Liburuaren Egunean, irakurleekin

23 04 2012

Liburuaren Egunean liburu bat idatzi duen edonori egin dakiokeen opari ederrenetakoa egin didate gaur Gasteizeko San Martin ikastetxeko irakasleek eta ikasleek: liburua aldez aurretik irakurri, eta liburuaren inguruan lasai solasean aritu, prestatu dituzten galderei erantzunez. Liburuaren historion oinarritutako marrazkiak oparitu dizkidate, liburutegia bereziki prestatu dute…

Mila esker guztiagatik!





Plaieroen finalak

22 04 2012

68. Hondartzako Futbol Txapelketaren finalak jokatu dira gaur Zarautzen. Ikasturtean zehar maila guztietan hainbat taldek hartzen dute parte plaieroetan, eta finalen eguna egun handia izaten da zarauztarrentzat. Azken batean, seme-alabak, bikoteak, koadrilakoak, bilobak, gelakideak, lagunak, ilobak, osabak, ikaskideak… denek dute finalera heldu den ezagunen bat, eta kirola eta festa giroa uztartzen dira gaurko egunez.

Begira bestela alebin mutilen finalaren amaiera. Penaltika amaitu da Sallekoren eta Baloi Lapurren arteko partida.

Alebin nesketan, eta gaurko lehen gola sartu duten arren, Palomitak taldeak azkenenean ezin izan dio Orokietari irabazi, baina amaieran kiroltasunez zoriondu dituzte aurkariak, eta gustura jaso dute txapeldunordeei zegokien saria ere. Aupa neskak!

Neskak aipatuta, ezin gaurko sari banaketaz ahaztu. Izan ere, lotsagarria izan da Zarauzko Kirol Elkarteak parekidetasuna nola ahaztu duen. 23 lagun zeuden sariak banatzen, eta horietatik 4 bakarrik ziren emakumeak: Zarauzko Udal Gobernuko hiru zinegotzi (Eider Illarramendi, Karmele Alberdi eta Alizia Osa), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez Etxezarreta. Zarauzko Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sari banaketara bidali duen ordezkaritzan emakumerik ez balego, 23 lagunetatik guztiak gizonezkoak izango lirateke. Hurrengoan Zarauzko Kirol Elkarteak kontuan hartu beharreko eta ezinbestean zuzendu beharreko hanka-sartze larria da.

Gainerakoan, zorionak ikasturtean zehar plaieroetan aritu zareten guztioi, antolatzaileei, finalera heldu zaretenoi eta, batez ere, gaur finalak irabazi dituzuenoi. Aupa zuek!





Zarautzen ere Iñigo Cabacas gogoan

13 04 2012

Atzo arratsaldeaz geroztik mezu eta deialdi hau batetik bestera dabil posta elektronikoz zarauztarren artean. Deialdiarekin bat egiten dudanez, bere horretan zabaltzen dut, zarauztarrek ere Iñigo Cabacas hil izana kalean salatzeko aukera izan dezagun.

ALTXA GAZTIAK!

Azken aste hautan Euskal Herrian jasaten ari garen indarkeria polizialaren aurrean, zarauztarrok ere erantzungo dugu.

Horretarako bihar, martxoak 13 ostirala,
bi deialdi ditugu. Aurrena arratsaldeko 17:00etan Gaztetxian,
eta ondoren arratsaldeko 19:00etan udaletxe plazan kontzentrazioa,
bendak gorriz margotuta, begiak moretuta, makuluekin…
bakoitzak nahi duen bezela.

Animatu eta zabaldu mezua!

IÑIGO, GOGOAN ZAITUGU!





Zarauztik Gernikara

12 04 2012

Carmelo Ortiz de Elgea (Gasteiz, 1944) pintoreak negu honetan Gernikaren bonbardaketari buruzko hainbat koadro sortzeko lekua eskatu zigunean, Zarauzko Kultura Sailetik atsegin handiz eskaini genion Ebro Etxeko aretoetako bat, bertan lasai margotzeko eta eroso sentitzeko aukera izan zezan.

Azken hilabeteotako lanaren fruitua da margolari gasteiztarrak gaur Gernikako Euskal Herria Museoan inauguratuko duen Ortiz de Elgearen Gernika erakusketa. Gaur hasi eta uztailaren 8a arte izango da bertan ikusgai.

Erakusketa honi buruzko eta Ortiz de Elgearen lanaren ingurukoak bildu ditu azken egunotan Euskonews agerkariak, 619. zenbakian. Bertakoa da honako argazkia.





Baratzea balkoian

8 04 2012

Atseden egun apur hauetan, alabak eta biok zaletasun berriari heldu diogu, hurrengo hilabeteotan eguneroko zurrunbilo eroan minutu batzuk bada ere eskaintzeko asmoarekin: baratzea balkoian.

Balkoian baratzea jartzeko lehen urratsen inguruan hainbat blog irakurri ondoren, lanari ekin diogu, gustura. Ez dugu barazki askorik landatu oraingoz, baina letxugak eta tomateak supermerkatuetan ez direla hazten ohartzeko balioko dio behintzat alabari. Astean zehar loreontziren bat edo beste eta substratua erosi dugu, landatzeko moduan dauden tipula gorri, letxuga eta tomateekin batera. Ostiralean aitona-amonekin baserrira joan ginela aprobetxatuz, hango baratzetik lurra ere hartu genuen, mendarekin, perrexilarekin, usain belarrekin eta neguan erraz irauten duten basalore batzuekin batera.


[ Amonaren baserria: Illarragorri. Nuarben, Azpeitian. Bertako lurra, barazkiak, loreak eta belarrak etxeko balkoian ditugu orain ].

Etxean, baserriko baratzeko lurra, substratuarekin eta zohikatza edo turbarekin nahasi ondoren, bateko eta besteko barazkiak, loreak eta belarrak landatzeari ekin genion herenegun. Atzo arratsaldean, itxura hau zuen gure balkoiak.


[ lorontzi batean tomateak landatu ditugu, eta beste batean letxugak ]


[ asteazkenean, Zarautzen, hondakinen edukiontzien artean, egurrezko bi kutxa eder aurkitu genituen, primerakoak zerbait landatzeko. Bietako bat soilik hartu genuen, eta belar usaindunak jarri ditugu bertan ].


[ belar usaindunak, ezkerretik eskuinera: ezkaia edo tomilloa, kamamila, kalonjeak edo kanonigoak, eta oreganoa ].


[ botatzekotan geneukan bainera zahar batean letxugak eta tipulak landatu ditugu ].


[ perrexila: landatu orduko, erraz hartu du indarra ].


[ marrubi ale bakar bat, balkoiari kolorea emateko eta marrubiak ere nola hazten diren ikus dezan alabak ].


[ atzo Groseko III. Landare Azokatik buelta bat eman genuen, eta limoiondo hau etxera ekartzeko tentazioa ezin izan nuen baztertu ].


[ iaztik etxean daukagun olibondoak konpainia apur bat du orain balkoian ].

BARATZEA BALKOIAN, BARATZEA ETXEAN, KALEKO BARATZEAK EDO KALEKUMEEN BARATZEAK.
Gu bezalako hasiberrientzako oinarrizko azalpenak, informazioa, foroak eta gure blog gustukoenak:
· Picarona y su huerto: picarona.blogspot.com
· Horturba: L’agricultura biològica a casa.
· Baratzekoak: baratzekoak.blogspot.com
· Baratzea balkoian: zuk zeuk egin [ Jon Benito, zuzeu.com, 2009-07-29 ].
· Entsaladak balkoietan [Iñigo Astiz, Berria, 2009-06-26 ].





Ongi etorri, Txuri!

2 04 2012

Pasa den ostiralean sare sozialetan zabaldutako bi bideo eta argazki bat, hemen ere gera daitezen.

· Lehen harrera, Azken Portun, amaren etxe atarian. Egundokoa.

· Iluntzean, berriz, herritarrena, Zarautzen, Musika Plazan.

Bi argazki hauen artean 25 urte daude, eta duintasuna, gainezka. Ongi etorri, Txuri! Maite zaitugu!