Desioak sutan, batzen gaituenari begira

16 08 2013

Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek aurten inoiz baino samurrago hartu nahi izan ditu haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu direnei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi izan diegu. Abuztuaren 15ean, ehunka desiori su eman eta hegan jarri nahi genituen, Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu zezaten.

Zarauzko malekoia elkartasunez piztu nahi genuen eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman nahi zuen guztiari. Helburua ere iragarri genuen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

Ekitaldiak eta herritarren zein bisitarien partaidetzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: erositako 2.000 su bolak agortu egin ziren, eta jende asko geratu zen desioei su emateko irrikaz. Baina ikuskizunaz behintzat gozatu zuten. Ederra izan zen, benetan. Ekimen berezia bezain polita.

Batzuetan, zerbait ondo ateratzea kasualitate askoren bilduma izan ohi da, eta abuztuaren 15ekoak behar zituen karanbola batzuk horretarako: eguraldia, haizearen norabidea, ekimena herrikoia bihurtzea, boluntarioen lana, antolaketa eta abar. Antzeko ikuskizunetarako baimenak, segurtasun planak eta gainerakoak bete ondoren iragarri genuen ekitaldia, eta azkenean dena ondo atera zen. Izarrek ere Sahararen alde lerrokatu nahi izan zuten.

Berrogeita hamar bat lagun aritu ziren boluntario lanetan ia hiru orduz, antolatzaileok emandako irizpideak zabalduz, su bolak salduz, su itzalgailurekin ikuskizunaren eremua zainduz, parte-hartzaileei lagunduz eta abar. Guztien laguntza gabe, ezinezkoa izango litzateke ‘Desioak sutan Sahararentzat’. Zarauzko Udalaren izenean, guztiak eskertu nahi ditut, ekitaldian parte hartu zuten milaka lagunekin batera.

Argi dago hurrengo urteotan ekitaldi berezi bezain eder honek segida izango badu, herenegun zuzendu beharrekoak iruditu zitzaizkigun zenbait kontu hobeto zaindu beharko ditugula, aurten ere aurreikusita eta zainduta genituen arren: hondakinen kudeaketa, segurtasuna, su bolen banaketa, eta abar. Bada zer hobetua, noski. Erortzean berriro jaikiz ikasi izan dugunak gara. Arazorik ez, beraz, akatsak aitortzeko, hurrena zuzendu ahal izateko.

Oro har, ordea, ‘Desioak sutan Sahararentzat’ ekimenak Zarautz herri bezala sare sozialetan eta hedabideetan nabarmentzea lortu du, ikuskizun berritzaile eta eder baten hizpidean. Positiboan. Egundokoa da atzo heltzen hasi ziren argazkien eta bideoen kopurua, eta ekimenak izan duen oihartzuna. Zarauzko zerua inoiz baino politagoa zegoela eta milaka desioren distirak edertzen zutela irakurri ahal izan genuen batean eta bestean, euskaraz, gazteleraz, katalanez, ingelesez, alemanez…

Kanpotik heldutako lagun batek aipatu zidan behin: “Daukazuen herria edukita, ez dakit nola arraio aritzen zareten elkarri ostiaka, Zarautz lau haizetara zabaldu beharrean”. Ez du arrazoirik falta. Nik behintzat bi ikasgai atera ditut ekimen eder honetatik. 1. Batzen gaituenari begira elkartzen garenean, dena askoz errazagoa, herrikoia eta arrakastatsuagoa da, nabarmen. Badugu zer hausnartua, beraz, denok. 2. Aldaketen aurrean ausardia ezinbestekoa dugu aurrera egiteko. Armairuan pilatuta ditugun arropa zaharrak mugitu ezean, nekez izango dugu lekurik arropa berrientzat.

Desioak sutan ekimenak badu lekua dagoeneko zarauztarron bihotzetan. Batu gaituen zerbait bihurtu da. Ez dezagun ahaztu ikasgaia. Amaitzeko, eta desioak bete daitezen isilpean mantendu behar direla esaten den arren, hau herenegun milaka lagunen aurrean desiatu eta esan genuenez, errepikatu egingo dut: Gora Sahara askatuta!





XX. Esoterismo eta Terapia Naturalen Azoka, Donostian

5 08 2013

XX. urtea bete du aurten ostiral honetan Donostiako Miramar jauregian ateak zabaldu dituen Esoterismo eta Terapia Naturalen Azokak. Abuztuaren 11 arte izango da zabalik, 11:00tatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

esoterismoarenaretoa2013

Atzo izan nintzen bertan, igande goiza 40 bat erakusmahaien artean zerbait interesgarria aurkitzeko asmoarekin igaro nahian. Merezi izan zuen bisitak. Sarrerak 5 euro balio du, baina sarrera hori erakutsita soilik gero doan eskaintzen dute zenbait erakusmahaik beraien eskaintza: aura irakurtzea, reiki saioak, masaje lasaigarriak, reflexologia, eta antzekoak. Beste hainbat erakusmahaitan, noski, ordaindu egin behar da zerbitzuengatik: kiromantzia, mediumek inguruan dituzun hildakoak marraztea, tarota, marrazketa espirituala eta abar luzea.

Denetik aurki daiteke azokan: terapia naturalen inguruko postu asko, esoterismoarekin lotutako ehunka produktu, liburuak, orgonitak, kristalak, harriak, tarotak, txakrak edo energia zirkuluak orekatzeko harriak, aura ikusteko makinak, eta abar, goiza edo arratsaldea oharkabean pasatzeko adina.

postubat

Beste areto batean, berriz, tarotarekin, kiromantziarekin, numerologiarekin eta antzeko kontuekin aritzen diren dozenaka igarle daude, bisitariei kontsulta pasatzeko prest. Tartean, badira Euskal Herritarrak ere, euskal tarotean aditua den Batirtxe, esaterako. Nahikari Alustiza Ilargia edo Eder Larrazabal ere bertan aurki daitezke. Naziortean ere sonatua den Mikel Lizarralde medium urretxuarrak, gainera, hitzaldia emango du azokaren egitarauaren baitan, gaur arratsaldean, bizitzaren eta heriotzaren inguruan. Igandean ere, azokan bertan, beste hitzaldi bat emango du Lizarraldek, beste aldearekin komunikatzeko moduei buruz.

aretoa

Izan ere, esoterismoaren munduan, bada euskaraz lanean aritzen denik ere. Joxean Agirre kazetariak 2008ko abuztuan argitaratu zuen erreportajea Gaur8 agerkarian, eskuak irakurtzen edo tarota botatzen euskaraz aritzen diren igarleei buruz. Hemen irakur daiteke.

Bigarren eskuko liburu interesgarriak ere aurki daitezke azokan, prezio onean. Ni hiru libururekin itzuli nintzen etxera: sorginkeriari buruzko bat, heriotzaren ondorengo bizitzari buruzko beste bat, eta Mishio Kushik 1977an Bartzelonan eman zuen makrobiotikari buruzko seminarioa osorik biltzen duen hirugarren bat. Erosketen artean, nabarmentzekotan, zazpi txakrak orekatzeko harriak, banpiroen tarota, intzentsua, eta zenbait kristal eta mineral ekarri nituen etxera.

Banpiroen tarota

txakrakristalak

Ez dago esan beharrik ere beste aldeko kontuek, parasikologiak, misterioak eta azalpen arrazionalik gabeko guztiak zenbat erakartzen nauen. Ezagutzen nautenek badakite. Horrek guztiak sortzen didan interesak bideratzen nau honelako azoka batera hurbiltzera, eta bertan lanean aritzen den hainbat profesional mirestera. Horrek, ordea, badu ifrentzua ere: esoterismoan ohi den bezala, benetako dohaiak dituen igarle eta mediumen artean, badira jendearen ezinetatik dirua atera nahian aritzen diren iruzurgileak ere. Horiek ere badira azokan, noski. Bakoitzak erabakiko du zertan edo zeinengan sinetsi. Kontu batzuk liluratu egingo zaituzte segur aski, eta beste batzuei berehala ikusiko diezu dirua ateratzeko makina hutsak direla, edozein denda, taberna edo jatetxetara sartzen garenean bezala. Gustu eta aukera kontua da.


Gai honi buruzko estekak eta informazio osagarria:

· Donostiako XX. Esoterismo eta Terapia Naturalen Azoka: egitaraua (PDFan).
· Salón internacional del Esoterismo y Terapias Naturales de San Sebastian: antolatzaileen webgunea (artesadivinatorias.es).
· XX. Salón del Esoterismo y las Terapias Naturales (naiz.info, 2013-08-02).
· «Donostia emite energía muy positiva» (Diario Vasco, 2013-08-03).
· Más de 40 profesionales del tarot y la videncia, en el XX Salón del Esoterismo (El Mundo, 2013-08-01).
· Bi igarle, eskua irakurtzen edo tarota botatzen euskara darabiltenak (Gaur8, 2008-08-15).
· Txakrak (yogabai.com, Hego Euskal Herriko yoga ataria).
· Mikel Lizarralde medium urretxuarraren webgunea: mikellizarralde.es
· Mikel Lizarralde: “Beldurrak bultzatuta ez nuen ezberdina izan nahi” (Berria, 2011-04-10).





Desioak sutan, Sahararen alde

1 08 2013

Zarauzko Udalak, Saharautz elkarteak eta Euskal Fondoaren Sahararako Koordinazio Unitateak ekimen berezi, eder eta berritzailea aurkeztu dugu gaur: abuztuaren 15ean Zarautzen egingo den Desioak sutan Sahararentzat ekimena.

Su festa izango da, inoiz baino parte hartzaileagoa, eta inoiz baino su gehiagorekin.
Gaurtik aurrera, euro batean honelako txartelak salgai egongo dira, eta abuztuaren 15ean 21:30etik aurrera txartel horiek su bolengatik trukatuko dira. 23:00etan su bola guztiak batera piztu eta hegan jartzea da asmoa. Jasotzen den dirua Saharautz elkartera bideratuko da, Saharako haurrekin egiten duten lana sustatzeko.

txartela600

Ekimena iragartzeko bideoa, Saharautz elkarteko kideen eta haur sahararren laguntzarekin, Eduardo Galeanoren Mar de fueguitos (El libro de los abrazos) testuan oinarrituta.

Ekimenari buruzko informazio zehatza, zuzarautz.info webgunean aurki daiteke:

Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek, aurten, inoiz baino samurrago hartu nahi ditu haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu direnei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi diegu. Abuztuaren 15ean, 23:00etan, sutan dauden ehunka desio hegan jarriko ditugu, Saharan izarrak ikusten dituztenean, Euskal Herritik heldu zaien elkartasuna sentitu dezaten.

Zarauzko malekoia elkartasunez piztuko dugu eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera izango du nahi duen guztiak.

Su bola bakoitza euro batean salduko da, eta euro hori Saharautz elkartearentzat izango da.

Ekimena Zarauzko Udalak antolatu du, Saharautz Elkartearen eta Euskal Fondoaren laguntzarekin.

EGUTEGIA:
· abuztuak 1: antolatzaileen agerraldia hedabideen aurrean, ekimenaren berri emanez. Zarauzko Udala, Saharautz Elkartea eta Euskal Fondoko Sahara Koordinazio Unitatea.

desioak-aurkezpena700
· abuztuak 2, ostirala, 20:30ean: Aziza Brahim abeslari sahararraren kontzertua, Sortaldea Kultura Eremuan.

aziza600

· abuztuak 8: Sortaldea Kultura Eremuan, haurrentzako marrazki txokoa. Egindako marrazkiak Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliko dira, uda Zarautzen igaroko duten haurrekin. Marrazki bakoitzeko su bola bat oparituko zaie haurren gurasoei.
· abuztuak 15:
16:00etan, ekimenari hasiera emango zaio, Sortaldea Kultura Eremuaren kanpoaldean. Hainbat ekitaldi izango dira, Saharautzen eta Euskal Fondoaren laguntzarekin.
21:30ean, su bolak banatuko dira, su bolengatik aldatu daitezkeen txartelen truke.
23:00etan, ‘Desioak sutan, Sahararentzat’. Ehunka su bola botako dira zerura, Sahararentzat desioak eta ametsak gehituta.

SU BOLAK ESKURATZEKO MODUA:
· Su bolak euro batean eskuratu ahal izango dira, eta euro hori Saharautz elkartearentzat izango da.
· Zarauzko Udalaren Kultura Sailean (Sanz Enea), Turismo bulegoan eta Sortaldea Kultura Eremuan erosi ahal izango dira txartelak.
· Abuztuaren 15ean, 21:30etik 22:45era txartelak su bolengatik trukatuko dira, Sortaldea Kultura Eremuaren kanpoaldean, malekoian. Ordu eta leku horretan, su bolak erosteko aukera ere izango da, euro batean.

ARGAZKI ETA BIDEO LEHIAKETA:
· Desioak sutan, Sahararentzat ekimena sustatzeko, argazki eta bideo lehiaketa ere izango da.
· Gaia: ‘Desioak sutan, Sahararentzat’, ‘Un mar de fueguitos para el Sahara’.
· Argazkiak eta bideoak bi modutara jasoko dira: batetik, sare sozialetan zabaldutako guztiak, #desioaksutan traolarekin.
· Bestetik, kulturazarautz@gmail.com helbidean.
· Epea: batean zein bestean, abuztuaren 30a izango da bideoak eta argazkiak jasotzeko azken eguna.
· Sariak: hiru sari banatuko dira. Honakoak:
-Argazki onenari: Tako Zarautz argazki erakusketako 5 tako. Irabazleak hautatu ahal izango ditu, Sortaldea Kultura Eremuan dagoen erakusketan.
-Bideo onenari: iPad mini bat.
-Parte hartzaile guztien artean, zozketa: Juan Luis Mendizabal Mendi margolari zarauztarraren koadro bat.
· Epaimahaia: Saharautz elkarteko eta Zarauzko Udaleko Kultura Saileko kideek osatuko dute epaimahaia, eta irailaren 5ean jakinaraziko du epaia.
· Bideo eta argazki saridunen eskubideak egileenak izaten jarraituko dute, baina Zarauzko Udalak desioak sutan ekimenaren hurrengo aldiak iragartzeko eta Zarautzen sustapenerako erabili ahal izango ditu, inoiz ez erabilera komertzialerako.

SU BOLAK, ERABILERA:
· Su bolak piztea errazagoa da bi lagunen artean: batak suzko bola eutsiz eta besteak erregaiari su emanez.
· Poltsatik ateratzean kontu handiz zabaldu behar da su bola, puskatuz edo zulatuz gero ez baita erabilgarria.
· Su bola guztiz zabalduta dagoela ziurtatu, bi eskuekin erregaia sostengatzen duen uztaia eutsi eta mugimendu arinekin su bola airez bete.
· Erregaia estaltzen duen papera kendu.
· Erregaia lau izkinetatik piztu: sugarrak ez dezala su bolaren papera ukitu, erre edo zulatu egiten bada, ez baita erabilgarria.
· Goiko aldetik, su bola posizio bertikalean eutsi, aire beroari esker zutik mantentzen den arte. Behin zuzen mantentzen denean, beheko aldetik eutsi.
· Su bola gorantz doala nabaritzean, zure desioa eskatu eta su bola askatu, ikuskizunaz gozatzeko.
· Antzinako hainbat kondairen arabera, su bolen barruan hegan utzitako desioak bete egiten dira.

SEGURTASUN OHARRAK:
· Desioak sutan Sahararentzat ekimenerako banatuko diren su bolak, abuztuaren 15ean 23:00etan Zarauzko malekoian izango den ekitaldirako soilik izango dira. Ekitaldi horrek antolatzaileek bideratutako segurtasun neurriak izango ditu eta, beraz, su bolak ezin izango dira ordu eta leku zehatz horretatik kanpora erabili.
· Su bolak 18 urtetik gorako helduei soilik emango zaizkie. Haurrek gurasoen edo arduradunen laguntzarekin soilik erabili ahal izango dituzte su bolak. Ardura eskatzen duen ekitaldia da.
· Su bola hausten baldin bada, ezin da erabili. Zulo batekin egiten badu hegan, arriskutsua izan daiteke. Hautsi gabeko su bolak soilik utzi behar dira igortzen.
· Zarauzko Udalak bertan behera utzi dezake ekitaldia, eguraldiaren baldintzek arrisku berezia sortu dezaketela aurreikusiz gero.