[55] Xakea eta zinema. Harreman luze baten gidoia.

13 03 2021

The Queen’s Gambit ez da zinema aretoetan estreinatu. Pantaila handian beharrean etxeko sofan ikusi dute mundu osoko milioika lagunek, baina zinemari lotutako sari garrantzitsuak lortzen ari da. Nazioartean, atzerriko hedabideek Los Angelesen duten ordezkaritzak Urrezko Globoak banatzen dituenean hasten da nolabait zinema denboraldia urtero, eta Hollywoodeko akademiak Oscar sariak banatzen dituenean amaitzen da. Bada Urrezko Globoetan bi sarirekin gailendu da aurten The Queen’s Gambit, telebistarako telesail edo film onenaren sariarekin, eta Beth Harmonen rola jokatzeagatik Anya Taylor-Joy gazteak jasotako emakumezko aktore onenaren sariarekin.

Zinemak 125 urte bete zituen iaz, eta urteurrenarekin bat eginez heldu zen xakea fikzioan beste inork baino pantaila gehiagotara eraman duen lana, pandemia betean, pantailen tamainak zinemaren mugak zenbateraino lausotzen dituen hizpide zen garaian. The Queen’s Gambit baino lehen, ordea, xakea osagai edo orube modura duten ehunka film egin dira.


[Humphrey Bogart eta Peter Lorre, Rick eta Ugarte, ‘Casablanca’ filmean, xake taularen inguruan].

Izan ere, xakea mendeetan barrena zabaldu da, eta jendartean errotuta zegoen zinema sortu zenerako eta lehen filmak iritsi zirenerako. Beraz, Lumiere anaiek 1895ean Parisen lehen filma aurkeztu zutenetik, ez zen denbora gehiegi igaro xakea filmetan ikusten hasi zen arte. Zehazki, Robert William Paul zuzendari eta zientzialari ingelesaren A Chess Dispute (1903) film laburra da xakea agertzen den lehen filma. Baita xakeari buruzko lehenengoa ere.

 

Ordudanik, zerrenda oso luzea da. Zinema mutuaren garaian hasi eta gaur egun arte, ehunka baitira xakea zeharka erakusten duten filmak, eta dozenaka xakeari buruzkoak. Beste askotan, berriz, xakea argumentuaren eta bilbearen erdian ageri da. Sarean bada xakea zein filmetan agertu den erakusteko ekimen ederra: auzolanean elikatutako www.chess-in-the-cinema.de webgunea. Mundu osoko xakezale eta zinemazaleen ekarpenari esker 1.873 film ditu bilduta eta kronologikoki antolatuta, film bakoitzaren izenburuarekin, datuekin eta fotogramekin.

Zinemaren eta xakearen arteko harremana aztertzen duten lanen bibliografia ere oparoa da, eta gaiari ertz askotatik hel dakioke. Batetik, irudien edo piezen edertasun estetikoagatik erabili dute xakea. Bestetik, ordea, pertsonaiak eraikitzeko kodea izan da xakea zuzendari askorentzat, batez ere pertsonaiak argiak edo adimentsuak direla erakusteko. Izan ere, xakea mende askoan elitearen, jakintzaren eta estrategiaren jokoa izan dela barneratuta egon da jendartean, eta horri zukua atera dio zinemak. Xakea heldutasun handiko pertsonaiak eraikitzeko erabili du, eta pertsonaia horien inguruan agertu da xakea film askotan. Casablanca (1942), Cape Fear (1962), From Russia With Love (1963), Blade Runner (1982), Dante’s Peak (1997) edo Sherlock Holmes: A Game of Shadows (2011) aipa daitezke, ale bakan batzuk gogoratzearren.

Beste film batzuetan, xakea heriotzaren hurbiltasuna islatzeko ere baliatu dute, bizitzaren amaierari, hilketei edo planik zitalenei lotuta. Askotan, gainera, horiei aurre egiteko gai diren pertsonaien kontua da xakea. Beraz, heriotzarekin eta maltzurkeriarekin, edo horiei aurre egiten dieten heroiekin lotuta ageri da. A Matter Of Life And Death (1946), Angel Face (1952), Det sjunde inseglet (1957), Superman II (1980), X-Men (2000) edo Harry Potter and the Philosopher’s Stone (2001) filmetan, esaterako.

Xakea sentsualitatearen eta erotismoaren osagai modura ere erabili du zinemak, izaretarako bidea girotzeko. The Thomas Crown Affair (1968) filmean xakea zen sua elikatzen zuena, Faye Dunaway eta Steve MacQueen aktoreen arteko sekuentzian. Zinemaren historian geratu zen sekuentzia hori, eta Austin Powers: The Spy Who Shagged Me (1999) komedian parodiatu ere egin zuten.


Xakean aritzen diren ordenagailuak erabiltzea, berriz, ohikoa izan da inteligentzia artifizialaren ingurukoak edota etorkizunean girotutako garaiak erakusteko. Star Trek (1966), 2001: A Space Oyssey (1968) edo War Games (1983) filmetan, adibidez.

Pertsonaiak eraikitzeko kodea edo giro zehatzak sortzeko elementua ez ezik, xakea bera gai nagusia ere izan da hainbat filmetan. Xakeari buruzko film horien artean, Vsevolod Pudovkin zuzendari errusiarraren Shakhmatnaya goryachka (1925) da klasiko ezagunena. Capablancak ere hartu zuen parte xakearen sukarrari buruzko film hartan. Ondoren, Raymond Bernard frantziarraren Le Joueur d’échecs (1927), Wolfgang Petersen alemaniarraren Schwarz und weiß wie Tage und Nächte (1978) eta beste asko heldu ziren.

[Vsevolod Pudovkin zuzendari errusiarraren Shakhmatnaya goryachka – Xakearen sukarra (1925) filmean Capablanca da aktore nagusietako bat].

Horien artean, badira xakearen historian mugarriak izan diren partida edo norgehiagoka handiak islatu zituztenak: Kortxnoi eta Karpoven arteko lehiari buruzko La diagonale du fou (1984) edo Spasski eta Fischerren arteko finalari buruzko Pawn Sacrifice (2014), esaterako. Baita xake jokalari handien bizitzetan oinarritutakoak ere: Belyy Sneg Rossii (1980), Searching for Bobby Fischer (1993), The Dark Horse (2014), Queen of Katwe (2016), El jugador de ajedrez (2017) edo Fahim (2019).

[Spasski eta Fischerren arteko1972ko Munduko Txapelketaren finalari buruzkoa da Pawn Sacrifice (2014) film ederra].

Gainerakoan, Shatranj ke khilari (1977), Fresh (1994), The Luzhin Defence (2000), Joueuse (2009), Brooklyn Castle (2012), Computer Chess (2013) edo Critical Thinking (2020) nabarmentzen dira xakeari buruzko filmen artean, zerrenda asko luzatu daitekeen arren.

Xakearen inguruko dokumentalek aparteko beste atal bat merezi dute, baina Jouer sa vie (1982), Game Over: Kasparov and the Machine (2003), Bobby Fischer Against the World (2011), Brooklyn Castle (2012), Magnus (2016), Judit contra todos (2000) eta Glory to the Queen (2000) aipatzearekin nahikoa izango da.


Erreferentziak:

· Batlle, Guillermo: El ajedrez en la pantalla. 25 films y partidas. Universitat de Barcelona, 2009.
· Basalla, Bob: Chess in the movies. Thinkers’ Press Wonderworks, 2005.
· Jewison, Normal: The Chess game, in The Tomas Crown Affair. 1963.
· Paul, Robert William. A Chess Dispute. 1903.
· Pudovkin, Vsevolod: Shakhmatnaya goryachka. 1925.
· Saunders, Clarissa: Bogie, Chess & Casablanca. Stars and letters, 2016-02-10.
· Urias, Fernando: ‘Ajedrez y cine. Blancas juegan y… ¡acción!’, in Jaque, 366 zbk. 12-13 or. 1993.
· Whiteley, Aliya: What it means when people play chess in the movies. Deen of Geek, 2013-03-07.
· http://www.chess-in-the-cinema.de (ingelesez).
· https://levico.ru/filmy-pro-shaxmaty/ (errusieraz).





[53] Hautazko ikasgaia Nafarroan

9 03 2021

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak zabaldutako bidera eskola asko gehitu da urteek aurrera egin ahala. Europako Parlamentuaren eta Espainiako Kongresuaren erabakiek eskolei eta erkidegoi erraztu egin diete pausoa ematea, eta Nafarroan, esaterako, xakea hautazko ikasgaia da 2018az geroztik, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleentzat. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Xake Federazioaren Begiraleen batzordeak elkarlanean mamitu zuten egitasmoa aurreko agintaldian, nazioarteko maisuen, irakasleen eta xake jokalarien laguntzarekin.

Europako Parlamentuaren adierazpena hartu zuten oinarri, haren arabera xakeak “gizarte-kohesioa eta integrazioa hobetzen” laguntzen baitu. Era berean, “haurraren adina edozein dela ere, xakeak sormena, intuizioa, memoria eta gaitasun analitikoa garatzen laguntzen du, ausardia, motibazioa eta kiroltasuna sustatzearekin batera”. Horrek guztiak “berrikuntzan eta irakaskuntzan modu positiboan eragiten duten tresnen alde aritzeko” Nafarroako Gobernuak hartutako konpromisoekin bat egiten duelakoan, bideari ekitea erabaki zuten. Hezkuntza kontseilariaren arabera, “ikerketa eta aditu asko dago xakeak dituen onura pedagogikoen inguruan, eta horregatik egin nahi dugu xakea eskoletan sartzeko ahalegin sendo hau”.

Elkarlanari izaera formala eman zioten, eta lanerako batzordea osatu, material didaktikoa sortu eta irakasleak formatu zituzten. Harrezkero hainbat ildo dituzte zabalik, besteak beste berrikuntza proiektuen artean xake hezitzailea lehenesteko edota aukerako ikasgaiaren curriculuma osatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Ez da egiturazko erabakirik hartu. Ezta erabaki politikorik ere. Ondorioz, xakea ez dago eskola curriculumean sartuta, eta lantzen denean eskolen, irakasleen edo gurasoen ekimenez izaten da, xakearen onurak zabaltzeko. Badira hainbat arlo lantzeko programa zehatzak, horietan lekua izan dezake xakeak, eta horri esker heltzen da eskoletara.

Zenbaitek, legez ezarritako gaitasunen mapan oinarrituta, curriculum propioa landu dute, eta Ulermenerako Irakaskuntza eta antzeko hezkuntza ereduen baitan erabiltzen dute xakea (Bilboko Begoñazpi ikastola, Tolosako Herrikide ikastetxea, Galdakaoko Gandasegi eskola eta beste hainbat aipa daitezke), baina hautazko ikasgai modura hezkuntza legeak berariaz babestu gabe.


[Bilboko Begoñazpi ikastolako ikasleak, xakean. Begoñazpin xakea erabiltzen dute “adimen logiko-matematikoa indartzeko tresna gisa”].

[Galdakaoko Gandasegi eskolako ikasle bat, xakean].

Egiturazko erabakirik ez hartzeak eta xakea ikasgai modura ez babesteak ez du laguntzen xakea haurren eta gazteen artean ezagutarazten. Georgiarrek duela hogeita hamar urte hezkuntza saileko arduradunei eta ikastolen ordezkariei esan zieten bezala, eskolak baitira xakea zabaltzeko bidea. Euskal Herrian (Arrasate eta Oñati), Herrialde Katalanetan (Bartzelona) eta Alemanian (Herborn) xake irakaslea izan den Josu Tornayren hitzetan, ordea, “Euskal Autonomia Erkidegoan ez da xakeari buruzko irakaskuntza garatu eta, ondorioz, zaila da irakasleak edo monitoreak aurkitzea. Horretan aritu izan garenok ere ez gara normalean horretatik bizi, eta gure inguruko xake irakasle gehienak egoera berean daude. Xakea eskoletan sartu ezean, orain arte bezala herrietako xake elkarteen eskuetan geratuko da irakasleak formatzea eta klaseak eskoletan sustatzea, eta elkarte gehienek nahikoa lan dute bizirik irauten, xakezale askok borondatez egindako lanarekin. Aurrera egiteko, xakeak eskoletan lekua izatea da gakoa, beste erkidego eta herrialde batzuetan bezala”.

Horrez gain, xake elkarteen eta xake irakasleen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen kirol legeak ere ez du errazten haurrak xakean gero eta gehiago murgiltzea.

Tornay mintzo da berriro: “Haurrak ezin dira 11 urte bete arte federatu. Debekatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan, eta uste dut Europa osoan EAEn bakarrik dagoela debekatuta haurrak federatzea. Beste kirol batzuetan zentzua izan dezake arau horrek, baina xakean ez. Bere garaian ahalegindu ginen arau horri aurre egiten, baina ez genuen lortu, eta hor dago lege kaltegarri hori. Xakea gustukoa duten eta xakean nabarmentzen diren haurrak 6, 7, 8, 9 urterekin hasten dira xake elkarteetan, baina lehiatu ezin dutenez eta eskolan alor horretan aritzen den beste lagunik ez dutenez, nekatu egiten dira, eta askok 11 urte horiek bete aurretik lagatzen dute. Beste leku batzuetan, aldiz, lehiatzeko aukera dute haurrek, eta horietan jende berria, torneoen magia, beste herri batzuetako xakezaleak eta abar ezagutzen dituzte, eta horiekin xakera kateatzeko aukerak biderkatu egiten zaizkie”.

Horrela, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi diren eta xakean federatu nahi duten haurrak beste erkidego batzuetan federatzen dituzte gurasoek, oro har Nafarroan, Kantabrian edo Gaztela eta Leonen. “Hori da lege horrek lortzen duena: interes ertaina duten haurrak uxatzea eta interes gehien dutenak deserriratzea”.

Erreferentziak:
· Hezkuntza departamentuak heziketa-xakea bultzatuko du tresna didaktiko gisa. Nafarroako Gobernua, 2017-10-03.
· Osa Galdona, Miren: Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun. Argia, 2017-12-24.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[52] Karpov Atarrabiako ikastolan

9 03 2021

Euskal Herriko zenbait ikastoletan Unescoren edota Europako Parlamentuaren gomendioak heldu baino askoz lehenago zabaldu zioten atea xakeari. Batzuetan eskolaz kanpoko jarduera bezala, eta beste batzuetan baita eskola orduetan sartuta ere. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola aitzindaria izan zen, eta xakearekin hasi zirenetik egin zuten bideagatik, eredu bihurtu zen beste askorentzat.

Diktadura garaian sortu zuten ikastola, frankismo betean, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala: seme-alabak euskaraz hezteko asmoarekin, 1964an irakasle bat kontratatu eta gurasoetako baten bizilekua egokitu zuten, ikasgela bilakatu eta eskolak eman ahal izateko. Hurrengo urteetan, ikasleen kopurua handitu ahala egoitza eta ikasgela berriak moldatu zituzten, eta batetik bestera ibili behar izan zuten, azkenean Atarrabian fraide dominikarrek zuten eskola alokatu eta ikastolaren proiektua bertan lasai garatu ahal izateko, ehunka ikaslerekin.

1988an Jose Luis Gorostidi (1952-1996) euskaltzale eta irakasle lekeitiarra zen ikastolako zuzendaria, eta xake eskolak ematen hastea proposatu zion Alvaro Ablanedori (Iruñea, 1948). Ablanedo xake jokalaria eta xakezale sutsua zen orduan, baina gaztelera zuen etxeko hizkuntza, Madrilen egin zituen ikasketak, eta ez zekien euskaraz. Beraz, urtebete eskatu zion zuzendariari, eta epe horretan erabat murgildu zen euskara ikasten. Baita lortu ere, ahalegin handia eginda. Euskaldunduta, 1989an hasi zen Paz de Ziganda ikastolan xake irakasle modura. Lehen hezkuntzan, OHOko 3. eta 6. maila arteko ikasle guztiak xakea ikasgai modura jasotzen hasi ziren, hamabostean behin, ordubeteko tailerrean. Nahi zuenak, berriz, eskolaz kanpoko jarduera bezala ere landu zezakeen xakea.

Behin haurrak eta ikasleak xakean trebatuta, haien zaletasuna hauspotzeko ikastolen arteko txapelketa antolatzea otu zitzaion zuzendariari, eta Ablanedok xake munduan zituen lagunei eta kontaktuei esker zabaldu egin zen txapelketa hura. Horrela sortu zen I. Paz de Ziganda Nazioarteko Xake Txapelketa, 1991ko martxoan. Ikastolen arteko eta nafarren arteko txapelketak ere antolatu zituzten, eta ikuskizun ederrarekin osatu zuten egitaraua: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko selekzioaren eta Euskal Herriko selekzioaren arteko norgehiagoka. Iruña Park hotelean jokatu zen. Sobietarrena ez zen selekzio nagusia, hogei urtetik azpikoena baizik, baina tartean zuten Maia Txiburdanidze georgiarra ere, garai hartan munduko txapelduna zena, eta erraz menderatu zituzten euskal herritarrak: 18-7. Emaitzaz harago, lehia bi aldeen arteko harremana estutzeko baliagarria izan zen, eta georgiarrek ikastolak gonbidatu zituzten beraien herrialdera, xakea eskoletan nola lantzen zuten ikustera.




[Felix Izeta izan zen euskal selekzioaren izenean aritu zen

Urtez urte, ikastolan ez ezik ikastolatik kanpo ere sendotu egin zen Ablanedok egindako lana, eta Paz de Ziganda ikastola erreferente garrantzitsua bihurtu zen, bai ikasgelan xakea lantzeko moduagatik, eta baita horren osagarri xakea sustatzeko antolatutako ekimenengatik ere. Paz de Ziganda Nazioarteko Xake Txapelketaren hamargarren urteurrena biribiltzeko, esaterako, Anatoli Karpov gonbidatu zuten. Ablanedoren hitzetan, “hasieran pentsatu genuen eskolarteko txapelketa indartzea, Estatuko talderik onenak ekarriz. Baina gero Karpov ekartzea bururatu zitzaidan. Nafarroarentzat eta ikastolarentzat oso garrantzitsua zen Karpov ekartzea”. Errusiarra munduko txapelduna zen orduan, eta haurrek gustura hartu zuten ikastolara joan zitzaien gizon adeitsu haren bisita. Horrela, Alvaro Ablanedoren eta Nafarroako Xake Federazioaren eskutik, 2000ko martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran Karpovek zenbait egun igaro zituen Iruñean. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ezagutu eta haurrekin xakean aritu, X. Nazioarteko Xake Txapelketa prentsaurrean aurkeztu, aldibereko hainbat partida jokatu, eta txapelketa inauguratu zuen.


[Karpov, Paz de Ziganda ikastolako haurrekin].


[Anatoli Karpov eta Alvaro Ablanedo].


Jose Luis Gorostidi hil zenean haren oroimenezkoa bihurtu zen nazioarteko txapelketa, eta Gorostidiren izenari lotuta egin du bidea harrezkero, urtero nazioarteko maisu handiak bilduta, sendo, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz 2020-2021 urteetan etena egin behar izan duten arren.

Paz de Zigandak zabaldutako bidera eskola asko gehitu da urteek aurrera egin ahala. Europako Parlamentuaren eta Espainiako Kongresuaren erabakiek eskolei eta erkidegoi erraztu egin die pausoa ematea, eta Nafarroan, esaterako, xakea hautazko ikasgaia da 2018az geroztik, Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Ez da egiturazko erabakirik hartu, georgiarrek espero zuten bezala. Ezta erabaki politikorik ere. Ondorioz, xakea ez dago eskola curriculumean sartuta, eta lantzen denean eskolen, irakasleen edo gurasoen ekimenez izaten da, xakea lanabes hezitzaile gisa erabili nahi dutelako, baina hezkuntza legeak berariaz babestu gabe.




Erreferentziak:
· Alvaro Ablanedo: “En ajedrez puedes ser alto o bajo, chico o chica, eso no importa”. Noticias de Navarra, 2017-10-29.
· Azpilikueta, Asier: ‘Xakean jolasean’, in Nafarkaria, Euskaldunon Egunkaria, 2000-03-31, 4-5 orr.
· Barandiaran, Alberto: Azmaiparasvili nagusitu zen Paz de Zigandak antolatu txapelketan. Euskaldunon Egunkaria, 1991-03-22.
· Osa Galdona, Miren: Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun. Argia, 2017-12-24.
· Ablanedo, Alvaro: Xake ikastolan. Paz de Ziganda ikastolaren aldizkaria. 5. zenbakia. 2003.
· www.pazdezigandaxake.net



————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[51] Xakea eskolan: heziketarako laguna

9 03 2021



Errusiako Iraultza gailendu zenean eta xakea herritarren heziketarako oinarritzat hartu zutenean, boltxebikeek argi zituzten xakearen onurak, eta horregatik eraman zuten xakea eskoletara eta lantokietara. Ordudanik ehun urte baino gehiago igaro dira, eta munduko hainbat herrialdetan oraindik ere eztabaidagai da xakeak zertan laguntzen duen. Beste herrialde askotan, ordea, xakea eskoletan erabiltzen da, urte askoan munduan barrena egindako hamaika ikerlanetan oinarrituta, irakaskuntzarako lanabes egokia delakoan. Zaire (1973-1974), Belgika (1974-1976), Hong Kong (1977-1979), AEB (1979-1983), Venezuela (1979-1983), Moldavia (1983-1985), Kanada (1989-1992) edota Alemanian (2004-2008) egin izan dituzte ikerketa horietako batzuk, eta emaitzak adierazgarriak dira guztietan.

Kataluniako Gobernuaren ekimenez Gironako eta Lleidako unibertsitateek azken urteotan egindako ikerketaren arabera, esaterako, xakea ikasgai bezala duten ikasleek adimena gehiago garatzen dute zenbait arlotan, kontzentratzeko askoz gaitasun handiagoa dute, errazago ulertzen dute ikasitakoa, eta hobeto moldatzen dira matematiketan eta irakurketan, gainerakoen emaitzak bikoiztuz.

Horrela, adituen azalpenak entzunda, eta zientzia aldizkarietan argitaratutako lanak, nazioarteko kongresuen ondorioak eta doktoretza tesiak kontuan hartuta, xakea lehen eta bigarren hezkuntzan eskola orduetan sartzea gomendatu zuen Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, 1995ean. Europako Parlamentuak, berriz, 2012an proposatu zuen xakea eskoletan ikasgai modura lantzea, eta Xakea eskolan programa abiarazteko gomendioa egin zuen, 415 eurodiputaturen aldeko botoarekin. Horri helduta, hainbat herrialdek bidea egiten hastea erabaki zuten, eta askotariko legeak eta ekimenak ere onartu zituzten, xake hezitzailea arautzeko. Katalunian, esaterako, xakea hezkuntza sisteman barneratu eta ikasgai modura lantzen hasi ziren. Geroago, Espainiako Kongresuak xakea ikasgai bezala onartu zuen 2015eko otsailean, aho batez.

Hezitzaileek, psikologoek eta pedagogoek ez dute zalantza askorik erabakiaren inguruan, eta xakea eskoletara ikasleak oraindik haurrak direnean sartzearen alde hitz egiten dute. Izan ere, xakearekin batera lantzen diren arloak giltzarriak dira haurraren adimena eta gaitasunak garatzen ari direnean. Adituen zein bateko eta besteko ikerketen arabera, luzea da zerrenda.

Batetik, memoria lantzen laguntzen du xakeak. Lehendik egindako urratsak eta akatsak gogoratzen, eta horien arabera ikasten. Bestetik, kontzentrazio gaitasuna ere lantzen du xakean arreta biltzeak. Haur mugituenak eta hiperaktiboenak ere luze egon daitezke xake taularen zuri beltzetan kontzentratuta. Ondoren, eskutik datoz arreta eta hausnarketa ere. Hausnartzeko gaitasuna. Erabakiak hartu behar, bizitza horixe omen da, Anarik lehen diskoan abestu zuen moduan. Bada, erabakiak hartzen ere ikasten du haurrak xakearekin, eta behin erabakiak hartuta, ezinbestean, akatsak onartzeko, horietatik ikasteko eta zuzentzeko gaitasuna ere garatzen du.

Logika espaziala ere garrantzitsua da. Haurrak, xakearekin oharkabean lantzen du espazioarekiko harremana, piezak laukietan barrena nora eta noraino mugitu daitezkeen ikastean. Gainera, epe ertain edo luzerako estrategia garatzen du, eta helburu horretara heltzeko urratsak epe motzean egiten ditu, taktika baliatuta. Era berean, ezkerrera, eskuinera, atzera edo aurrera mugitzen ere ikasten du, orientazioa landuz. Bidean, ordea, aurreikusi gabeko oztopoak agertu ohi zaizkio askotan, eta horiek nola gainditu hausnartzea ezinbestekoa duenez, arazoak konpontzeko gaitasuna ere lantzen du xakearekin.

Hasieran pieza edo irudi bakoitza nola eta noraino mugitu daitekeen erakusten zaionez, logika eta matematika ere etengabe garatzen ditu. Piezak eta laukiak zuriak eta beltzak direnez, berriz, kolorearen pertzepzioa oharkabean lantzen du. Baita formaren eta neurriaren pertzepzioa ere, piezak nolakoak diren, zer-nolako neurria duten, nola ordenatzen diren eta zenbat balio duten ulertuz. Horrekin batera, piezak mugitu ahal izateko laukiak kontatzen dituenean matematikarako gaitasuna ere lantzen du, pieza bakoitza balioaren arabera erabiltzen eta babesten duenean bezala.

Sormena da xakearekin garatzen den beste alor garrantzitsuetako bat. Epe motzera logikaren aurka doan mugimenduak, beharbada, zentzua du partidaren osotasunean. Dama sakrifikatzea eta galtzea, esaterako, beste zerbait ederragoa sortzeko bidea izan daiteke. Beste nonbait leiho bat zabaltzeko aukera, eguzkia eta haizea sar dadin. Horrelakoen beharra ikusarazteko ere bidelagun da xakea.

Asmatuz gero, gure buruarekiko konfiantza izaten eta autoestimua sendotzen lagunduko digu egindakoak. Erratuz gero, ordea, gaitasun kritikoa lantzeko ere ezin hobea da. Xakean gu bakarrik baikara gure erabakien erantzuleak. Guk sartzen dugu hanka. Ez beste inork. Gainera, erabaki, urrats edo mugimendu oker batek partida osoa irauli dezake, eta horrek egindakoaren kontzientzia garatzen laguntzen du. Xakean, beraz, galtzen duena da gehien ikasten duena. Zergatik galdu dugun eta zertan erratu garen galdetzera ohitzen gaitu, hobetzeko eta hurrengoan akatsak ez errepikatzeko. Horrela, autokritikarako gaitasuna lantzen du etengabe.

Era berean, egoera berrietara moldatzen ere erakusten du xakeak. Behin eta berriro aldatzen baita errealitatea, eta ezinbestekoa da gertatutakoa ulertzea, malguak izatea, erabakiak hartzea eta gu ere aldatzea, aurrera egin ahal izateko.

Zerrenda asko luzatu daiteke, xake hezitzaileak dituen onurez, garatzen dituen gaitasunez eta lantzen dituen balioez ikerketa eta kongresu asko egin baita, eta milaka orrialde ere idatzi dira. Gainera, lerro hauetan bildutakoez gain, xakearekin batera zeharlerrotasunez historia, matematika, plastika, psikomotrizitatea eta beste hainbat arlo ere landu daitezkeela erakutsi dute eskoletan urte askoan.

Erreferentziak:
· Pourquoi le jeu d’échecs dans les écoles? Fédération Echiquéenne Francophone de Belgique.
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea eskolara: zer-nolako ekarpena egin dezake ikaslearen prozesuan? xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea praktikatzearen abantailak. xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Xakea eta errendimendu akademikoa. xakea.org
· Alvarez Guinea, Jon Iñaki: Transbertsalitatea eta gamifikazioa. xakea.org
· Fernandez Amigo, Joaquin: Las transversalidades del ajedrez. Balagium editors, 2016.
· Muñoz, Daniel: Ajedrez educativo: todo lo que hay que saber. thezugzwangblog.com, 2016.
· Van Delft, Karel: Chess For Educators. How to Organize and Promote a Meaningful Chess Teaching Program. New in Chess, 2021.
· La Universitat de Girona i la Fundació Kasparov promouen l’ús educatiu dels escacs. Diari de Girona, 2015-07-28.
· Càtedra Escacs, Educació i Desenvolupament Cognitiu. Universitat de Lleida.
· Introduction du jeu d’échecs à l’Ecole.
· chessintheschools.org
· www.chessinschools.co.uk





[50] Xakearen inguruko euskal kazetaritza

9 03 2021

Xakeari buruzko euskarazko kazetaritza Ajedreza euskeraz izenburupean Euskalzale aldizkariak 1897an argitaratu zituen bi orrialdeekin hasten da. Azkueren zuzendaritzapean plazaratutako orrialde haiek, ordea, ez zuten segidarik izan, eta XX. mendeak aurrera egin arte euskarazko gainerako agerkarietan ere nekez aurki daitezke xakeari buruzko albisteak, bilatzen ahalegindu arren. Euskaraz ez dugu xakeari buruzko aldizkari espezializaturik izan, eta aleka plazaratu diren albisteak eta orrialdeak dira arrasto bakarra.

Zeruko Argia aldizkariak, esaterako, Bergarako jaietan antolatutako xake bizidunari buruzko albiste laburra plazaratu zuen 1973ko uztailaren 1ean, Mendikoik sinatuta: “Xake biziduna, pelotalekuan izan zan, baiñan egiaren alde esan bear degu, ori leenago ere egin zala erri ontan” (hemen irakurgai).

Bost urte geroago, Anaitasuna aldizkariak bi orrialde eskaini zizkion xakeari, eta I. Zuazok sinatuta xakearen historia, Karpov eta Kortxnoiren arteko Munduko Txapelketa, irudien izenak, eta xakean jokatzeko gai ziren lehen ordenagailuak izan zituen hizpide, jokoa jarraitzeko oharrekin batera. Gainera, “Greenblatt konputadorea” eta Bobby Fischerren arteko partida ere argitaratu zuen, bere horretan.

Geroago, 1980ko hamarkadan batez ere Egin egunkaria izan zen xakearen ingurukoak euskaraz eskaini zituena. Igandero argitaratu ohi zuen JaiEgin gehigarriaren baitan, Joka ezazu xakean Jaieginekin atala sortu zuen, eta erreferentzia garrantzitsua izan zen euskal xakezaleentzat. Jon Esturok eta Maximo Aierbek Soriako kartzelan idatzitako Xake (1985) liburuaren hitzaurrean ere aipatu zuten atal hark eman ziela azken bultzada xakeari buruzko euskarazko lehen liburua idazteko.

Euskaldunon Egunkaria sortu zenean heldu zen aldaketa. 1990eko abenduaren 6an plazaratu zuen lehen zenbakia euskarazko egunkari nazionalak, eta hurrengo egunean bertan orrialde bat eskaini zion xakeari. Kasparoven eta Karpoven arteko lehiaren garaia zen, Munduko Txapelketaren oihartzuna handia zen orduan hedabideetan, eta horrela islatu zuen Egunkariak: “Karpoven azken garaipenari esker pil-pilean jarri da Lyongo lehia”. Felix Izeta xake jokalari zarauztarraren iritziarekin osatu zuten Xabin Makazagak sinatutako albistea.

.

Abendu hartan xakea zortzi aldiz agertu zen euskarazko egunkariaren kirol orrialdeetan, eta behin baino gehiagotan izan zen albiste nagusia. Iruñeko Oberena Txapelketa ere jokatu zen hilabete hartan, eta Felix Izetarekin batera Viktor Kortxnoi eta Polgar ahizpak ere tartean zirenez, jarraipen estua egin zioten txapelketa hari. Hurrengo hilabeteetan eta urteetan ere xakeari lekua egin zion Egunkariak, eta Izetaren iritziak ere ohikoak izan ziren. Xakearen oihartzuna apalduz joan zen heinean gutxitu ziren albisteak ere kirol orrialdeetan, tarteka gehigarriren batean edo bestean xakeari buruzko erreportajeak argitaratu zituzten arren, Nafarkarian bereziki.



XXI. mendearekin batera, ordea, Josu Tornay heldu zen. Euskal herritartutako kataluniarrak 2000ko urtarrilaren 2an argitaratu zuen xakeari buruzko lehen albistea Egunkarian, eta harrezkero etenik gabe aritu da horretan, gaur arte. Berria egunkarian ere Arrasaten errotutako xake jokalaria da xakeari buruzko albiste, kronika, erreportaje eta elkarrizketetan espezializatutako kolaboratzailea. Dozenaka eta dozenaka idatzi ditu azken hogei urteotan, eta euskal irakurleei oro har haren lumatik heltzen zaizkie xakeari buruzkoak.

Tornay duela 25 urte heldu zen Euskal Herrira, 1996ko martxoan, eta euskara ikasten hasi zen berehala. Hiru urte geroago, ederki moldatzen zen. Ordurako, ordea, behera egin zuen xakeak euskarazko prentsan zuen lekuak eta, egoera irauli nahian, xakearekiko bere zaletasuna eta ezagutza eskaini zituen, Egunkariak behar zuenerako. Martxelo Otamendi zuzendariarekin bildu eta ohartzerako xake kontuei buruzko kolaboratzailea bihurtu zen: “Hortik aurrera oso kolaborazio polita sortu zen. Hasieran nik proposatzen nituen gaiak, baina denbora apur bat pasatuta, askotan kirol saileko arduradunak idazten zidan, torneo garrantzitsuren bat jokatzekoa zela eta antzekoak jakinda, artikulu, elkarrizketa edo kronikaren bat eskatuz. Hori izan da istorioa gaur arte. Boladak egon dira, eta batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago idatzi dut, baina xakeak bere tokia izan du behintzat hogei urtean, euskaraz, hasieran Egunkarian eta gero Berrian”.

Azken kazeta honentzat Gari Kasparov ere elkarrizketatu zuen Iruñean, 2004ko irailean, gaztetan ikasi zuen errusieraz moldatuta, azerbaijandarraren harridurarako: euskarazko egunkari baterako elkarrizketa erantzuten ari zitzaion errusieraz mintzo zen kataluniar bati.


[Josu Tornay. Argazkia: Julio Calleja. goiena.eus].

Ikasketaz telekomunikazio ingeniaria da Tornay, eta enpresen administrazio eta zuzendaritzan masterra du. Profesionalki, berriz, teknologiarekin eta industriarekin lotutako erakundeen eta enpresen kudeatzailea izan da nazioartean. Haurra zenean ikasi zuen xakean, osabarekin, eta hamalau urte zituenean heldu zion buru-belarri jokoari. Harrezkero, nazioartean batean eta bestean aritu da xakean, eta mundu mailako txapelketetan ere parte hartu du. Baita euskal selekzioaren ordezkari modura ere. Arrasate Arlutz Xake Elkarteko lehendakaria izan zen 2000-2018 urteen artean. Arrasate Hiria Nazioarteko Xake Txapelketa ere sortu zuen 2001ean, eta harrezkero mimoz eta pasioz aritu da antolakuntzan. Xake irakaslea ere izan da.

Xakearekiko lilura euskal irakurleei ez ezik seme-alabei ere helarazi die. Haizea Tornay, alaba, 14 urterekin hasi zen markak hausten, adin guztietako emakumeen artean gailendu eta Gipuzkoako txapeldun absoluturik gazteena bihurtu zenean, 2018ko txapelketa irabazita. Gaur egun Alemaniako federazioarekin aritzen da nazioarteko txapelketetan, mundu mailako sailkapenean gora egiten ari den bitartean. Aritz Tornay ere aitaren eta arrebaren bidean ari da nabarmentzen, eta 2019an Gipuzkoako txapeldunordea izan zen alebinetan.


[Haizea Tornay, 2019an, Benidormen, XVIII. Nazioarteko Gran Hotel Bali Xake Jaialdian].

Gainerakoan, Josu Tornayk Berria egunkarian plazaratutakoez gain, azken urteotan euskarazko aldizkariek ere tarteka argitaratu izan dituzte xakeari buruzko erreportajeak, batez ere xakea heziketan bidelagun hartuta eskoletan abian dituzten egitasmoak azaltzeko.

Era berean, komunikazioak izan duen eredu aldaketaren lekuko dira bateko eta besteko xake elkarteen webguneetan euskaraz argitaratzen diren albisteak ere. Ez dute papererako bidea egiten, eta oro har ezezagunak dira euskarazko hedabideen ohiko irakurleentzat, baina bada urtez urte xakearen berri euskaraz ematen lan ederra eta handia egin duen hainbat. Horien artean, Eibarko Kirol Elkartearen xake batzordearen eta Hondarribia-Marlaxka Xake Elkartearen webguneak nabarmendu daitezke, Xakea Euskaraz 2.0 ekimenaren xakea.org webgunearekin batera.


[Josu Tornayk Gari Kasparovi egindako elkarrizketa. 2004ko irailaren 18an argitaratu zuen Berria egunkariak. Irudiaren gainean klik eginda ikusi edo eskuratu daiteke PDFan].

Erreferentziak:
·Aierbe, Maximo & Esturo, Jon: Xake. Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartea, 1985.
· ‘Euskalzale’, 1897. Ajedreza euskeraz.
· Josu Tornay: “Una de las virtudes del ajedrez es que ayuda a los chavales a aprender a tomar decisiones y hacer planes”. Noticias de Gipuzkoa, 2010-10-24.
· Josu Tornayk Berria egunkarian argitaratutako lanak.
· Mendikoi: ‘Bergara’, in Zeruko Argia, 1973-07-01/08. 8. orrialdea.
· Xakea Euskaldunon Egunkarian.
· Zuazo, I.: ‘Xake jokoa’, in Anaitasuna, 1978-12-01. 373 zenbakia. 34-35 orr.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula





[54] Xake Festa. Imanol Urbietaren azken abestia.

9 03 2021

Xakearen onurak haurren eta gazteen artean zabaltzeko lanean ari diren eskolen artean Zarauzko Orokieta Herri Eskola nabarmentzen da. Bertako ikasleen gurasoek osatzen duten Balurdin Guraso Elkarteak eskolaz kanpoko jardueren artean xakea eskaintzen du, eskolako zuzendaritzarekin adostuta, eta badira zenbait urte astero partidak eta xakearen inguruko ekimenak antolatzen hasi zirenetik.

Haurrek eta gazteek gustukoa zutela ikusita, ekimena zabaltzea erabaki zuten gurasoek eta eskolak, eta Zarauzko Kirol Elkartearen xake sailarekin elkarlanean, Xake Festa antolatzeari ekin zioten 2016an. Helburu argia zuten: haurren, gazteen eta gurasoen artean xakea hedatzea, ikasleek beste herrietako xake jokalariak eta lagunak ezagutzea, eta eskolen arteko harremanak sendotzea.

Asmoa beste nonbait errotuta zegoen ordurako. Baziren zenbait urte Arrate Ugalde eta Jon Altzibar Orokietako gurasoak semeekin Kantabriako Vioño de Pielagos herrira joaten zirenetik, aspaldidanik sona handiko bi xake txapelketa jokatzen baitira han: helduena eta eskolartekoena. Hango giroa eta xakearen inguruan sortzen den festa ezagututa, hemen ere antzeko ekimena sortzea otu zitzaien gurasoei. Ugalde Orokieta Herri Eskolako zuzendaria da gaur egun, eta Altzibar xake jokalaria eta ZKEko xake taldeko kidea. Eskolako xake irakasleekin, zuzendaritzarekin, guraso elkartearekin eta ZKEko xake saileko lagunekin hitz egin, bildu, lotu beharrekoak lotu, eta Xake Festa sortu eta antolatu zuten.

Lehen Xake Festa 2016ko maiatzaren 21ean eta 22an izan zen, eta 8 eta 16 urte arteko 180 ikasle inguru aritu ziren xakean. Aia, Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Barakaldo, Donostia, Eibar, Getaria, Hendaia, Irun, Santurtzi, Zarautz eta beste hainbat herritako haurrak eta gazteak bildu ziren, eta harrezkero, urteroko hitzordua ez ezik, Euskal Herriko eskolarteko ekimen garrantzitsuena bihurtu da zarauztarrena. Hurrengo aldietan egitaraua asteburu osora luzatu zuten antolatzaileek, eta xake bizidunarekin, malekoian jokatutako aldibereko partidekin eta xakearen inguruko beste zenbait ekitaldirekin osatu zuten festa. Azken bi urteotan, ordea, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan dute.

Lehenago, Xake Festaren oihartzuna lau haizetara zabaltzeko, ekimenarentzat abestia sortzea eskatu zioten antolatzaileek Imanol Urbieta (1934-2016) musikari zarauztarrari. Izan ere, Urbieta aitzindaria izan zen pedagogia irudimentsua eta sortzailea defendatzen, eta heziketarako eredu berriak abiarazten, gaur egun xakearekin eskoletan egin daitekeen moduan.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz ohartu zenetik, irakaskuntza eta musika uztartu eta etenik gabe aritu zen haurrei musika irakasten eta haurrentzako abestiak sortzen. Haur kantarien mugimendua sortu zuen, eta 1967an argitaratu zuen haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa: Haur Kantariak. Ordudanik, sugarrak begietaraino zabaltzen zizkion pasioarekin, etenik gabe aritu zen lanean batean eta bestean, euskal kulturgintzarekin lotutako hainbat talde eta ekimenetan. Sormena eta irakaskuntza uztartu zituen, eta musika zabaltzen eman zuen bizitza, Xirula Mirula musika eskola sortuta.

Euskarazko telebistarik, pailazorik eta haur abestirik ez zegoenean haur izan ziren milaka euskaldunen haurtzaroa ezin da ulertu Imanol Urbieta gabe. Aitzindaria izan zen eskolari musika jartzen eta haurrak abestien artean bizirik sentiarazten. Xirula Mirula, azken batean, musika eskola baino gehiago, bizitzari begiratzeko modua bihurtu zuen. Haurren modura bizitzeko aldarria eta haurren irribarrea lau haizetara zabaltzeko ahalegina.

Urbietaren abestiak herrikoiak bihurtu ziren aspaldi, eta Urbietarenak direla jakin gabe abesten dira oraindik ere batean eta bestean. Bakarrik eta libre, Txikia izanik, Ran Roberran, Mac Mikel, Txoria nintzela, Behin betiko, Jon Braun, Alaken, Mendi aldetik datoz, Kalera kalera eta abar. Hasieran lau katu eta danbor bat izango ziren, baina gaur egun milaka eta milaka euskal haurren soinu bandak Imanol Urbietaren musika du.

Xake Festaren antolatzaileek, beraz, ez zuten hautagai hoberik haurrak eta xakea uztartzen dituen ekimenaren musika sortzeko. Urbietak baietz erantzun zien, eta horrela heldu zitzaion abestiaren oinarrizko bertsioa Ander Zulaika musikariari eta Orokieta Herri Eskolan xake irakaslea zenari. Antxon Sarasua lankide eta lagunarekin batera egokitu eta landu zuen abestia, eta Elkar estudioan grabatu zuten, Ane Sarasuak abestuta.

Lehenago, ordea, Imanol Urbietaren bihotza gelditu egin zen, 2016ko irailean. Lagunek eta senideek itsasoan zabaldu zituzten musikariaren errautsak. Xake Festaren antolatzaileek, berriz, haren azken abestia aurkeztu zuten, Kontxi Aizarna alargunari oroigarria ematearekin batera, abestia sortzen bidelagun izan zelako: Zortzi zortziko xake taulan jolasean hasi gara. Bi lagun behar dira ongi aritzeko…




[Kontxi Aizarna, Arrate Ugalderen eskutik oroigarria jasotzen].




[Euskal Herri osotik heldutako haurrak eta gazteak elkartzen dira Xake Festan].

Argazkiak: Urola Kostako HITZA.


Erreferentziak:
· Ander Zulaika eta Bingen Urbieta: “Xakea desmitifikatu behar da. Ez da zaila. Arau batzuk ikasi eta etekina ateratzea da gakoa”. Noticias de Gipuzkoa, 2014-10-07.
· Kontxi Aizarnari oroigarria eman diote Xake Festan. Urola Kostako Hitza, 2018-05-20.
· Zarauzko Xake Festaren webgunea: https://xakefesta.wixsite.com/zarautz
· Xake Festaren abestia entzungai: Xake Festa – Imanol Urbieta.
· Imanol Urbieta, kantu bihurtu den irria. Elkar aldizkaria, 2017-01-04.
· www.ajedrezpielagos.org

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula