· Euskal Herria Palestina Eguna, larunbat honetan, Zestoan

29 03 2011

Gaur eguerdian aurkeztu dute hainbat udaletako ordezkarik eta Euskal Herria Palestina Sareko kideek hedabideen aurrean larunbateko egitaraua eta ekimena.
Honakoa:





· Bizigune, Eusko Jaurlaritza eta kudeaketa ezin negargarriagoa

29 03 2011

Lagun batek, oso haserre, mezu hau bidali du gaur Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baitakoa den Visesa-Bizigune elkarte publikora.
Duela sei urte ordainketa guztiak eguneratuta utzi zuen etxebizitza bateko faktura berriak gainetik kendu ezinik dabil, maizter berriek ordaintzen ez dituztenak berari kobratzen dizkiotelako.
Urteak daramatza Biziguneri konponbide eske, eta ezer ez konpontzeaz gain, egoera okerrera doa: Gipuzkoako Ogasunak eskatuta dirua enbargatu diote, ezin ditu ur zerbitzuak titularrez aldatu, eta abar.

Madrazok eta Ezker Batuak hain irribarretsu aurkeztutako ekimena amesgaizto bihurtzen ari da batzuentzat, kudeaketa negargarri baten ondorioz.

Hau da lagunak Bizigunera gaur bidali duen mezua:

Kaixo.

Haserre idazten dizuet beste behin ere.
Mezu hau bera bidali dizuet azken lauzpabost urteotan, urtean behin, eta azken bizpahiru urteotan ez dut erantzunik ere jaso.
Ez dakit hizkuntza kontuagatik den, ala zuen arduragabekeriagatik, ala errespetu faltagatik, edo auskalo zergatik. Kontua, ordea, korapilatzen eta larritzen ari denez, beste behin ere, hemen doazkizue azalpenak.

Eider Illarramendi Kerejeta naiz. Visesa-Biziguneko etxebizitza batean alokairuan bizitzeko aukera eman zenidaten duela sei urte, eta bi aldeek 2005eko urriaren 14an sinatu genuen kontratua.
Duela lau urte, etxebizitzari uko egin nion, eta kontratua eten genuen bi aldeek, 2007ko maiatzaren 29an sinatutako aginduan zehazten den moduan. Elisabeth Maza Erauskinek sinatu zuen Visesa-Biziguneren izenean.
Kontratuan zehaztutako hitzarmenen arabera, Zarauzko Indamendi 14, 2A etxebizitzari zegozkion gastu guztiak ordainduta utzi, errezibo guztiak eguneratu eta dena behar bezala eman genuen amaitutzat.

Ordudanik, etxebizitza hura Visesa-Bizigunek alokairuan eduki izan du, baina urtez urte niri iritsi zaizkit etxebizitza hartako fakturak.
Behin eta berriro idatzi dizuet arazoaren berri emanez, eta dagokion maizterrak ur zerbitzuan eta gainerakoetan izena eman behar duela esanez.
Hasieran zuen erantzukizuna onartu, barkamena eskatu eta dirua itzuli izan zenidaten.
Urteek aurrera egin ahala, ordea, arazoak bere horretan jarraitzen du, eta larritzen ari da. Ezer ez konpontzeaz gain, iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enbargo baten berri izan nuen, ordaindu gabeko faktura batzuk zirela-eta. Ogasunak nire kontu bateko dirua enbargatzeko agindua eman zion aurrezki kutxa bati.
Indamendi 14, 2Ako etxebizitzakoak ziren fakturak, noski.
Nik etxea utzi, eta zuekin kontratua eten ondorengoak guztiak.
Dirua enbargatu zidan aurrezki kutxak.
Urtero bezala, posta elektronikoz honen berri eman nizuen.
Ez zenidaten kasurik egin.
Eta batetik bestera ibili behar izan nuen, zuen bulegoetara joan, telefonoz deitu eta abar eta abar eta abar.
Honela nabil azken sei urteotan.
Bidean, bateko bulegoetan edo besteko telefonoetan, nire egoerarekin harrituta eta larrituta geratzen diren langile adeitsuak aurkitu ditut, eta ahal dutena egiten dutenak, baina gero, beti aurkitzen dira goragoko mailetan ezer egiten ez duten beste langile lotsagarriekin.
“Gaixo dago”, “deitu berriro hurrengo batean”, “joan Donostiako bulegora”, eta antzeko erantzunak aurkitzen ditut etengabe.
Lotsagarria da, benetan.

Orain, Gipuzkoako Urak enpresak, ez dit uzten nire izenean dagoen etxebizitza bateko ur zerbitzuak titularrez aldatzen, “ordaindu gabeko fakturak” omen ditudalako, Indamendi 14, 2A etxebizitzan.
Egundokoa da.
Indamendi 14, 2Ako etxebizitzan bizi direnek, Visesa-Bizigunek edo auskalo nork ditu ordaindu gabe, baina ez nik.
Nik duela sei urte utzi nuen etxebizitza hura!

Behin eta berriro eskatu dizuet hau konpontzeko.
Behin eta berriro daramat atzera eta aurrera kontu honekin.
Beste behin eskatzen dizuet: mesedez, egin dagokizuen lana, besterik ez, horretarako kobratzen duzue-eta diru publikotik.
Niri ez dagokit duela sei urte zuekin etendako kontratu bati dagokion etxebizitzako faktura berriak ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren baitako elkarte publikoa zarete, pu-bli-ko-a, eta horrek erantzukizuna areagotzen dizue.
Benetan: lotsagarriak bezain etsigarriak zarete.

Egin zerbait.
Nik, oraingoan, eskaera zuei bidaltzeaz gain, hau guztia publiko egiteko erabakia hartu dut.

Adeitasunik gabe, haserre,

Eider Illarramendi Kerejeta





· Nawal El Saadawi, emakume izena duen iraultza

24 03 2011

“Zoriontsu naiz. 80 urte ditut, eta egun hauetan bizitzen ari garenak zoriontsu egiten nau erabat. Honekin egin dut amets! Iraultzari ekarpena egin ahal izatearekin. Egunero ateratzen naiz kalera, manifestazioetara”.

Nawal El Saadawi idazle egiptoarraren hitzak dira, Mubarak erori baino lehenagoko igande batean, telefonoz Suediako Feministiskt Perspektiv aldizkariari emandako elkarrizketan. Telefonoa eskegi eta kalera aterako zen, edo hurrengo libururen baterako orrialdeetan islatuko zuen hamarkada luzeetako diktadura erortzen ikusteak sortu dion sentimendu eztanda.

Orain erraza baita diktadura edota diktadore hitzak erabiltzea Egiptoz eta presidente ohiaz hitz egitean, baina Mendebaldeko herrialdeak eta hedabideak hango erregimenaren bidelagun zirenean ere, Nawal El Saadawik liburuak eta liburuak idatzi eta argitaratu zituen egiptoarren egunerokotasuna bere gordinean islatuz, gainetik literaturaren soinekoa jantzi arren.

Nawal El Saadawik (Kafr Tahla, Egipto, 1931) badaki zer den zapalduta egotea eta zapalduta sentitzea. Hamarkadak daramatza emakumeen eskubideak eta eskubide politikoak aldarrikatuz, bidea kartzelarekin ere ordaindu duen arren. Ez du amore eman, noski. Bidegabekeriak, emakumeen ahotsa eta zapalkuntza ozen aldarrikatu beharrak, eta “gure baitan ditugun belo ikusezinak kendu beharrak” eraman zuten hainbat liburu idaztera eta batean eta bestean hitzaldiak ematera.

Medikuntza ikasi ondoren, nekazari ingurune bateko osasun etxean aritu zen lanean, eta han sortu zitzaion emakumeen egoeraren eta zapalkuntzaren kontzientzia. Lehen bi senarrekin izandako esperientziak areagotu egin zion feminismoa aldarrikatzearen beharra, feminista arabiar nabarmenenetakoa bihurtu arte. Gaur egungo nazioarteko politika eta ekonomia “esklabutasunaren sistema patriarkatu modernoa” da, El Saadawiren hitzetan.

Goiz hasi zen ikusten eta sentitzen zuena literaturaren galbahetik pasatzen. Emakume sendagile baten memoriak (1958) liburua, esaterako, mugarri izan zen feminismo arabiar garaikidean, eta ordudanik liburu asko argitaratu ditu emakumeek emakume izate hutsagatik hainbat alorretan bizi duten zapalkuntza islatuz.

Bibliografia
• Emakume sendagile baten memoriak (1958).
• Munduko gizon bakarraren heriotza (1974).
• Ez daukagu lekurik paradisuan (1979).
• Bi emakume bakar batean (1983).
• Imanaren erorketa (1987).
• Maitasuna petrolioaren garaian (2009).

Webgunea
nawalsaadawi.net

· Nawal El Saadawi, emakume izena duen iraultza [Gaztezulo aldizkaria, 116. zenbakia, 2011ko martxoa]





· ‘Bulkada’ hizpide, egilearekin

24 03 2011

Astearteko solasaldiaren inguruko laburpen zehatza argitaratu dute antolatzaileek, 111 Akademiaren webgunean:
“Nire burua nik nahi nuen bezala aurkezteko aukera eman dit liburuak” · Jon Benitok ‘Bulkada’ poesia liburua aurkeztu zuen Zarauzko Azken Portun Gari Berasaluze lagun zuela.

Arraio Irratiko lagunek, berriz, entzungai jarri dute astearteko aurkezpen osoa, irratiaren webgunean, podcastean:
Jon Benitoren liburu aurkezpeneko audioa entzungai dago.

Mila esker bai 111 Akademiari eta baita Arraio Irratiari ere, ekimena antolatzeagatik zein solasaldia hedatzeagatik.


[ argazkia: Amaia Goikoetxea · 111 Akademia ]





· Jon Benitoren ‘Bulkada’, Azken Portun

21 03 2011

111Akademiak antolatutako Kilkerren soka ekimenaren baitan, Jon Benitoren Bulkada [Susa, 2010] liburua aurkeztuko dugu bihar arratsaldean Zarautzen, Azken Portuko kristau biltoki zaharrean.

Euskal poesian arrastoa utziko duen liburua da Bulkada, eta liburuaren nondik norako guztiez solasean ariko gara bihar egilearekin.

· Zer: Jon Benitoren Bulkada poema liburuaren aurkezpena eta solasaldia, egilearekin.
· Antolatzailea: 111 Akademia.
· Lekua: Azken Portuko kristau biltoki zaharra.
· Ordua: 19:00etan.

Gonbidatuta zaudete!





· Caja Laboral eta Maccabi

18 03 2011

Goizean Euskadiko Kutxaren iragarki hau jaso dut posta elektronikoan…

…eta lotsarik ez dutela pentsatu dut.

Orain, bazkalostean, berriketan.info atarian Joseba Makazagaren mezu hau aurkitu dut:

“Caja Laboraleko propaganda jaso dut Maccabiren aurkako partidua ikustera joateko animatuz. ISRAELEK ERAGINDAKO GENOZIDIOA ezin dut burutik kendu, eta BOIKOTA egin beharrean kontrakoa egitera animatzen ari dira. Onartezina iruditzen zait eta barkamenik eskatzen ez badute (gutxienez niri) min gehien egiten diena egingo dut: dirua atera Caja Laboraletik. Eta horretara animatu nahi dut jendea, Caja Laboralari mezua bidali barkamena eska dezaten edo horrelakorik berriz ez dutela egingo esan araziz, bestela dirua aterako dugula esanaz. Nik dagoenekoz bidali diet mezua”.

Ez nuke Josebak baino hobeto esango. Bat egiten dut idatzi duenarekin, eta berdina egitera noa.

Izan ere, Maccabiko jokalariak ez dira edonor. Ez dira kirolariak soilik. 2009an Israelgo soldaduak fosforo zuriarekin haurrak bonbardatzen ari zirenean, eta munduan milioika lagun sarraski haren aurka protestan ari zirenean, Maccabiko jokalariek soldadu israeldarrak bisitatu zituzten, egiten ari zirenari babesa emateko. Genozidioaren babesle zuzenak dira beraz Maccabiko jokalariak.

Hemen irakur daiteke albistea, eta ikusi argazkiak: Jugadores del Maccabi de Tel Aviv acuden a la Franja de Gaza a felicitar a los soldados israelitas por la matanza de palestinos antes de venir a jugar contra el Unicaja a Málaga


Eliyahu, Casspi eta Fizer jokalariak, Gazan, soldadu israeldarrak babestuz 2009ko sarraskiaren egunetan.

Lotutako albisteak:
· Israel, hiltzen nauen eskua
· Israeli boikota: zergatik orain?
· Boikot ekintza Maccabiko jokalarien aurrean, Bartzelonan, 2011ko urtarrilaren 20an:





· Ikusezinak

17 03 2011

Espainiako hedabideek euskarazko kultur ekoizpenak sistematikoki isilarazten eta desagerrarazten dituzten modu berean, hainbat eta hainbat udalen webguneek eta agendek ere sistematikoki isiltzen eta ezkutatzen dituzte herri mugimenduen ekimenetatik antolatutako ekitaldiak.
Zarautz da adibide argienetakoa.
Aspaldi idatzi nuen, hedabideren batean, Putzuzulo Gaztetxeak antolatutako ekimen guztiak behin eta berriro nola ezkutatzen zituzten Zarauzko Udalaren eskumeneko sail, bulego eta gainerakoek hedabideentzat prestatutako agendetan.
Urteak igaro dira ordudanik, eta egoerak ez du hobera egin. Okerrera baizik.
Izan ere, hedabideetan irribarretsu agertzeaz bereziki tematzen diren zenbait udal ordezkarik, Zarautz zein herri ederra, abegitsua eta aberatsa den erakusteko azken urteotan gero eta bitarteko gehiago sortu dituzte, eta gero eta diru gehiago bideratu dute bitarteko horietara.

Sarean buelta bat ematea nahikoa da:
· Zarauzko Kultura erakutsiko dizu, esaterako, kulturazarautz.org webguneak.
· Zarautzen egiten denaren agenda zabala eta askoz gehiago eskainiko dizu gurezarautz.net webguneak.
· Zarautzi buruzko informazioa aurkituko duzu turismozarautz.com webgunean, bisita birtuala egiteko aukerarekin, agenda ikusteko aukerarekin, edota mapekin, ostatuekin eta gastronomiari buruzko kontuekin.

Zerrendarekin segi dezaket, baina Zarauzko Udalak diru publikoa nora bideratzen duen erakusten duten hiru adibide besterik ez dira.
Komunikazioak eta egiten den guztia erakusteak egundoko garrantzia duen garaiotan, txalotzekoak lirateke antzeko ekimen guztiak, antzeko webguneak eta komunikazio proiektuak.
Herri mugimenduetatik sortutako ekitaldi guztiak behin eta berriro sistematikoki ezkutatuko ez balituzte.
Putzuzulo Gaztetxeko ekitaldiekin azken urteotan egin duten moduan. Edo herriko beste hainbat elkartek antolatutako ehunka ekitaldiekin behin ere berriro egiten duten moduan.

Gaur, Arranopola Kultur Elkarteak antolatuta, Koldo Izagirre idazlea Autopsiarako frogak liburuaz solasean ariko da Arrano elkartean, 19:30ean hasita.
Arranopolak emango dizu horren berri sarean, edo Zarauzko euskaltzaleon topagunea den aldabataria.net webgunean irakurri ahal izango duzu deialdia eta liburuari buruzko informazioa, edo armiarmaren literatur emailuetan, eta abar.
Baina azken urteotan euskararen egoeraz argitaratu den liburu mugarrietako baten aurkezpenaz, Zarautzen dagoen argitaletxe baten liburuaren aurkezpenaz, euskarazko idazle handienetako batek herrian emango duen hitzaldiaz, lerro bakar bat ere ez diru publikoarekin hornitutako kulturazarautz.org, gurezarautz.net edota turismozarautz.com webguneetan eta horien agendetan.

Lotutako albisteak:
·  Koldo Izagirreren ‘Autopsiarako frogak’ liburuaren aurkezpena (aldabataria.net)





· Nitin Sawhney · ‘Beyond skin’

16 03 2011

Nekez eskertu ahal diot ezer exilio inmobiliarioari, baina herri eta etxe batetik bestera ehunka liburu eta disko mugitzeak aspaldian ahaztuta nituen harribitxiak aurkitzera eraman nau egun hauetan.

Nitin Sawhneyren Beyond skin diskoa da horietako bat. Urte asko dira Hernaniko Ghetto Diskak dendan Aritz Sound System handiaren eskutik ezagutu nuenetik, baina azken urteotan ahaztuta nuen, egunotan disko zaharren artean agertu den arte.

Autoan, konpainia atsegina bihurtu da egun hauetan, eta gaurko eguraldi umelarekin, asteazken gris eta euritsu honentzat, soinu banda gomendagarria da zinez, batez ere Letting Go abestia.

1. Broken Skin
2. Letting Go
3. Homelands
4. Pilgrim
5. Tides
6. Nadia
7. Immigrant
8. Serpents
9. Anthem Without Nation
10. Nostalgia
11. Conference
12. Beyond Skin

· Diskoari buruzko informazioa: Nitin Sawhney · Beyond skin · Puente cultural entre dos mundos
· Biografia:  nitinsawhney.com · biography
· Diskoa eskuratzeko esteka





· I. Euskal Herria-Palestina Eguna, apirilaren 2an, Zestoan

14 03 2011

Lehen aldiz, Euskal Herria-Palestina Eguna antolatu du Euskal-Herria Palestina Sareak.
Zestoan izango da, datorren apirilaren 2an, eta elkartasuna eta festa uztartuko dituen egitarau polita antolatu dute  sareko kideek.


[ argazkia: Urola Kostako HITZA ]

· 11:00. Sukaldaritza tailerra, kometa tailerra eta dantza tailerra.
· 11:30. Txan Magoaren ikuskizuna
· 12:30. Joseba Tapiaren emanaldia.
· 13:30. Porrotx pailazoaren ikuskizuna.
· 14:00. Bazkaria. Bazkalostean. Nabil kantari palestinarraren kantaldia.
· 17:00. Pilota partidak izango dira frontoian.
· 18:30. Dantzari palestinar eta euskaldunen emanaldia izango da.
· 19:00. Ekitaldia.
· 21:00. Kontzertuak: Arramazka, La Mexikana klandestina, Harresian Zulo, Arrebote eta Esne Beltza taldeen eskutik.
· Ondoren, DJ Bull-en emanaldia.

Egun osoan zehar, gainera, txosnak eta festa giroa izango da Zestoako kaleetan zehar.
Palestinako Birzeit herriarekin senidetuta dago Zestoa, eta pasa den irailean bertan izan ziren Zestoako udal ordezkariak.

Lotutako albisteak:
· Zestoak hartuko du apirilaren 2an lehen Euskal Herria-Palestina Eguna (Urola Kostako Hitza, 2011-03-13).
· Biladi Hadi brigadako kideek irailean Birzeiteko alkateari egindako elkarrizketa (Biladi Hadi, 2010-09-16).





· Kontuba eta zikina, El Diario Vascotik Yedioth Ahronothera

11 03 2011

Herri honetan, ohikoa da gizarte mugimenduen lana ETAren jarduera armatuarekin lotzea eta zipriztintzea, zerbait ezkutatu nahi denean, zerbaiten aldeko edo aurkako mugimendua kriminalizatuz.

Antzeko zerbait ikusi dugu pasa den astean, Hondarribian Israelgo sukaldaritzaz antolatutako jardunaldiak bertan behera geratu ondoren.

El Diario Vasco egunkariak gezurra esan zuen, gezurrak argitaratzen ari zela bazekien arren: Cancelan por amenazas unas jornadas de la gastronomía de Israel en Hondarribia. Izenburu hori eman zion orrialde bateko albiste nagusiari pasa den ostiralean.

Israelekiko boikota aldarrikatzen duten Euskal Herriko hainbat eta hainbat elkarte, sindikatu eta erakundetako kideek lan handia egin zuten aurreko egunetan, Hondarribiko ostalariekin bilduz eta boikotaren ezinbestekotasuna nabarmenduz, hainbat bilera eginda, elkarri entzunez eta arrazoiak mahai gainean jarrita. Azkenean, ostalariek onartu egin zituzten boikota aldarrikatzen duten elkarte, alderdi, sindikatu eta erakunde guztien arrazoiak, eta atzera egitea erabaki zuten. Atzera egitea, ordea, ez zen batere gustukoa izan Israelgo enbaxadarentzat eta sionisten ordezkarientzat, eta haserre, atzera egitea nolabait justifikatzeko mehatxuen kontua haizatzea eskatu zuten. Hori horrela da. Israel, su gastronomia en Hondarribia jardunaldien antolaketa oso gertutik ezagutu eta jarraitu duen agintari baten ahotik dakigu.

Mehatxuen karta mahai gainera ateratzeko, ordea konplizea behar zuten, eta El Diario Vasco izan zen gezurra zabaltzeko bitartekoa eta konplizea: Cancelan por amenazas unas jornadas de la gastronomía de Israel en Hondarribia.

Gogoan dut Wazemank 2.0 saioan, kalean entzundako kontuak belarri batetik bestera pasatzerakoan nola desitxuratzen ziren, lauzpabost ahotatik igaro ondoren. Kontuba ta zikiña izena zuen atal hark, eta marujeoaren adibide ederra zen, kontu bat nola zikindu daitekeen azaltzen zuena. Bada, horixe gertatu da, kasu honetan, nahita, Hondarribiko kontuarekin. Izan ere, Isralen argitaratzen den hebraierazko egunkari garrantzitsuena den Yedioth Ahronoth egunkariaren arabera, ETA izan zen Hondarribiko ostalariei mehatxu deiak egin zizkiena: Basques cook up terror attack. Egundokoa!

Kontu hau, Wazemank eta antzeko umorezko saioetan bezala, barregarria litzateke, honelako gezurren eta kriminalizazio kanpainen ondoren atxiloketak eta torturak ohikoak izaten direla jakingo ez bagenu.
Eta horrek, niri behintzat, ez dit batere graziarik egiten.

Lotutako albisteak:

· Israeli food event in Spain canceled over terror threat (The Global News Service of the Jewish People).