduten. Egundokoa da zenbait kontu entzutea, hitz egiten ari dena erotuta ez dagoela dakizunean.

Zientzia heltzen ez den leku hori da azken batean misterioa, eta liluratzen gaituena. Unibertsoraino joan gabe, geure gorputzean ere zientziak azaltzen eta ikusten ez dituen korronteak ditugu: energia korronteak eta biltegiak, txakrak, eta abar. Medikuntza tradizional txinatar guztia, reikia, tai chia, chi-kunga eta antzeko terapiak horietan oinarritzen dira, zientziarentzat ikusezinak izan arren. Azkenaldian hori ere ari naiz ikasten.

Sinesgaitza egingo zaie batzuei, baina aldi berean erakargarria ere bada hau guztia, ezta?
Zientziak eta geure buru karratuek erantzun ezin dituzten hainbat galdera dauden bitartean erakargarria izaten jarraituko du. Ohiko erantzunek ez dutenean balio, azalpenik ez duten kontuak dauden bitartean, galderak egiten jarraituko du jendeak, bizirik dagoen bitartean.

Utzi iruzkina