Ezkioko agerpenak, Errepublika garaian milaka fededun asaldatu zituzten gertakariak

27 12 2012

Egun batzuetan 80.000 lagun biltzera heldu zen gertakari misteriotsu bezain sonatua izan zen Ezkion 1933an. Herriko bi haurrek, ama birjina agertu zitzaiela esan zuten, eta kontua ahoz aho azkar zabaldu zen. Berehala hasi zen ama birjina ikusi omen zuen jende gehiago ere agertzen, eta mirariak ere aipatzen zituzten. Azken urteotan Lourdes edo Fatima izan diren bezala, sasoi batean Ezkio bihurtu zen Europako erromesaldi jendetsuenen bilgunea.

Goierriko Hitzak maiatzean argitaratu zuen erreportajean argi bezain zehatz kontatzen da guztia:

“Ustezko gertakariak ekainaren 30ean izan ziren. Egunero bezala, Bereziartua anai-arrebek (7 eta 11 urtekoak) esnea erosi eta atzera etxerako bidean zihoazen. Anduaga parean, argi distiratsu bat ikusi zuten. Ama birjinaren irudia zen. Aurreneko agerpen hartan, ama birjina zuriz jantzita eta mantoi beltz batekin zegoela esan zuten umeek. Esku batean Jesus haurra zuen, eta bestean zapi bat. Askok ez zuten kontu hura sinetsi, baina aste beteren buruan, Patxi Goikoetxea arotzari agertu zitzaion ama birjina. Orduan erabat beltzez jantzita, eta odoldutako ezpata bat eskuan zuela agertu omen zen.

Kontua berehala zabaldu zen, eta jendetza etortzen hasi zen Ezkiora. Askok ama birjina ikusi zutela esan zuten. Beste batzuk, gaitzak sendatzen zituela. Baziren extasi egoeran sartu eta atzerriko hizkuntzak hitz egiten zituztenak ere. Anduagan jendetza biltzen zen; egun batean 80.000 lagun ere elkartu ziren, garaiko kroniken arabera. Hainbesteko eromenak, eliza bera ere kezkatu egin zuen, eta hasieran agerraldiei sinesgarritasuna eman bazieten ere, berehala hasi ziren kontrako ahotsak agertzen.

Ustezko agerraldien kontra gogorren agertu zenetako bat, Jose Antonio Laburu apaiza izan zen. Agerraldiei sinesgarritasuna kentzeaz gain, ama birjina ikusi zutela ziotenek buruko arazoak zituztela esan zuen. Aldekoen artean berriz, Amado Cristo de Bruguera apaiza zegoen. Hainbat mirariren lekuko izan zela zioen, eta ustez gezurretan ari zirenei, froga gogorrak pasa arazten zizkien.

Gertaerak izan zirenetik bi urtera, Mateo Mujika Gasteizko obispoak, idatzi bat bidali zuen Vaticanora, Ezkioko agerpenak gezurrezkoak zirela esanez. Eliza ofizialki agerpenen kontra agertu zen, eta gaiaren inguruko liburuak edo bestelako argitalpenak ateratzea debekatu zuten. Hala ere, jendeak Anduagan biltzen jarraitu zuen, harik Gipuzkoako gobernadoreak aurrena, eta Ezkioko alkateak gero, han biltzea debekatu eta isunak jartzeko mehatxua egin zuten arte. 79 urte geroago, oraindik ere badira Ezkiora gerturatzen diren fededunak”.

Ezkikoko agerpenei buruzko erreportajea Iker Jimenez kazetari gasteiztarrak aurkezten duen Cuarto Milenio telebista saioan:

Lehen zatia

Bigarren zatia

Hirugarren zatia


Gai honi buruzko estekak:
· Ezkioko agerpenak pantailan (Gure Mendea, Iñigo Aranbarri. Argia).
· La virgen de Ezkio, de traslado (Diario Vasco, 2012-11-14).
· Ezkio-Itsaso quiere proteger del TAV el refugio de la Virgen (Deia, 2011-12-22).
· Las obras del TAV desplazan a la Virgen de Ezkio-Itsaso (bideoa: eitb.com, 2012-12-11).
· Ezkioko agerpenak ezagutzeko modua (Iñaki Bastarrika eta Jabier Otermin, Otamotz, 1997-05-30).
· Agerpena ala eromena (Goierriko Hitza, 2012-05-21).
· Ezkioko amabirjinaren azalpenei buruzko liburuaren berrargitarapena (Kizkitza Ugarteburu, igartubeitibaserria.net, 2011-07-08).
· Las apariciones de Ezquioga (paranormales.blogspot.com, 2009-05-13).

Gai honi buruzko solasaldia, Gazteako Akabo bakea! irratsaioak ostegunero ate ilunari zabaltzen dion tartean (2012-12-27):
· Ezkioko agerpenak, ‘Ate Iluna’ zabalduta (eitb.com · gaztea, Akabo bakea! irratsaioa, webgunea).
· ‘Ate iluna’: Ezkioko agerpenak (Akabo bakea! irratsaioko audioa, 2012-12-27).





Munduaren amaiera, maien egutegiaren arabera

20 12 2012

Duela hiru urte euskarazko hedabide baten webgunean irakur zitekeen testua zen hau:

Mundua 2012. urteko abenduan bukatuko da, Maien arabera

“Gizadiaren amaierarako egun zehatz baten aldeko ahots ugari bildu dira azken urteetan: 2012. urteko abenduak 21. Ohi denez, Estatu Batuetan makinak martxan jarri dituzte: liburuak, ikerketak, albisteak, artikuluak… eta Hollywoodeko ekoizpen erraldoiak. Hala ere, askok uste dute Apokalipsia egun horretan izango dela: profetak, kazetariak, maiak, Tibeteko monjeak edota Nostradamus igarle ezaguna, besteak beste.

Maien zibilizazioak egutegi zehatz-zehatza sortu zuten, orain 2.000 bat urte. Maien kalkuluen arabera, Lurrak aro berri bati ekingo dio 2012ko abenduaren 21ean. Honek, gure planetaren bukaera ekar lezakeela uste zuten maiek. Zibilizazio horren egutegia egun horretan bukatzen da, izan ere.

Maiak ez dira abenduaren 21erako Munduaren Bukaera seinalatu duten bakarrak. Nostradamus, historian izandako profetarik ospetsuena, data horri buruz aritu zen 1555. urtean idatzitako olerkietan (“Liburu Galduan”). Tibeteko monjeek hainbat testu argitaratu dituzte, 2012. urtean izango diren gertaerei buruz”.

Erokeria dirudien arren, ordea, milaka lagunek serio hartu dute maiek egindako iragarpena.

Pasa den astean eitb.com webgunean irakur zitekeenez, “Ipsos enpresak egin duen inkesta baten arabera, estatubatuarren % 12k, txinatarren % 20k, mexikarren % 13k eta espainiarren % 10ek abenduaren 21ean munduaren amaiera izango dela esaten duen maien iragarpena sinesten dute. Hala ere, maiek ere dagoeneko iragarri dute munduaren amaiera izateko iragarri duten data hori faltsua dela esan dute. Guatemalako hiru buruzagi maiak azaldu dutenez, maien egutegiak abenduaren 21erako iragarri duen aldaketak ez du munduaren amaiera eragingo”.

Iragarpen honen oinarria: maien egutegia

Duela hiru urte, Anakoz Amenabar kazetariak, 2012 filmaren estreinaldiaren harira, berria egunkarian ederki azaldu zuen nondik datorren bihar mundua amaituko den kontu hau:

“2012ko Gabonetan, 5.125 urte beteko ditu maien egutegiak; ziklo handi baten amaiera helduko da orduan, eta, horrekin batera, gaur egun ezagutzen dugun munduaren amaiera. Lurrak eta bertako gizakiek erabateko aldaketa fisiko eta espirituala izango dute, apokalipsiaren hasiera izan daitekeena, batzuen ustez. Eszeptikoek, aldiz, diote egutegiaren interpretazio horrek ez duela oinarririk, sasi-zientzia baino ez dela. Maien historiako adituen arabera, egutegiaren amaiera ez da izango beldurtzeko moduko eguna, ospatzeko eguna baizik”.

Gure artean ere, munduaren amaiera gaur gauean izango den kontu hau ez du batere serio hartu ia inork, baina badaezpada, mundua benetan amaituko balitz ere, egokiena, parrandan eta ondo pasatzen amaitzea dela iritzita, hainbat festa antolatu dira, munduaren amaieraren atarian.

Getxon, esaterako, berria egunkarian irakurri ahal izan dugunez, munduaren amaiera ospatzeko festa egingo dute bihar. Solstizioaren jaialdia izango da, zehazki, Algortako Geltokiko plazan, 19:30etik 23:00etara bitartean; eta Maia proiektuari bukaera emango diote. Ibon Fernandez DJa Euskal Herriko eta nazioarteko musika jarriko du. Gastronomiari dagokionez, hainbat kulturatako jakiak dastatu ahal izango dira. Beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte.

Zarautzen ere, esaterako, gaur gauean, malekoiko taberna ezagun batean, munduaren amaierarako festa dago, musika, dj-ak eta zozketak uztartuz.

Historian zehar, lehenago ere, hainbat profeziak iragarri dute munduaren amaiera. Guztiek huts egin dute. Hona Anakoz Amenabar kazetariak bildutako batzuk (berria, 2012-01-21).

1. Leedseko oiloa (1806)
Gizateriaren amaiera azaltzeko, askok iragarri dute Jainkoaren itzulera, egindako bekatuak epaitzeko bueltatuko baita. Horien artean, Ingalaterrako Leedseko oiloa da bitxienetako bat. «Kristo badator» zioten arrautzak jartzen hasi zen oiloa. Miraria zela pentsatu zuten herritar askok, iruzurra zela argitu arte.

2. Miller (1843)
Ingalaterra Berriko (AEB) nekazari batek, William Millerrek, hainbat urtez Biblia aztertu eta gero, adierazi zuen Jainkoak bertan zehazten zuela noiz amaituko zen mundua. Haren ustez, aditzera ematen zuen 1843 eta 1844 arteko uneren batean amaituko zela. Milaka jarraitzaile izan zituen profezia agertu zuenean, baina urteekin, ezer gertatu ez zenez, taldea desegin egin zen. Horietako batzuek osatu zuten gaur egun Zazpigarren Eguneko Adbentistak deitzen direnak.

3. Smith (1891)
Joseph Smithek, mormoien elizaren sortzaileak, bilerara deitu zituen taldeko buruak, Jainkoarekin hitz egin zuela esateko. Hurrengo 56 urteetan Jesus itzuli egingo zela esan omen zion Smithi, eta hortik aurrera hasiko zela munduaren azkena.

4. Halley kometa (1910)
1881ean, astronomo batek deskubritu zuen kometek zianogeno izeneko gas hilgarri bat zutela. Urte batzuk geroago, 1910ean, kezka sortu zen herritarren artean, Lurrera kometa arrastoak heltzekoak zirela jakinarazi zutenean. Mundu guztia gasaren biktima izango zela esan zuten. The New York Times eta gisako egunkariek ere argitaratu zuten berria. Alarma piztu zen, harik eta zientzialari batzuek halakorik ez zela gertatuko argitu zuten arte.

5. Nostradamus (1999)
Michel de Nostredameren idatziek 400 urtez eragin dute jakin-mina herritarren artean. Milaka interpretazio egin dizkiete, eta gizartean eragina izan duten profeziak sortu. Haren idazki ezagun batean, 1999ko uztailean «zerutik terrorearen errege handia» etorriko zela esaten zuen.

6. 2000. urtea
Zurrumurrua ibili zen ordenagailuek ezin izango zutela 1900 eta 2000 arteko jauzia egin. Herritarrek ez zekiten horren ondorioak zeintzuk izango ziren, eta holokausto nuklearra ere izan zitekeelakoa zabaldu zuten. AEBetan, esaterako, milaka lagun joan ziren janaria eta armak erostera, zer gertatuko zen zain. Garrantzirik gabeko akatsak izan ziren.

Gai honi buruzko kanpo loturak:
· Munduaren amaiera (Anakoz Amenabar, berria, 2012-01-21).
· Munduaren amaiera bloga, euskaraz (elfindelmundo.blogspot.com)
· Mundua 2012. urteko abenduan bukatuko da, Maien arabera (eitb.com).
· Abenduaren 21a: maiak oker zeuden (eitb.com).
· Preparing for the 2012 apocalypse (www.december212012.com)
· Final countdown: 1 day until the Mayan apocalypse (foxnews.com).
· Munduaren amaiera iragartzen duen 2012 filmaren trailerra:





deabrua zainetan barrena

13 12 2012

Euskal Herrian, exorzismo kasuak aspaldidanik dokumentatutako kontuak dira.
Nafarroako Gobernuak foru erkidegoan turismoa sustatzeko duen webgunean bertan, esaterako, 1575eko exorzismo kasuak aipatzen ditu, Anozibarren, Odieta bailaran.

Sorginkeriari lotutako ibilbide turistikoetan, hirugarrenean, zehazki.

Ibilbidea: Anozibar, Larraun eta Araitz ibarrak, Leitzaran. Nafarroako ipar-mendebaldean barnako ibilbidea da. Han, beldurrak eta sorginen aurkako jazarpenak piztu zituzten mendeetako mitologia sinismenek eta mendi bazterretan egindako antzinako erlijio jarduerek.

Anozibar: 1575ean, Odieta ibarreko herri txiki horretan egin zen Nafarroan izandako sorginen aurkako epaiketarik lazgarrienetariko bat. Dirudienez, Anozibarko Mari Juana (“Sandua” goitizena), auziperatu nagusia, epileptikoa zen. Egun kontu jakina da deabrutze-kasuekin lotzen zutela aspalditik gaixotasun hori. Beraz, umetan, gurasoek hainbat elizatara eraman zuten Mari Juana exorzismoak egitera. Hala ere, nahiz eta balizko harreman horiei uko egin eta anitzetan fedea adierazi zuen, ezin izan zen akusatzaileen grinatik salbatu. Akusatzaile horien artean bere iloba eta elizako abadea bera zeuden. Azkenik, sutan erre zuten.

Exorzismoa, definizio zehatzera jotzen badugu behintzat, norbaiten barnetik deabruarekin lotutako izaki gaiztoren bat ateratzeko ekintza da, erlijioarekin lotutako formula, otoitz edo errituren bat erabiliz. Ohikoa da, beraz, erlijio bakoitzak bere bitartekoak eta bitartekariak erabiltzea horretarako. Gure inguruan, bai historikoki eta bai kulturalki, eliza katolikoaren ordezkariek egindako kasuak heldu zaizkigu.

Zineman, 1973an estreinatutako The Exorcist filmak egundoko oihartzuna izan zuen, eta lan haren bertsio ugari egin dira azken urteotan ere. Bada, film hark bazuen nolabaiteko lotura Euskal Herriarekin. Izan ere, exorzismoa egiteko hautatutako elizgizona jesulaguna zen, San Inazioren jarraitzaileek eta Jesusen Konpainiak kontu hauetan izan duten sona eta ibilbidea islatzen zuena.

Loiolako Inaziok 1548an argitaratutako Exercitia spiritualia izeneko testuan, zehazki, deabrua kanporatzeko otoitzak ere bildu zituen, eta hainbat aldiz ageri dira deabruari sartzen ez uzteko aholkuak eta antzekoak ere.

Eliza katolikoak berak aitortu duenez, azken urteotan ere, gure inguruko elizbarrutiek ofizialki exorzistak izan dituzte. Hego Euskal Herrian, Iruñeko eta Tuterako elizabarrutiak badu gaur egun ere exorzista. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko elizbarrutietakoa, berriz, pasa den urtean hil zen.
Eliza katolikoaren doktrina ofizialak onartu egiten du deabruak kristauen arimak hartu eta gorputzen barrura sartu daitekeela eta, beraz, ofizialki, deabrua kanporatzeaz arduratzen diren apaizak izendatzen ditu.

Hala ere, apenas igarotzen da kasurik hedabideetara. Ez behintzat azken urteotan.
Gurean, ohikoagoak dira garai bateko lekukotzak eta mitologia liburuetan ageri diren kontuak eta sineskeriak.

Exorzismoekin lotutako kontuak, kultura eta erlijio guztietan aspaldidanik datozen kontuak izan arren, gaur egun arte iritsi dira, batez ere azken hamarkadetako irudi eta lekukotzei esker. Exorzista filma, esaterako, benetako kasu batean oinarrituta dago: Anneliese Michel gazte frantziarrari gertatutakoan. Kasu hau hartu eta filma egin bazuten ere, Anneliese Michel beraren irudiak eta exorzismoa egin zioteneko benetako audioa badago. Honako bideo honetan ageri dira.

GAI HONEKIN LOTUTAKO ESTEKAK:
· The Exorcist (film).
· Pamplona cuenta con un exorcista (Noticias de Navarra, 2012-12-10).
· Marga d’Andurain euskal espioia
· Veinte diócesis tienen un exorcista oficial (Deia, 2012-12-10).
· EL DIABLO EN EL TEXTO DE LOS EJERCICIOS ESPIRITUALES DE SAN IGNACIO DE LOYOLA (Raul H. Mora Lomeli).
· Hallan un evangelio apócrifo del año 200 que narra un exorcismo de Jesús (Proviene de Egipto y ha sido descubierto por el decano de la Facultad de Teología de la Universidad de Navarra). teinteresa.es, 2012-03-02.
· El regreso de los poseidos.
· Sorginkeriaren ibilbidea.
· Exorcismo (wikipedia, gazteleraz).
· Zavala, Jose Maria: Así se vence al demonio.
· Anneliese Michel (wikipedia, ingelesez).
· Exorcismo: religiones que las practican y sus ritos (paranormal.com).
· El exorcismo en otras religiones (Agustin Perez Reynoso).