OHE kontuak Euskal Herrian

15 11 2012

Objektu Hegalari Ezezagunen arrastoak, albisteak eta kontuak biltzen dituztenak aztoratuta dabiltza azken asteotan, munduko hainbat lekutan ikusten ari diren irudiekin. Euskal Herrian ere, izan da azalpen argirik gabeko antzeko konturik. Zehazki, Espainiako polizia batek Basaurin 2012ko urriaren 29an hartutako irudiak lau haizetara zabaldu dira, balizko Objektu Hegalari Ezezagun baten ustezko arrastoarekin, berez eguzkiaren izpiak diruditen arren.

Irudietan ikusten denak zalantzarako leku asko uzten duen arren, gaiari heltzeko eta Euskal Herrian izan diren OHE kasu ugariei begiratzeko aitzakia ederra da hau.

Izan ere, Objektu Hegalari Ezezagunekin lotutako kasu ugari daude gure bazterretan. 1975ean Bardean izandako gertaerak edo 1984an Gasteizen ikusitakoak dira segur aski ezagunenak, baina badira beste hainbat eta hainbat ere.

Kasu horien bilduma egin zuen 1999an Juan Carlos Victoriok Los OVNIs en el País Vasco y Navarra artikuluan

· Los OVNIs en el País Vasco y Navarra (Papers d’OVNIs, nº 13. Enero-Febrero, 1999).

Euskaraz, Mikel Garciak 2006an Argia aldizkarirako misterioari eta ezkutuko kontuei buruz idatziko artikulu eder batean, atal berezia eskaini zien estralurtarrek eta OHE kontuek Euskal Herrian izandako kasuei. Bertan nabarmentzen dira azken urteotako kasu ezagunenak.

· Estralurtarrak gurean (Mikel Garcia, in Hirugarren dimentsiorako atea. Argia aldizkaria, 2006-07-30).

“Euskal Herrian, zehazki, OHEek beren booma 70eko hamarkadan izan zuten, garai hartan mota horretako objektu andana ikusi baitzituzten gure zeru eta mendietan. 50eko hamarkadako lehenengo OHE boladaz geroztik, Euskal Herrian 400 kasutik gora jaso dituzte komunikabideek.

Aipagarrienen artean, Bardeetakoak (Nafarroa) daude, han dezentetan objektu arraroak ikusi baitituzte. Hain zuzen ere, Espainiako Aire Armadak 1996an OHEei buruz zituen sekretupeko artxiboak publiko egin zituenean, gehienei erantzunen bat ematen saiatu bazen ere, identifikatu gabeko kasu urrien artean 1975eko urtarrilean Bardeetan gertaturikoa gaineratu zuen. Urte hartan, azalpenik aurkitu ez dieten argi bi agertu ziren tiro eremuan eta lurrean denbora ugari egon ostean, aireratu eta urrundu egin ziren. Egun berean, leku berean hainbat lekukok «gorri koloreko ilargi erdia» ikusi zuten zeruan.

Bardeetan kasu harrigarri asko daude, horietako batzuk bertan praktika militarrak egin dituzten armadako lagunek kontatuak. Duela ez asko, urteetan Bardeetan lan egindako nekazari nafar bat paraje haietan familiarekin zegoen egun batean, OHE bat ia-ia lurzorua ukitzeraino jaitsi zen. Autoan sartu eta azkar asko ihes egin zuen familiak, baina objektu hark atzetik jarraitu zien. Nekazariak deskribatu duenez, aparailu handi bat zen eta ondoan beste txikiago bat zeraman; argiztatutako herri baten itxura zuen, ez laukia, ez borobila. Azkenean, Jesusen Bihotza mendi atzetik desagertu zen. Nekazariaren emaztea oraindik tratamendu psikiatrikoan dago, gertaera harengatik.

Beste adibide famatu asko dago: hala nola, Nafarroako Mañerun, Zuñigan eta Funesen, Gipuzkoako Gaintxurizketa portuan, Jaizkibel mendian eta Hernani-Astigarra inguruan, Bizkaiko Banderas mendian, Barakaldon eta Gallartan edo Arabako Otxaten eta Treviño konderrian. Foku erraldoiak eta argi itsugarriak, erreta geratzen diren lurzoruak, zeruan abiadura izugarrian dabiltzan koloretako distirak, airean arrastoa uzten duten esferak, zati infinitutan eztanda egiten duten objektu hegalariak… ohikoak dira lekukoen testigantzetan. Gertaera horietako asko isilean gorde dira urtetan. Guk bitxienetariko bi hautatu ditugu, hemen aurkezteko.

1976an, Bilboko Zurbaran auzoan, bikote batek etxeko leihotik pareko eraikinaren goialdean argi gorri bizi-bizia ikusi zuen eta bertatik zetorren soinu arraroa grabatu zuten, bip-bip-bip antzeko zerbait. Beste hainbat bizilagunek ere gertatutakoa berretsi zuten, baina eszeptikoenen esanetan, bip-bip-bip horiek txantxikuak ziren -inguru horretan hain ohikoak diren apoak-. Beste askorentzat, ordea, grabatutakoa identifikatu ezin den soinu ulertezina da.

1984ko urrian, aldiz, komunikabide guztiek jaso zuten Gasteizko Zaramaga auzoan gau partean gertaturiko itzalaldia. Izan ere, iluntasun hartan, herritar askok argi arraroak ikusi zituen hiriburu gainean hegan. Gainera, Gasteiz kanpoaldeko zentral elektrikoak, etenaldiak iraun bitartean, akats guztiz ezohikoak izan zituen eta zentralekoek ezin izan zioten argibiderik aurkitu. Are gehiago, ondoan dagoen Ali auzoan, Spectrum ordenagailu zahar bateko inprimagailuak, deskonektatuta eta entxufatu gabe egon arren, itzalaldian, hots, elektrizitaterik gabe, hainbat karaktere inprimatu zituen (ikus argazkia). Adituek ikertu badute ere, inork ez du karaktereen esanahia deszifratzea lortu eta bitxiena zera da: 8 eta T itxura duten karaktere artean, ezezaguna den eta teknikariek azaldu ezin izan duten karakterea agertzen da. Bada testua estralurtarren mezua dela dioenik. Karmelo Daubagna inprimagailuaren jabe gasteiztarrak eta bere familiak zin egiten dute aparailua deskonektatuta zegoela”.

Duela 5 urte, berriz, Frantziako Armadak eta Europako beste zenbait armadek hainbat agiri desklasifikatu zituztela baliatuz, hariari tiraka, Euskal Herrian eman diren OHE kontuei buruzko artikulua argitaratu zuen Gara egunkariak, Joseba Vivanco kazetariaren sinadurapean. Hemen irakur daiteke:

· Los platillos volantes vuelven a la actualidad · En Euskal Herria (Joseba Vivanco. Gara, 2007-05-01).

· · · · ·

OHEak EUSKAL HERRIAN. BESTE HAINBAT KASU:

· Un OVNI responde una llamada que se le hizo en euskera (El Diario Vasco, 1984-10-21).

· Gasteiz, 1984ko irailak 14:
-Ocurrió la noche de un viernes, 14 de septiembre de 1984… (ikerjimenez.com).

· El OVNI de Treviño (J.J. Benitez, Mundo Desconocido aldizkarian). 1981eko uztailaren 24ko gertaerari buruz.

· El OVNI de Treviño (misterios del aire).

· ¿OVNI en el País Vasco o globo sonda? (1994ko abenduko gertaerez).

· Globovnis sobre la cornisa cantábrica, en 1994 (misterios del aire).

· Ovni gigantesco sobre Navarra (1979-03-11. misterios del aire).

· Objektu Hegalari Ezezagunak (Juanma Gallego).

· Ovni en Navarra en 1998 (Burlata, 1988-5-01. Espainiako Aire Armadaren agiri desklasifikatuak).

· OVNI en las Bardenas Reales (Bardean 1975ean izandako gertaerei buruz, Iker Jimenezek gidatzen duen Cuarto Milenio saioak egindako erreportajea, bideoan).

· · · · ·

Gertaera hauek guztiak benetakoak diren arren eta hedabideetan edo armadaren agiri ofizialetan isla duten arren, bada hau guztia inolaz ere sinetsi ez eta kontuaz barre lasai egiten duenik ere. Horien adibide polita da euskaldunak arraza extralurtar baten ondorengoak garela nabarmenduz egindako bideo hau.

· Informe 2000 (Documental que mantiene la teoría de que los vascos descienden de una raza extraterrestre).

Gai honi buruzko solasaldia, Gazteako Akabo bakea! irratsaioak ostegunero ate ilunari zabaltzen dion tartean (2012-11-15):
· Objektu Hegalari Ezezagunei zabaldu diegu ‘Ate Iluna’ (eitb.com > Gaztea, 2012-11-15).
· Objektu Hegalari Ezezagunei egin diegu leku, ‘Ate Iluna’ren tartean (audioa entzungai. Akabo Bakea! Gaztea, 2012-11-15).