Sahararekiko elkartasun egun ederra, Larrabetzun

31 12 2014

Larrabetzun izan naiz gaur goizean. Izan ere, Sahararekiko elkartasun egun polita antolatu dute gaur, eta abenduan errefuxiatuen kanpalekuetan atera nituen argazkiak bertan erakusteko gonbidapena onartuta, gustura ibili naiz goizean zehar izan diren ekitaldietan.

IMG_3087

IMG_3096

Urteko azken egunean ohitura da lasterketa herrikoiak egitea, herri askotan. Larrabetzun ere lasterka aritu dira gaur goizean, baina izena ematerako orduan, ordaintzerakoan, Saharako errefuxiatuentzat bideratuko diren elikagaiak eraman behar ziren. Hori da ohitura azken urteotan. Elkartasu ekimen polita, zinez. Gaur, esaterako, 178 kilo azukre bildu dituzte. Basamortuan hainbat te kikara gozatzeko balioko dute.

IMG_3083

Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak, berriz, otsailean kanpalekuetara eramateko autobus bat lortu du, eta lasterketa amaitu ostean autobusa margotzea izan da korrika egin dutenentzat saria. Haurrak gustura aritu dira eskuak sahararren koloreekin busti eta autobusa margotzen.

IMG_3105

IMG_3113

IMG_3109

IMG_3114

IMG_3121

IMG_3125

Sahararen aldeko hainbat elkartek elkarlanean ekoitzitako egutegiak, elastikoak, pinak eta gainerakoak ere salgai izan dira horretarako propio jarritako karpan.

Kukubel Aisialdi Taldeak pintxoak ere prestatu ditu, eta herriko plazan euro batean saldu dituzte. Lortutako diruarekin, otsaileko karabanan bidaltzeko elikagaiak erosiko dituzte.

Hau guztiaren inguruan, herriko plazan bertan, abendu honetan errefuxiatuen kanpalekuetan atera ditudan argazkiak ere ikusgai izan dira. Horiek eramatera, eta paneletan jartzera joan naiz. Gaurkoaren ostean, Larrabetzuko kultur etxean eta herriko zenbait tabernetan izango dira ikusgai argazkiak, gehienak Sirocco tabernan.

IMG_3129

Bertatik bertara ikusteko aukerarik ez baduzue, hemen duzue 68 argazkiko bilduma osoa.

· Basamortu ertzeko begiradak (Gari Berasaluze. 2014ko abendua).

Bertako argazki guztiak Sahararen aldeko edozein ekimenetarako libre erabil daitezke, gaur Larrabetzun egin duten bezala. Horretarako agazkiak tamaina eta erresoluzio onean behar izanez gero, eskatu besterik ez duzue.

Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteko lagunei esker, gaur Larrabetzun Sahararen alde salgai jarritako materiala Zarautzen eskuratzeko aukera ere izango da: elastikoak, 2015eko hormako zein mahaiko egutegiak, pinak, Saharako banderak, pultserak eta abar. Horiek hurrengo egunotan erosi ahal izango dira herriko zenbait lekutan. Lortzen den dirua, otsailean errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko den karabanarako elikagaientzat izango da.

Horren berri, ordea, emango dugu laster batean.

Larrabetzu, Sahara, materiala





Lehen te kikara: 2014ko abenduak 5

17 12 2014

Ostirala da. Abenduko zubia esaten dioten horren hasiera. Gabonetako argiak piztu dituzte euskal herrietan. Durangoko Liburu eta Disko Azokak ateak zabaldu ditu, eta Santiago Arrospide eta Alberto Plazaola aske utzi dituzte, kartzelan 24 urte igaro ostean. Hego Afrikan milaka lagun atera da kalera, gaur urtebete hil zen Nelson Mandelaren omenez. 18:27 dira. Eguraldi lainotsua, baina ateri dago. Loiura heldu gara, eta ilara luzeak aurkitu ditugu aireportuan. Athleticeko futbolariak ere bertan dira. Ligako partida dute bihar goizean Bartzelonan. Inork ez die autograforik eskatu. Emakumeen taldea da. Espainiako Polizia. Guardia Zibila. Ertzaintza. Uniformeak paseoan, batetik bestera. Et combien de voitures de police. Zenbat polizia bazter guztietan…

Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzak antolatutako bidaia da gurea, eta zalantza dugu ohiko moduan fakturatu behar ditugun puskak. Baina ilara handienean ezagun batzuk aurkitu ditugu, eta baita eitez sahararrak diruditen gazteak ere. Bai, hau da gure ilara. Harritu egin gara hasieran. Uste baino jende gehiago dago hemen, eta bakoitzaren atzean elkartasunarekin lotutako istorio samur bat.

Getariatik dator Amagoia. Zestoatik Anselmo. Sopelatik Saioa. Etxebarritik Bachri. Debatik Joseba. Ehunka eta ehunka lagun. Tindufera goaz. Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. 40 bidaia baino gehiago egin dituzte bertara ilaran zain dauden batzuk. Ez sinesteko moduko istorioak gordetzen dituzte isilpean. Beste batzuentzat lehenengoa da. Ane, Julen eta hirurontzat ere lehen bidaia da. Badakigu nora goazen, baina ez zer aurkituko dugun. Sahara. Askatasunaren zain dagoen herria. Basamortuan. Eguzkipean. Tea hartzen. Tea eskaintzen.

Saharako bandera Haguniako eskolan

DESIOAK SUTAN SAHARARENTZAT

Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek iaz inoiz baino samurrago hartu nahi izan zituen haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu zirenei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi izan genien. Abuztuaren erdian, ehunka desiori su eman eta hegan jarri nahi genituen, Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu zezaten.

Zarauzko malekoia elkartasunez piztu nahi genuen eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman nahi zuen guztiari. Helburua ere iragarri genuen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dituzten egitasmoak laguntzeko. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

Ekitaldiak eta herritarren zein bisitarien partaidetzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: erositako 2.000 su bolak agortu egin ziren, eta jende asko geratu zen desioei su emateko irrikaz. Baina ikuskizunaz behintzat gozatu zuten. Ederra izan zen, benetan. Ekimen berezia bezain polita.
Aurten, ekimena errepikatu dugu. 2.000 su bola beharrean 3.000 bota ditugu, eta hala ere jendea gehiagoren irrikaz geratu da, su bola guztiak agortuta. Sare sozialetan eta hedabideetan ere oihartzun nabarmena izan du berriro ekitaldiak, sahararren egoera eta borroka lau haizetara zabalduz.

1996ko maiatzaz geroztik Zarautz Haguniarekin senidetuta dagoenez, bertako ordezkariak gonbidatu genituen abuztuan Desioak Sutan ekimenera, urte askoan bi herrien artean hutsean geratutako harremana berreskuratzeko eta senidetzea benetako edukiz betetzeko.

Abuztuan elkarrekin eman genituen egunetan, babes politikoa eta laguntza humanitarioa eskatu ziguten Haguniako ordezkariek, eta beharren lehentasunak zehazteko, Zarauzko udal ordezkarioi Haguniara joateko gonbidapena eta eskaera egin ziguten, errefuxiatu sahararren egoera bertatik bertara ezagutzeko.

Horretara goaz Ane, Julen eta hirurok. Babes politikoa eta oinarrizko laguntza nola uztartu dezakegun ikustera. Eta irailean errefuxiatuen kanpalekuetan izan ziren euriteek sortutako kalteak arintzeko, Saharako Ilargi Gorri Erdiak egindako deialdiari erantzunez larrialdietarako partidatik bideratu genituen 3.000 euroak nora eta zertara eman zehaztera. Bi herrien arteko senidetzea sendotu eta iraunkortu dadin harremanak ereitera.

SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOA: HISTORIA APUR BAT LAU LERROTAN

Euskarazko Euskarazko wikipediak ongi laburtzen du zein den gaur egun sahararren egoera: “Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, Mendebeldeko Saharan osatutako estatua da. Espainiak Saharako bere koloniatik alde egin ondoren, 1976an Marokok eta Mauritaniak okupatu zuten. Fronte Polisarioak abiatutako nazio askapenerako gerraren ondorioz, 1979an Mauritaniak lur horretatik alde egin zuen, eta Marokoren esku utzi zuen eskualde osoa. Fronte Polisarioak independentzia aldarrikatu zuen ondoren. Berrogeita bost estatuk onartuta dute gaur egun, beste hogeita bik noizbait onartua zuten, eta bete hamahiruk  onartua dute baina harremanak eten dituzte. Hamabi estatutan du enbaxada. Hiriburua Aaiun da, baina hau Marokok okupatu zuenetik Bir Lehloura mugitu zen. Hala ere, de factoko hiriburua Tindouf da, eta han bizi dira errefuxiatu gehienak”.

Izan ere, Aljeriak bere lurraldearen zati bat utzi zien sahararrei, errefuxiatuen kanpalekuak bertan jartzeko. Tindoufeko kanpalekuetan 150.000 errefuxiatu inguru bizi da gaur egun, eta bertan daude Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren gobernu ordezkaritzak, administrazioa eta gainerakoak.
Errefuxiatu kanpaleku horiek, Marokok okupatutako lurraldeetan dauden herri saharraren izenak dituzte. Sahararrek wilaya deitzen dieten bost kanpaleku handitan banatuta daude errefuxiatuen eremuak: Aaiun, Auserd, 27 de Febrero, Smara, Rabuni eta Dakla. Wilaya edo kanpaleku bakoitza, berriz, sei herri edo dairatan banatuta dago.

Aaiungo dairak, esaterako, Dchera, Amgala, Guelta, Bukra-a, Daora eta Hagunia dira. Daira bakoitzak, gero, lau auzo ditu, zenbakien bidez izendatuak: 1 auzoa, 2 auzoa, 3 auzoa eta 4 auzoa.

Hori da sahararrak aurkitzeko edo beraiei eskura zerbait emateko modua.
Guk, esaterako, Xabier, Txus, Aner, Jon eta Garaziren partetik daramagun fardelak hau du idatzita, neska saharar baten argazkiaren ondoan:
Dreisa Fadli Habud.
Wilaya: Aaiun. Daira: Dchera. Barrio: 3.

Zarautzen eman ditu hainbat uda Dreisak, Saharautz elkarteko Xabier eta Txusen etxean, Oporrak bakean ekimenaren baitan. Haurra emakume bihurtu da dagoeneko, eta oraintsu izan du lehen haurra. Umearentzako arropak doazkio fardelean, eguberrietarako turroi apur batekin batera.

LOIU-ALJER-TINDOUF: KANPALEKUETARA HEGAN

22:05ak aldera atera da hegazkina Loiutik. Air Algerie. Beteta doa. Anselmo ere ikusi dugu sartzen. Saharautz elkarteko lagunek aurkeztu ziguten duela zenbait egun, Sahararen egoera ezagutarazi nahian, hainbat zinemalditan saritua izan den El problema dokumentala eman genuenean. “Mohamed Anselmo da hau”, esan ziguten. “Euskal Herriko enbaxadorea Saharan”.

Hogei urte dira Saharara lehen aldiz etorri zenetik, eta ordudanik 40 bidaia inguru egin ditu, sahararren egoerarekin eta borrokarekin erabat engaiatuta. Zestoarra da. Anek eta biok duela egun batzuk egin genion bisita, bidaia antolatzeko: zer ekarri sahararrentzat, hartuko gaituen familiari zer eman, batetik bestera mugitzeko edo internet erabiltzeko nola molda gaitezkeen, eta antzeko galderak erantzun nahian.

Kanpalekuetan Brahimen etxean egon ohi dela, Haguniatik gertu, Aaaiunen bertan. Hura bihurtzen dela kanpalekuetara iristen den edozein euskal herritarren bilgunea, izango dugula posta elektronikoa begiratzeko edo zerbait bidaltzeko aukera, eta lasai ibiltzeko. Edozertarako, telefono dei batekin, berehala garela elkarrekin.

Hegazkinean dator Brahim ere. Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkariordea da. Neguan zein udaberrian ateratzen diren elkartasun karabanen ardura hartzen du. Hauetan bidaltzen diren ibilgailuak, elikagaiak, arropak, sendagaiak, eta bateko eta besteko wilaya, daira zein familiatara bidaltzen den material guztia karabana horietan heltzen da. Bidaiaren koordinatzailea da, nolabait, Anselmoren eta beste zenbaiten laguntzarekin.

Hegazkineko zerbitzariak dena ondo dagoen begira ari dira. Gerrikoak jantzi ditugun, maletak ondo dauden, eta abar. Hiruzpalau ilara aurrerago eserita dagoen neska bati galdezka hasi zaizkio, argazki kameraren tripodea eskuan. Ea zer den hura. Neska bezain harrituta gaude ingurukoak. Tripode bat. Ez da hain arraroa. Lehen surrealismo izpiak, hegan hasi aurretik. Basamortura horrelako trastearekin bidaiatzeko, neska argazkilari ona izango delakoan nago. Kontuan hartu beharreko kontaktua izango da akaso. Sahararra dirudien mutil batekin eta familia batekin igo da hegazkinera.

Ohartzerako heldu gara Aljerrera. 23:30ak dira. Hegazkinetik atera gabe, ordubete inguru egingo dugu bertan, geldirik. Eskifaia aldatu, erregaia bete, eta berriro gora, hodeietara. Aljerretik Tindouferako bidaia dugu bigarren zatian.

Afaria dirudien zerbait eskaini digute, eta solasean entzun ditugu aurreko ilaran dauden bi neska gazteak, ondoan duten sahararrarekin. Hegazkin honetan zer egiten duten kontatzen ari dira elkarri. Zumaiarrak dira neskak. Hirugarren bidaia dute, eta Zumaiako gazteek udaberrian egingo duten bidaia antolatzera datoz, besteak beste. Arreta piztu digu esaten ari direnak, eta galdezka hastea erabaki dugu, kazetari rolean sartuta.

Zumaia Zug herriarekin senidetuta dago. Ausserd wilayaren baitako sei dairetako bat da Zug. Darahli elkartearen ekimenez, udalarekin eta herriko eskolekin elkarlanean, 2006az geroztik Zumaiako ikasleek kanpelakuetara bidaiatzen dute hiru urtetik behin, lankidetzarako hainbat egitasmotan parte hartzeko. Ausserdeko kontseiluak erabakitzen du zein diren oinarrizko beharrak lankidetzarako, eta Darahli elkarteak horretara bideratzen ditu ikasleak, lanera.

2015eko udaberrian egingo dute hurrengo bidaia: Darahli 2015. Samuel irakaslerekin batera, hura prestatzera datoz oraingoan bi neskak. Miren eta Idurre. Hamabost urte zituztenean egin zuten lehen bidaia, eta ordudanik kateatuta geratu dira Sahararekin eta sahararrekin. Udan Euskal Herrira heltzen diren eta harrera familiarik gabe geratzen diren haur sahararrekin ere aritu dira begirale modura, Orduñako udalekuetan. Egun hauetan, Darahli elkartearen izenean 21 eguzki plaka banatzeko asmoa dute, horretarako behar handienen arabera izendatuta dauden 21 familien artean. Era berean, udaberrian helduko diren 60 gazte zumaiarrek lantzeko egitasmoak eta hauen bidaiaren plangintza zehazteko asmoa dute bidaia honetan.

TINDOUFETIK ERREFUXIATUEN KANPALEKUETARA

Tindoufeko aireportu militarrera 02:27an heldu gara. Euskal Herritik heldu den hegazkinaz gain, Andaluziatik heldu den beste hegaldi bateko bidaiariak ere hemen daude. Pazientzia beharko dugu kaosaren erdian. Hemen ez dago maletak ateratzeko zintarik bueltaka, eta eskuz ari dira lanean aireportuko beharginak. Orduerdiren bueltan berreskuratu ditugu puska guztiak, eta aireportuaren atarian hasi gara biltzen euskal herritarrak zein andaluziarrak.

Autobusak eta lur orotarako ibilgailuak hasi dira heltzen. Jeepak, 4x4ak, land roverrak. Fronte Polisarioaren ardurapean joango gara hemendik errefuxiatuen kanpalekuetaraino. Aljeriak bere lurraldearen zati bat utzita die sahararrei, kanpalekuak bertan jartzeko. Fronte Polisarioaren ardura da kanpalekuetan gertatzen den guztia. Segurtasuna, osasuna, hezkuntza, administrazioa. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren baitako legeak.

photo(18)

Hiruzpalau ordu eman ditugu aireportuaren atarian, zain. Nekatuta. Solasean batzuk, lurrean maleta eta poltsen gainean lokartuta besteak. Presarik gabe, garraiorako kamioi handi batean sartu dituzte gure maleta eta poltsa guztiak, eta ibilgailu guztiekin karabana osatuta, polizia sahararrak eskoltatuta, abiatzera goaz. Bidea ikusteko edo errealitatearekin ohitzen hasteko, maletak daramatzan kamioiaren gainean joan nahi dugun galdetu digu Anselmok. Esperientzia ederra izango da, baina hotz egiten du goizaldeko ordu hauetan. Ezetz esan diogu, eta basamortura heldu orduko hautsagatik eta edozein huskeriagatik marmarrean ari diren sevillarren artean egin ditugu azkenean aireportutik errefuxiatuen kanpalekuetarainoko kilometroak.





Bederatzi te kikara basamortu ertzean

17 12 2014

Bederatzi te kikara

Lehenengo te kikara bizitza bezain garratza izanen da,
bigarren te kikara maitasuna bezain goxoa,
hirugarren kikara heriotza bezain leuna.

Laugarren te kikara maitasuna bezain garratza izanen da,
bosgarren te kikara heriotza bezain goxoa,
seigarren te kikara bizitzea bezain leuna.

Baina ze basamortu, ze hiri, ze itsasotan zabiltza zu, urrundua?
Noiz helduko zara zu, nire gonbidatua?

Zazpigarren kikara heriotza bezain garratza izanen da,
zortzigarren te kikara bizitza bezain goxoa,
bederatzigarrena maitasuna bezain leuna.

Joseba Sarrionandia + Gose.
‘Gosariak’, 2014.

Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaritzak antolatutako bidaietan, ehunka lagunek bisitatzen dituzte urtero Saharako errefuxiatuen kanpalekuak, neguan eta udaberrian. Udan haur sahararrak hartzen dituzten familiak, elkartasuna bideratzen ahalegintzen diren elkarteak, edo babes politikoa zabaldu nahi duten lagunak heltzen dira basamortura. Ez sinesteko moduko istorioak gordetzen dituzte askok isilpean. Samurtasuna lau haizetara. Kanpalekuetan, askatasunaren zain dagoen herria aurkitzen dute. Noizbait Marokok lapurtu dien lurraldera itzultzeko esperantza galdu gabe, basamortuan aldi baterako 40 urte daramatzan errepublika.

Kronika hau 2014ko abenduan egindako bidaiaren isla da. Ehunka bidaiarietako baten begirada besterik ez. Orrialde hauetan barrena Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa zer den eta errefuxiatuen kanpalekuetan nola bizi diren ezagutuko duzu. Bederatzi egun. Bederatzi gau. Bederatzi te kikara basamortu ertzean, ezer eduki gabe ere dena eskaintzeko gai den eta munduko irribarrerik ederrenak dituen herrian.

· LEHEN TE KIKARA: abenduak 5