The Hum: azalpenik gabeko oihartzuna, Artozkin ere entzuten zena

22 01 2014

Duela hamaika urte, 2003ko irailean, bizitzan arrasto sakonenetakoa utzi didaten zenbait egun eman nituen Artozkin. Itoizko urtegia eraikitzeko lanek aurrera egin ahala, gerora urpean geratzekoak ziren herriak eraisteari ekin zion Nafarroako Gobernuak. Bertako biztanleek eta Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek herriak defendatzeari ekin zioten, eta erresistentzia hilabeteak izan ziren haiek. Itoitz eta beste hainbat herri eraitsi ondoren, Muniain eta Artozki izan ziren azkenak. Irailean, hondeamakinak Artozki mapatik ezabatzera heltzekoak ziren egunean, herritarrek utzitako baserri eta eta etxeetara sartu ziren Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak, eta teilatuetara igota, herria defendatzeko asmo sendoa agertu zuten.

Sasoi hartan Nafarroan bizi nintzen, Tafallan, eta asteburuetan ugaldu egiten ginen elkartasuna adieraztera edota astean zehar erresistentzian zeudenek atseden har zezaten lekukoa ematera batetik eta bestetik heltzen ginenak. Besteak beste, Artozki Artezki bihurtzeko ideia mamitu genuen asanblea haietako batean. Musikariek, pintoreek, artistek, kirolariek, idazleek, aktoreek, pailazoek eta bazter guztietatik heldutako lagunek, zenbait egunez bizirik eutsi zioten herriari. Herria osotasunean museo eta agertoki erraldoi bihurtu zen, eraistekoak ziren eliza, frontoia, baserriak eta gainerakoak erakusleiho bihurtuta.

Artozki · Artezki

Kolore guztietako poliziek lagunduta hondeamakinak heldu eta herria eraistea lortu zuten arte.

Oroitzapenetan, dozenaka eta dozenaka argazki, egun haietan egindako lagunak, suaren inguruan izandako solasaldiak, eta teilatuetan goardian emandako gauak geratu zitzaizkidan.

This slideshow requires JavaScript.

Guztia ezin hobeto bilduta dago Edurne Elizondoren Itoitz, porlanezko gezurra (Txalaparta, 2004) liburuan edota Itoitz hustu arte (Eguzki bideoak, 2008) dokumental bilduman.

 

Biztanleak halabeharrez mendeetako bizimoduari uko egitera eta herritik alde egitera behartu ondoren han sentitzen zena ez da erraza hitzekin adieraztea. Artozkira heldu nintzen lehen egunean atentzioa eman zidan baserrien ukuiluetan, bertakoek hilerritik berreskuratutako hilobiak ikustea. Zer egin, hondeamakinek zure arbasoak lurperatuta dauden hilerria ere suntsituko dutela dakizunean?

143_4362  143_4325

Gaur hona ekarri nahi dudana, ordea, gauez teilatuetan goardian erabateko isiltasunean geundenean, zeruan entzuten zen sirena antzeko soinu, zarata, hots edo oihartzun berezi hura da. Gauez entzuten zen, ordu txikietan, eta ukitu metalikoa zuen.

Kikeri, Daniri, Txikiri… teilatuetan ondoan genituen eta Artze ibarra ederki ezagutzen zuten lagunei galdetzen genien ea zer zitekeen hura. Ez zuten azalpenik. “Lakaben noiz edo noiz entzuten da”, “auskalo non dagoen argindar dorreren baten eta haizearen arteko oihartzuna izango da” edo antzeko erantzunen bat dut gogoan. Benetan zitekeenaren inguruan, ordea, arrazoizko erantzunik ez.

Ia ahaztuta nuen kontua. Larunbat honetan, Milenio3 irratsaioan gaia landu duten arte, Cadizen urtarrilaren 7an entzun zen soinuaren harira. Lekukoek grabatutako hotsak entzun eta berehala lotu nuen: Artozkin duela hamaika urte entzuten zen oihartzunaren tonu eta molde berdin-berdin-berdina!

The Hum izena hartu du kontu honek nazioartean.
2010az geroztik ari da hedabideak astintzen, azalpenik gabeko soinua delakoan, eta Kanadako Gobernuak ikerketa ere abiarazi du, tarteka entzuten den oihartzun bereziaren nondik norakoa azaldu nahian.

thehumcadiz

Sare sozialak batean eta bestean grabatutako hotsekin betetzen ari dira, eta inork ez du azalpenik nondik datorren zeruan entzuten den soinu berezi hori. Artozkin 2003ko irailean oso argi entzuten zen, baina gaur egungo baliabiderik gabe, grabatu gabe utzi genuen.

Hemen kontu honi buruzko kanpo loturak:
· Uno de los testigos de ‘The Hum’ grabó el misterioso fenómeno de la noche del siete de enero (Andalucia Información).
· El número de testigos que oyeron The Hum se multiplica en la provincia de Cádiz (Andalucia Información).
· The Hum en Cádiz (ikerjimenez.com).
· Milenio 3, la nave del misterio (13×20): The Hum en Cádiz (audioa. irratsaio osoa entzungai).
· Una nueva grabación certifica el paso por Cádiz del misterioso fenómeno The Hum (Andalucia Información).

· The Hum (The Telegraph)





Ikusten ikasiz hobetzen da bista

10 01 2014

Herenegun, sare sozial batean Amaia Artze reiki maisuaren mezu hau ikusi nuen.

Begi Yoga

Ez nuen inoiz entzun edo irakurri ezer begi yogari buruz, eta Osaba Googlei galdetu nion. Erantzunetan eskaini zizkidan esteka guztien lehenengoetakoak gainbegiratu orduko harritu ninduen gaiak. Azken batean, honakoa da laburpena: hezurren bat hausten dugunean, makuluak jartzen dizkigute, eta ondoren errehabilitazioa dator, giharrak indartzeko eta hankak, besoak edo dena delakoa bere onera etortzeko. Begia ere giharra da, baina ahultzen denean ez digute irakatsi errehabilitazioa egiten. Makuluekin ibiltzera behartzen gaituzte bizitza osorako: betaurrekoak edo lentillak. Begia indartzeko eta osatzeko ariketak eginez gero, ordea, bista berreskuratu daiteke, makuluen beharrik gabe: betaurrekorik edo lentillarik behar izan gabe.

gari-betaurrekoak

Sasoi batean (10-12 urte nituenean) betaurrekoak izan nituen arren, ez dut azken 25 bat urteotan betaurrekoen beharrik izan, baina gaiak interesa sortu eta atzo Zarauzko Iogan Zentrora joan nintzen, begi yogari buruzko informazio hitzaldira.

Bates metodoari esker betaurrekoak kentzea lortu zuen Yolandak kontatu zizkigun gai honi buruzkoak, bertaratutako denak entzundakoekin erabat harrituz. Laburtuz:
· Ikusten ikasi behar dugu, bista galtzen ez joateko edo galdutako bista berreskuratzeko.
· Begia gai da horretarako. Makuluak (betaurrekoak zein lentillak), gainera, kaltegarriak dira begia osatu dadin. Makulurik gabe osatu behar da begia, ariketekin, begiarentzako errehabilitazioarekin.
· Begia gorputzaren beste organu bat gehiago da eta, beraz, gure egoera fisikoarekin oso lotuta dago bistaren kalitatea: orekak, lasaitasunak eta elikadura egokiak bista askoz hobea edukitzea dakar.

Solasaldiaren amaieran, kristalik gabeko betaurreko beltz eta zulodunak erakutsi zizkigun: estenoak, edo betaurreko  retikularrak, edo rasterbrille, edo pinhole… hainbat izen dituzte, hizkuntzaren arabera. Denok probatu genituen. Eta normalean betaurrekoak erabiltzen dituzten eta han zeuden herritarrek ezin zuten sinetsi: primeran ikusten zuten betaurreko berezi haiek jantzita. Ez zuten graduaziorik. Kristalik gabeko betaurreko zulodunak ziren, besterik gabe.

Bista arazoak izan arren, gure begiek berez betaurreko edo lentillarik gabe ere egoki enfokatzeko eta egoki ikusteko gaitasuna dutela erakusteko adibide bat besterik ez zen izan. Ikusten ikastea eta begia errehabilitatzea da gakoa, ez besterik. Ikasi egiten da. Europan, hainbat herrialdetan ari dira William H. Batez oftalmologoaren metodoari esker ikusteko eskolak sortzen eta milaka herritarrei bista ona berreskuratzeko aukera ematen, eta hori gurean ere ezagutaraztea eta jendeari ikusten erakustea da asmoa.

Zarauzko kasuan, ordu eta erdiko 12 saio izango dira. Astean behin, ostegunero, 20:15etik 21:45era, Iogan zentroan.
Hiru hilabete iraungo du, beraz, ikusten ikasteko ikastaroak, eta hilero 50 euro ordaindu behar da. Normalean, bista nabarmen berreskuratzen dute parte hartzaileek, eta kasu askotan makuluen inolako beharrik gabe amaitzen da errehabilitazioa.

Pertsonalki, ez dut inolako harremanik ez Iogan zentroarekin, ez Yolandarekin.
Baina gaiak zeharo harritu nau.
Atzo, informazio aurkezpenetik etxera heldu eta sarean aritu nintzen gai honi buruzkoak irakurtzen, eta Andrea Buch kataluniarraren webgune honekin egin nuen topo (gazteleraz): medotobates.es

metodo bates

Bertan, primeran azaltzen dira atzo Yolandak laburtu zizkigunak.

Gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen artikulu bat, PDFan:
[irudiaren gainean klik eginda jaitsi daiteke PDFa]
andrea2

Inolako zalantzarik gabe, ondo ikusteko arazoak dituzten eta betaurrekoak edo lentillak erabiltzen dituzten lagun guztiei erabat gomendatzen diet gaiari buruzkoak irakurtzeko eta, ahal izanez gero, metodo honetan oinarritutako ikastaroen berri izateko.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta kanpo loturak:
· Mejora tu visión de forma natural: medotobates.es
· Bathes Metod and pinhole glasses.





Itsasoa XXL (Zarautz, 2014-01-07)

7 01 2014

Euskal kostaldera indartsu ari da sartzen itsasoa azken orduotan.
Honako argazkia eta bideoa gaur goizean hartutakoak dira, Zarauzko malekoian.

Gai honi buruzko loturak:
· Kalte handiak eragin ditu itsaso zakarrak euskal kostaldean (argazki eta bideo bilduma: Argia, 2014-01-07).