[37] Partida bizidunak eta hilezkorrak

27 01 2021

Mendeek aurrera egin arren, emakumeen izenean erabakiak hartzeko ohitura gurpil zoroa izan da gizonen artean. Horri zor zaio, esaterako, gaur egun munduan antzezten den xake partida ospetsuena: Marostica herriko xake biziduna.

Veneto eskualdean dago Marostica, Italian. Gereziek, Erdi Aroko gazteluak eta harresiak postaletako herria bihurtu dute, baina xakea da bertara bisitari gehien erakartzen dituen ikuskizuna, 1454az geroztik.




[Italiako Marostica herrian xake partida biziduna antzezten dute, bi urtean behin].

Sasoi hartan Taddeo Parisio zen gazteluaren jabea eta Mastoricako Jauna, eta haren Leonor alabarekin ezkondu nahi zuten Rinaldo D’Angarano eta Vieri da Vallonara nobleek. Hil arte borroka egitea erabaki zuten, senarra nor izango zen erabakitzeko. Parisiok, ordea, ez zuen nahi inor hiltzea alabarengatik, eta norekin ezkonduko zen erabakitzeko xake partida antolatu zuen bi nobleen artean. Irabazlea Leonorrekin ezkonduko zen, eta galtzailea Oldradarekin, Leonorren ahizpa gaztearekin.

Xake partida ikuskizun bihurtzea eta irudi handiekin eta bizidunekin jokatzea erabaki zuten, eta lehiakideen senideak eta ezkongaiak ez ezik, Veneziako Errepublikako noble ugari eta Marosticako herritar gehienak bildu ziren herriko plazan. Zaldunekin, arkulariekin, banderekin, argiekin, suarekin, musikarekin eta dantzariekin osatu zuten ikuskizuna. Leonorrek gustukoa omen zuen bi nobleetako bat, eta hark irabazi zuen partida.

Hura gogoratu eta ikuskizunaren edertasuna errepikatu nahian, bi urtean behin xake partida antzeztea erabaki zuten Marostican. Gaur eguneraino heldu da ohitura, eta munduko xake bizidunik ezagunena bihurtu da. Urte bikoitietan milaka lagun elkartzen dira herriko plazan, xakea ikuskizun bihurtuta historiako partida ederrenak ezagutzeko. Izan ere, 1923az geroztik xake partida hautatuak antzezten dituzte.

Adolf Anderssen alemaniarrak eta Lionel Kieseritzky estoniarrak Londresen 1851ko ekainaren 21en jokatu zuten Partida Hilezkorra izan zen lehenengoa. Partida hura Londresko nazioarteko txapelketaren atsedenaldi batean jokatu zuten, lagunartean, garai hartan munduko jokalari onenetakoak zirenek. Anderssenek irabazi zuen eta, haren xakearekin liluratuta, Kieseritzkyk Parisko xake elkarteko lagunei helarazi zizkien jokaldiak, telegrafoz. Hurrengo hilean, La Régence aldizkariak argitaratu zuen partida (hemen partida haren nondik norakoak).

Mastoricara Errusiatik heldu zen ideia, boltxebikeak 1921ean hasi baitziren xakea sustatzeko partida bizidunak antzezten: Smolensk (1921), Kerch (1922), Omsk (1923), Leningrado (1924) eta Moskun (1924) izan ziren lehenengoak. Urtero, milaka lagun biltzen ziren ikuskizunerako hautatutako plazetan, jokalari onenek telefonoz edo bertatik bertara adierazitako mugimenduak nola antzezten zituzten ikusteko.


[Leningrado, 1924ko uztailaren 20a. 8.000 lagun elkartu ziren Dvortsovaya plazan, xake biziduna ikusteko].

Egia esan, ohitura zaharra zen. Ezagutzen den lehen xake biziduna Granadan antolatu zuten, 1408an, Muhammad VI. sultanaren gortean, eta hurrengo mendeetan erregeek eta nobleek ere antolatu zituzten antzekoak, batez ere garaipenen ospakizun modura. El Escorial (1571), Karlsbad (1682) eta Praga (1895) bihurtu ziren partida edo ikuskizun ezagunenen xake taulak. Antzeko erakustaldiak errotzen joan ziren, eta XX. mendeak aurrera egin ahala, sobietarren eta italiarren eraginez, gero eta ohikoagoak bihurtu ziren partida bizidunak. Capablanca eta Steiner, esaterako, elkarren aurka aritu ziren 1933an, Los Angelesen, ondoan haien mugimenduak antzezten zituzten dantzariak eta aktoreak zituztela. Steinerrek sortutako Hollywood xake taldearen egoitzan izan zen. Steinerren gidaritzapean, xake talde hark antolatu zituen 1945eko Joko Panamerikarrak ere, xakea eta glamourra uztartuz, zinemako izarrak izan baitziren xake taulako damak, erregeak eta gainerako irudiak. Besteak beste, Marlene Dietrich eta Humphrey Bogart aktoreek ere parte hartu zuten partida haietan.


[Capablanca eta Steiner elkarren aurka aritu ziren 1933an Los Angelesen, Hollywoodeko aktoreek eta dantzariek beraien mugimenduak antzezten zituzten bitartean].

Handik urte batzuetara Euskal Herrira ere heldu ziren xake partida bizidunak. Gasteizen Partida Hilezkorra antzeztu zuten 1960an, Andra Maria Zuriaren jaietan, Arabako Xake Federazioak antolatuta eta udalak babestuta. Berrikuntza izan zen urte hartakoa, eta galaz jantzi zuten hiria ekitaldirako. Xake taula handia jarri zuten Plaza Berriaren erdian, eta antzezleak orgetan eraman zituzten hiriko kaleetan barrena, Erdi Aroko jantziekin mozorrotuta, ikuskizuna alde zahar osora zabalduz. Milaka ikusle izan zituen partidak, eta albisteak, erregimenaren propaganda eta dokumentalak uztartzen zituen frankismoaren No-Do albistegiak ere eman zuen ekitaldiaren berri.


[‘Ajedrez viviente. Fiestas de la Virgen Blanca. Vitoria, 1960’. No-Do, 919B zenbakia, 1960-08-15. Filmoteca RTVE.
Ikusteko, egin klik irudiaren gainean, edo hemen bertan].




[1961. Heraclio Fournierrek argitaratutako egutegia, Gasteizko xake biziduna oroituz].



No-Doa amaitu zen, baina frankismoak bezala Anderssen eta Kieseritzkyren arteko Partida Hilezkorrak taupaka jarraitu zuen batean eta bestean. Baita zineman ere. Blade Runner filmean (Ridley Scott, 1982), esaterako, xakeak pisu handia du, eta zuzendariak Partida Hilezkorra erreplikatu zuen J.F. Sebastian bioingeniariaren eta Nexus-6 androideak sortu zituen Eldon Tyrellen arteko partida erakusteko. Gainera, Roy Batty erreplikanteak, matxinatutako androideen buruak, jokaldi batekin eragiten du, eta horrek Tyrell sortzailearengana heltzeko balio dio. Erreplikak eta erreplikanteak film berean, xake taularen bueltan. Eta xakea, beste behin ere, aita hiltzeko metafora gisa. Blade Runner.

 

Zientzia-fikziozko distopietatik urrun, azken urteotan ere Partida Hilezkorra hainbat ekitalditan erabili dute, partida bizidunak antzezteko. Besteak beste, 2010eko Xake Olinpiar Jokoetan, Errusiako Khanty-Mansiysk hirian, Maurice Ravel ziburutarraren Bolero ezagunaren doinupean.

Beste hainbat lekutan ere dagoeneko ohikoak dira xake partida bizidunak, antzezlan eta ikuskizun modura. Borodino (Errusia), Crevacuore (Italia), Hornachos (Espainia), Ströbeck (Alemania) edota Xabia (Herrialde Katalanak) herrietakoak, besteak beste. Azken urteotan, Santutxuko Zuri Baltza xake elkarteak ere antolatu izan ditu erakustaldiak eta partida bizidunak Bilboko jaietan, Bilboko Konpartsekin elkarlanean.


[Xabiako xake biziduna 1996az geroztik antolatu ohi dute].




[Santutxuko Zuri Baltza xake elkarteak Bilboko jaietan ere antolatu ohi du xake biziduna, Bilboko Konpartsen laguntzarekin].

Erreferentziak:
· Ajedrez viviente. No-Do, 919B zenbakia, 1960-08-15. Filmoteca RTVE.
· Eguia, Sergio: La Plaza de España, en jaque, in El Correo, 2012-07-03.
· Ibasque, Juan: El ajedrez viviente medieval de Vitoria en 1960, in Historia de Vitoria-Gasteiz.
· Pascual, Pau: Viaje al ajedrez. Libro de Notas, 2012.
· The history of Human Chess Game (marosticascacchi.it).
· Immortal game (wikipedia).

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[36] Dilaram. Jokatu gazteluak, ez emaztea

27 01 2021

Isiltasuna, bazterkeria eta ikusezintasuna ez ezik, kontu lazgarriagoak ere jasan behar izan dituzte emakumeek xakearen historian. Emazteak eta alabak ondasun gisa jokatzeko ohitura ere errotuta egon baita gizonezkoen artean, garai eta leku askotan.

Gaur eguneraino heldu den xakeari buruzko ariketa edo buruketa zaharrenetakoa ere horren erakusle da. Arabiarrek gustukoak zituzten mugimendu apur batzuekin xake matera nola heldu behar zen asmatzeko ariketak. Mansuba izenekoak, arabieraz. Pluralean, mansubat. Askotan, ariketa haiek kondairekin batera zabaltzen zituzten, eta Dilaramena da ezagunena.

Batetik bestera kondairaren hainbat aldaera aurki daitezkeen arren, oinarri bera dute guztiek: xakearekiko zaletasuna mendekotasun bihurtu zitzaion printze batek bere ondasun guztia galdu zuen partida batean eta, etsita, Dilaram emaztea jokatu zuen hurrengo partidan. Hura ere galtzen ari zen, ordea, eta xake matea hurbil ikusita, partidari begira zegoen emazteak argi hitz egin zion: “Jokatu zure gazteluak, ez emaztea!”. Esaldi harekin, partida iraultzeko egin beharrekoa adierazi zion Dilaramek ezkutuan. Hausnartu, gazteluak nora eta nola mugitu behar zituen ohartu, eta partida irabaztea lortu zuen azkenean printzeak.

Xake matera heltzeko ariketak gustukoak dituztenentzat mansuba zahar eta ezagunenetakoa da Dilaramena. IX. mendekoa da, eta Abu Bakr Mohamed ibn Yahya al-Suli (880-946) Bagdadeko gorteko tratulariari jokalariari egozten zaio. Gainerakoentzat, emakumeek ere xakean jokatzen zutela eta ordurako gizonak baino argiago aritzen zirela gogorarazteko ere balio du, garai hartako jendartea emaztea ondasun gisa jokatzeko bezain atzeratua zela erakustearekin batera.

Dilaramen mansuba edo ariketa

Zurien txanda da. Erregea larri duten arren, lau mugimendutan partida irabazten dute.
Erantzuna: 1. Gh8+ Exh8 2. Af1 Eg8 3. Axc4 Ef8 4. Gh8++





[35] Feminismo sozialistaren alabak

27 01 2021

Errusiako Iraultza emakumeen eta langileen borroketatik ernatu zenez, politikak eta feminismoak lotura estua izan zuten, eta emakumeen eskubideak ordura arte beste inon ez bezala bermatu zituzten boltxebikeek 1918ko konstituzioan, historian aurrekari askorik gabeko neurriak hartuz. Besteak beste, botoa emateko eskubidea, abortu librea eta doakoa, dibortzioa, amatasun ordaindua, homosexualitatearen despenalizazioa edo ezkontzatik kanpoko seme-alaben legitimitatea onartuz eta aitortuz. Gainera, Aleksandra Kollontairen eta beste hainbat burkideren ekarpenari esker, feminismo sozialista aitzindaria izan zen emakumeak “etxeko esklabotzatik” askatzeko neurriak abiarazten. Zaintza erdigunean jartzea etxeko lanen sozializazioan giltzarria zelakoan, haurtzaindegi eta jantoki publikoak zabaldu zituzten, ikuztegiekin eta nekazariak alfabetatzeko planekin batera. Emakumeen askatasuna ikuspegi sozioekonomikotik landu zuten, baina baita ikuspegi psikologikotik ere.

Horrek guztiak bat egin zuen iraultzaileek xakea heziketarako oinarritzat hartzearekin eta xakea eskoletara zein lantokietara eramatearekin, eta emaitza agerikoa izan zen: xakean bikain aritu zen emakume sorta oparoa. Vera Mentxiken mailara heldu ez ziren arren, XX. mendearen lehen erdian asko izan ziren xakean goi mailara heldu ziren emakume sobietarrak, lurraldekako zein Sobietar Batasuneko txapelketak irabaziz, eta baita nazioartean arituz ere.


[Nina Alexandrovna Bluket (1902-1966) hezitzailea, biologian doktorea, zientzialaria, dibulgatzailea, eta xake terapeutikoaren onurez hitz egiten eta xakea ospitaletara eramaten aitzindaria izan zen].

Horien artean Nina Alexandrovna Bluket (1902-1966) errusiarra ezinbestean aipatu behar da. Hezitzailea, botanika irakaslea, biologian doktorea, zientzialaria eta landareen bizitzari buruzko hainbat libururen egilea izateaz gain, xake irakaslea izateko titulua lortu zuen lehen emakumea izan zen. Xake terapeutikoaren onurez hitz egiten eta xakea ospitaletara eramaten ere aitzindaria izan zen. Moskun emakumeen xakea sustatzeko batzordearen arduradun izan zen hasieran, eta ondoren baita Sobietar Batasuneko xake saileko kidea ere. Jokalari bezala, berriz, hainbat txapelketa irabazi zituen.

Zehazki, munduko txapelketetan lortutako emaitzei esker, Olga Nikolaievna Rubtsova (1909-1994) eta Elizabeta Bikova (1913-1989) maizago agertzen dira xakearen historian, baina haiekin batera ibili eta gailendu ziren beste asko ere: Vera Txudova, Olga Semenova Tian-Xanskaia, Olga Moratxevskaia, Natalia Lobanova, Varvara Zargarian, Berta Weisberg, Olga Strelova, Natalia Ivashina, Lili Gelovani, Liubov Kogan, Salme Rootare, Larisa Volpert, Milda Lauberte, Tsilia Borisovna Frid, Lidia Miroxnitxenko edota Xenia Gogiava, garai hartako txapeldunen eta maisu handien zerrenda luzetik batzuk soilik aipatzearren.


[Berta Weisberg (1911-1972) ukrainarra].


[Lili Gelovani (1911-1973) georgiarra].


[Larisa Volpert (1926-2017) errusiarra].

Nazioartean Mikhail Botvinnik eta eskola sobietarra xakearen historian orrialdeak betetzen ari ziren bitartean, ordea, feminismo sozialistaren alabek oro har ez zuten fokurik eta oihartzunik izan, eskoletan, lantokietan eta bateko eta besteko txapelketetan milaka emakume ibili ziren arren xakean. Noizbehinka, Sobietar Batasuneko egunkariak eta xakeari buruzko aldizkari espezializatuak salbuespen apurrak izan ziren, baina gainerakoan ohiko emariak elikatu zuen azpiratze sistemaren errota: isiltasunak, bazterkeriak eta ikusezintasunak, besteak beste. Munduan barrena batez ere beroki, alkandora eta gorbata artean jarraitzen zuen xakeak, gehienbat gizonezkoen elkarteetan edota emakumeek sarrera mugatuta zuten lekuetan.

Bibliografia:
· Bykova, Elizaveta: Sovetskie Shakhmatistki. Fizkul’tura i Sport, 1951.
· Goldman, Wendy: La mujer, el estado y la revolución. Política familiar y vida social soviéticas 1917-1936. Ediciones IPS, 2010.
· Kollontai, Aleksandra: Feminismo socialista y revolución. Fundación Federico Engels, 2017.
· Kollontai, Aleksandra: Mujer y lucha de clases. El Viejo Topo, 2016.
· Uharte, Aroa: Hitzaurrea, in Erle langileen amodioak, Aleksandra Kollontai. Erein-Igela, 2020.
· Zakharov, Alexey: Pioneers of Soviet women’s chess. chess.com, 2017.





[34] Vera Mentxik. Aitzindariaren duintasuna.

22 01 2021

Xakearen eskola sobietarraren sorrerari eta garapenari lotuta Mikhail Botvinniken izena geratu da liburuetan, baina ez da apalagoa Vera Mentxik errusiarrak xakearen historiari egindako ekarpena ere. Parekidetasunaren alde sendo aritu zen lanean, emaitzekin erakutsi zuen aldarrikatzen zuenaren zilegitasuna, eta aurre egin zien emakumea izateagatik azpiratu nahi zuten guztiei. Baita arauei ere.


[Vera Mentxik (1906-1944). Naziek amarekin eta ahizparekin batera hil zutenean munduko txapelduna zen, eta 38 urte zituen].

Vera Frantsevna Mentxikova 1906ko otsailaren 16an jaio zen, Moskun. Ama ingelesa zuen, eta aita txekiarra. Bederatzi urte zituenean, tren bidaia luze batean aitarekin ikasi zuen xakean, Olga ahizparekin batera. Haurtzaroa Moskun igaro zuen, eta 14 urterekin jokatu zuen lehen xake txapelketa, eskolan. Bigarren geratu zen.

Lehen Mundu Gerrak, 1917ko Iraultzak eta Errusiako Gerra Zibilak goitik behera baldintzatu zuten Mentxikovatarren bizimodua, 1921ean gurasoak banandu egin ziren, eta beharrak Ingalaterra hegoaldera eraman zuen ama, bi alabak hartuta. Senideak zituzten Hastings hiritik gertu, eta hara joan ziren bizitzera. Verak 15 urte zituen.

Xakearekiko zaletasuna errotuta zegoen Hastingsen, batez ere 1895ean nazioarteko xake txapelketa hiri hartan jokatu zenetik, eta bertako xake elkartean aurkitu zuen babesa Verak. Berehala harritu eta liluratu zituen aurkariak eta elkartekideak, xakean erraz irabazteko zuen gaitasunarekin. Zenbaitek ez zuten onartu nahi izan, baina garaipenekin isilarazi zituen, eta gailurrerako bidean gora egin zuen. Emakumeen arteko Munduko Xake Txapelketa 1927an antolatu zuen lehen aldiz Nazioarteko Xake Federazioak, eta ordurako abizena laburtu eta aldatu zuen Vera Mentxik izan zen irabazlea. Beste 17 urtez eutsi zion txapelari, hil arte, bien bitartean Munduko Txapelketa bederatzi aldiz jokatuta eta irabazita.

Emakumeen artean erraz gailendu zen beti, baina helburu handiagoak zituen Mentxikek eta, parekidetasuna aldarrikatuz, ordura arte gizonentzat soilik ziren ohiko txapelketetan parte hartzea erabaki zuen, emakumeentzat soilik zirenei uko eginda. Arauei eta aurkariei aurre egin behar izan zien askotan, baina ukabila estutu eta ez zuen atzera egin. 1929an, Ramsgateko txapelketan, Capablancak puntu erdi bategatik soilik irabazi zion, eta gainerako guztiak atzean utzi zituen. Ordukoa da kubatarraren adierazpen hau: “Vera Mentxik da gizonek bezala jokatzen duen emakume bakarra”. Komentariorik gabe.

Emakumea izan eta gizonezkoekin jokatu nahi izateagatik, lehen urte haietan ohikoak izan ziren irainak, adierazpen sexistak eta gutxiespena, baina aurreiritziak emaitzekin urmeldu zituen Mentxikek. Gainera, bazekien irauli beharreko lurra goldatzen ari zela, eta beldurrik gabe zegokien espazioa berreskuratzeko deia egin zien bateko eta besteko emakumeei: “Guk, emakumeok, xakean ez daukagu iraganik, baina orainaldia eta etorkizuna daukagu”, adierazi zuen. Ezkutatu egin ziotenez, ez zekien iragana ere bazutela.

Garaipenekin, hazi egin zen Vera Mentxiken izena eta aldarria, eta bere hitzen eragina ezagututa, 1935ean Sobietar Batasuneko xake txapelketan parte hartzera animatu zituen emakumeak. Marka guztiak hautsi eta 5.000 emakumek eman zuten izena.

Batean eta bestean munduko xake xapelketak irabazten zituen bitartean, British Chess Magazine aldizkariko editorearekin ezkondu zen 1937an, eta xakeari buruzko zenbait aldizkari espezializatutan idazten hasi zen garai hartan. Ingalaterrako National Chess Center zentroan manager lanetan ere aritu zen, eta eliteko xake jokalari profesionala bihurtu zen. Lehen emakumea izan zen horretan ere.

Bigarren Mundu Gerra betean alargun geratu zen, 1943an, eta ahizparekin eta amarekin bizitzera joan zen Londresera, Olga ahizparen etxera. Han hil ziren hirurak 1944ko ekainaren 27an, hegazkin alemaniarren bonbardaketa batean, nazien V-1 lehergailu batek harrapatuta. Verak 38 urte zituen, eta munduko xake txapelduna zen.

Erreferentziak:
· Hudson, Michael A.: A political History of Chess in the Soviet Union. 1917-1948. Kaliforniako Unibertsitatea, 2013.
· Tanner, Robert B.: Vera Menchik: A Biography of the First Women’s World Chess Champion. McFarland & Company, 2014.
· Therekov, Andrey: A History of Chess in Russia. 2020-05-24.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[33] Botere osoa sobietarrentzat

22 01 2021

Errusiako Iraultzak xakea erein zuen milioika herritarren artean, eta uzta oparoa izan zen. Alde batetik, xakearen baloreekin hezitako jendartea sortu zuten. Bestetik, jokalari sobietarrek urte askoan iraun zuten gailurrean, eta kasu bakanak izan ziren haiei itzala egitera iritsi zirenak. Hasieran Vera Mentxik (1906-1944) eta Mikhail Botvinnik (1911-1995) nabarmendu ziren bereziki, baina haiek izozmendiaren punta besterik ez ziren izan, urteek eta hamarkadek aurrera egin ahala beste askok hartu baitzuten lekukoa, xakean sobietarrek zuten boterea biziberrituz.

Ehunka maisu handi eta mundu mailako hainbat txapeldun sortu zituen xakearen eskola sobietarrak. Botvinnik izan zen eskola haren aitzindaria, eta bi osagai uztartzen zituen metodoak: prestaketa zorrotza eta estatuaren erabateko laguntza. Gailentzen ziren jokalariak diruz ederki laguntzen zituzten, eta xakearen inguruan munduan barrena sortzen ziren ekarpen eta berrikuntza teorikoak eskura jartzen zizkieten, liburuak eta aldizkariak argitaratuz. Sobietarren ereduarekin miretsita, nazioarteko zenbait jokalarik errusiera ere ikasi zuten, aldizkari eta liburu haiek ulertzeko. Bobby Fischer estatubatuarra izan zen haietako bat.

Maisuen prestaketa zorrotzak hiru erpin zituen: bereziki partiden hasierako mugimenduak lantzea, entrenamendu fisikoa, eta egindako akatsak aztertzea, zuzentzeko eta ikasteko. Sobietarrek partiden hasierako mugimenduak eta ondorengo garapena aztertzen egunak eta asteak ematen zituzten, jokaldien aldaera eta aukera guztiak ikusi nahian. Sasoian egoteari eta ariketa fisikoari, berriz, garrantzi handia ematen zioten, eta igerian eta atletismoan gogor aritzen ziren, dietistekin elikadura zaintzearekin batera. Azkenik, kultuak izatea ere xakean ongi aritzeko beharrezkoa zela uste zuten, eta saiatzen ziren jokalariak goi mailako ikasketetara bideratzen. Botvinnik, esaterako, ingeniari elektrikoa izan zen, eta Karpov ekonomia katedraduna Moskuko unibertsitatean. Beste aldean, aldiz, Bobby Fischerrek 14 urterekin ikasketak alde batera utzi zituen, xakeari ahalik eta denbora gehien eskaintzeko.


[Mikhail Botvinnik (1911-1995), xakearen eskola sobietarraren aitzindaria].

Botvinnik urte askoan munduko txapelduna izan zen. Baita Sobietar Batasuneko txapelduna eta Xake Olinpiar Jokoak irabazi zituen sobietarren taldeko kidea ere. 1960tik aurrera, berriz, xakerako informatika programak garatzeari ekin zion, xake jokalari gazteak heztearekin batera. Haren ikasleak izan ziren Anatoli Karpov eta Gari Kasparov, beste askoren artean.

Sobietar Batasunekoak ziren Botvinniken ondoren xakean munduko txapeldun izandako gehienak ere: Liudmila Rudenko (Ukraina), Elizavieta Bykova (Errusia), Vassili Smyslov (Errusia), Mijail Tal (Letonia), Nona Gaprindaxvili (Georgia), Tigran Petrosian (Armenia), Boris Spassky (Errusia), Anatoli Karpov (Errusia), Maia Txiburdanidze (Georgia) eta Gari Kasparov (Azerbaijan).

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1991n desegin zen, baina katea ez zen eten. Xakeak eskoletan garrantzi handia du oraindik ere Armenia, Azerbaijan, Errusia, Georgia edo Ukrainan, eta mundu mailan gailentzen diren jokalari asko ari da sortzen horietan. Sobietar Batasunaren eraginez, gainera, xakea beste herrialde sozialista batzuetara ere zabaldu zen, eta herrialde horietako jokalariak munduko txapeldunak izan dira urte askoan. Alexander Jalifman, Judit Polgar, Ruslan Ponomariov, Xie Jun, Vladimir Kramnik, Susan Polgar, Antoaneta Stefanova, Xu Yuhua, Alexandra Kosteniuk, Hou Yifan, Rustam Kasimdzhanov, Anna Ushenina, Maria Muzytxuk, Veselin Topalov, Zhongy Tan edota Anna Muzytxuk aipa daitezke, baina zerrenda askoz luzeagoa da.

Azken batean, herrialde sozialisten eta xakearen arteko lotura estua da, xakea herritarren artean zabaltzeko erabakia hartu dutelako askok, sozialismoaren baloreekin bat egiten duelakoan. Batetik, analisia, hausnarketa, autokritika, erabakiak hartzeko eta egoera berrietara moldatzeko gaitasuna, antolaketa, elkarlana eta sormena lantzen dituelako xakeak, adimena garatzearekin batera. Bestetik, ikasleak eta langileak balore horien baitan heztearen onurak jendarte osora hedatzen direla sinetsi dutelako.

Erreferentziak:
· Garcia, Alexandre: La revolución de Octubre y el ajedrez. 2017-11-03.
· Harding, N.: Lenin’s Political Thought: Theory and Practice in the Democratic and Socialist Revolutions. Chicago: Haymarket Books, 2010.
· Hudson, Michael A.: A political History of Chess in the Soviet Union. 1917-1948. Kaliforniako Unibertsitatea, 2013.
· Karpov, Anatoli: «Mis enfrentamientos con Kasparov iban mucho más allá del ajedrez». El Diario Vasco, 2009-07-12.
· Therekov, Andrey: A History of Chess in Russia. 2020-05-24.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[32] After Boltxebike: xakea langileen artera.

18 01 2021

Ezin da XX. mendeko xakeaz hitz egin 1917ko Errusiako Iraultza eta haren eragina aipatu gabe. Iraultzaileek xakea herritarren heziketarako oinarritzat hartu zuten, eta horrek egundoko eragina izan zuen herrialde sozialistetan. Xakea eskoletara eta lantokietara eraman zuten, eta horietatik sortu ziren goi mailako xakean urte askoan erabat gailendu ziren jokalariak. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean xakea kirol nazionala izan zen, dozenaka herritar maisu handiak izatera iritsi ziren, eta maila teorikoan xakeari egundoko ekarpena egin zioten denen artean.


[2005ean, Habanako Vedado auzoko liburu denda batean peso kubatarretan dozena bat liburu erosi ondoren, Lenini buruzko argazki liburu eder bat oparitu zidan lagun zahar batek. Liburu hartako argazkietako bat da honakoa: Vladimir Ilitx Lenin eta Maximo Gorki, elkarren aurka xakean, 1908ko apirilean, Italiako Capri uhartean].

1917ko Iraultzaren ondoren, ikasgelak xakearen habia bihurtzea erabaki zuen boltxebikeen gobernuak, eta eskolan xakerako gaitasun handia erakusten zutenak bereziki zaintzea eta laguntzea, onenak izatera hel zitezen. Vladimir Ilitx Lenin xakezale handia zen, xakea adimenaren gimnasia dela adierazi zuen, eta alderdikideei laster ikusarazi zien munduan barrena iraultzaren uzta zabaltzeko bitarteko egokia izan zitekeela xakea, herrialdearen handitasuna nabarmenduz eta intelektualki zertarako gai ziren erakutsiz.

Lehenago, Errusiako Inperioan ere jokatzen zuten xakean, baina batez ere goi mailako aristokraten eta burgesen artean besterik ez, XVIII. mendetik aurrera. Ohitura apur bat hedatzen joan zen urteek aurrera egin ahala, eta xake jokalari handiak ere eman zituen Errusiak. Alexander Petrov (1794-1867), Ilja Xumov (1819-1881) eta Mikhail Txigorin (1850-1908), besteak beste. Txigorin, esaterako, munduko onenen artean aritu zen Steinitzekin eta Laskerrekin batera, eta Steinitzen aurka jokatu zuen munduko txapelketa Habanan, 1892an. Jokalari errusiarren arteko lehen txapelketak antolatu zituen, eta baita xakeari buruzko aldizkariak sortu ere, ekarpen teorikoak zabaltzeko.

1917ko Iraultza gailendu zenean, ordea, boltxebikeek eliteen aretoetatik atera eta herritar guztiengana zabaldu zuten xakea, eskoletatik eta lantokietatik hasita. Leninen agindupean, xakea hautazko ikasgai bihurtu eta lehen hezkuntzan sustatu zuten. Izan ere, xakea komunismoaren ideiak, jarrera eta diziplina zabaltzeko lagungarria izan zitekeela ulertu zuten boltxebikeek, xakean lantzen diren zenbait balore kontuan hartuta: gaitasun intelektuala, pazientzia, diziplina eta auzolana. Xakean, pieza edo irudi guztiak ongi antolatu behar dira, azken helburua lortzeko elkarlanean aritu daitezen, eta helburu handiak lortzeko herria ongi antolatzearen kontu hura bat zetorren iraultzaileek zabaldu nahi zituzten baloreekin. Xakea bitarteko politikoa zela sinetsi zuten eta, beraz, baita borroka ideologikorako landu eta erabili beharrekoa ere. Horrela, eskoletan eta lantokietan ez ezik, Armada Gorrian ere xakeari hauspoa eman zioten. “Zabaldu xakea langileen artera!” aldarrikatu zuen Nikolai Krilenkok, Armada Gorriaren komandante burua izan zenak, eta sutsuki ekin zioten asmo horri.


[Magnitogorks lantegiko langileak, xakean. Argazkia: Vladislav Mikosha/Sputnik].

Anatoli Karpovek elkarrizketa batean (El Diario Vasco, 2009-07-12) laburtu zuen garai hura: “Xakea Errusiako goi mailako jendearen bizitzaren zati zen, eta inperioaren garaian idazle eta zientzialari handiek ere jokatzen zuten. Iraultzaren ondoren, botere berriak erabaki zuen Errusiak hezkuntzan maila kaskarra zuela, intelektual askok herrialdea utzi zutelako. Ondorioz, inteligentzia berri bat sortu beharra zegoen, ongi hezitako herritarrekin. Hori egiteko modu errazena eta eraginkorrena xakea iruditu zitzaien. Jendea hezteko xakea erabiltzea erabaki zuen botere berriak, eta arrakasta izan zuen”.

Emaitzak laster hasi ziren iristen. Eskola sobietarraren hasiera izan zen hura. Gaitasun handiko jokalariak goiz antzemateko eta zorrotz entrenatzeko, xakean espezializatutako irakasleak trebatu zituzten eta, pedagogian eta psikologian adituak zirenen laguntzarekin, 6 eta 17 urte artekoentzat xakean oinarritutako irakaskuntza sistema zehatza garatu zuten.


[‘Langile famatu baten familian’. Argazkia: Emmanuíl Yevzerijin/МАММ/МDF].

Eskoletan ikasitakoa lantokietara heldu zen gero, eta langileen elkarteek eta sindikatuek bultzada handia eman zioten sukar hari. Lantokietan lehen txapelketak antolatu zituzten, eta ohikoak bihurtu ziren lantegien, unibertsitateen eta institutuen artekoak ere. 1920an jokatu ziren Errusiako Lehen Xake Olinpiar Jokoak. Moskun eta Leningradon izan ziren hurrengoak, eta 1925ean Moskun bertan antolatu zuten Nazioarteko Xake Txapelketa ere.

Iraultzaren aurretik oro har goi mailako aristokraten eta zenbait burgesen kontua zena milioika langilerengana iritsi zen ordurako, eta hurrengo urteetan eta hamarkadetan ere luzatzen jarraitu zuen Leninen ametsak: munduaren alde batzuetan goi mailako elkarteetan eta gorbata artean soilik jokatzen zuten bitartean, xakea ohikoa bihurtu zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko langileen etxeetan. Haurrak eta gurasoak, senideak eta lagunak, ikaskideak eta lankideak, mutilak eta neskak, gazteak eta helduak. Denak ibiltzen ziren xake taularen zuri beltzetan barrena, eta ez nolanahi, gainera.


[Haurrak, xakean. Argazkia: Mijaíl Klúyev/МАММ/МDF].


[Marinelak, xakean, 1972an. Argazkia: Yuri Sadóvnikov/МАММ/МDF ].


[Lubakiko ordu lasaietan. Argazkia: Serguéi Kórshunov/МАММ/МDF+ https://russiainphoto.ru ].


[‘Xake jokalariak’. Argazkia: Borís Ignatóvich/МАММ/МDF+ https://russiainphoto.ru%5D.


Erreferentziak:
· Garcia, Alexandre: La revolución de Octubre y el ajedrez. 2017-11-03.
· Harding, N.: Lenin’s Political Thought: Theory and Practice in the Democratic and Socialist Revolutions. Chicago: Haymarket Books, 2010.
· Hudson, Michael A.: A political History of Chess in the Soviet Union. 1917-1948. Kaliforniako Unibertsitatea, 2013.
· Karpov, Anatoli: «Mis enfrentamientos con Kasparov iban mucho más allá del ajedrez». El Diario Vasco, 2009-07-12.
· Therekov, Andrey: A History of Chess in Russia. 2020-05-24.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[31] Arauak, puntuak eta tituluak, Nazioarteko Xake Federazioaren arabera

18 01 2021



Xakearen garapenean eragina izan zuen beste mugarrietako bat Nazioarteko Xake Federazioaren sorrera izan zen. Parisen sortu zuten 1924an, eta harrezkero FIDE izenarekin ezagutzen da, frantsesezko Fédération Internationale des Échecs izenaren akronimoa erabiliz.

Elkarteek, jokalari onenek edo herrialde zehatzek antolatzen zituzten txapelketak arautzeko eta xakearen inguruko erabakiak bateratzeko beharrari erantzunez sortu zuten nazioarteko federazioa, baina lehen urteetan ez zuen oihartzun eta gaitasun handirik izan. Dena dela, arauak adostu, irizpideak zehaztu eta lehen Xake Olinpiar Jokoak antolatu zituen, eta munduko txapelketaren kudeaketan parte hartzeko asmoa agertu zuen.

Alexander Alekhine munduko txapelduna hil zenean, 1946an, Nazioarteko Xake Federazioak antolatu zuen haren oinordekoa nor izango zen erabakitzeko txapelketa, eta harrezkero 1993 arte FIDEk antolatu zuen Munduko Xake Txapelketa.

1950ean, berriz, ofizialki sortu zuen xake jokalari handienak izendatzeko erabiltzen den titulua: Maisu Handia (GM, grandmaster). 27 jokalariri eman zien titulu hura. Orduko onenei, eta ordurako lehiatik erretiratuta egon arren noizbait onenak izan eta orandik bizirik zeudenei.

1970ean Elo puntuazio sistema abiarazi zuen FIDEk, eta Maisu Handia edo GM titulua lortzeko 2.500 Elo puntutik gora izatea beharrezkoa zela erabaki zuen. Elo puntuazio sistema, kalkulu estatistikoan oinarritutako metodo matematikoa da, eta jokalarien gaitasuna kalkulatzeko erabiltzen da. Arpad Elo (1903-1992) jatorri hungariarreko fisikari estatubatuarrak asmatu zuen, eta haren omenez Elo da sistemaren izena.

Puntuazio horren arabera, hasiberriak, afizionatuak, ohiko jokalariak, adituak, maisu izateko hautagaiak, FIDE maisuak (FM), nazioarteko maisuak (IM), maisu handiak (GM) eta, azkenik, munduko txapeldun izateko hautagaiak bereizten dira. FIDEk hiru hilean behin berritzen du zerrenda, lurraldeka eta herrialdeka ikusteko moduan antolatuta (hemen, esaterako, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetakoak ikusgai). Xakearen historian sekula Elo puntu gehien izan duen jokalaria Magnus Carlsen da, 2882 puntu izan baitzituen 2014ko apirilean.

Gaur egun, mundu osoko 195 xake federazio biltzen ditu FIDEk. Gehienak NBEko kideak dira, baina badira estaturik gabeko herrialdeetako federazioak ere. Kataluniako Federazioa, esaterako, FIDEko kide izan zen Nazioarteko Xake Federazioa sortu zuten lehen urteetan, 1926tik 1929ra. Espainiako Federazioa sortu zutenean, ordea, kataluniarrak kanporatu egin zituzten FIDEtik, estatu bakoitzari ordezkaritza bakarra zegokiola argudiatuta. Kataluniak 2001ean eskatu zuen bere selekzioa nazioartean ofiziala izatea, baina FIDEk ez zuen onartu eskaera.

Mundu osoko federazio guztiak lau konfederaziotan bereizi eta horien arabera kudeatzen du FIDEk xakea, Europan, Amerikan, Asian eta Afrikan.





[30] Beroki, alkandora eta gorbata artean

17 01 2021

Maisu handien nazioarteko txapelketarekin batera, antolatzaileek bigarren mailako xake jokalariei eta zaleei ere lehiatzeko aukera eman nahi izan zieten, eta egun haietan afizionatuen arteko beste txapelketa bat ere jokatu zuten Donostiako Kasino Handian. Txapelketa hartan jokatzekoa zen Londresen argitaratzen zen Daily Mail egunkariak Donostiara bidalitako kazetaria ere: James Henry Gerald. Otsailaren 24an, ordea, bat-batean hil zen, ostatu hartuta zegoen Gran Hotel Londres e Inglaterra hotelean. Egun hartan txapelketa bertan behera utzi zuten, eta handik bi egunera ehortzi zuten, Polloeko hilerrian, hileta arranditsu eta jendetsua egin ondoren.

Bigarren mailako txapelketa hura Luis Rodriguez Santa Maria madrildarrak irabazi zuen. Beste bi espainiar, kataluniar bat, bi alemaniar eta sei euskal herritar izan zituen aurkari. Gipuzkoarrak ziren azken sei horiek: Castañeda, Conde, Cortez, Matilla, Rubio eta Ostolaza. Txapelketa amaitu zenean, xakezale gipuzkoarrek Capablanca afaltzera gonbidatu zuten, Gran Hotel Ezcurra hotelera, garaipena behar bezala ospatzeko.


[Txapelketa amaitu orduko, Capablanca Ezcurra hotelera gonbidatu zuten xakezale gipuzkoarrek, garaipena ospatzeko. Iturria: Historia del ajedrez español].

Hurrengo urtean ere nazioarteko xake txapelketa antolatu zuten Donostian, baina Capablancak eta Laskerrek huts egin izanak distira apaldu zion, maila handiko partidak jokatu zituzten arren. Akiba Rubinstein errusiarrak irabazi zuen. Bigarren mailako txapelketan, berriz, Albert Nordheimer Hallgarten gailendu zen, Hanburgoko kontsula, eta Ostolaza izan zen jokatu zuen euskal herritar bakarra.

Nazioartean ez ezik, Euskal Herrian ere mugarriak izan ziren Donostian 1911n eta 1912an jokatutako txapelketa haiek. Munduan barrena, aurrerantzean edonon jokalari onenak biltzeko behar ziren baldintzak finkatu zituzten. Euskal herrietan, berriz, xakearekiko zaletasuna zabaltzeko hauspoa izan ziren, batez ere goi mailako elkarteetan. Oro har enpresa gizonak, politikariak eta aberatsak bazkide zituzten elkarteetan xakea eskuineko begitik sartu zen, eta adimen gaitasun handiarekin eta dotorea izatearekin lotzen zenez, klasea erakusteko jokoa edo kirola bihurtu zuten. Garai hartako argazkietan, xake taulen inguruan, beti, trajeak, berokiak, alkandorak eta gorbatak ikusten dira. Ez da kasualitatea. Ateneo, kasino eta elkarteetan xakean jokatzen zuten, tabernetan ohikoagoa zen bitartean dadoetan, musean eta gainerako karta jokoetan aritzea.


[Capablanca, 1935ean, Bilboko Kirol Elkartean. Iturria: Memorias del Club Deportivo de Bilbao].

Capablanca 1935ean itzuli zen Euskal Herrira, Bilbon eta Donostian dozenaka lagunen aurka aldi berean partidak jokatzera. Bilboko Kirol Elkarteak 1934an sortu zuen xake batzordea, eta lehen urtetik hasi ziren txapelketak, lagunarteko partidak eta erakustaldiak antolatzen, arrakasta handiz. Capablancak haietako batean hartu zuen parte azaroan, 28 lagunen aurka aldi berean jokatuz. Bisita hartan, El Sitio elkarteko lagunekin ere aritu zen xakean, eta Sociedad Bilbaína elkartean hitzaldia ere eman zuen. Abenduan, berriz, Donostiako Ateneoak antolatu zuen Capablancaren erakustaldia, dozenaka lagunen aurkako aldibereko partidekin. Egun hartako argazkietan, jokalarien artean, Capablancaren aurrean emakume bat ikusten da, baina ez da haren izenik ageri orduko kroniketan. Pena, oro har emakumeek ez baitzuten aukerarik izaten gizonezkoen elkarteetan eta espazioetan aritzeko, salbuespen bakanak kenduta. Donostian eta Bilbon ez ezik, Iruñean ere erakustaldiak eta txapelketak antolatzen zituzten garai hartan, Gaztelu plazako Cafe Kutz zaharrean.


[Capablanca, Donostiako Ateneoan, 1935eko abenduaren 27an. Emakume bat ageri da jokalarien artean. Iturria: Historia del ajedrez español].





[Bilboko Kirol Elkarteko xake batzordeak Xakearen Astea antolatu zuen 1934an, eta Hungariako Andre Lilienthal maisu handia gonbidatu zuten. 121 lagunen aurka aritu zen aldi berean, Bilboko Kirol Elkartearen frontoian. Iturria: Memorias del Club Deportivo de Bilbao].


[Capablanca, Bilboko El Sitio elkarteko kideekin. Iturria: Sancho El Sabio Fundazioa].


Hurrengo urteetan, Espainiako Gerrak etena eragin zuen, baina 1940ko hamarkadatik aurrera elkarteetan berreskuratu egin zuten xakean jokatzeko irrika eta txapeldun handiak gonbidatzeko ohitura. 1944ko apirilean eta azaroan, esaterako, Alexander Alekhine munduko txapeldunak aldi bereko partidak jokatu zituen Donostiako Club Cantábrico elkartean hainbat lagunen aurka. Hurrengo urteko maiatzean, berriz, Bilboko Kirol Elkartean ere izan zen errusiarra. 1950ean, frankismoak Donostian antolatu zuten Espainiako xake txapelketa, eta hamarkada hartan elkarte askotan ohikoak bihurtzen hasi ziren xake partidak eta txapelketak. Baita garai hartako kasinoetan eta kafetegietan ere.




[Alexander Alekhine, munduko txapelduna, Donostiako Club Cantábrico elkartean, 1944an.
Iturria: Historia del ajedrez español].


[Antonio Olazabal eta Arturo Pomar, elkarren aurka, 1950ean Donostian antolatu zuten Espainiako Xake Txapelketan. Iturria: Historia del ajedrez español].

Bibliografia:
· Carnicero, Luis: Capablanca, Bilbao y Don Luisón (chessbase.com, 2009-03-22).
· Capablanca, Jose Raul: My Chess Career. Zeticula Ltd, Londres, 2003.
· Estornes, Cesar: El ajedrez en el Club Deportivo de Bilbao, desde 1933 a 1951, in Memorias Club Deportivo Bilbao, 2015-02-24.
· Lopez, Maximo: San Sebastian 1911. El primer SuperTorneo de Ajedrez. Editorial Chessy, 2005.
· Remis Fernandez, Jesus: Semifinales y final XV Campeonato de España de Ajedrez, San Sebastian 1950, in Historia del ajedrez español. 2018-8-20.
· Sanchez, Miguel Angel: Jose Raul Capablanca. A Chess Biography. McFarland & Company, Inc., Publishers, Jefferson, 2015.
· Sanchez, Miguel Angel: Capablanca. Leyenda y realidad. Casa Vacía, Virginia, 2019.


————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula

 





[29] Donostia 1911. Mugarria xakearen historian.

17 01 2021

Donostian 1911ko otsailaren 20tik martxoaren 17ra jokatu zen nazioarteko txapelketak xakearen historia aldatu zuela esan ohi da. Batetik, munduko xake jokalari onenak txapelketa berean elkartzeko baldintzak sortu zituelako eta aitzindaria izan zelako horretan. Bestetik, Capablanca maisu handien artean nabarmendu zelako, eta kubatarraren garaipena mugarria izan zelako haren ibilbidean eta xakearen historian. Donostiak zerikusi handia izan zuen Capablancaren kondairaren sorreran.

[Donostiako Kasino Handia, 1911n, Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketaren garaian.
Gaur egun Donostiako udaletxea da eraikina].

Garai hartan xake jokalaririk onenak oro har ez ziren modu profesionalean aritzen. Ez zegoen horretarako aukerarik. Steinitz (1836-1900) erotuta, baliabiderik gabe eta bakarrik hil zen, eta hark bezala ez amaitzeko baldintza duinak eskatzen zituzten maisuek. Donostiako nazioarteko txapelketak eskaini zizkien baldintza horiek lehen aldiz. Munduko 16 maisu handienak eta Capablanca gonbidatu zituzten Donostiako Kasino Handiko zuzendaritzak eta antolatzaileek, guztiei bidaia eta egonaldia ordainduta, eta lehen lau sailkatuentzako ere diru kopuru ederra iragarri zuten: lehenengoarentzat urrezko 5.000 franko, esaterako. Gainerako guztiek, berriz, txapelketan lortutako puntuen arabera urrezko franko gehiago lor zitzaketen, eta partidarik ederrena saritzeko ere urrezko 500 franko eman zituen Vienako bankari batek.

Henry Ernest Atkinsek eta orduan munduko txapelduna zen Emanuel Laskerrek soilik egin zioten uko gonbidapenari, arrazoi ezberdinengatik, eta gainerako guztiek baietz erantzun zieten antolatzaileei: Akiba Rubinstein, Milan Vidmar, Frank Marshall, Siegbert Tarrasch, Karl Sclechter, Aaron Nimzobitx, Ossip Bernstein, Rudolf Spielmann, Richard Teichmann, Geza Maroczy, Dawid Janowsky, Amos Burn, Oldrich Duras, Paul Leonhart eta Jose Raul Capablanca. Zerrendak egundoko ikusmina sortu zuen hasieratik, inoiz ez baitziren nazioarteko txapelketa batean hainbeste maisu elkartu, eta herrialde bateko eta besteko egunkariek berriemaileak bidali zituzten Donostiara.


[Donostiako 1911ko txapelketako argazki ezagunena da honakoa: parte hartzaile gehienak ageri dira].

Capablancak 22 urte zituen orduan eta, xakean maisu titulurik ez bazuen ere, azkenaldian AEBetan Marshall eta Lasker garaitu izana nahikoa izan zen antolatzaileek kubatarra Donostian ikusi nahi izateko. Horrek, ordea, jokalariak gonbidatzeko aldez aurretik zabaldu zituzten baldintzak urratzen zituen: lehen mailako maisu handiak izatea eta azken hamarkadan nazioarteko txapelketaren batean sariak irabazi izana. Antolatzaileek Capablancaren alde egin izana ez zen zenbaiten gustukoa izan, eta Nimzobitx eta Bernstein jokalariak haserre agertu ziren.


[Jose Raul Capablanca, 1911n, Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketan].

Kasualitatez, lehen errondan Bernsteini eta Capablancari elkarren aurka aritzea suertatu zitzaien, eta kubatarrak laster isilarazi zuen Bernstein, xake matearekin. Azkenean, partida hura izan zen ederrenaren saria irabazi zuena, eta xakearen historian urrezko hizkiz idatzita geratu da, Capablanca gaztea maisu handien artean duin eta dotore gailendu izanaren isla ere izan zelako. [Hemen partida hura ikusgai].

Izan ere, lehen errondakoa txapelketa osoaren atarikoa izan zen nolabait, Capablanca hurrengoetan ere zorrotz aritu baitzen, azkenean sailkapeneko lehen postua eskuratuz eta txapelketa irabaziz. Garaipen hark oihartzun handia izan zuen garai hartako hedabideetan, batez ere xakeari buruzko aldizkari espezializatuetan, eta Capablancaren itzala handituz joan zen heinean, Donostiako nazioarteko txapelketarena ere hazi egin zen xakearen historian. Horren erakusle da Karpovek, Kasparovek eta beste hainbatek, haien aitzindariei buruzko liburuak argitaratu izan zituztenean, Donostiako 1911ko partidak bereziki gogoratu eta aztertu izana, behin baino gehiagotan.

Senideek, lagunek eta Habanako xake elkarteko kideek harrera egin nahi zioten irabazleari, baina Capablancak gutuna bidali zuen Kubara martxoaren 18an, ez zela berehala itzuliko esateko: “Azken egunotan ez nabil osasuntsu, eta atzodanik okerrago sentitzen hasi naiz. Sukarra daukat, eta gaur arratsaldean medikuarengana joan beharko dut. Ez dut uste ezer larririk denik. Baina horregatik aritu naiz okerrago txapelketaren azken astean. Eguraldia hemen infernua da, edo horrela izan da txapelketan zehar behintzat”. My Chess Career liburuan osatu zituen lerro horiek: “Gaixotu egin nintzen txapelketaren amaieran eta, beraz, Bilbora bi eguneko bisita egin ondoren, zenbait atseden egun hartu nituen, Alemaniara abiatu aurretik”.


[1911ko Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketaren emaitzak eta sailkapena].

Bibliografia:
· Capablanca, Jose Raul: My Chess Career. Zeticula Ltd, Londres, 2003.
· Cordero Fernandez, Javier: San Sebastián 1911, el torneo que cambió el ajedrez. ajedrezdeataque.com, 2011-03-16.
· Lopez, Maximo: San Sebastian 1911. El primer SuperTorneo de Ajedrez. Editorial Chessy, 2005.
· Remis Fernandez, Jesus: Semifinales y final XV Campeonato de España de Ajedrez, San Sebastian 1950, in Historia del ajedrez español. 2018-8-20.
· Sanchez, Miguel Angel: Jose Raul Capablanca. A Chess Biography. McFarland & Company, Inc., Publishers, Jefferson, 2015.
· Sanchez, Miguel Angel: Capablanca. Leyenda y realidad. Casa Vacía, Virginia, 2019.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[28] Maria Teresa Mora Iturralde. Beth Harmon Habanan.

10 01 2021


Lehenago kafearen, tabakoaren edo esklaboen merkataritzak bezala, azukrearen industriak ere euskal herritar ugari erakarri zuen Kubara, eta XX. mende hasieran haietako asko ageri ziren azukrearen salmentarekin lotutako negozioetan. Arturo Iturralde zen haietako bat. Santa Lutgarda zentralak Habanan zuen ordezkaritzaren administraria eta kudeatzailea.

Kuban aspaldidanik errotutako euskal abizena da Iturralde, eta haren oinordekoa zen Maria Teresa Mora Iturralde ere, Capablancaren itzalean geratu den xake jokalari handia, maisuari ere irabazi zion arren. 1902an jaio zen, Habanan, eta 10 urte zituenean aitak erakutsi zion xakean jokatzen, beste bost seme-alabei bezala. Laster hasi zen aitari irabazten, eta 11 urterekin Habanako Xake Elkarteak antolatu zuen txapelketan gailendu zen. Hurrengo urtean, Kubako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen, eta xake elkarteetara eta tertulietara hasi zen heltzen haren oihartzuna. Baita nazioarteko xake aldizkarietara ere, batean eta bestean txapelketak irabazten joan zen heinean.

Haietako batean ezagutu zuen Capablancak, eta Mora Iturralderen xake irakaslea izateko eskaini zen. The Queen’s Gambit telesailaren bigarren atalean, xakeari buruzko libururik ba ote duten galdetzen dio Beth Harmonek eskolako liburuzainari, eta honek Capablancaren biografia gomendatzen dio. Kubatarraren My Chess Career (1920) hartzen du Harmonek. Liburu hartan idatzi zuen Mora Iturralderi buruz:


[Beth Harmon, The Queen’s Gambit telesailaren bigarren atalean, eskolako liburutegian, Capablancaren ‘My Chess Career’ gainbegiratzen].

“Habanan bazen 12 edo 14 urte bitarteko neska gazte bat, asko interesatu zitzaidana. Zentzu guztietan argia eta apala izateaz gain, garrantzitsuagoa dena: xakean nahikoa ondo jokatzen zuen. Uste dut gaur egun munduko jokalari onenetakoa dela, 15 edo 17 urte besterik ez dituen arren. Itsasoratu aurretik, ikasgai batzuk emateko eskaini nintzen. Eskaintza onartuta, jokoaren hasierari eta garapenari buruzkoak erakustea erabaki nuen, oinarrizko kontu batzuekin eta hainbat urtean buruan eduki arren ordura arte inori azaldu ez nizkion teoriekin batera. Egia esan, ikasleak baino gehiago ikasi nuen nik, baina espero dut eman nizkion dozena bat ikasgaiei onura aterako diela nire lagun gazteak”.

Atera zien, bai. Garai hartan estutu zen Capablancaren eta bere ikasle bakarra izan zenaren arteko harremana. 1922an Kubako Xake Txapelketa irabazi zuen Mora Iturraldek, gainerako parte hartzaile gizonezkoei irabazita. Urte hartan Londresen jokatu zen munduko txapelketan parte hartzea eta elkarrekin joatea eskatu zion Capablancak, baina ez zuen lortu laguntzarik bidaia ordaintzeko, bien arteko harremanaren inguruko esamesak zabaltzea baizik.

Emakumea zenez, nazioartean, xake elkarteetan eta txapelketetan bidea egiteko askoz zailtasun gehiago izan zuen, eta hainbat urtez Kuban bertan aritu behar izan zuen lehian, askotan emakumeen arteko txapelketetan soilik arituta. 1938an Kubako txapelduna izan zen emakumeen artean, eta 1960ra arte eutsi zion txapelari. 1939ko eta 1950eko emakumeen munduko txapelketetan ere aritu zen, Buenos Airesen eta Moskun.

Garaipenik gustukoena, hala ere, sorlekuan eskuratu zuen. 1941eko maiatzaren 3an, Habanan, Capablancari irabaztea lortu baitzuen. Mora Iturraldek behin baino gehiagotan aipatu zuen arren, urte askoan partida haren nondik norakoak galduta egon ziren, Jose Raul Capablanca. A Chess Biography (2015: 466) liburuan argitaratu zen arte.

Xakean egindako ibilbidea aitortuz, Nazioarteko Xake Federazioak Nazioarteko Maisu titulua eman zion 1950ean. Jendaurreko azken partida 1964an jokatu zuen, eta 1976an egin zioten azken elkarrizketa, Juventud Rebelde egunkarian. Besteak beste, laguntza eta parekidetasun faltak bere ibilbidea mugatu zuela adierazi zuen: “Nahiko nuke orain jokatu, gobernuak kirola egiteko hainbeste laguntza ematen duen garaian. Nik nire patrikatik ordaindu behar izaten nituen atzerrirako bidaiak, eta dirurik ez nuenez ez nintzen joan munduko txapelketara Londresera, Capablancak hartarako prestatu ninduen arren”. Zehazki, Capablancak irabazi zuen txapelketa hura, antolatzaileek bidaia eta egonaldia ordainduta.

Azken urteetan osasuna zeharo pattalduta, Maria Teresa Mora Iturralde Habanan hil zen, 1980ko urriaren 3an, 77 urterekin.

Bibliografia:
· Arrozarena, Cecilia: El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba. Txalaparta, Tafalla, 2003.
· Bayolo, Jesus G.: La cubana María Teresa Mora, protagonista desconocida de Gambito de Dama. cubaperiositas.cu, 2020-11-25.
· Capablanca, Jose Raul: My Chess Career. Zeticula Ltd, Londres, 2003.
· Cobiella, Michael: “Panorama de la presencia económico-empresarial de vasco-navarros y descendientes en la ciudad de La Habana durante los años 1901-1930”, in Vascos en Cuba. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2015.
· Elizalde, Rosa Miriam: ¿Quién es Beth Harmon? CubaInformacion.tv, 2020-12-03.
· Fernandes, Belinha: Maria Teresa Mora Iturralde: a dama do gambito cubana. Palavras Cruzadas, 2020-11-19.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula