Ongi etorri, Tximas!

22 02 2012

Atzo ilunabarrean utzi zuten aske Iraitz Gesalaga Tximas preso zarauztarra, ostiralean egin zioten epaiketako karguetatik absolbitu ondoren.

2011ko urtarrilaren 11n atxilotu zuten, Ziburun eta Zarautzen egindako polizia operazioan, eta harrezkero hedabide askotan bere izena eta argazkia ETAren informatika arduradun bezala agertu da, inolako epaiketarik gabe, polizia informazioa eta gezurrak batere kazetaritza filtrorik gabe argitaratuta.

Tximas gaur goizaldean heldu da Zarautzera, eta herritarrek lehen harrera egin diote, Gaztetxean aurrena eta Musika Plazan ondoren.

Ongi etorri, Tximas!





‘Salatariak’

20 02 2012

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarian idazten duen zutabean Labi eta Xaporraren kasua eta Ertzaintzak asteartean Zarautzen izandako jarrera izan zituen atzo hizpide. Eskertzekoa da bidegabekerien aurrean publikoki isiltasuna haustea.

Salatariak
XABIER EUZKITZE (Noticias de Gipuzkoa, 2012-02-19).

Donostiako gaueko lokal ezagun batean izan berri gara, ETBko Bisitaria saio berrirako grabaketa bat egiten. Batzuk pianistaren laguntzaz kantatzera joanak ziren, besteak dantzara, edo tragoxka bat edanez besteen kanta eta dantzez gozatzera. Jabearen baimena aurrez lotua genuen, baina bertan zeudenena ere ezinbestekoa zen, leku pribatua izaki. Banan-banan baimenak eskatu eta lortzen ari ginela, laurogei bat urteko gizon batengana heldu ginen. Erabat ikaratu zen gizona. “Ezkonduta nago, baina beste emakume batekin etorri naiz. Emazteak telebistan ikusten banau, akabo!”. Taldekideon artean irriari eutsi ezinik arazoa nola konpondu deliberatzen ari ginela, berriz hurbildu zitzaigun gizona, zein TB katetarako ari ginen galdezka: “¿ETB 1? ¿La vasca? ¡Entonces no hay problema alguno!”. Gure galai gaztearen emaztea ez da, antza, gure ikusle leial. Algaraka utzi gintuen aitonak.

Salatari arriskutsuagorik bada bazterretan. Zarauzko gazte bi, Labi eta Xaporra, salaketa anonimo bategatik daude espetxean. Terrorismoaren apologia egin omen zutelako. Ez dago froga grafikorik, ez dago grabaketarik. Norbaitek esan zuen bi gazte horiek terrorismoa goratu zutela, eta epaileak sinetsi. Errugabetasun-presuntzioa antzarak ferra-tzera. “Izan gaitezen praktikoak!”, pentsatuko zuen epaileak. “Bi gazte hauek duten borroka itxurarekin, ziur salatzaileak egia dioela”. Xaporra Ertzaintzak ongi babesturik ekarri zuen lehengo asteartean Zarautza, semea ezagut zezan. Pare bat ordu etxekoekin igaro ondoren, berriz ere kartzelara. Justizia izenekoak beldurra ematen du horrelakoetan. Edozein salatzaile anonimok eraman zaitzake ziegara.

Ertzaintzak, Xaporra babestu beharraren beharrez, lanean ari zen kazetari bat jipoitu zuen, ez si eta ez no. “Esto hacemos con la prensa”. Eta horrek ere beldurra ematen du.





Esto es lo que le hacemos a la prensa

16 02 2012

Zarautz, 2012ko otsailaren 14a. Salaketa faltsu eta anonimo bategatik Espainiako kartzela urrun batean preso daukaten Haritz Gartxotenea ‘Xaporra’ gazte zarauztarra herrira ekarri dute, etxera, hilabete eskas duen semea ezagutu dezan.

Bi ordu emango ditu etxekoekin eta senideekin, 17:00etatik 19:00etara, berriro bueltan eramango duten arte. Xaporrari babesa emateko eta maitasuna adierazteko dozenaka lagun bildu dira Zigordia kalean, presoaren etxe atarian, 18:45ak alderako. Espainiako Polizia Autonomikoa ere bertan da.

Prentsa akreditazioa dugun bi lagun gaude inguruan: argazki agentzia batekoa lehena eta euskarazko egunkari batekoa bigarrena. Egoera hartzen ari den neurria eta duen interes informatiboa ikusita, lanerako ordua da. “Hik argazkiak eta nik bideoak? Ala alderantziz?”. “Berdin zaidak”, eta azkenean bideoak grabatzekotan geratu naiz.

19:00ak hurbiltzen eta herritarrak gehitzen joan ahala hasi dira urduritzen ertzainak: atzera egiteko, hor geratzeko, hemendik ez pasatzeko, eta zakar hasi dira jendeari bultzaka. Jendea, berriz, ertzainei lasai egoteko eskatzen. Kamara piztu dut. Rec. Grabatzen.

Berehala etorri zait bat, eta bultza egin nau. Atzera egiteko. Prentsarako ari naizela esan diot, akreditazioa erakutsiz. Bale, ados, baina jende artera sartu behar dudala, eta akreditazioa zintzilik eraman. Zintzilik? Einnnn? Ezetz, ezetz…

Ez dago esan beharrik ere, noski, baina hau guztia betiko moduan: herritarrak euskaraz eta ertzainak erdaraz.

Ordua heldu da, giroa bero dago, baina herritarrek kantari erantzun dute, Haritz eskuburdinak jantzita etxetik atera eta auto batean sartu duten arte, dozenaka lagunen animo eta babes oihuen artean [bideoa, hemen]. Gaur maitasunaren eguna omen da.

Ertzaintzaren furgonetek inguratuta doa Xaporra daramaten autoa, Salegi kalean barrena, eta espaloiaren bi aldeetan, autoaren parean korrika, aurrerantz, zenbait ertzain. Segundo laurden batean memoriak atzera egin dit, orduan gose greba luzean zegoen Iñaki de Juana presoa Donostiako Ospitalera ekarri zuten egunera. Eszena oso antzekoa da: presoa daramaten ibilgailua Ertzaintzaren furgonetek inguratuta, eta ertzainak ondoan korrika, film yankeetan bezala. Donostia Ospitaleko egun hartan berria.info webgunerako grabatu nituen bideoez akordatu, antzeko zerbait egitea okurritu, eta bi aldiz pentsatu gabe presoa daramaten autoaren atzetik korrika hasi naiz. Auto barrutik Xaporra begira dagoela ohartu, eta ezin izan diot irribarre egiteko, autora hurbiltzeko, ukabila erakusteko eta animoak emateko tentazioari eutsi. Hiruzpalau segundo eskas izan dira.

Une horretan, ohartzerako, atzetik heldu nau norbaitek, lepotik, eta denda bateko erakusleihoaren aurka bultzatu. Ertzain bat da, aurpegia estalita eta peloteroarekin. Lasaitzeko eskatu diot, kazetaria naizela, eta akreditazioa ateratzea otu zait, bigarren ertzain bat ere inguratu den segundo bakar horretan. Erantzuna, antologikoa: “Prensa? ¡Esto es lo que le hacemos a la prensa!”, eta porrazoa eman dit izterrean. Gogor. “Ei, ei, ostia, lasai…”. Berdin dio, ez didate hitz egiten ere utzi. Beste kolpe bat dator, amorru guztia porra batean bilduta. Aurpegia babesteko besoa jaso dut, eta… ostia, hau mina! Eskumuturreko hezurra hautsi didate, eta badoaz.

Baina Argazki Press agentziako argazkilari batek grabatutako bideoan geratu da guztia.

Makilkadak from irudion on Vimeo.

Gerokoa, sare sozialetan ere kontatu nuen gainetik atzo bertan: mina, eskua mugitu ezinik, anbulatorioa, familia medikua, erradiografiak, erresidentzia, traumatologia, eta azkenean diagnostikoa eta ondorioa: eskumuturra hautsita, hilabete baterako igeltsua, eta hiru asterako baja lanean.

Familia medikuak atzo larrialdietako traumatologoek idatzitakoa ikusita, gaur egin dit epaitegirako partea, eraso baten ondoren ezinbestean egin behar dutelako:

· Dolor e impotencia funcional en brazo izquierdo.
· Dolor en muslo izquierdo, un hematoma en región posterior.
· En la RX fractura diafisaria de cubito izquierdo.
· Inmovilización con yeso anteobraquiopalmar.

Esto es lo que le hacemos a la prensa…





Xaporrak zarauztarren babesa jaso du semea ezagutzera ekarri dutenean

14 02 2012

Salaketa anonimo eta faltsu baten ondorioz iazko apirilaren 27az geroztik Espainiako kartzeletan bahituta eta herritik urrun duten Haritz Gartxotenea Xaporra preso politiko zarauztarra etxera ekarri dute gaur, duela aste batzuk jaio zen Ekhi semea ezagutzera.

Xaporrak bi ordu egin ditu etxekoekin eta senideekin, eta heldu denean zein berriro bueltan eraman dutenean zarauztarren babesa eta maitasuna jaso du etxe atarian.

Espainiako Polizia Autonomikoak, oraindik ere zakur amorratuen antzera ibiltzen ez duela ahaztu erakutsi du berriro Zarautzen, bildutakoen artean porrazoka. Nik bi jaso ditut, izterrean eta eskumuturrean, baina merezi izan du: autoaren leihotik bertatik bertara Xaporra agurtzea, maitasunez betetako musuak bidaltzea eta haren irribarrea bueltan jasotzea ezin ederragoa izan da.


[ Haritz, Ekhi eta Oiartz. Argazkia: @JoaquinFerrera ]

MAITE HAUGU, XAPORRA!!!

BONUS TRACK:

Espainiako Polizia Autonomikoak egurra eman zidan momentua ere filmatu zuen Argazki Press agentziako Gorka Rubiok bideo honetan.

Makilkadak from irudion on Vimeo.





Elurretan

2 02 2012

beti dago neguari eusten dion lore bat,
udaberria heltzen denerako bidea erakusten…

(argazkia: andoain, martin ugalde kultur parkea, gaur eguerdian)