Lau urteko marrazkia

19 05 2015

EH Bilduk Gipuzkoako ekitaldi nagusia egin zuen pasa den igandean Donostian. Honakoa da bertan irakurri nuen testua, Mattin marrazkilariarekin eta Amaia Aranaga musikariarekin batera.

Bada ipuin eder bat, duela urte asko italieraz idatzitakoa, marrazkilari txinatar bati buruzkoa. Marrazkilari hau benetan abila zen, aparta, eta egun batean enperadoreak karramarro bat marrazteko eskatu zion. Marrazkilariak, horretarako lau urte beharko zituela erantzun zion, eta etxe bat, hainbat zerbitzarirekin.

Lau urteak igaro zirenean, marrazkilariak, sekula ikusi den karramarrorik ederrena aurkeztu zion enperadoreari, koadro batean.


Enperadorea, ordea, bihozkabea eta harroa zen, eta luzeegi iritzi zion karramarroa margotzeko marrazkilariak behar izan zuen denborari. Enperadoreak, bere ezjakintasunean eta handikerian, ez zuen sumatu ere egiten marrazkilariak lau urtean zenbat ahalegin eta proba egin behar izan zituen karramarro hura marrazteko.

Lehen urtean, zirriborroak egin eta egin aritu zen. Aurretik marraztu ziren karramarro baldarrak ikusi, akatsak atzeman, eta zuzendu beharrekoak kalkulatzen.


Lehen zertzeladekin hasi zen ondoren…

Amaiak Mugi txartela egunero erabiltzen du orain. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak martxan jarritako tarifa-sistema bateratu berriarekin, lanera heltzeko behar duen garraio publikoa askoz erosoagoa eta merkagoa zaio, eta gustura dago.

Mikel hiriburutik hurbil bizi da, eta kezkatuta zegoen erraustegi toxikoaren kontuarekin. Baina amaitu da aro hura. Orain, Europan eredu bihurtuz, birziklatzearen garaia da, eta lau urtean ia bikoiztu egin da birziklatze tasa. Gainera, Hondakinen Plan berria ekologikoagoa eta askoz merkeagoa da. Arnasa hartu du Mikelek

Maria Antonia duela 46 urte heldu zen gure bazterretara, trenean, maleta batekin eta hiru seme-alabarekin, urte batzuk lehenago senarrak egindako bidaia eta bidea eginez. Gerraren biharamunak, goseak eta bizimodu hobe baten ametsak ekarri zuten. Sukaldean baztertua eta ahaztua sentitu da urte askoan. Aurten, Foru Aldundiak emandako urrezko plaka jaso du, Espainiar Estatuko herrietatik gure artera etorritakoak omendu eta aitortzeko asmoaren baitan. Oroitzapenetan bilduta, negar egin zuen, baina irribarre handi bat tatuatuta geratu zitzaion bihotzean, esker onez.

Eneritzek garapen agentzia batean egiten du lan, eta badaki turismo marka guztiak hausten ari dela Gipuzkoa. Eguzkia eta hondartza baino askoz gehiago da eskaintzen eta sustatzen ari dena, gainera. Tokiko garapena landuz, enpresa eta proiektu berrien aldeko sareak lehenetsi dira, formazioan, ikerkuntzan eta berrikuntzan arreta eta dirua jarrita. Ondorioz, ekonomiarekin batera, gure lurra eta kultura lau haizetara zabaltzeko ekimenak gorantz doaz, eguzkitan eta hondartzan ez ezik, euripean eta mendialdean ere zein ederrak garen erakutsiz.

Julen larri heltzen da hilabete amaierara. Oraingoz, badu lana eta soldata, baina kostaldean bizi da, eta alokairua ordaintzeak, bikote ohiarekin alabaren mantenurako hitzartutako kopuruak, eta postontzira heltzen diren ohiko fakturak gero eta soka estuagoa dira. Ekilibrista sentitzen da zenbaki gorrien artean, eta murrizketa sozialik gabeko herrialdean bizitzea da azpian sentitzen duen sare bakarra: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta bere gain hartu du Gipuzkoak, estaldura sozial handiena duen lurraldea da, eta fiskalitate ausarta du, aberastasunaren gaineko zergarekin gehien dutenek gehien ordainduz, eta diru horrekin gehien behar dutenak bereziki lagunduz.

Itziarrek euskaraz bizi nahi du, bigarren mailako herritar sentitu gabe. Etxean, kalean, lanean, administrazioarekiko harremanetan… edonon. Euskara ofiziala da teorian, baina be-ne-ta-ko ofizialtasuna aldarrikatzen du. Horregatik, gustura dago Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udalek hartutako erabakiekin eta legegintzaldi honetan egindako lanarekin. Oraindik bigarren mailako herritar sentitzen da askotan, baina lehen aldiz ez da inurria sentitzen, babestua baizik, eskubide osoz.

Aroa haurdun dago. Lanean ari da. Sabelean duen haurraren aita Parisen daukate preso. Bi astetik behin egiten dio bisita. Milaka kilometro hilean. Odoluste ekonomikoa. Normalean gau luzeak trenean. Tarteka aireportuetako hoztazuna. Sakabanaketa. Bakardadea. Behingoagatik, ordea, erakunde publikoen aldetik ere babesa sentitzen du. Arnas apur bat. Esku bat luzatuta. Etxerako bidea samurragoa izan dadin.

Oihanak ez du politikan sinesten. Nazkatuta dago batzuen eta besteen promesekin. Eta suminduta betikoen ustelkeria kontuekin, porlanezko makroproiektu erraldoiekin, kutxa publikoak pribatizatzearekin, langileak beharrean enpresa batzuen irabaziak soilik defendatzen dituztenekin, hauen meneko hedabide salduekin eta, batez ere, herritarrek ezer ez erabakitzearekin. Baina legegintzaldi honetan esperantza izpi bat sentitu du.

Herri kontsultek, urtero aurrekontuak modu parte-hartzailean lantzeko bilerek, politika egiteko beste modu bat ikusteak, beste eredu bat posible dela ohartzeak, konbentzitu egin du. Badaki batzuk zintzotasunez aritzen direla, gardentasunez, hanka sartu dezaketela akaso, baina eskurik ez dutela sartuko behar ez den lekuan, eta ustelkeriarekin tolerantzia zero izango dutela. Bigarren aldiz, beraz, aukera emango dio Gipuzkoa berriari.

Esan dugu lehenago ere: lau urteak igaro zirenean, marrazkilariak, sekula ikusi den karramarro ederrena aurkeztu zion enperadoreari, koadro batean, eta enperadoreak, bere handikerian, ez zuen sumatu ere egin marrazkilariak lau urtean zenbat ahalegin eta proba egin behar izan zituen karramarro hura marrazteko.

Enperadoreari, gainera, susmoa piztu zitzaion, karramarro hura, hain ederra izanik, ez ote zen gainerako guztiak bezala atzerantz beharrean aurrerantz ibiliko eta, hartara, bere erresumako ordena eta ordenantzak itzulipurdikatuko. Hala bada, marrazkia hartu eta zati-zati egin zuen, eta bai marrazkilaria eta bai zerbitzariak iraindu, zigortu, bere meneko hedabideak gezurbideak bihurtu, marrazkiaren kopia guztiak bilatzeko agindu, eta aurkitutakoak birrindu, herritarrek ez zezaten marrazkilariaren eta zerbitzarien lana ikusi, sinetsi, eta aintzat hartu.

Beranduegi zen ordea. Lau urtean, karramarro hura marrazteko ahalegin guztiak herritarrekin eta herritarren artean egin zituzten marrazkilariak eta zerbitzariek, eta batean eta bestean gordeta zeuden hura marrazteko sekretuak, ilusioa, kemena eta gaitasuna. Hasierako zirriborroak eta ikasitako guztia bildu, eta beste lau urte eman zituzten karramarrorik ederrena marrazten, baina ez enperadorearentzat, milaka koadro egin eta aurrerantzean herritar guztiek bana izan zezaten baizik.

amaia1  mattin1
gari-zuloaga
mattin2

Ekitaldi honi buruzko informazio osagarria:
· Gipuzkoako ekitaldi nagusiaren laburpena
· Gipuzkoako ekitaldiari buruzko kronika berezia
+ Gipuzkoako ekitaldiari buruzko argazki bilduma
(irudiaren gainean klik eginda ikusgai)

Gipuzkoa-Zuloaga