Zarauzko Udalak atzo onartutako mozioa, Israelen basakeriak gaitzetsi eta palestinarrei elkartasuna adieraziz

29 11 2012

Herri Palestinarrarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna da gaur. 1977an onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak azaroaren 29a palestinarrei elkartasuna adierazteko eguna izatea urtero.

Atzo, gaurko egunari aurre hartuz, Zarauzko Udalak Israelen basakeriak gaitzetsi eta herri palestinarrari, bereziki Gazako herritarrei, elkartasuna adierazteko mozioa onartu zuen, aldeko 20 botorekin (Bildu, EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker Anitza) eta PPren abstentzioarekin.

PSE-EEk eta EAJk baiezko kritikoa eman zioten mozioari, bakoitzak bere argudioak azalduz: testuinguru osoa beharrean alde bakarrari soilik begiratzea, edota boikot kanpainarekin ados ez egotea, besteak beste. Dena dela, azkenean, 21 zinegotzietatik 20k bozkatu genuen mozioaren alde.

Mozioa onartuta, Zarauzko Udalak, besteak beste, “Israelek bere apartheid politika mantentzen duen bitartean nazioarteko BDS (boikota, desinbertsioak eta zigorrak) kanpainari babesa ematea” onartu zuen, “Israelekin harremanak hautsiz, boikota sustatuz eta palestinarrekiko zubiak eraikiz, bizi duten egoera ezagutu ahal izateko”.

Mozioa, osorik, hemen irakurgai:
ZARAUZKO UDALAK ONARTUTAKO MOZIOA
ISRAELEN BASAKERIAK GAITZETSI ETA HERRI PALESTINARRARI ELKARTASUNA ADIERAZTEKO,
BEREZIKI GAZAKO HERRITARREI

Gai honekin zerikusia duten kanpo loturak:
· International Day of Solidarity with the Palestinian People
· Palestinaren ordua da (Xabin Makazaga, Berria, 2012-11-29).





Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik

1 12 2011

Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik proiektuari ilusioz ekin genion brigadakideok gustura gaude gaur. Esku artean dugu azkenean hainbat eta hainbat lagunen lanari esker osatutako liburua eta diskoa. Axier, Aroa, Leire, Irantzu eta Igotzek elkartasunaren geografian betiko lekua izango duen lan ederra egin dute, dozenaka kolaboratzaileren laguntzarekin.

Liburua gaur heldu da inprentatik, eta igandetik aurrera Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango da, Askapenaren erakusmahaian. Gaur bertan hedabideei banatzen hasi garen informazioa da hurrengo lerroetakoa.

· Izenburua: Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik
· Argitaratzailea:
Biladi Hadi elkartea
· Urtea:
2011
· Orrialdeak:
160
· Prezioa:
10 euro
· ISBN: 978-84-615-4889-7

BILADI HADI hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik izeneko liburua eta diskoa Biladi Hadi elkartasun brigadak Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera hilabeteetan garatutako proiektua da. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada da, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean ari diren euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste.

Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordeta. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari.

Bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau. Euskal Herrian hainbat esparrutan lanean ari diren lagunekin elkarlanean, musika eta hitzak jarri dizkiegu gure bidaian ateratako irudiei: palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiei. Horien bitartez, bat egin nahi dugu nazioartean garatzen ari den Israeli Boikot ekimenarekin, Israelek zapalketa alde batera utzi, eta herri palestinarra aske utz dezan.

Urrats txiki honek beste batzuk ekarri beharko ditu atzetik, azkenean herri gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun.

Palestinaren egoeraren nondik norakoak erakusteaz gain, Biladi Hadi brigadako lagunek ateratako argazkiei jarritako hitzak ere biltzen ditu lan honek. Honakoak dira, zehazki, argazkiei begira idatzi egin dutenak:

● Gabi Basañez · Euskal internazionalista auziperatua
● Ainara Gorostizu eta Arantxa Iturbe ·
Berria egunkariko eta Hik Hasi aldizkariko kazetariak eta Biladi Hadi brigadako kideak
● Ainere Tolosa · Aktorea
● Alberto Arce · freelance kazetaria eta T
o shoot an elephant dokumentalaren egilea
● Alberto Pradilla · freelance kazetaria eta
El judio errado liburuaren egilea
● Amets Arzallus · Bertsolaria eta kazetaria
● Ander Perez · Gazte mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Harkaitz Martinez de San Vicente · Oreka TX musika taldeko kidea
● Aroa Lasa · Arramazka musika taldeko abeslaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Asisko Urmeneta · Marrazkilaria
● Axier Lopez ·
Argia-ko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Beñat Hach Embarek · Sahararen aldeko ekintzailea eta gazte mugimenduko kidea
● Xabier Euzkitze · Kazetaria eta Saharautz elkarteko kidea
● Filipe Bidart · Iparretarrak erakundearen sortzaileetakoa
● Galder Olivares · Igorreko alkate ohia eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Garazi Goienetxea · Ikasle mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Gari Berasaluze · Kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Iñaki Garitaonaindia
Gari · musikaria
● Gotzon Barandiaran · Idazlea
● Izazkun Guarrotxena · Mugimendu feministako kidea
● Imanol Murua · Kazetaria eta idazlea
● Iñaki Antiguedad · Mugimendu ekologistako kidea, eta EHUko irakaslea
● Irune Berro ·
Berria egunkariko kazetaria
● Jesus Valencia ·
La ternura de los pueblos, Euskal Herria internacionalista liburuaren egilea
● Joanes Etxebarria · Bertsolaria eta kazetaria
● Jon Maia · Bertsolaria, musikaria eta idazlea
● Jon Mantzisidor
Mantxi · Gora Japon musika taldeko kidea
● Jon Maya · Dantzaria
● Josu Martinez · Zinema zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Joxe Mari Karrere · Ipuin kontalaria
● Karlos Zurutuza · freelance kazetaria
● Koldo Alzola · Komite Internazionalistak taldeko eta Hala Bedi irratiko kidea
● Kristiane Etxaluz · Militante abertzalea
● Leire Ventas ·
Urola Kostako Hitza egunkariko zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Lidon Soriano · Komite Internazionalistak taldeko kidea eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Miren Amuriza · Bertsolaria
● Mikel Elorza · Abokatua
● Martxelo Otamendi ·
Berria egunkariko zuzendaria
● Miren Artetxe · Bertsolaria
● Maite Ubiria ·
Kazeta.info agerkariko kazetaria
● Martxelo Diaz ·
Gara egunkariko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Mikel Kazalis · Matxura musika taldeko kidea
● Mikel Ayestaran · freelance kazetaria
● Mikel Etxaburu · Idazlea
● Mixel Berhokoirigoin · Laborantza Ganbarako lehendakaria
● Oskar Matute · Alternatiba alderdiko bozeramailea
● Pako Aristi · Idazlea
● Periko Solabarria · Militante abertzalea
● Aiora Zulaika · Pirritx pailazoa
● Sabin Ibazeta · Gernika Batzordeko kidea
● Alfonso Sastre · Antzerkigilea eta idazlea
● Oier Guillan · Antzerkilaria
● Sustrai Colina · Bertsolaria eta kazetaria
● Javier Etayo Tasio ·
Gara egunkariko marrazkilaria
● Jon Garmendia
Txuria eta Xabi Solano · Idazlea eta Esne Beltza taldeko abeslaria
● Unai Vazquez · Auziperatutako militante internazionalista eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Arantxa Erasun · Euskal Memoria elkarteko kidea
● Iñaki Viñaspre · Bertsolaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Xabi Strubell · Zura musika taldeko kidea
● Haritz Gartxotenea
Xaporra · Euskal preso politikoa eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Zuhar Iruretagoiena · Artista
● Raeda Taha · Idazlea
● Joseba Sarrionandia · Idazlea
● Ahmed Jasalwa · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen gazteen adarreko kidea
● Mahmoud Darwish · Poeta palestinarra
● Liliana Cordova Kaczerginski · Militante internazionalista eta IJAN (International Jewish Antizionist Network) taldeko kidea
● Sergio Yhani · Alternative Information Center taldeko kazetari israeldarra
● Jamal Juma · Stop the Wall kanpainaren koordinatzailea
● Ali Mohamed Jaddeh · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen kide historikoa

Honakoak dira, berriz, diskoan parte hartu duten taldeak eta musikariak:

● ARRAMAZKA: Gure hitzak (feat Rim Banna + DAM)
● ERATU: Nablus ilun
● ESNE BELTZA: Free Palestine
● SKATU: Askatasun egarriz
● NAPAR-K: Eguneroko goizak (feat Arramazka)
● MADELEINE: Hartza
● BERRI TXARRAK: Arren, Darwish
● FERMIN MUGURUZA: Yallah, Yallah, Ramallah!
● MALDAN BEHERA: Mohamed
● JON ARANBURU: 31. eskubidea
● PIRRITX PORROTX ETA MARI MOTOTS: Palestinatik, maite zaitut!

ARGAZKIAK:

Irantzu Pastor eta Axier Lopez kazetari eta argazkilarienak dira argazki gehienak, baina badira Biladi Hadi brigada osatu zuten gainerako lagunen hainbat begirada ere.

[ liburuan ageri den eta erakusketan ikus daitekeen argazkietako bat ]


ERAKUSKETA:

Era berean, liburu honetan bildu ditugun hainbat argazki hautatu ondoren, erakusketa ibiltaria ere abiarazi dugu euskal herrietan barrena. Honakoa da orain arteko egutegia:

– Arbizu: abenduaren 11 arte, udaletxean.
– Azpeitia: urtarrilaren 9tik 21era, San Agustin kultur gunean.
– Orereta: urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra, Mikelazulo aretoan.
– Igorre: otsailaren 13tik 27ra.
– Donostia: martxoaren 1etik 15era, Alboka tabernan.
– Oiartzun: martxoaren 16tik 31ra, Makutxo tabernan.


AURKEZPENA:

· Eguna: abenduak 8, osteguna.
· Ordua: 18:00.
· Herria: Durango.
· Lekua: Ahotsenea, Durangoko Azokaren egitarauaren baitan.


Prentsa txostena PDFan:
biladihadi.pdf





Manipulazioaren gainetik, gora herrien arteko elkartasuna!

9 11 2011

Palestina gure bihotzaren zati den euskal herritar guztiontzat, martxoaren 4a egun berezia izan zen.
Hondarribira eta Arbizura begira eman genuen eguna. Zenbait lagun Hondarribian izan ziren. Beste zenbaitek Arbizun herrien arteko elkartasuna bertatik bertara ezagutzeko eta horrekin hunkitzeko aukera izan genuen.

Egun hari buruzkoak idatzita utzi nituen hemen: BDS: Israelentzat boikota, Palestinarentzat zubiak

Egun hark Arbizun eman zuenari buruzko bideoa ere egin genuen irrienlagunak.com webgunerako.

Gaur, Espainiako El Confidencial Digital agerkari ultraeskuindarrak, bideo hori hartu, nahi izan duen moduan hartu eta manipulatu, eta Pirritx eta Porrotxen aurkako kanpainari su gehiago botatzeko erabili dute, egun osoan portadako lehen albistea izan den honekin: Al grito de “Palestina free”. Los famosos payasos abertzales Pirritx y Porrotx adoctrinan a niños pequeños en un colegio público de Navarra: vea el vídeo

Bideoa, ordea, ez da nik egindakoa eta irrienlagunak.com webgunean zein youtuben ikus daitekeena. Manipulatu ahal izateko, hasiera kendu eta laburtu egin dute:
· Hasierako irudiak kenduta, Arbizu Marda herri palestinarrarekin senidetuta dagoela ezkutatu dute.
· Ikastolako irudiak ezabatuta, egurra eskola publikoari eta, beraz, Nafarroako Hezkuntza Sailari emateko bidea zabaldu dute.
· Ikastolako irudiak ezabatuta, inauteriak zirela eta eskola bakoitzeko ikasleek mozorro kolektibo zehatz bat zutela ezkutatu dute.
· Nahi izan duten zatietan, nahi izan dituzten komentarioak gehitu dizkiote.

Albistean, noski, ahaztu egin dute honako hau: Vicente Ferrer garapenerako hezkuntza saria irabazi du Arbizuko eskola publikoak (Argia, 2010-07-13). Alegia, Arbizu Mardarekin senidetuta dagoenez, bertako eskolarekin garapenerako eta kooperaziorako proiektu hezitzailea dauka martxan Arbizuko eskola publikoak. Proiektu horrek, zehazki, Espainiako Gobernuaren Hezkuntza sailak antolatutako sari garrantzitsua jaso zuen iaz, eta elkartasun proiektu horren baitan ulertu behar da bideoan agertzen den guztia. Hori, noski, ez da manipulazioaren albistean sartzen.

Helburua beste bat zen, noski. Sare sozialetatik edota egunkari ultraeskuindarretatik buelta bat eman besterik ez dago gaur gauean. Sorgin ehiza hasi da Pirritx eta Porrotxen aurka eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren aurka.
· Iribas pide información sobre la actuación de ‘Pirritx y Porrotx’ en la ikastola de Arbizu (Diario de Navarra, gaur).
· Pirritx y Porrotx, los payasos proetarras, adoctrinan niños en Navarra (La Gaceta, gaur. Une honetan, portadako albistea da).

Bide batez, oraintxe ohartu naiz: nik ateratako argazki bat dago La Gacetaren portadan, aitortzarik gabe, baimenik gabe. Salatu egin beharko nituzke…





Rim Banna · A Time To Cry [a lament over Jerusalem]

8 06 2011

Hunkitu egin nau Rim Banna musikari palestinarraren bideo honek.

Beharbada, Rim Bannaren izena eta ahotsa entzute hutsak hunkitzen nauelako izango da, irailean Palestinara egin genuen elkartasun bidaian Biladi Hadi brigadaren helburuekin eta bidaide genituen musikariekin izan zuen jarrera ezin baitut ahaztu. Arramazka taldearekin eta Palestinako DAM taldearekin batera Mikel Laboaren Gure hitzak abestia euskaraz eta arabieraz moldatzeko bertsioan parte hartu zuen Rim Bannak. Hemen irakur daiteke horren berri, eta hemen entzun edo jaitsi daiteke abestia.

Orain, Rim Bannaren lan berria heldu zaigu. Duin, ohi bezala, okupazioari aurrez aurre begiratuz eta abestuz. Indarrez eta samurtasunez.
Nire hitzak soberan daude. Hasi dadila musika, harresi guztien gainetik. Play: Rim Banna, A Time To Cry, a lament over Jerusalem…





Amel Mathloni · Horizon

29 04 2011

Aspaldi ikusi dudan bideo hunkigarriena da hau.
Amel Mathlouthi musikariaren Horizon abestia, aurrera egiteko aldarria, duintasun ikasgaia…





· Euskal Herria Palestina Eguna, larunbat honetan, Zestoan

29 03 2011

Gaur eguerdian aurkeztu dute hainbat udaletako ordezkarik eta Euskal Herria Palestina Sareko kideek hedabideen aurrean larunbateko egitaraua eta ekimena.
Honakoa:





· Caja Laboral eta Maccabi

18 03 2011

Goizean Euskadiko Kutxaren iragarki hau jaso dut posta elektronikoan…

…eta lotsarik ez dutela pentsatu dut.

Orain, bazkalostean, berriketan.info atarian Joseba Makazagaren mezu hau aurkitu dut:

“Caja Laboraleko propaganda jaso dut Maccabiren aurkako partidua ikustera joateko animatuz. ISRAELEK ERAGINDAKO GENOZIDIOA ezin dut burutik kendu, eta BOIKOTA egin beharrean kontrakoa egitera animatzen ari dira. Onartezina iruditzen zait eta barkamenik eskatzen ez badute (gutxienez niri) min gehien egiten diena egingo dut: dirua atera Caja Laboraletik. Eta horretara animatu nahi dut jendea, Caja Laboralari mezua bidali barkamena eska dezaten edo horrelakorik berriz ez dutela egingo esan araziz, bestela dirua aterako dugula esanaz. Nik dagoenekoz bidali diet mezua”.

Ez nuke Josebak baino hobeto esango. Bat egiten dut idatzi duenarekin, eta berdina egitera noa.

Izan ere, Maccabiko jokalariak ez dira edonor. Ez dira kirolariak soilik. 2009an Israelgo soldaduak fosforo zuriarekin haurrak bonbardatzen ari zirenean, eta munduan milioika lagun sarraski haren aurka protestan ari zirenean, Maccabiko jokalariek soldadu israeldarrak bisitatu zituzten, egiten ari zirenari babesa emateko. Genozidioaren babesle zuzenak dira beraz Maccabiko jokalariak.

Hemen irakur daiteke albistea, eta ikusi argazkiak: Jugadores del Maccabi de Tel Aviv acuden a la Franja de Gaza a felicitar a los soldados israelitas por la matanza de palestinos antes de venir a jugar contra el Unicaja a Málaga


Eliyahu, Casspi eta Fizer jokalariak, Gazan, soldadu israeldarrak babestuz 2009ko sarraskiaren egunetan.

Lotutako albisteak:
· Israel, hiltzen nauen eskua
· Israeli boikota: zergatik orain?
· Boikot ekintza Maccabiko jokalarien aurrean, Bartzelonan, 2011ko urtarrilaren 20an:





· I. Euskal Herria-Palestina Eguna, apirilaren 2an, Zestoan

14 03 2011

Lehen aldiz, Euskal Herria-Palestina Eguna antolatu du Euskal-Herria Palestina Sareak.
Zestoan izango da, datorren apirilaren 2an, eta elkartasuna eta festa uztartuko dituen egitarau polita antolatu dute  sareko kideek.


[ argazkia: Urola Kostako HITZA ]

· 11:00. Sukaldaritza tailerra, kometa tailerra eta dantza tailerra.
· 11:30. Txan Magoaren ikuskizuna
· 12:30. Joseba Tapiaren emanaldia.
· 13:30. Porrotx pailazoaren ikuskizuna.
· 14:00. Bazkaria. Bazkalostean. Nabil kantari palestinarraren kantaldia.
· 17:00. Pilota partidak izango dira frontoian.
· 18:30. Dantzari palestinar eta euskaldunen emanaldia izango da.
· 19:00. Ekitaldia.
· 21:00. Kontzertuak: Arramazka, La Mexikana klandestina, Harresian Zulo, Arrebote eta Esne Beltza taldeen eskutik.
· Ondoren, DJ Bull-en emanaldia.

Egun osoan zehar, gainera, txosnak eta festa giroa izango da Zestoako kaleetan zehar.
Palestinako Birzeit herriarekin senidetuta dago Zestoa, eta pasa den irailean bertan izan ziren Zestoako udal ordezkariak.

Lotutako albisteak:
· Zestoak hartuko du apirilaren 2an lehen Euskal Herria-Palestina Eguna (Urola Kostako Hitza, 2011-03-13).
· Biladi Hadi brigadako kideek irailean Birzeiteko alkateari egindako elkarrizketa (Biladi Hadi, 2010-09-16).





· Kontuba eta zikina, El Diario Vascotik Yedioth Ahronothera

11 03 2011

Herri honetan, ohikoa da gizarte mugimenduen lana ETAren jarduera armatuarekin lotzea eta zipriztintzea, zerbait ezkutatu nahi denean, zerbaiten aldeko edo aurkako mugimendua kriminalizatuz.

Antzeko zerbait ikusi dugu pasa den astean, Hondarribian Israelgo sukaldaritzaz antolatutako jardunaldiak bertan behera geratu ondoren.

El Diario Vasco egunkariak gezurra esan zuen, gezurrak argitaratzen ari zela bazekien arren: Cancelan por amenazas unas jornadas de la gastronomía de Israel en Hondarribia. Izenburu hori eman zion orrialde bateko albiste nagusiari pasa den ostiralean.

Israelekiko boikota aldarrikatzen duten Euskal Herriko hainbat eta hainbat elkarte, sindikatu eta erakundetako kideek lan handia egin zuten aurreko egunetan, Hondarribiko ostalariekin bilduz eta boikotaren ezinbestekotasuna nabarmenduz, hainbat bilera eginda, elkarri entzunez eta arrazoiak mahai gainean jarrita. Azkenean, ostalariek onartu egin zituzten boikota aldarrikatzen duten elkarte, alderdi, sindikatu eta erakunde guztien arrazoiak, eta atzera egitea erabaki zuten. Atzera egitea, ordea, ez zen batere gustukoa izan Israelgo enbaxadarentzat eta sionisten ordezkarientzat, eta haserre, atzera egitea nolabait justifikatzeko mehatxuen kontua haizatzea eskatu zuten. Hori horrela da. Israel, su gastronomia en Hondarribia jardunaldien antolaketa oso gertutik ezagutu eta jarraitu duen agintari baten ahotik dakigu.

Mehatxuen karta mahai gainera ateratzeko, ordea konplizea behar zuten, eta El Diario Vasco izan zen gezurra zabaltzeko bitartekoa eta konplizea: Cancelan por amenazas unas jornadas de la gastronomía de Israel en Hondarribia.

Gogoan dut Wazemank 2.0 saioan, kalean entzundako kontuak belarri batetik bestera pasatzerakoan nola desitxuratzen ziren, lauzpabost ahotatik igaro ondoren. Kontuba ta zikiña izena zuen atal hark, eta marujeoaren adibide ederra zen, kontu bat nola zikindu daitekeen azaltzen zuena. Bada, horixe gertatu da, kasu honetan, nahita, Hondarribiko kontuarekin. Izan ere, Isralen argitaratzen den hebraierazko egunkari garrantzitsuena den Yedioth Ahronoth egunkariaren arabera, ETA izan zen Hondarribiko ostalariei mehatxu deiak egin zizkiena: Basques cook up terror attack. Egundokoa!

Kontu hau, Wazemank eta antzeko umorezko saioetan bezala, barregarria litzateke, honelako gezurren eta kriminalizazio kanpainen ondoren atxiloketak eta torturak ohikoak izaten direla jakingo ez bagenu.
Eta horrek, niri behintzat, ez dit batere graziarik egiten.

Lotutako albisteak:

· Israeli food event in Spain canceled over terror threat (The Global News Service of the Jewish People).





· Hondarribiko Udalak haurren aurkako eguneroko sarraskiak babesten ditu

2 03 2011

Ez dago hitzik Hondarribiko Udalaren babesarekin eta laguntzarekin ostiral honetan aurkeztuko den ekimenarentzat: Israel, su gastronomia en Hondarribia.

hondarribiaturismo.com webgunean ikus daiteke:

Ez galtzeko modukoa da prentsa oharra ere:

ISRAEL, BERE GASTRONOMIA HONDARRIBIAN aurkezpena

· TOKIA: Hondarribiko Udalaren Areto Nagusia
· ORDUA: 12:00
· EGUNA: OSTIRALA, 2011ko martxoaren 4a
· PARTEHARTZAILEAK: Maite Peláez, Hondarribiko Turismo Zinegotzia
Ahuva Spieler, Espainian Israelgo Enbaxadako Kultur Agregatua
Miguel Soto, Hondarribiako Ostalaritza Elkarteko Presidentea

Hondarribiak martxo osoan zehar ateak irekitzen dizkio Israelgo sukaldaritzari. Berez gaztea den sukaldaritzak, mundu osoko sukaldaritzen eraginarekin, hiri gipuzkoar honetan Israelgo sukaldaritzako berezitasun berezienen mamiak aurkeztuko ditu sukaldari nagusienen eskutik:Omer Miller, Eval Lavie, Mika Sharon eta Yossie Eladengandik, hain zuzen. Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolaturik, Hondarribiko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Israelgo enbaxadaren lankidetzarekin, martxoaren 9tik apirilaren 1era, sukaldaritza ona maite dutenentzat ukaezinezko hitzordua. Hondarribian.

DESCARGA DE DOCUMENTACION · DOKUMENTAZIOA DESKARGAZEKO:

Nota de prensa · Prentsa oharra http://www.hondarribiaturismo.com/descargas/NOTAPRENSA.doc

Fotografías · Argazkiak http://www.hondarribiaturismo.com/descargas/OmerMiller.jpg eta http://www.hondarribiaturismo.com/descargas/EyalLavie.jpg

La dirección web con la información · Informaziorako web orria http://www.hondarribiaturismo.com/israel/israel.htm

Lotsagabekeria hau guztia eskandalu hutsa da giza eskubideetan sinesten duen edozeinentzat. Prentsa oharrak argitzen duenez, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere badu ekimenak. Ondo: ehunka eta ehunka haur bonbardatzeak, kaleak errugabeen odolez betetzeak, eta iaz Euskal Herritik joandako hainbat lagunek gure begiekin bertatik bertara ikusi genuen palestinarren aurkako eguneroko genozidioak, orain, Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta laguntza du.

Milaka haur eta errugaberen odola Israelgo gastronomiaren eguneroko plater nagusia den bitartean, ez gara aspertuko esateaz: ISRAELI BOIKOT!!!

Hau da Israelgo gastronomia eta eguneroko menua, Hondarribiko Udalak ikusi nahi ez duen arren.

Aperitifa:

Lehen platera:

Bigarren platera

Postrea:

Genozidioa eta gerra krimenak zuritzeko dirua eta nazioarteko babesa edukitzeagatik, egindakoak ez dio genozidioa eta gerra krimenak izateari uzten.

Nahikoa da! ISRAELI BOIKOT!!!

Lotutako albisteak:

· Israel, hiltzen nauen eskua (urtarrilean hainbat hedabidetan argitaratutako iritzi artikulua).

· Euskal Herria Palestinarekin, elkartasunez (sinatzaileen zerrenda, Israelen aurkako boikota aldarrikatuz eta Palestinarekin zubiak eraikitzearen beharra nabarmenduz).

· Facebook, Hondarribia Turismo: ¿Qué sabes de la cocina de Israel? Erantzun batzuk, mundialak. Honako hau, esaterako: “Sabemos que son expertos en cocinar con productos como el aceite de oliba robado, entre otros, a los campesinos palestinos, gracias a sus colonias ilegales. Ilegales incluso para la comunidad internacional. Y por supuesto,su especialidad: palestino a fuego al dente de fosforo blanco. Ez al da lotsarik Hondarribian munduaren historia hurbilean sarraskirik handienetakoak burutu dituena gurera gonbidatzeko?”.