Diru laguntzak kudeatzeak ez du ematen hedabideak ideologikoki kontrolatzeko zilegitasuna

26 09 2014

Pasa den asteazkenean iraileko udal osoko batzarra izan genuen Zarautzen. Gai potoloak zeuden aztergaien artean, eta oso luze joan zen udalbatzarra. Gauerdian, bost ordu eta gero, eten egin zen bilkura, udalbatzarra arautzen duen legeak zehazten duen moduan. Nahi duenak, hemen du osorik ikusgai:

 

Aztergaien amaieran, bateko eta besteko alderdiek aurkeztutako zenbait mozio izan genituen hizpide.
Tartean, EAJ-PNVk publizitate instituzionalari, adierazpen askatasunari eta euskarazko hedabideei buruz aurkeztutakoa.Honakoa:

07. d) Mozioa EAJ-PNV. Udal gobernua eta hedabideak

Bertan esaten direnen larritasuna ikusita, behar bezala erantzutea ezinbestekoa iruditu zitzaigun.

Honakoa da esan nuena.
Letra etzanez, berriz, denboraz larri genbiltzanez, esan gabe geratu zirenak.

 

Gabon denoi.

Kritika politikoa erabat zilegia denez, eta Udal Gobernu honen aurka denak balio duenez, oraingoan, EAJ-PNV hainbat kontu nahasten dituen mozio batekin datorkigu. Lasai asko hitz egin zitekeen kontu bat edo bestea dagokion batzordean, baina dena batidora batean sartu eta mozio hau dugu mahai gainean, hiru kontu erabat nahastuz:

· Batetik, Zarauzko Udalak publizitate instituzionala zein hedabideetan argitaratzen duen, salaketa larri batekin: “herritarrengana iristen saiatu beharrean, diru publikoa Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzen duten hedabideetara bideratzen da”. Gaur egun hedabide horietakoren bateko kazetaria edota zuzendaria izango banintz, iraindua sentituko nintzateke, beraien independentzia eta profesionaltasuna zalantzan jartzen baitu EAJk, hedabideek Udal Gobernuan dagoen alderdia txalotzea xede dutela esanez. Egundokoa.

· Bestetik, tuiter kontu anonimoetatik hedabide jakin batzuen aurkako eraso sistematikoak daudela diote, horien artean herriko kazetari batek jasotakoak. Udalak baduela zeresana diote, eta adierazpen askatasuna aipatuz, Udalaren babesa eskatzen dute.

· Hirugarrenik, euskarazko hedabideak eta euskara aitzakitzat hartuta, gezurrak esaten dituzte: diru laguntzetan murrizketak izan direla esanez, eta batez ere Erlo Telebistarentzat diru gehiago eskatuz.

Hiru kontuek hari ezberdina dutenez, hirurak erantzuten ahaleginduko gara.

1. ZARAUZKO UDALA ETA PUBLIZITATE INSTITUZIONALA:

Gezurra da Zarauzko Udalak ez dituenik betetzen publizitate instituzionala arautzen duten printzipioak. Publizitate instituzionalari buruz legeak dio hirigintzako iragarkiak herrialdean tirada handiena duen egunkarian argitaratu behar direla, eta horrela egiten du Zarauzko Udalak. El Diario Vascon argitaratzen dira iragarki horiek. Kontratazio arloan, berriz, herrialdeko egunkari batean argitaratu behar direla dio legeak. Gainontzeko arloetan, ez du ezer arautzen legeak. Udalak nahi duen lekuan argitara ditzake iragarki instituzionalak.

Hori horrela izanda, eta gehien argitaratzen diren iragarkiak Hirigintza alorrekoak direnez eta Zarauzko Udala horiek El Diario Vasco egunkarian argitaratzera derrigortuta dagoenez legearen arabera, gainerako iragarkiak Berria eta Gara egunkarietan plazaratzen ditu. Berria egunkarian, euskarazko egunkari nazionala delako. Gara egunkarian, berriz, aurreko udal gobernuek beto sistematikoa ezarri ziotelako egunkari horri, erabatekoa, eta orduan egindako kaltea konpontze aldera erabat zilegia iruditzen zaigulako orain egunkari horretan publizitatea argitaratzea.

Horiez gain, eta Udal Gobernu honek inolako hedabideak betatzen ez dituenez aurreko udal gobernuek bezala, beste hainbat hedabidetan ere egiten du publizitatea Zarauzko Udalak: El Diario Vasco, Berria eta Gara egunkarietan ez ezik, Urola Kostako Hitzan, Onda Vasca eta Info7 irratietan, Erlo eta Hamaika telebistetan, Bertsolari aldizkarian, eta abar.

Gai honen harira, iritzi artikulu interesgarria dabil sarean egunotan. Honakoa:
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?”
Izan ere, udalei legeak behartzen die egunkari irakurrienean argitaratzea Hirigintza alorreko iragarkiak. Baita egunkari irakurriena erabat atzerakoia baldin bada ere parekidetasun kontuetan, eta egunez egun hankaz gora uzten duen arren mugimendu feministak zein bateko eta besteko erakunde publikoek parekidetasunaren alde egindako lan guztia.

2. TWITTER KONTU ANONIMOAK, ADIERAZPEN ASKATASUNA eta KAZETARIEN AURKAKO ERASOAK:

Azken bolada luzean twitter kontu anonimoetatik hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoak eta kazetari zehatz batek jasotakoak aipatzen ditu PNVren mozioak, herri honetan zenbait kazetarik jasandakoa gogoratuz.

Bi kontu oso oso ezberdin dira. Pasa den urtean, ‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1′ izeneko ekitaldia antolatu zuen Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa.

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, honako hitzekin:

Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin ditugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatu edota Iñaki Uriaren atxiloketa, torturak, espetxealdia, sakabanaketa, epaiketa, eta absoluzioa. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Hori esanda, zoritxarrez, oraindik ere hedabide batzuen aurkako eraso sistematikoek etenik ez dutela ikusi dugu, eta berriro ere kazetaritzan aritzen diren zarauztarrei eragiten diete erasoek. Izan ere, hurrengo asteotan beste behin ere egunkari bateko zuzendaria den zarauztar batek epailearen aurrean eseri beharko du, zuzentzen duen egunkarian lau euskal herritarrek plazaratutako iritzi artikulu bat argitaratzeagatik. Nazioartean adierazpen askatasunaren alde aritzen den hainbat elkartek salatu dute auzia, eta babesa adierazi diote Gara egunkariko zuzendaria den Iñaki Soto jaunari. Hemendik ere bat egin nahi dugu berarekin, elkartasuna adieraziz.

Era berean, azken egunotan jakin dugu oraindik ere amesgaiztoa ez dela amaitu lehen aipatu dugun eta egunkari bateko kontseilari ordezkaria izateagatik atxilotu, torturatu, kartzelaratu eta epaiketaren ondoren absolbitu zuten Iñaki Uria zarauztarrarentzat ere. Euskaldunon Egunkariaz ari gara. Inpultso politiko batetik abiarazitako auzian, akusatuen gainean da oraindik auzi ekonomikoa, eta horren harira bilkura eta agerraldi jendetsua egin zuten pasa den astean Donostiako epaitegiaren aurrean. Iñaki Uriarentzat ere, beraz, gure elkartasuna eta babesa.

EAJk aipatzen dituen kontuak, hauen aldean, huskeriak dira. Twitter kontuez ari da, eta horietatik hedabide batzuen ildo editorial lotsagarria agerian utziz egiten den lana. Lotsagarria baita hedabide batzuek, irakurrienak izan arren, emakume ereduari buruz egunero egiten dutena, jendartearen zein udal eta erakunde askoren parekidetasunaren aldeko lan guztia hutsaren hurrengoa bihurtuz. Eta zer esanik ez beste hainbat albisteren tratamentua, lanketa, eta abar. Hori guztia, ordea, adierazpen askatasunaren baitan sartzen da. Irakurle bakoitzak erabakiko du zein hedabide erosi edo irakurri. Hedabide horien jardunarekiko kritikoak diren bateko eta besteko kontuek ere askatasun guztia duten modu berean hedabide horiek egiten dutena herritarrei erakusteko.

Adierazpen askatasuna, beti bezala, besteekiko errespetua galtzen den lekuan amaitzen da. Kritika erabat zilegia da, irainak eta gezurrak ez, ordea. Udal Gobernu honek ez du hedabideen aurkako eraso sistematikoen eta kazetari zehatz baten aurkako gainerako erasoen berririk. EAJk baldin badu, eskertuko genuke horren berri ematea. Dagokion lekuan, noski.
Izan ere, gu ez gara epaileak. Hau udal bat da. Areago, irakurlearen defentsarako mekanismoak beharrezkoak dira, egunkarien lana bere lekuan jartzeko, iritzi publikoa sortzen duten heinean ardura handia baitute. Hainbat egunkarik ohikoa dituzte irakurlearen defentsan aritzeko espazioak, autokritikoak. Beste batzuek autokritikarik egiten ez dutenez, manipulazioa salatzeko edota egindako akatsak publiko egiteko sortu diren kontuak, adierazpen askatasunaren mugetan dabiltzala iruditzen zaigu, eta sanoak ere badirela iruditzen zaigu, gai batzuk nola lantzen diren edo beste batzuk nola ezkutatzen diren erakusten duten heinean. Horren inguruko jarrera hartzea ez dagokio Zarauzko Udalari honi. Esan dugu: gu ez gara epaileak. Besterik litzateke, eraso sistematikoak eta herriko kazetarien aurkako erasoak egotea. Horietako bi ezagutzen ditugu. Iñaki Soto eta Iñaki Uria. Biei gure babesa.

Ez genituen hizpide izan, baina argi dago EAJren mozioan aipatzen diren twitter kontu horiek, zenbait egunkariren ildo lotsagarria, estereotipo matxistak iraunkortzeko eguneroko lan salagarria eta hainbat albiste lantzerakoan nabarmena den manipulazioa erakusteko twitterren sortu diren kontuak direla: Diario Fatxo, Oftalmologoak, El Chorreo Español, Diario de Pattarra, Fatxokia, Periodifails, BecariodeWarca eta abar luzea.

3. EUSKARAZKO HEDABIDEENTZAT EZ DA MURRIZKETARIK EGON DIRU-LAGUNTZETAN:

Euskarazko hedabideak babestu eta bultzatu behar direla dio EAJren mozioak.
Erabat ados gaude, noski.

Gero, ordea, “Tamalez, murrizketak izan dira diru-laguntzetan” diote. Gezurra da  hori.
Euskarazko hedabideentzako laguntzetan ez da inolako murrizketarik egon:
Urola Kostako HITZAk eta Erlo Telebistak ez dute beherakadarik izan.

2011n Udal Gobernura heldu ginenean, Urola Kostako HITZAk 30.000 euro jasotzen zituen, eta Erlo Telebistak 15.000. 2012an eta 2013an eutsi egin genien kopuru horiei, eta aurten, 2014an, Urola Kostako HITZAk 35.000 euro eta Erlo Telebistak 25.000 euro jaso dituzte Euskara Zerbitzutik, biek ala biek euskararen normalizazioan egiten duten lana kontuan hartuta.

Honakoa da, zehazki, azken urteotan bi hedabide horiek Zarauzko Udalaren aldetik jasotzen duten diru laguntzaren zenbatekoa:

2005-2014

EAJren mozioa sinatzen duen Imanol Lasa jauna izan zen Udal Gobernuko kidea eta Zarauzko Udaleko Euskara zinegotzia 2007 eta 2011 urteen artean. 44.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 95.000 Erlo (sasoi batean ZTB) Telebistak. Bildu 2011 urtean Udal Gobernura heldu zenean, 30.000 euro jasotzen zituen Hitzak eta 15.000 Erlo TBk. Legegintzaldi honetan eutsi egin zaie laguntza horiei, eta aurten, zehazki, igo: Hitzak 35.000 eta ErloTBk 25.000.

Horrez gain, areago, Udal Gobernu honek abian jarri ditu euskarazko hedabideak sustatzeko ekimenak legegintzaldi honetan. Euskara zerbitzutik, zehazki.

2012an, haurraren lehen egunetik euskara etxean egoteak duen garrantzia nabarmentzeko, haurraren heziketan, osasunean, elikaduran eta hainbat arlotan gurasoentzat ezinbestekoak diren kontuak euskaraz biltzen dituen HAZI HEZI aldizkariarekin elkarlanari ekin genion, eta aurkeztu genuen hedabideen aurrean. Ordudanik, Zarautzen jaiotzen den haur berri bakoitzaren gurasoek, nahi badute, urtebetez etxean doan jaso dezakete aldizkaria, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik ordainduta.

2012an bertan, lankidetza hitzarmena sinatu genuen harpide gehien dituen euskarazko aldizkariarekin.
Harrezkero IRRIA aldizkaria doan jasotzen dute herriko eskoletan, liburutegian, ludotekan eta abar, 4 eta 6 urteko haurrak dituzten geletan. Euskara eta hezkuntza arloan egiten duen ekarpenagatik, halabaer, hitzarmen berezia sinatu da Irrien Lagunak Klubarekin, eta honek ere esker ona adierazi zion iaz Zarauzko Udalari, berariaz egindako ekitaldian.

Gazteei dagokienez, lehendik ere egiten zen bezala, gaur egun ere, nahi izanez gero, Gaztezulo aldizkaria doan jasotzen dute Zarauzko eskoletako nerabeek hainbat hilabetez, aldizkari horrek eta euskara zerbitzuak duten hitzarmenaren bidez.

Ederki dakigu euskarazko hedabideek bizirauteko eguneroko lanean ere behar dutela laguntza.
Honela, Zarauzko Udalak hauspoa eman die legealdi honetan, ohiko jardueraz gain hainbat lan egiteko akordioak erdietsita, lehen aipatutako ohiko diru laguntzetatik aparte.
Luzea da zerrenda, oso luzea, baina nabarmendu ditzakegu maketazio lanak, diseinua, argitalpenak, erreportaje luzeak, programa bereziak eta abar:
Urola Kostako HITZAk diseinatzen eta lantzen du Zarauzko Kultur Mahaiaren hileroko triptikoa.
Aurten bertan, Hondartza taldearen 50. urteurreneko liburua ere maketatu eta landu du.
Erlo Telebistak Udalaren enkarguz hainbat lan egin izan ditu, DVDan argitaratzeko (herriko taldeen jaialdia, egunkariaren aldeko ekitaldia. Immigrazio Zerbitzuak eta Erlok elkarlanean ekoitzitako ‘Aniztasunean bizi’ programa ere horren lekuko da, Zarauzko Udalaren Immigrazio Zerbitzuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru ekarpenarekin.

· DIRU LAGUNTZAK KUDEATZEAK EZ DU EMATEN HEDABIDEAK IDEOLOGIKOKI KONTROLATZEKO ZILEGITASUNA:

Gehiago egin dezakegu, argi dago. Askoz gehiago.
Baina lotsarik gabe esango dugu: orain arte beste inork baino gehiago zaintzen ditu Udal Gobernu honek euskarazko hedabideak.
Guk behintzat benetan sinesten dugu hedabide horien jardunean.
Halaber, oso ondo dakigu, euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpenagatik dirua emateak, dagokien dirua, behar duten dirua, horrek ez dakarrela kontrol politikoa. Horrek ez duela esan nahi kontrol ideologikoaren jabe denik Udala. Utikan! Horiek gobernu eta sistema totalitarioen kontuak dira.

Ez du Udal Gobernu honek eta ez euskara zinegotzi honek ito Zarauzko herri aldizkaria.
Memoria ariketak egiten hasita, eta adierazpen askatasuna ere hizpide dugunez, esan egin behar baita, ozen, eta salatu, elkarrizketa zehatz bat argitaratzeagatik diru laguntza kendu eta ito egin zuela bere garaian Zarauzko Udalak Txaparro aldizkaria. Orduan preso zegoen Mikel Larrañaga zarauztarrari egindako elkarrizketa ez zitzaion gustatu orduko Udal Gobernuari, eta orduko euskara zinegotziak, gaur adierazpen askatasunaz eta euskarazko hedabideak babesteaz  hitz egiten digun Imanol Lasa jaunak, iturria itxi zion Txaparro aldizkariari, eta diru laguntzak aldizkaria ito arte murriztu. Elkarrizketa hura nik egin eta sinatu nuen, sasoi hartan Txaparro aldizkariko zuzendaritza batzordeko kide nintzen, eta ederki dakit zertaz ari naizen. Ederki dakigu zertaz ari garen.

Txaparro93

Txaparro 93 zenbakia

MikelAdams

Txaparro Mikel Larrañaga (barrua)

Txaparro aldizkariko ordezkariek, aldizkariaren agurra eta itxiera iragartzeko egin zuten agerrialdian argi esan zuten, 2010eko martxoan, Imanol Lasa euskara zinegotzi zenean: “Proiektua aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da hasieratik Udalaren laguntza, eta azken bost urteetan laguntza hori murrizten joan da eta erabaki larri hau hartu behar izan dugu”.

Guri adierazpen askatasunaren inguruko leziorik ez, beraz.
Guri euskarazko hedabideak laguntzearen inguruko leziorik ez, beraz.

Udal Gobernu honek laguntzen ditu eta lagunduko ditu euskarazko hedabideak. Eta Udal Gobernu honek lasai utziko die herriko kazetariei beraien lana egiten, argitaratzen dutena gustukoa izan ala ez izan. Horretan ere, Imanol Lasa jaunak, zehazki, ez digu leziorik emango.

Horretan ere, zoritxarrez, ederki baitakigu zertaz ari garen…

Aipatu ditudan arrazoi guztiengatik, guk behintzat, ezezkoa emango diogu EAJren mozioari.

Entzundakoak entzunda, haserre erantzun zuen EAJko bozeramaileak. Imanol Lasak gezurretan aritzea leporatu zigun, Txaparro azken urteotako ildo editorialak eta Ezker Abertzaleak hil zuela esan zuen, “dena bere eremura eramateko duen joerarekin”, azken batean aitortu egin zuen gustukoa ez zutelako moztu ziotela iturria euskararen normalizazioan egundoko ekarpena egiten zuen Txaparro aldizkariari, eta kontu oso larriak esan zituen: besteak beste, Berria egunkaria diru publikoa jasotzen duen arren zer-nolako informazioak argitaratzen ari den, eta antzeko harribitxiak.

Azken batean, diru laguntza publikoak emateak hedabide horien kontrol ideologikoa bermatzeko zilegitasuna duela uste duenaren talaiatik, lasai asko, pasa den ekainean Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak egin zuen modu berean.

meugearri

GAI HONI BURUZKO ZENBAIT LOTURA:

· Martxoko ‘Txaparro’ aldizkariaren azken zenbakia izango da. Udalak itota (Baietz, 2010-03-03).
· Txaparro aldizkariaren azken zenbakia (El Diario Vasco, 2010-03-10).
· La oposición pide a Urkullu que aclare el pago de dinero al Grupo Noticias para publicar artículos (naiz.info, 2014-06-20).· Noticias Taldeko hedabideak laguntzeko «ezkutuko publizitatea» egitea egotzi dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. Lehendakariak dio gobernuak ez duela legez kanpo jokatu (Berria, 2017-07-08).
· Kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez: “Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?” (Lur Etxeberria eta Diana Urrea. Naiz, 2014-09-24).

POST SCRIPTUM:
2014ko urriaren 29ko udal osoko batzarrean gai honen harira EHBilduk aurkeztutako mozioa:

· Berria+HamaikaTB (mozioa Zarautz)





Zauriei begira, kazetaritzaren ispilutik

21 03 2013

‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1’ izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa. Bidean, Zeruko Argia, Egunkaria Sortzen, Bartolo, Zarautz Egunkariaren Alde taldea, Fernando Muniozguren, Txaparro herri aldizkaria, Urola Kostako HITZA eta beste hainbat langile, talde eta egitasmo aritu dira Zarautzen euskarazko prentsari egundoko ekarpena eginez, eta horiek guztiek lekua izan zuten atzoko ekitaldian.

p040_f01
[ argazkia: Gorka Rubio, Argazki Press / Berria ]

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, “zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea” dagokigula sinetsita.

Zehazki, honakoa da irakurri nuen testua:

Arratsaldeon denoi.

Duela hogei urte, 1993an, gaur ekitaldi hau aurkezten aritu den Gorka Arrese zutabegilea zen Euskaldunon Egunkarian. Uztailean, Lubakietatik izeneko zutabea idatzi zuen, Txiki eta Otaegi hil zituztenean jaio ginen hainbat gazte literaturaren lubakietatik tiroka hasiko ginela eta antzekoak iragarriz. Lubaki Banda izan zena bazetorrela plazaratu zuen Gorkak zutabe hartan. Ordurako bazekien zerbait Susa argitaletxeko editoreak. Hamazazpi urte nituen nik orduan, Susa aldizkaria Lubaki Bandako gazteon esku utzi zutenean. Utzi zigutenean, nolabait.

Hiru zenbaki argitaratu genituen, eta hiru zenbaki haiek osatzeko lanetan ezagutu nituen hemen oholtza gainean dauden hainbat lagun, Lasarteko erredakzioan, lehen Imanol Muruak bideoan esan duen moduan, Susa, Argia eta Euskaldunon Egunkaria eraikin berean baitzeuden.

Egunkariarentzat, aldizkariarentzat eta argitaletxearentzat bizi ziren. Etxerako ordurik gabe, erredakzioa ia etxebizitza bihurtuta, gau bat baino gehiago bertan igarota, sinesten zutenaren alde dena emanez. Eskola horretakoak dira Imanol Murua Uria, Gorka Arrese, Iñaki Uria, Xabin Makazaga, lan kontuengatik gaur hemen ez dagoen Amagoia Iban, eta belaunaldi hartako beste hainbat eta hainbat. Eskola hartakoa zen Bartolo ere. Euskarazko egunkaria. Euskarazko aldizkariak. Euskarazko liburuak.

Urte haietan, Euskaldunon Egunkariak larunbatero argitaratzen zuen literatura gehigarria egiteko Lubaki Banda hartako gazteren bat proposatzeko eskatu zioten Gorkari, eta horrela hasi nintzen Egunkarian, dinosauro hauek irakasletzat nituela. Denok ere, gaur baino 20 urte gutxiago genituen.

Txumai Iturriarekin egin ohi nuen erredakziorako bidea, autoan. Txumai, zehazki, Zarauzko Udaleko zinegotzia zen urte haietan, HBko zinegotzia, eta autoa erre zioten. Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidai haietan, Txumai, Karlos edo Amagoiarekin, Egin egunkarian Zarauzko albisteen kazetaria izateko aukera aipatu zen, Imanol Arruabarrenak lekukoa pasatzea eskatu zuelako, eta bidaideek lan askorik gabe konbentzitu ninduten lan askoz gehiago hartzeko. Beste lan batzuekin batera, biak uztartzen nituen: Euskaldunon Egunkariako literatur gehigarria, eta Egin egunkariko Zarauzko albisteak.

1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik, Teresa Toda kazetariarekin batera. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Egunkaria auzian, mamuak ez zuen nahikoa izan kolpe bakarrarekin, eta Martxelo, Iñaki eta gainerako arduradunen atxiloketarekin eta Egunkariaren itxierarekin hasitakoa, hilabete batzuk geroago errepikatu nahi izan zuen, auzi ekonomikoarekin. Auzi horrek zabalik segitzen du oraindik. Epaiketaren esperoan daude auzipetuak, eta ez nolanahiko kartzela zigor eskaerekin, gainera. Tartean dago Iñaki Uria zarauztarra ere. Auzipetuetako batek otsailaren 20an gogoratu zuen moduan, auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean, Egunkariaren zauriak odoletan segitzen du oraindik, bizirik.

Odola eta zauriak aipatuta, Zarauzko Udalaren izenean, herri honetan jazarriak eta erailak izan diren kazetariak badirela gogoratu behar dut ezinbestean. Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin dugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Ez nuke gaurko ekitaldia amaitu nahi, ekitaldiaren helburua nabarmendu gabe: Zarautzek eta zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egindako jarduna eskertzea. Prentsa idatzira mugatu gara batez ere, baina jakin badakigu, telebistan eta irratian ere, kate pribatuetan zein libreetan, hamaika zarauztar ari dela lanean, gaur hemen aitortu nahi izan dugun ekarpenaren antzekoa eginez, beste formatu batzuetatik. Telebistan eta irratian ez ezik, baita sareko albistarietan ere. Horiek ere gogoan ditugu.

Guztiei, beraz, mila esker euskaratik eta euskaraz Lizardik noranahikoa amesten zuen hizkuntza larrekoa lau haizetara zabaltzeagatik.

Ekitaldian zehar banatu ditugun oroigarriak, ekitaldi honetarako Manu Urbieta artista zarauztarrak berariaz egindakoak dira. Benetan ederrak. Egindako bidea eta lan ederra eskertzeko, baditugu beste bi ere: Martxelo Otamendirentzat, eta Imanol Muruarentzat. Beraiek jasoko dituzte, baina nolabait, gaur hemen aitortu eta eskertu nahi izan dugun belaunaldi eta ekarpen baten ordezkari gisara. Zuen txaloak beraientzat dira.

Eskerrik asko!

Post scriptum:
Ekitaldia amaitu eta oholtzatik jaitsi orduko Gorka Landaburu kazetaria hurbildu zitzaidan, eskerrak ematera. Eskua luzatu zidan. ETAren lehergailu batek zartatutako eskua. Lander Garrok azaroan sentitu eta idatzitakoaren antzeko zerbait sentitu nuen nik ere. Hemen testua.
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 2012-11-22).

Kontu honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Aitorpena euskal prentsari (Berria, 2013-03-22).
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 201211-22).

Atzoko ekitaldia iragartzeko egunotan prestatu dugun bideoa:





Munduko tomate garestienen historia

17 10 2012

Iraileko udal osoko bilkuran, Zarauzko Udalak onartu egin zuen polikulturalaren kontratuak eteten hastea. Zehazki, Zarauzko arte eszenikoen zentroko proiektuari buruzko aholkularitza eszeniko eta akustikoaren kontratua eman genuen bukatutzat erabaki horrekin. Aurreko legealdietako handikeria arranditsua izan zenari buruz hitz egiteko aukera izan genuen alderdi guztiek, eta Bilduren izenean nabarmendu genuen moduan, azken batean, munduko tomate garestienen historia da hau. Batzuei, beharbada, dagoeneko ezaguna egingo zaie historia, baina komeni da gogoraraztea, lehenago irakurri edo entzun ez duenik egonez gero ere.

Bilboko Guggenheim museoa diseinatzeko lehiaketa egin zenean hasi zen guztia. Frank Gehry arkitekto estatubatuarra gailendu zen, eta Wolf D. Prix arkitekto austriarraren proiektua geratu zen bigarren postuan. Egun batean, Zarauzko Kultura zinegotzi bati, Wolf D. Prix jaunari arantza hura ateratzeko aukera ematea otu zitzaion. Guggenheim handi hartatik 83 kilometro eskasera, Zarautzen, arkitekturaren historian lekua izango zuen proiektu berria diseinatzea proposatu zion. Kultura zinegotziaren eskutik Zarautzera egin zuen lehen bidaian, Euskal Herria ezagutu zuen. Musika Plazako taberna batean, terrazan, txakolin baten eta bestearen artean, liluratuta begiratzen omen zion aurrean zeukan eraikinari eta hango mural handiari: Tourist, remember. This is not Spain. You are in the Basque Contry!

Arkitekto austriarra galdezka hasi zen, eta Kultura zinegotziak, Zarautzek eta Euskal Herriak sorgindu egin zuten. Onartu egin zuen eskaintza. Baietz. Diseinatu egingo zuen Guggenheim apalago bat, Bilbotik hurbil. Handik aurrera heldu zen nazioarteko arkitektoen lehiaketa, milioika pezetako kontratu garestien bilduma, Zarautz New York Viena Amsterdam New York bidaien sasoia, simposiumak eta abar luzea. Oskola zen garrantzitsua, Wolf D. Prix eta Zarautz distiratsu ager zitezen Europan. 21 milioi euro. Eta oskolaren barruan, nola ez, Kultura zinegotzi haren bulegoa izango zena ere azaltzen zen txostenetan, nolakoa izan behar zuen erabat zehaztuta, dorre eta guzti. Kontua ez baitzen herriaren beharrak aseko zituen eskaintza eta egitaraua osatzea, porlanaren kulturan eta industrian oinarritutako handikeria baizik. Faraonikoa. Itxura.

Proiektuaren aurrekontua 21 milioi eurokoa izanda, ezin zuten lagunen artean esleitu, eta horretarako sortu zuten Zarautz Lur SA. Honek nazioarteko lehiaketa mugatua antolatu zuen, zinegotzi jeltzaleak munduan barrena bisitatu eta limurtutako arkitekto sonatuekin. Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoaren haserrearena, etxeko arkitektoen zapuzkeriatzat hartuko zuten, besterik gabe.

Dirutza eskatzen zuen proiekturako, hiru bidelagun aurkitu zituen Zarauzko Udalak: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Krisiaren enbata hurbildu ahala erori ziren hirurak, ordea, eta Zarauzko Udala bakarrik geratu zen. Kultura zinegotzia, urrezko dorrerik gabe, eta zarauztarrak kultur azpiegitura egokirik gabe, herriko eragileekin adostu eta osatutako egitaraurik gabe. Ezer gabe. Ez oskolik eta ez mamirik azkenean.

Ameskeriak, Zarautzentzat, milioika euroko zulo handia ez ezik, kultura azpiegituren galbidea ere ekarri zuen. Ez ziren batere zaindu kultur ekimenetarako herriko gainerako azpiegiturak. Areago, eraikin berri eta handiak dena konponduko zuelakoan, apaltzen, itzaltzen eta erortzen utzi ziren. Nahita. Munduari harro erakusteko Guggenheim berria behar zuen lekuan, piperrak eta tomateak dituen baratze bat besterik ez zen geratu.

Handira egin zuten apustu Kultura zinegotziak eta Zarauzko Udalak, eta galdu egin zuten.
Zarauztarrok galdu egin genuen. Gaur, hainbat urte geroago, Zarautzek ez du herriaren beharrak asetzeko moduko agertokirik, zinemarik, kultura azpiegiturarik. Hori da batzuen handinahikeriak kultura aldetik herri honi utzi dion oinordetza.

Horren aurrean, hurrengo hilabete eta urteotako ekimenak Zarauzko elkarte, talde eta eragileen artean mamitzeko premia agerian geratu zen udaren atarian egin genuen parte-hartze prozesuan. Kultura azpiegiturak aztertzeko eta berrantolatzeko beharra agerian geratu zen, eta Modelo zinema zenaren eta beste azpiegitura batzuen inguruko hausnarketa egin genuen hainbat herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin.

Oskolak kezkatzen gaitu, noski, baina mamian sinesten dugu guk. Eraikin bat aldarrikatzen dute batzuek, besteren bat besteek. Baina eraikin baten zein bestearen gainetik, kudeaketan asmatzea da daukagun erronka nagusia, herri honek kulturarentzat merezi duen bilgunea, zehazki, elkarlanean osatutako egitarau erakargarria eta askotarikoa izan dadin.

Horretarako, musikan, antzerkian, zineman, literaturan eta beste hainbat esparrutan aritzen diren herriko hainbat eragilerekin batera, eta eraikin zehatzak bizirik aldarrikatzen dituztenekin batera, Zarauzko kultur ekimenak bateratzeko eta espazio berriei zein zaharkituta geratutakoei bizitza emateko, lanean hasi gara dagoeneko. Uda honetan, nolabait, Sortaldea Kultura Eremua izan da lehen entsegua, eta hurrengo asteotan emango dugu esperientzia horretatik ikasitakoa zabaltzeko asmoaren berri, Modelora edo beste eraikin batzuetara. Modelo zinema zena, zehazki, alokatuta dago hurrengo sei hilabeteotarako, eta hurrengo egunotan ezagutaraziko ditugu ekimen eta egitarau berriak. Horretan ari gara lanean, Zarautz atzera bueltarik izatea nahiko ez genukeen kultur kudeaketa herrikoi batera eramateko. Munduko tomate garestienen historiatik, zerbait ikasi dugu behintzat: zer den egin behar ez duguna. Zarautzek eta zarauztarrek beste zerbait merezi dute.

[ Post Scriptum: honakoa, berriz, goiko testuaren bertsio laburtua da, iritzi artikulu bezala Zarauzko hedabideetara bidalitakoa ].

ZINEMA ZAHARRETIK KULTURA EREDU BERRIRA

Iraileko osoko bilkuran, Zarauzko udalak onartu egin zuen polikulturalaren kontratuak eteten hastea. Zehazki, Zarauzko arte eszenikoen zentroko proiektuari buruzko aholkularitza eszeniko eta akustikoaren kontratua eman genuen bukatutzat erabaki horrekin. Udal gobernuak bere osotasunean emaniko prentsaurreko batean azaldu genituen polikulturalak arlo ekonomikoan herri eta udal honi suposatu diona: 1,3 milioi euro gutxienez.
Baina Kultura Zinegotzi naizen neurrian, polikulturalaren apustuak kulturalki nolako ondorioak utzi dituen zehaztu nahiko nuke gutun honen bidez:

Polikulturala, ameskeriatzat, faraoikeriatzat definitu izan dute hainbat herri eragilek, eta definizio horrekin bat egiten dut, erabat. Ekonomikoki eta arkitektonikoki izugarrikeria bat zen, baina gainerako azpiegiturak txiki uztea eta estaltzea ere helburu zuen. Zeudenean zeuden gainerako kultur azpiegituren galbidea ekarri zuen horrek, ez baitziren batere zaindu kultur ekimenetarako herriko gainerako azpiegiturak. Areago, eraikin berri eta handiak dena konponduko zuelakoan, apaltzen, itzaltzen eta erortzen utzi ziren. Zertan dira bestela Ebro Etxea, Villa Munda, Sanz Enea eta Lizardi Antzokia?

EAJko kultur zinegotziak handira egin zuen apustu Zarauzko Udalean polikulturalaren gaiarekin, eta galdu egin zuen. Baina gaitzerdi berak bakarrik galdu izan balu: zarauztarrok galdu genuen, zeuden azpiegiturak hiltzen utziz eta handira jokatuta zorpetuz. Gaur, ameskeria hasi eta hainbat urte geroago, Zarautzek ez du herriaren beharrak asetzeko moduko agertokirik, zinemarik eta ezta kultur azpiegiturarik ere. Hori da faraoikeriaren oinordetza.

Horren aurrean, hurrengo hilabete eta urteotako ekimenak Zarauzko elkarte, talde eta eragileen artean mamitzeko premia agerian geratu zen udaren atarian egin genuen parte hartze prozesuan. Kultura azpiegiturak aztertzeko eta berrantolatzeko beharra agerian geratu zen, eta Modelo Zinema zenaren eta beste azpiegitura batzuen (Gaztelekua, adibidez) inguruko hausnarketa egin genuen ia 100 herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin.

Azpiegiturak kezkatzen gaitu, baina kultur programazio on baten edukiontzi izango den heinean. Baina eraikin bat edo bestearen gainetik, kulturaren kudeaketan, programazioan eta edukietan asmatzea da daukagun erronka nagusia, herri honek kulturarentzat merezi duen bilgunea, zehazki, elkarlanean osatutako egitarau erakargarria eta askotarikoa izan dadin.

Horretarako, musikan, antzerkian, zineman, literaturan eta beste hainbat esparrutan aritzen diren herriko hainbat eragilerekin batera, eta eraikin zehatzak bizirik aldarrikatzen dituztenekin batera, Zarauzko kultur ekimenak bateratzeko eta espazio berriei zein zaharkituta geratu direnei bizitza emateko, lanean ari gara aste batzuetatik hona. Uda honetan, nolabait, Sortaldea Kultur Eremua izan da lehen entsegua, eta hurrengo asteotan emango dugu esperientzia horretatik ikasitakoa beste erakin batzuetara zabaltzeko asmoaren berri.

Izan ere, polikulturalarekin gertatu zena salatzen dugu, baina konponbidean ari gara lanean: Modelo alokatua du Udalak hurrengo hilabetetarako eta hurrengo egunetan ezagutaraziko ditugu ekimen eta egitarau berriak.

Polikulturalaren eredutik aldenduta, herriko eragileekin elkarlanean eta irudimenarekin aritu beharko dugu, eta horren erakusle da herriko hainbat talde eta eragilerekin batera Modeloren kudeatzeko egiten ari garen bilerak, zinema zaharra zena kultura kudeatzeko eredu berria izan dadin.

Dirua eta oskola ez, irudimena eta mamia, beharrei behar bezala erantzun ahal izateko.





Resumen en castellano, por favor

1 08 2012

Zarauzko eta Debako Udako Musikaldiak aurkeztu ditugu gaur eguerdian hedabideen aurrean, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak, Debako alkate Maider Zubikaraik eta hirurok.

Euskaraz egin du aurkezpena Garazik, eta gazteleraz itzuli du gero esandakoa, Maiderri eta niri hitza pasatu aurretik.

Euskara hutsean hitz egin du Debako alkateak, eta amaitu eta niri hitza pasatu didanean, gazteleraz ere egiteko eskatu dio kazetari batek. Zubikaraik gazteleraz laburtu dio euskaraz esandakoa.

Nik ere euskaraz hitz egin dut, eta amaitu dudanean, kazetari berak eskaera bera egin dit, gazteleraz ere egin ote dezakedan, “por favor”. Tira, gutxienez, mesedez eskatzeko detallea izan du. Uko egin diot eskaerari, noski. Horrelako kasuetan, hizkuntza politika ausarta eta euskalduna izan ezean, burutik behera nahi duten guztia egingo digutela sinetsita. Pentsatu dut ez dakidala zein hedabideetakoa den, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bi udalek deitutako prentsaurreko batera euskararik ez dakien kazetari bat bidaltzeko gibela behar duela bere erredakzio buruak edo arduradunak. Pentsatu, eta esan ere egin diot, gainerako guztien aurrean.

Prentsaurreko agerraldia amaitu dugunean, itzulpena eskatu duenak eta beste zenbait kazetarik alde egin dutenean, El Diario Vasco egunkariko bi kazetari hurbildu zaizkigu. Bat kazetaria, bestea argazkilaria. Prentsaurrekoaren bideoa egin behar dutela, eta ea bakoitzak minutu bateko laburpena edo kortea eskainiko diegun, esan duguna laburtuz. Baietz esan diegu. Eta errepikatu egin da, bere horretan, prentsaurrekoan gertatutakoa. Euskaraz soilik egin ditut nik adierazpenak, beste bi mahaikideek ez bezala. Lepoa jokatuko nuke, beste bien korteetatik desagertu egingo dela euskara, eta gaztelerazko bertsioa soilik entzun ahal izango dugula.

Bideoa grabatzea amaitutakoan, El Diario Vasco egunkariko kazetaria etorri zait, adeitsu, barkamen eske. Ulertzen duela nire jarrera, bera praktiketan dagoela, Bizkaitik hona bidali dutela, eta sentitzen duela euskara ez jakitea. Benetan esan didala iruditu zait.

Editatu eta webgunean jarri behar zuten bideoa ikusteko desiatzen nago…





Euskara da gure territorio libre bakarra

4 07 2012

Joseba Sarrionandiak poema eder hartan idatzitakoa goitik behera sinesten dugu batzuk: euskara da gure territorio libre bakarra, eta territorio hori zaintzeko ahaleginak egitea dagokigu udaletan ordezkaritza dugunoi eta, zer esanik ez, euskara zinegotzioi.

Horren harira, prentsaurrean agerraldi garrantzitsua egin dugu gaur Zarautz, Orio eta Getariako euskara zinegotziok, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin batera. (Zumaiako zinegotziak ezin izan du agertu, gaur gauean 26 urteko langile zumaiarra hil delako lan istripu baten ondorioz, eta oso hurbil egokitu zaion kontu horrek belztu diolako eguna eta agenda).

Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Batzordeak proposatutako hizkuntza politika bateratua onartu zuen Udal Elkarteak duela zenbait hilabete, eta gerora Zarautz, Orio, Zumaia, Getaria eta Aiako udalek bat egin dute hizkuntza politika horrekin, udal osoko bilkuretan bozkatuta eta hamar puntuekin bat eginda.

Hamar puntu horiek aurkeztu, bide horretan lan egingo dugula nabarmendu, eta udal ordezkari gisara etxeko lanak egingo ditugula ere esan dugu gaur. Besteak beste, udalek ordaintzen dituzten faktura guztiak euskaraz ERE jaso nahi ditugula esanez hornitzaile guztiei gutunak bidaliko dizkiegula jakinaraziz, lehen urrats bezala. Hornitzaileek eskubidea dute fakturak gaztelera hutsean bidaltzeko. Ados. Udalek euskara aintzat hartzen ez duten hornitzaileak baztertzeko eta euskara kontuan hartzen dutenekin lan egiteko dugun eskubide bera.

Gure udaletako berezko hizkuntza kontuan hartzea besterik ez dugu eskatzen. Euskara bizi nahi dugu. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi diogu. Besterik ez. Euskara legez hizkuntza ofiziala baldin bada euskal erdian, bada ordua ofizialtasun hori benetakoa izan dadin erabaki ausartak hartzeko.

Hori da gure asmoa.

Hemen gaurko agerraldiari buruzko prentsa oharra eta informazio zehatza:
· Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalen eta Urola Kostako Udal Elkartearen Hizkuntza Politika Orokorra (prentsa oharra, PDFan).





Zarauzko Udal Gobernua, herritarren aurrean

15 06 2012

Pasa den urteko urriaren 21ean, Bilduko bederatzi zinegotziok agerraldia egin genuen jendaurrean, Udal Gobernuaren kudeaketa gure gain hartu eta hiru hilabetera, Zarauzko Udalean aurkitu genuenaren eta, batez ere, bakoitzari dagozkigun sailetan aurten egin asmo dugunaren berri emateko.

Udal ordezkariak garen heinean, herritarrek galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Emaitzarekin gustura gelditu ginen, eta gehiagotan egin beharreko gardentasun ariketa izan zela nabarmendu genuen. Informazio gehiago, hemen: Gardentasun ariketa, herritarren aurrean.


[ pasa den urriaren 21ean bezala, Bilduko bederatzi zinegotziek herritarren galderak erantzungo dituzte gaur. Oraingoan, Zarauzko Udal Gobernuaren izenean ].

Gaur, herritarren aurrean eseriko gara berriro ere, aurreko udal osoko bilkuran onartu ziren aurrekontuak azaltzeko, sail bakoitzean aurten ditugun egitasmo orokorren berri emateko eta, batez ere, herritarren zalantzak, galderak eta kezkak argitzeko. Aurrekoan Bilduko hautetsi gisara agertu ginen. Gaurkoan Zarauzko Udal Gobernuko kide gisara erantzungo diegu herritarren galderei.

Azken hilabeteotan udalgintzan nabarmendu diren hainbat konturi buruz lasai hitz egiteko aukera izango da, zenbait korapilo nola askatuko ditugun argitzeaz gain: hondakinen kudeaketa, azpiegitura kulturalen beharrak, turismo eredua, hirigintzako plan nagusiak, TAO sistema, gizarte politikak, eta abar.

Zuek duzue hitza.
Gu herritarren beharrak bideratzeko eta zuen kezkak eta zalantzak argitzeko gaude.

Gonbidatuta zaudete: gaur, 18:30ean, Antoniano aretoan. Zarauzko Udal Gobernua, herritarren aurrean.





Labankadaka, bizkarretik

29 05 2012

Iluntzeko 21:16ak aldera heldu naiz gaur etxera, kultura azpiegituren inguruko parte-hartze prozesuaren hirugarren saioa amaitu ondoren.
Hirugarren eta azken saio honetan, Zarauzko Udalaren proposamena ezagutarazi dugu.

Besteak beste, proposamen hauek nabarmendu ditugu:
· Modelo Zinemaren jabeekin akordioa lortu eta irailetik aurrera aretoari bizitza ematea, alokairua ordainduz.
· Sanz Enea kultur etxea osorik liburutegi bihurtzea.
· Itsas Naturako eraikina kultura ekimenetarako eta erakusketetarako erabiltzea.
· Eraikin berria behar izanez gero, hutsetik eraiki beharrean, Santa Klara komentua izatea eraikin horren bihotza. Eliza, komentuaren eraikina, klaustroa, eta gainerakoetatik abiatuta, duela pare bat aste Zarauzko arkitekto batek aurkeztu zigun proposamenaren harira.
· Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handia ere izan daitekeela kultura azpiegituretarako eraikin posible bat, metro koadro ugari dituelako hainbat jardueretarako.

Etxera heldu naizenetik hiru ordu laurden ingurura, Erlo Telebistan Zarauzko PSE-EEren prentsaurreko bat ikusi dut, antza denez gaur goizean eman dutena, Zarauzko kultura azpiegituren inguruan.

Besteak beste, proposamen hauek nabarmendu dituzte:
· Modelo Zinemaren jabeekin akordioa lortu eta aretoari bizitza ematea, alokairua ordainduz eta erosteko aukera zabalik utziz.
· Sanz Enea kultur etxea osorik liburutegi bihurtzea.
· Itsas Naturako eraikina kultura ekimenetarako eta erakusketetarako erabiltzea.
· Eraikin berria behar izanez gero, hutsetik eraiki beharrean, Santa Klara komentua izatea eraikin horren bihotza. Eliza, komentuaren eraikina, klaustroa, eta gainerakoetatik abiatuta.
· Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handia kultura azpiegituretarako erabiltzea, metro koadro ugari dituelako hainbat jardueretarako.


[argazkia: Sanz Enea kultur etxea, flickr.com/photos/imanollasa/ medio ]

PSE-EEk egin dituen zenbait proposamen ezagutzen zituen aldez aurretik, Kultura zinegotziaren ahotik, azken asteotan Kultura Batzordean horien berri eman diegulako. Aktak irakurri besterik ez dago. Gaur beraien proposamen bezala aurkeztu dituzte hedabideen eta, beraz, zarauztarren aurrean, inolako lotsarik gabe, Zarauzko Udalaren eta Kultura Sailaren asmoak horiek direla ezkutatuz.
Santa Klara komentuaren eraikinarena eta Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handiarena, berriz, teknikari bakan batzuk soilik zekiten, gaur arratsaldean azpiegituren inguruko parte-hartze prozesuaren hirugarren saiora joan diren herritarrek eta kultur eragileek baino lehenago. Norbaitek PSE-EEri jakinarazi dizkio, eta honek hedabideen aurrean aurkeztu ditu gaur.

Ondo.
Konfiantza esaten zaio honi.
Eta garbi jokatzea.
Politikan gardenegiak, zintzoegiak eta inozenteegiak garela entzun dugu behin baino gehiagotan.
Labana behin eta berriro sartuko digutela bizkarretik.

Gaur ere ikasi dugu zerbait.
Labankadaka bada ere.

Ez dugu ahaztuko.





Erabateko babesa eta elkartasuna Gurekin Jai Batzordeari

28 03 2012

Zarauzko Gurekin Jai Batzordeko kide bat epaitzen hasiko dira apirilean Espainiako Audientzia Nazionalean. Informazioa, hemen.

Horren harira, jai batzordeak mozioa aurkeztu du gaurko plenorako, eta aztergaien zerrendan izango dugu gaurko udal osoko bilkuran.

Bilduko zinegotziok mozioa babesten dugunez, jai zinegotzi bezala honakoa esango dut Zarauzko Udal Gobernuaren izenean, Gurekin Jai Batzordeari eta auzipetutako zarauztarrari erabateko elkartasuna eta babesa adierazi nahian.

ZARAUZKO UDAL GOBERNUAK GUREKIN JAI BATZORDEAREN AURKAKO EPAIKETAREN ATARIAN

Ez da esaten dudan lehen aldia: izan sanpelaioak, izan Euskal Jaiak, izan auzoetako festak, eta antzekoak, Zarautzen, bateko edo besteko festak iristen direnean, guztietan, beti dago lanerako borondatearekin ageri den herritar sorta ederra.

Ez da esaten dugun lehen aldia: Zarauzko Udalak horien guztien ispilu izan behar du. Gure lana da horiek guztiek herriaren alde egiten duten lana aitortzea, eta behar dituzten bitartekoak eskura jartzea. Izan ere, auzoetako jai batzordeetatik eta gainerakoetatik behin baino gehiagotan esan eta aldarrikatu izan da, azken urteotan, ulertezina izan dela Zarauzko Udalaren jarrera: lanerako gogoa eta borondatea erakutsi izan duenari, lagundu beharrean, trabak jartzea askotan.

Gurekin Jai Batzordeak badaki zerbait horri buruz. Gehiegi.

Festak antolatzeagatik, jai eredu parte-hartzaile eta herrikoian sinetsi eta zarauztar guztiek lekua izango duten festak antolatzeagatik, oztopoak, neurrigabeko fidantzak, beste inori eskatzen ez zaizkion baldintzak eta kriminalizazioa ere ezagutu ditu azken urteotan. Zarauztar askok ez dute erraz ahaztuko: udal osoko bilkura areto honetan bertan, gaurkoa bezalako udalbatzar batean, Gurekin Jai Batzordearen festa eremua «antro de rateros, ladrones, violadores y terroristas» hutsa dela esan izan da, lasai asko.

Gurekin Jai Batzordea, gustatu ala ez, ordea, hainbat alorretan lanean aritzen diren Zarauzko elkarte eta eragileek osatzen dute eta, beraz, Zarautzen sustrai sakonak ditu. Antolatzen dituen ekimenei eta egitarauei, jasotzen duen babesari eta herriari ematen dion koloreari begiratu besterik ez dago.

Jai zinegotzi bezala, beraz, Udal Gobernu osoaren izenean, Gurekin Jai Batzordeak orain arte egin duen eta gaur egun ere egiten duen lana eta ahalegina eskertu nahi dut hemendik. Aupa zuek!

Hau esanda, ordea, ezinbestekoa da iazko sanpelaioetan gertatutakoaren irakurketa politikoa egitea. Maiatzaren 22ko hauteskundeek aldaketa politikoaren, indar metaketaren eta prozesu demokratikoaren aldeko erauntsia ekarri zuten euskal herrietara. Ekainaren erdialdera karguak hartu zituzten alkate eta zinegotziek, eta testuinguru hartan zentzurik alaienean lehertu ziren lehenengoetako festak izan ziren sanpelaioak.

Guk espero gabe, ordea, Zarautzek, Bilduren aurkako sorgin ehizari ekiteko osagai asko zituen. Gerra ministerioek diseinatu eta zenbait hedabideren laguntzarekin gezurrak zabaltzen hastea nahikoa zen horretarako. Antza denez, leku batzuetan, gauzak ez baitira hain erraz aldatzen. Plan ZEN. Zona Especial Norte. Basta que la información sea creíble para explotarla.

Horrela heldu ziren lehen titularrak. Un alcalde de Bildu pide explicaciones a la Ertzaintza al retirar fotos de presos etarras. Edozerk balio zuen Bildu lokazteko, eta ibaiak gora egin zuen. Horrelakoetan, badakizue nolakoa den prentsa ultraeskuindarra: El alcalde proetarra de Zarauz, blablabla. Basta que la información sea creíble para explotarla. Lerro bakar bat ere ez, noski, gertaera haien atarian zenbait zinegotzik, udaltzainek, ertzainek eta Gurekin Jai Batzordeko kideek batzuen eta besteen artean izandako dei, bilera, solasaldi eta gainerakoez, festa eremua errespetatzeko eta sanpelaioak lasai eta alai igaro ahal izateko konpromisoez.

Bestelako aginduak eta titularren beharra, ordea, Zarauzko festa eremuen eta polizia etxeen gainetik zeuden, eta Ertzaintza, halako batean, hitz emandako konpromisoak urratuz festa eremura sartu zen udal ordezkariei eta udaltzainei aldez aurretik ezer jakinarazi gabe.

Festa eremutik, epailearen arabera, hainbat zarauztarren argazkiak zituen pankarta bat kendu zuten.

· Iraitz Gesalaga: Ziburun atxilotu, Espainiaratu, eta epaitu gabe behin-behinean kartzelan zuten gazte zarauztarra. Hamalau hilabete egin zituen kartzelan, epaitu eta errugabe izendatu ondoren pasa den hilabetean aske utzi zuten arte. Antzeko zerbait egin zuten beste zarauztar batekin duela urte batzuk: atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta hainbat hilabetez kartzelan eduki zuten Iñaki Uria, Euskaldunon Egunkaria zenaren administrari kontseilari ohia. Gero, epaiketan errugabe izendatu zuten.
· Ekaitz Sirvent: duela ia hiru urte Frantzian atxilotu eta oraindik epaitu gabe behin-behinean preso duten gazte zarauztarra.
· Aritz Labiano: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Haritz Gartxotenea: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Jose Mari Perez Diaz, Txuri: etakidea izateagatik eta atentatu batean parte hartzeagatik ezarri zioten kondena 2008ko abenduaren 15ean amaitu zuen arren, oraindik espetxean duten zarauztarra.

Ertzaintzaren arabera, bost zarauztar horien argazkiak zituen pankartak.

Munduko edozein abokatuk edo epailek esan dezala, arren, bost lagun horien argazkiak erakusteak zein delitu dakarren eta zein legetan oinarritzen den. Inon ez dago hori delitutzat jotzen duen legerik.

Nahikoa da, ordea, borondate politikoa, frankismoaren oinordekoa den salbuespeneko auzitegi bat, eta epaile baten konplizitatea, edozertarako.

Auzitegi Nazionala eta Fernando Grande-Marlaska, adibidez.

Begira hiru orrialdeko autoaren lehen orrialdea:

Juzgado de Instrucción Número Tres. Audiencia Nacional. Madrid.
Auto
En Madrid, a ocho de noviembre de dos mil once
Antecedentes de Hecho
(blablabla…)

Así las cosas, en la tarde del día 25 de junio de 2011, agentes no uniformados de la Ertzantza observaron como en el escenario y en una de las txoznas, la cual no ha podido ser identificada, se habían colocado fotografías de presos de la organización terrorista ETA, entre ellos: JOSE MARIA PEREZ DIAZ, ARITZ LABIANO ZEZEAGA, EKAITZ SIRVENT AUZMENDI, IRAITZ GESALAGA FERNANDEZ, HARITZ AINGERU GARTXOTENEA IRURETAGOIENA, GARIKOITZ BERASALUCE OSTOLAZA Y FRANCISCO JAVIER ECHABURU ELU.

Ederki.

Udal Gobernu honetako Garikoitz Berasaluze Ostolaza eta Francisco Javier Echaburu Elu zinegotziak, orain, presos de la organización terrorista ETA gara.

Berriro ere Audientzia Nazionalaren eta bertako epaileen zorroztasun juridiko guztia agerian.

Barregarria da. Erabat. Kontua serioegia ez balitz…

Salbuespeneko Audiencia Nacional horrek eta epaile zehatz horrek jendea atxilotu, inkomunikatu, inolako frogarik gabe epaitu eta urte luzeetarako kondenatuko ez balu.

Berriro ere beste zarauztar bat bidegabekeria handi baten eta epaiketa absurdo baten atarian ez balego.

Eskandalu hutsa da apirilaren 20an hasiko den Gurekin Jai Batzordeko kide baten aurkako epaiketa, azken urteotan beste zenbait zarauztarren auzipetze, epaiketa eta kondenak izan diren bezala.

Hau guztia salatzeko ekimenetan, beraz, gure babes osoa izango du Gurekin Jai Batzordeak eta auzipetutako zarauztarrak. Erabaki politiko batean oinarritzen den eta inolako helduleku juridikorik ez duen auzipetze eta jazarpen honen aurrean, ondoan izango gaituzue.

Horregatik onartu dugu hau guztia salatzen duen mozioari sarrera ematea eta udal osoko bilkura honetara ekartzea.





Gaur Jose Ignazio Iruretagoienaz akordatzen naiz

9 01 2012

1998an, ordu honetan bertan, 07:50ean, eztanda batek astindu zuen Zarautz.

Gaur, 14 urte geroago, urteurren mingotsa da Zarauzko Udalarentzat: PPko zinegotzia zen Jose Ignazio Iruretagoiena hil zuen ETAk.

35 urte zituen. Alargunaz gain, sei hilabeteko eta hiru urteko bi haur aitarik gabe utzi zituen atentatuak, familia erabat hautsita.

Jose Ignazio Iruretagoiena

Ez dago esan beharrik ere politikoki oso urrun nengoela eta nagoela Iruretagoienaren alderditik. Beste muturrean. Baina Gernikako Akordioak esaten duenaren ildotik, gatazka benetan gaindituko badugu, besteak beste zor diogu “aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori”, eta Jose Ignazio Iruretagoiena horietako bat da.

· Cuarto concejal del PP vasco asesinado por ETA (El País, 1998-01-10).





Aurten ere euskara herren dabil Zarauzko Erdi Aroko Azokan

4 12 2011


[ argazkia: Urola Kostako Hitza ]

Euskararen Egunaren biharamunean, etsigarria da Zarauzko Erdi Aroko Azoka zeharkatzea. Erakusmahai gehienetan erdara soilik ageri da, iaz bezala. Ez dago aitzakiarik: huts egin dugu. Zalantzarik gabe, Udalarena baita erantzukizuna, zarauztarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartu ez izanagatik. Euskara zinegotzi bezala, lotsa sentitu dut gaur euskararen presentzia aztertzeko erakusmahai guztiak zeharkatu ditudanean.

Postu eta erakusmahai bakanetan ageri da euskara behar bezala. Beste batzuetan, nabari da gaztelera gailentzen den arren euskarari ere lekua egiteko ahalegina. Gehienetan, ordea, gaztelera hutsean daude oharrak, eskaintzak, kartelak eta gainerakoak. Desastre hutsa.

“Gauza batzuk ondo egin genituen, eta beste batzuk gaizki ez, oso gaizki egin genituen” adierazi zuen pasa den asteko udal osoko bilkuran Imanol Lasa zinegotziak, jeltzaleen bozeramaile gisara, pasa den legealdiaz eta Udal Gobernuaz ari zenean. Erdi Aroko Azoka da horren isla argia. Herriari bizia emateko eta bisitariak erakartzeko ekimen egokia da, baina lehen urtetik bigarren mailako herritarrak bihurtu gintuen euskaldunak. Ikasi dugu zer dakarren aurrekoek egindakoa bere horretan egiten segitzeak: gauzak batzuk ondo egingo ditugu, eta beste batzuk gaizki ez, oso gaizki egingo ditugu.

Negozio pribatuetan neurriak hartzea zailagoa den arren, Udalak antolatzen dituen ekimenetan erraza baita hizkuntza irizpideak betetzea eta euskaldunon eskubideak bermatzea: nahikoa da euskara bermatu ezean ekimenetarako baimenik ez ematea. Baimena lortu ondoren irizpideak betetzen ez dituena, berriz, oso kontuan hartuko da hurrengo eskaerak jasotzerakoan.

Herritarrei emandako hitzari zor diogu batetik, eta euskaraz bizi nahi duten zarauztar guztiei bereziki. Ea ikasten dugun.