Ez dugu ahaztu, ez dugu ahaztuko

14 10 2014

4.254 egun, 607 aste, 139 hilabete eta 11 urte iraun duen amesgaiztoa atzo amaitu zen Iñaki Uriarentzat, Egunkaria auziko beste hainbat lagunentzat, eta hauen senideentzat. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren erabakiarekin behin betiko amaitu da 2003ko otsailaren 20an euskarazko egunkari nazional bakarraren aurka hasitako erasoa.

Justiziarik gabe amaitu da auzia. Hainbat lagun euskarazko egunkari baten arduradunak izatearen akusaziopean atxilotu, inkomunikatu, torturatu, kartzelaratu eta ondoren absolbitu ondoren, inork ez du erantzukizunik eta ardurarik beregain. Hemen ez da ezer gertatu. Zoru etikoa esaten zaion horren gainean. Egunkari bat itxita. Akusazio larriak. Tortura. Espetxea. Sakabanaketa. Auzipetuen eta senideen kalbarioa. Odoluste ekonomikoa. Ehunka langile lanik gabe. Berdin dio. Zigorgabetasuna erabatekoa da batzuentzat. Inork ez du egindako kaltea aitortu, auzipetuek pairatutako mina errekonozitu, edo egindakoagatik barkamenik eskatu. Egia esan, zabaldu ziren zauri sozialak eta pertsonalak sendatzeko lagungarria izango litzateke, errekontziliazioan aurrera egiteko urrats gisara.

Gaur pozik egoteko eguna dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Pozgarria baita behingoz hainbat lagunen amesgaiztoa amaitzea, auzi honen bertsio guztietan. Baina bidegabekariaren itzalari ere neurria hartzen zaio honelako egunetan. Epaileak eta epaitegiak erabaki politiko baten doinupean dantzaraztea zein erraza den ikusten da. Inpunitatea noraino sustraituta dagoen. Martxelo Otamendiren ahots kraskatua eta malkoak espetxetik ateratzean, telebistan, zuzenean. Iñaki Uriaren bakardadea, kamararik eta fokorik gabe, sorlekutik ehunka kilometrora. Gurasoen begiak. Mina. Xabier Alegriaren gorputz hautsia. Torturaren zulo beltza. Barkatuko didazue, baina niri behintzat, nahita ere, pasatutakoa gogoratu eta kosta egiten zait gaur irribarre egitea, amesgaiztoa behin betiko amaituta behingoz lo lasai egingo duten lagun eta auzipetuengatik poztu arren. Izugarri, gainera.

Amaitu da, bai. Baina kaltea eginda dago, eta ezin da konpondu. “Kalte handia egin zen eta horrek ez du erreparaziorik, ez arlo pertsonalean ezta enpresa mailan ere”, nabarmendu zuen elkarrizketa batean Iñaki Uriak egunkari honetan pasa den urtean, otsailaren 20an, itxieraren hamargarren urteurrenean.

Egia da. Kaltea ez da nolanahikoa, eta ez dio euskarazko prentsari soilik erasaten. Beste noizbait gogoratu izan dudan bezala, Euskaldunon Egunkaria ez baitzen lehenengoa izan. 1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Herri honek, ordea, erortzean berriro jaikiz ikasi du bidea egiten, eta bertako hedabide berriak eskuan eta pantailan ditugu osterantzean ere, desagerrarazi zituztenen hutsunea betez eta aurrera eginez. Leku askotan egunero euskaraz heltzen da herri informazioa tokian tokira, badugu euskarako beste egunkari nazional bat, eta herri ekimeneko hedabideak bizirik daude sarean zein telebistan. Badugu, beraz, aurrera segitzeko ispilua eta bidea. Egunero.

Zoritxarrez, herri bezala politikoki ez dugu sortu baldintzarik orduko egoera errepika ez dadin. Babes sendorik gabe segitzen dugu erasoen aurrean. Egiteko asko dago oraindik. Baina Lizardiren ametsari bizirik eusten diogun heinean, munduari begiratzeko gure leihoak zabalik ditugun bitartean, bada esperantzarik.

Gari Berasaluze
Kazetaria
Zarauzko Euskara eta Kultura zinegotzia

[ Urola Kostako HITZA egunkariaren enkarguz biharko zenbakirako idatzitako testua, Egunkaria auzia behin betiko amaitu ondoren ]