Epaiketa gelan ere Mandela gogoan, Parisen

6 12 2013

Ekaitz Sirventek Nelson Mandelaren omenez minutu bateko isilunea egiteko eskatu ondoren, hiru euskal herritarren aurkako epaiketa eten dute gaur goizean Parisen

Ainhoa Ozaeta, Peio Sanchez eta Ekaitz Sirvent euskal herritarren aurkako epaiketa eten du epaileak gaur goizean Parisen, akusatuek Mandelaren oroimenez minutu bateko isilunea eskatu ondoren.

Gaur goizeko saioa hasi eta berehala, Ekaitz Sirvent zarauztarrak hartu du hitza, eta “giza eskubideen, askatasunaren eta bakearen alde egin duen lan guztiagatik, Nelson Mandelaren heriotza guztiontzat egundoko galera” dela adierazi ondoren, “gaur dolu eguna” dela eta minutu bateko isilunea eskatu du Mandelaren oroimez.

Epaileak zalantza egin du eskaeraren aurrean, eta fiskalaren iritzia eskatu du. Fiskalak Mandelaren ibilbidea eta giza eskubideen alde egindako lana goraipatu duen arren, haren aldeko isilunea “terrorista batek eskatu izana Frantziarentzat irain larria” dela esan eta eskaera ukatzeko eskatu du.

Epaileak, azkenean, epaiketa etetea erabaki du. Behin epaiketa etenda, akusatuek minutu bateko isilunea egin dute, ukabila altxata eta beherantz begira, apartheid garaian hain ohikoa bihurtu zen moduan. Hiru akusatuak ikustera eta babestera Zarautz, Iruñea eta Andoaindik epaiketara joandako hogeita hamar bat lagunek eta senideek, epaiketa gelan bertan bat egin dute akusatuekin, minutu batean isilik eta ukabila altxata.

Bigarren astea du hiru euskal herritarren aurkako epaiketak Parisko Justizia Jauregian, 3. aretoan. Datorren astean amaitzea aurreikusten da, ostegunean akusatuen defentsarekin, eta ostiralean epaiaren jakinarazpenarekin.

20131206-130157.jpg