Fieltroarekin: amanita muskaria

26 11 2011

· Erabilitako materiala: fieltroa, haria, kotoia, itsasteko goma.

· Data: 2011-11-26.





Josu, Santi: omenaldirik onena, Amaiur

17 11 2011

Ane Muguruza, aitak ibilitako bidean aurrera erreportajea irakurri nuenetik, datorren azaroaren 20an hautestontziak Amaiurren aldeko botoekin betetzeko gogoa areagotu zitzaidan.

Ez baitaukat inolako zalantzarik: datorren igandean, Amaiurren boto bakoitza Josu Muguruzaren eta Santi Brouarden omenez zabalduko dugun krabelin gorria izango da.

Honekin lotutako albisteak:
· Zubia oroitzapenetan barrena (Ane Muguruza eta Iñigo Iruin).
· Izenik gabeko diputatu hila.
· Ane Muguruza, aitak ibilitako bidean aurrera.





Fieltroarekin: tximeleta urdina

13 11 2011

· Erabilitako materiala: fieltroa, haria, kotoia, itsasteko goma.

· Data: 2011-11-13.





Manipulazioaren gainetik, gora herrien arteko elkartasuna!

9 11 2011

Palestina gure bihotzaren zati den euskal herritar guztiontzat, martxoaren 4a egun berezia izan zen.
Hondarribira eta Arbizura begira eman genuen eguna. Zenbait lagun Hondarribian izan ziren. Beste zenbaitek Arbizun herrien arteko elkartasuna bertatik bertara ezagutzeko eta horrekin hunkitzeko aukera izan genuen.

Egun hari buruzkoak idatzita utzi nituen hemen: BDS: Israelentzat boikota, Palestinarentzat zubiak

Egun hark Arbizun eman zuenari buruzko bideoa ere egin genuen irrienlagunak.com webgunerako.

Gaur, Espainiako El Confidencial Digital agerkari ultraeskuindarrak, bideo hori hartu, nahi izan duen moduan hartu eta manipulatu, eta Pirritx eta Porrotxen aurkako kanpainari su gehiago botatzeko erabili dute, egun osoan portadako lehen albistea izan den honekin: Al grito de “Palestina free”. Los famosos payasos abertzales Pirritx y Porrotx adoctrinan a niños pequeños en un colegio público de Navarra: vea el vídeo

Bideoa, ordea, ez da nik egindakoa eta irrienlagunak.com webgunean zein youtuben ikus daitekeena. Manipulatu ahal izateko, hasiera kendu eta laburtu egin dute:
· Hasierako irudiak kenduta, Arbizu Marda herri palestinarrarekin senidetuta dagoela ezkutatu dute.
· Ikastolako irudiak ezabatuta, egurra eskola publikoari eta, beraz, Nafarroako Hezkuntza Sailari emateko bidea zabaldu dute.
· Ikastolako irudiak ezabatuta, inauteriak zirela eta eskola bakoitzeko ikasleek mozorro kolektibo zehatz bat zutela ezkutatu dute.
· Nahi izan duten zatietan, nahi izan dituzten komentarioak gehitu dizkiote.

Albistean, noski, ahaztu egin dute honako hau: Vicente Ferrer garapenerako hezkuntza saria irabazi du Arbizuko eskola publikoak (Argia, 2010-07-13). Alegia, Arbizu Mardarekin senidetuta dagoenez, bertako eskolarekin garapenerako eta kooperaziorako proiektu hezitzailea dauka martxan Arbizuko eskola publikoak. Proiektu horrek, zehazki, Espainiako Gobernuaren Hezkuntza sailak antolatutako sari garrantzitsua jaso zuen iaz, eta elkartasun proiektu horren baitan ulertu behar da bideoan agertzen den guztia. Hori, noski, ez da manipulazioaren albistean sartzen.

Helburua beste bat zen, noski. Sare sozialetatik edota egunkari ultraeskuindarretatik buelta bat eman besterik ez dago gaur gauean. Sorgin ehiza hasi da Pirritx eta Porrotxen aurka eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailaren aurka.
· Iribas pide información sobre la actuación de ‘Pirritx y Porrotx’ en la ikastola de Arbizu (Diario de Navarra, gaur).
· Pirritx y Porrotx, los payasos proetarras, adoctrinan niños en Navarra (La Gaceta, gaur. Une honetan, portadako albistea da).

Bide batez, oraintxe ohartu naiz: nik ateratako argazki bat dago La Gacetaren portadan, aitortzarik gabe, baimenik gabe. Salatu egin beharko nituzke…





Jarduera armatu guztiak eta inpunitatea ez dira amaitu, noski

5 11 2011

Atzo gauean nekatuegia heldu nintzen etxera, Madrilerako bidaiak eman zuenaren inguruko ezer idazteko. Gaur, ordea, badakit ezingo dudala eguna lasai amaitu, atzo sentitutakoa hitzetara ekarrita utzi arte.

BIDAIA

Goizeko 04:30ean atera ginen Zarauztik, eta gaueko 21:48an heldu ginen abialekura, autobusean ehunka eta ehunka kilometro egin ondoren. Gurekin Jai batzordeko hiru zarauztar inputatu zituen asteazkenean epaileak, eta ostiralean Audientzia Nazionalera joateko deitu, deklaratzera. Atzo goizean idatzi nituen horri buruzkoak, autobusetik bertatik. Hemen irakur daiteke testua: Zarautz, berriro ere jazarpen politikoaren laboratorioa.

Herriko hainbat elkarteren ordezkaritzak egin zuen bidaia autobusean. Bertan ziren, besteak beste, AEK, Putzuzulo Gaztetxea, Bilgune Feminista, Arraio Irratia, Egin Dezagun Bidea edo Sorginak emakume asanbladako kideak. Jazarpenaren larritasuna ikusita, Udal Gobernuak ere ordezkaritza bidaltzea erabaki zuen, eta Zarauzko Udaleko bi zinegotzi ere bidaide izan ziren. Era berean, baita Eusko Alkartasuneko, ezker abertzaleko, eta Bildu zein Amaiur koalizioetako kideak ere.

AUDIENTZIA NAZIONALEAN

Audientzia Nazionalean euskal herritarren overbookinga zegoen atzo. Atarian, dozenaka lagun bildu ziren. Gehienak, epaitzen ari diren Barañaingo bederatzi gazteen senideak eta lagunak, baina baita atzo hasi ziren edo jarraitu zuten beste bi epaiketetara hurbildutakoak edota Zarauzko gazteei babesa ematera joandakoak ere. 

Kazetari gisara, hedabideetan azken egunotan oihartzuna izaten ari den epaiketa batera sartzeko aukera izan nuen, egoera gogorra izango zela jakin arren. Akusatuen aulkian zeuden Xabier Garcia Gaztelu, Oskar Zelarain, Juan Karlos Besance eta Andoni Otegi, Leitzako UPNko zinegotzi Jose Javier Mujika hil zuen atentatuaren egileak izatea leporatuta. Haiengandik oso hurbil, atentatuak umezurtz eta alargun utzitako Mujikaren senideak, Miguel Sanz presidente ohiak babestuta. Atentatuaren inguruko zehaztasunekin, Reyes Zubeldia alargunari behin baino gehiagotan ihes egin zioten malkoek, eta ezin izan zion negarrari eutsi. Gatazkaren gordintasuna ezin argiago ikusi nuen malko haietan islatuta.

Hunkituta atera nintzen kanpora. Atarian, akusatuen aulkian eseri arren aske dauden Barañaingo gazteetako batzuk zeuden. Negar betean ari zen bat. Atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zituztenean pairatutako infernua gogoratu zuten atzoko saioan. Torturatzaileak izan zituzten aurrez aurre, haien ahotsa entzun zuten, gazteak torturatu izana ukatuz. Tortura salaketak faltsuak direla esan zuten guardia zibilek atzo ere, eta gazteek badakite, horrekin, nahikoa dela. Ez dituztela beraien torturatzaileak epaituko eta zigortuko. Inpunitatez ariko direla hurrengoan ere. Gazteak alboan negarrez nituela, berriro ere, gatazkaren gordintasuna ezin argiago ikusi nuen malko haietan islatuta.

Bitartean, goiko solairuan Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratzen ari ziren hiru zarauztarrak. 40 minutu inguruko galdetegia erantzun behar izan zuen bakoitzak, inputatu gisara, sakabanaketaren aurkako pankarta bategatik. Epaileak baino gehiago, Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarraren abokatuak egin zizkien galdera gehienak.

ITZULERAN, GUARDIA ZIBILAREN JAZARPENA ETA BAHIKETA

Hiru inputatuak Audientzia Nazionaletik atera orduko, denak autobusera sartu eta Madrildik apur bat aldentzea erabaki genuen, lasaiago bazkaldu ahal izateko. Ordu erdi egin genuen bidean, eta Guadalix inguruko restop baten inguruan bazkaltzen ari ginela, Guardia Zibila iritsi zen.  Trafikoko  auto batekin, sei patrolekin eta sekreten beste auto batekin inguratu gintuzten, autobusera igotzera behartu, eta guztiei nortasun agiriak eskatu.

Hiru guardia zibil igo ziren autobusera, eta ez ziren handik jaitsi hurrengo 85 minutuetan. Trafikokoak ziren. Armatuta zeuden, baina ohiko armekin, ez hemen inguruko kontroletan hain harro erakusten dituzten arma handi eta astunekin. Aginduak, berriz, kalez jantzitakoek ematen zituzten. Ederki zekiten nondik gentozen. Hura ez zen ohiko kontrola, noski. Ez ziren kasualitatez agertu han. Autobusetik hirunaka atera gintuzten, txandaka. Autoak garbitzeko tunel de lavado horietako batera sartu, eta han goitik behera miatu eta katxeatu gintuzten, galderak egiten zituzten bitartean. Ea Zarauzko zein auzoetakoak garen, ea elkarteren bateko kideak garen, ea autobusa nork antolatu eta ordaindu duen, eta antzekoak. Amaitzean, beste hiru.

Batzuentzat horretan geratu zen jazarpena. Beste batzuentzat sakonagoa izan zen: argazki kamarak hustu, txartelak miatu, argazki guztiak ikusi, USBetako artxiboak begiratu, eta abar. Tentsio uneak ere izan ziren, batez ere bidaideren bat gasolindegi barrura eraman zutenean, zertara zeramaten esan gabe, eta gainerakoek hura ikusteko aukerarik gabe. 85 minutu igarota, aurrera segitzen utzi ziguten. 85 minutu, inongo epaileren baimenik gabe inpunitatez aritzen diren militar armatuen eskuetan. Inongo epaileen agindurik gabe argazki kamaretako txartelak ikusteko eta kopiatzeko eragozpenik ez duten polizien aurrean. Inongo epaileeen agindurik gabe, USBetako artxiboak lasai kopiatu ditzaketenen aurrean.

Handik atera orduko jakin genuen ez ginela bakarrak izan, eta nafarren autobusa are gogorrago jazarri eta bahitu zutela, kaputxatutako poliziekin, autobidean bertan atzeman eta geldiarazita. Inongo epaileen agindurik gabe, noski. Argi utzi ziguten, jarduera armatu guztiak eta inpunitatea ez direla amaitu.

Gaueko 21:48an iritsi ginen Zarautzera. Ez ginen ohartu, baina ordurako, sakabanaketaren errepideetan senideak eta lagunak bisitatzera abiatu ziren ehunka eta ehunka euskal herritarrekin gurutzatu ginen bidean, segur aski.

Gai honen inguruko albisteak hedabideetan:
· Tres vecinos de Zarautz declaran en la AN por la exhibición de fotos de presos (Gara, 2011-11-05).
· Guardias civiles encapuchados retienen durante una hora a los familiares y amigos de las personas juzgadas en la Audiencia Nacional (Ateak Ireki, 2011-11-04).
· Guardia Zibilak gelditu du Gurekin Jaiko kideei babesa agertzeko Madrilera joan den autobusa (Urola Kostako Hitza, 2011-11-04). 
· La Guardia Civil dice que las denuncias “por torturas” de los nueve presuntos miembros de Segi son “falsas” (Diario de Noticias, 2011-11-03).
· Linchamiento o reconciliación, en la Audiencia Nacional (Gara, 2011-11-05).
· Elkartasuna berriz ere oztopatua. Utzi pakian! (Gurekin Jai, 2011-11-02).





Zarautz, berriro ere jazarpen politikoaren laboratorioa

4 11 2011

20111104-054921.jpg

Hauteskunde kanpaina hasi da Hego Euskal Herrian. Bakean eta jazarpenik gabe egingo den lehenengoa dela irakurri diot iraganeko politiko gris horietakoren bati. Zarautzen behintzat, ez bakean eta ez jazarpenik gabe ekin diogu kanpainari.

Madrilera goaz hainbat lagun, Audientzia Nazionalerantz, autobusean, gaur goizean inputatu gisa deklaratu behar duten hiru zarauztarrekin batera, hauei babesa adieraztera. Gurekin Jai batzordeko kideak dira hirurak, eta aurtengo sanpelaioetan txosna eremuan sakabanaketaren aurkako pankarta bat ikus zitekeelako deitu dituzte. Sakabanaketaren aurkako pankarta bat, legea bete dadin eskatzen zuena, etxetik oso urrun dituzten herriko bost presoen argazkiekin.

Zarautz berriro ere jazarpen politikoaren laboratorioa da batzuentzat. Iraganeko errezetak erabiltzeko eta soka tenkatzeko esperimentua, beste behin ere. Bilduko hautetsien aurkako mehatxuak, edukiontzi erreak eta letra zein kolore susmagarriekin egindako pintadak, gazteen aurkako salaketa faltsu eta anonimoak, epaiketak, kondenak, irainak eta gezurrak agerkari digitaletan eta meza medioetan, leporaino armatutako militarren kontrolak behin eta berriro… Denak balio du eskuin muturreko hedabideei eta iraganeko diskurtsoei bazka emateko.

Gurekin jai dute ordea.
Irribarrez segitzen dugu.