Oshawa ogia

14 03 2017

Otsailean Iruñeko Nishime Makrobiotika Eskolak antolatu zuen makrobiotika ikastaroan jasotako eta etxean dagoeneko bizpahiru aldiz probatutako errezeta da honakoa. Erraza, gozoa, eta azukrerik eta irinik gabekoa. Bizio hutsa, egia esan.

OSHAWA OGIA (Nishime Makrobiotika Eskolaren errezeta)

Osagaiak

· Olo malutak, 3 edalontzi (glutenik gabeko oloa ere erabil daiteke).
· Sagar zukua, 3 edalontzi (sagarrak likuadora edo zuku-makinatik pasatuta lortzen den zukua erabiltzen dut nik).
· 5 sagar, birrinduta edo arraspatuta.
· Mahaspasak, edalontzi erdi bat-edo.
· Kanela hautsa (gustuaren arabera, nahi adina).
· Laranja edo limoi azala, arraspatuta (aukeran).

Nola prestatu

· Nahasi ontzi batean olo malutak, sagar zukua eta mahaspasak, eta utzi beratzen. Nishimeko lagunek bi orduz uzteko gomendatzen dute, baina 30 minutu inguru utzi ohi dut nik.
· Gehitu mahaspasak, kanela hautsa, laranja edo limoi azal arraspatua, eta birrindutako edo arraspatutako sagarrak, eta nahasi dena batera.
· Zabaldu guztia labeko bandeja edo erretilu batean, eta aldez aurretik 160 gradutan berotutako labera sartu, 60 minutuz.
· Ateratzean, utzi hozten, nahi bezala zatitu aurretik.
Gainaldea tostatu edo txigortu samarra geratzen da, baina barruko mamia samurra bezain gozoa.

Oshawa ogia izena duen arren, ogitik baino gehiago du opiletik emaitzak.
Behin moztuta, sagar tartaren antzeko zaporedun zati gozoak izango ditugu, batere irinik eta azukrerik gabe.

On egin!

Sarrera honi buruzko informazio osagarria:
· Jatorrizko errezeta, gazteleraz, Nishime Makrobiotika Eskolaren webgunean.