Azken Portuko festak 2012, zenbait begirada

13 08 2012

Astelehen handia da gaurkoa ehunka eta ehunka lagunentzat Zarautzen. Hiru eguneko festa giroaren ondoren, atzo amaitu ziren Azken Portuko jaiak, herri bazkariaren, kalejiraren, bertso saioaren eta azken parrandaren ostean. Hemen bildutakoak zenbait irudi soilik dira. Ez onenak, noski. Horiek, filmatzea komeni ez delako edo erakutsi ezin direlako, bakoitzak bere oroitzapenen disko gogorrean gordeko ditu.

Hainbat ekitaldi falta da irudi hauetan. Izan ere, lo apur bat ere egin behar da tarteka, eta ezin da guztietan egon. Zer egingo diogu: denok ez gara Ituarte bezalakoak, hiru egunez etxera sartu gabe irauteko gai…

Aurten ere gure plazan gauero eguzki betea izan da, dena bideratzeko lanean aritu diren komisioko gazteei eta hiru egunez duten onena eman duten auzokideei eta bisitariei esker. Biba zuek!

ABUZTUAK 10, OSTIRALA:

· Jaien hasiera iragartzeko txupinazoa eta Patxi Iruretagoienari omenaldia, bere heriotzaren lehen urteurrenean.

· Kontzertu batetik besterako tartean, txosna gunean, Iosu Uribetxeberria euskal presoaren egoera salatzeko ekimena.

ABUZTUAK 11, LARUNBATA:

· Apar festaren hasiera, txosnetan, 03:45ak aldera.

·

ABUZTUAK 12, IGANDEA:

· Herri bazkaria, 650 lagun ingururekin. Aurten aske utzi dituzten Jose Mari Perez Diaz Txuri eta Haritz Gartxotenea Xaporra euskal preso ohiei omenaldi apala egin zitzaien.

· Herri bazkariaren ondoren, kalejira auzoko kaleetan barrena. Aurten, Azken Portuko txarangaren lekua hartu dute Zarauzko Musika Bandako hainbat lagunek, festa giroari eusteko ahaleginean. Patxi Iruretagoiena kalea inauguratu ondorengo irudiak dira honakoak.

· Bertso saioa: Uxue Alberdik, Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak, Julio Sotok, Beñat Gaztelumendik eta Hodei Iruretagoienak, leporaino bete zuten aurten ere Azken Portuko plaza. Azken parrandari ekin aurreko saioa izan zen.





SKAPA2012 hasi da kolorez betetzen

28 07 2012

Azken Portun, zenbait artistek eta urteroko brotxagordistek, komisioko eta auzoko gazteen laguntzarekin, jaien atarian, aurten ere, horma-irudia margotzeari ekin diote gaur. Langile auzoa da Azken Portu, eta Mesill lantegiko horma handia hautatu dute aurtengo irudia egiteko. Goizeko lehen orduan bildu eta langileriaren aldarriak eta festa-giroa uztartuko dituen muralari kolorea ematen hasi dira.

Kolorea eta festa, beste behin ere, eskutik helduta Azken Portuko festen atarian.

20120728-095454.jpg

20120728-095510.jpg

20120728-095520.jpg

20120728-095527.jpg

20120728-104749.jpg

20120728-104741.jpg

20120728-104756.jpg

20120728-130608.jpg

20120728-130640.jpg

20120728-205838.jpg

20120728-205850.jpg

20120728-205901.jpg

20120728-205909.jpg

20120728-205922.jpg

20120728-205932.jpg

Goizeko 08:30ak aldera hasi dira horma-irudia margotzen hainbat lagun, eta azken argazkiak hamabi ordu geroago ateratakoak dira, arratsaldeko 20:30ak aldera. %95 inguru zuten amaituta ordu horretan.
Ez zitzaien asko falta, baina han geratu dira zenbait lagun oraindik, azken bertsoa idazten eta muralari azken ukituak ematen.

Zorionak guztioi egindako lanagatik.
Biba zuek, eta eskerrik asko trenbidearen beste aldeko herri honi kolorea emateagatik!





Ongi etorri, Txuri!

2 04 2012

Pasa den ostiralean sare sozialetan zabaldutako bi bideo eta argazki bat, hemen ere gera daitezen.

· Lehen harrera, Azken Portun, amaren etxe atarian. Egundokoa.

· Iluntzean, berriz, herritarrena, Zarautzen, Musika Plazan.

Bi argazki hauen artean 25 urte daude, eta duintasuna, gainezka. Ongi etorri, Txuri! Maite zaitugu!





La Pegatina, gaur gauean Azken Portun

10 08 2011

Ez dut ukatuko. Ez nituen ezagutzen Kataluniako gazte ero hauek Azken Portuko jaietako egitarauan ikusi nituen arte. Ordudanik, ordea, sarean La Pegatinari buruzkoak irakurtzen hasi, orain arteko hiru diskoak entzun eta hainbat bideo ikusi ondoren, sorgindu egin naute azken egunotan.

Gaur gauean, 01:00ak aldera, Azken Portuko festetan, talde handi bat ikusiko dugu, entzungo dugu, eta dantza egingo dugu.

Ez noa luzatzera. Haien webgunea eta musika zabaltzea nahiago dut, ezagutu ditzazuen. Bertatik doan jaitsi ahal dituzue taldearen hiru diskoak, bertan irakur dezakezue ero maitagarri hauen historia, eta bertan ikus ditzakezue taldearen hainbat eta hainbat bideo. On egin!

· lapegatina.com

 





Kolorea eta artea Azken Portuko hormetan

6 08 2011

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaien atarian, duela hamar urtetik, urteroko kontua da auzoko zenbait gaztek horma-irudia margotzea. Ekimen horrekin hasi zirenetik, urtez urte, kolorez eta artez bete izan dute auzoa, hutsik zeuden hormei bizitza emanez.

Aurten, Azken Portuko taberna zaharra zegoen lekua hautatu dute murala margotzeko, eta garai bateko argazki zahar bat hartuta, bere horretan ekin diote hura islatzeari. Atzo ekin zioten lanari Mendik, Beatzak eta Tentek, eta egunean zehar izan zuten ohiko brotxagordisten laguntza ere. Egun osoan zehar, jendetza geratu zen gazteak egiten ari diren lanaren aurrean, garai bateko taberna zaharra eta gainerakoak oroituz, komentatuz, eta murala zein ederki geratzen ari den nabarmenduz.

Gaur ere goizean goiz esnatu dira pintoreak, eta arratsaldeko Bertso Tourra hasterako murala amaituta uzteko asmoa dute.

Lan ederra, benetan. Zorionak, eta biba zuek!





· ‘Bulkada’ hizpide, egilearekin

24 03 2011

Astearteko solasaldiaren inguruko laburpen zehatza argitaratu dute antolatzaileek, 111 Akademiaren webgunean:
“Nire burua nik nahi nuen bezala aurkezteko aukera eman dit liburuak” · Jon Benitok ‘Bulkada’ poesia liburua aurkeztu zuen Zarauzko Azken Portun Gari Berasaluze lagun zuela.

Arraio Irratiko lagunek, berriz, entzungai jarri dute astearteko aurkezpen osoa, irratiaren webgunean, podcastean:
Jon Benitoren liburu aurkezpeneko audioa entzungai dago.

Mila esker bai 111 Akademiari eta baita Arraio Irratiari ere, ekimena antolatzeagatik zein solasaldia hedatzeagatik.


[ argazkia: Amaia Goikoetxea · 111 Akademia ]





· Jon Benitoren ‘Bulkada’, Azken Portun

21 03 2011

111Akademiak antolatutako Kilkerren soka ekimenaren baitan, Jon Benitoren Bulkada [Susa, 2010] liburua aurkeztuko dugu bihar arratsaldean Zarautzen, Azken Portuko kristau biltoki zaharrean.

Euskal poesian arrastoa utziko duen liburua da Bulkada, eta liburuaren nondik norako guztiez solasean ariko gara bihar egilearekin.

· Zer: Jon Benitoren Bulkada poema liburuaren aurkezpena eta solasaldia, egilearekin.
· Antolatzailea: 111 Akademia.
· Lekua: Azken Portuko kristau biltoki zaharra.
· Ordua: 19:00etan.

Gonbidatuta zaudete!





· Idazleak eta irakurleak solasean, 111 Akademiaren eskutik

22 02 2011

111 Akademiak bihar ekingo dio Kilkerren soka ekimenaren bigarren faseari, Ur Apalategi eta Iban Zalduarekin, Andoainen. Lehenaren Fikzioaren izterrak liburua izango dute hizpide, bigarrenaren galderei tiraka.

“111 Akademiak euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz prestaturiko egitarauaren baitan garatutako egitasmoa dela Kilkerren soka, urteko sorkuntza ezagutzera eman eta idazleei sorkuntza hori irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea helburu duena”, dio irakurleez osatutako akademiaren webguneak.

Ekimen honen baitan, martxoaren 22an, Jon Benitoren Bulkada poema liburua aurkeztuko dugu Zarautzen. Azken urteotan Literatura Astearen aterpe izan den Azken Portuko kristau biltoki zaharrean izango da solasaldia, liburuaren egilearekin.

Aukera ederra izango da azken urteotan euskaraz argitaratu den poesia liburu berezi eta indartsuenetakoaren ingurukoak egilearekin bertatik bertara komentatzeko.

Gonbidatuta zaudete!