Olo gailetak (Nishime erara)

15 02 2017

Egunotan, Iruñeko Nishime Makrobiotika Eskolak antolatu duen makrobiotika ikastaroa ari naiz egiten. Doan eta on-line antolatu dute ikastaroa Nereak eta Almudenak, eta 1.900 lagun inguruk eman dute izena. E-posta bidez bidaltzen dituzte ikasgaiak, elikadura ohitura aldatzeko eta hobetzeko. Ikasgai bakoitzean gaiari buruzko bideo laburra eta gai horri buruzko apunteak PDFan bidaltzen dituzte. Opari eder bat, alegia.

Pasa den astean, hirugarren ikasgaian, azukrea erabat baztertzeko arrazoiekin batera, azukrea erabili gabe egin ditzakegun errezetak bidali zituzten. Horietako pare bat probatu ditut. Olo gailetak, esaterako, dagoeneko, hiru aldiz egin ditut, eta hain erraza denez, hemen doa errezeta:

OLO GAILETAK (Nishime erara)

photo-2017-02-08-20-25-24
[Nishimeko lagunen errezeta etxean lehen aldiz probatu, eta hau da emaitza:
azukrerik eta irinik gabeko olo gaileta gozoak].

Osagaiak:
· Olo malutak (bi edalontzi).
· Arroz esnea (edalontzi bat).
· Arroz melaza (bi goilarakada).
· Mahaspasak (edalontzi erdi bat).
· Kanela.

Jarri olo malutak eta mahaspasak beratzen, arroz esnearekin batera.
Maluten tamainaren arabera, esne apur bat gehiago edo gutxiago bota beharko dugu. Bustita geratu behar dute olo maluta guztiek, baina ez esnetan igeri.
Utzi beratzen ordubete inguru.
Ondoren, gehitu arroz melaza eta kanela, eta nahasi dena, ore modukoa eginda geratu arte. Anis ale apur batzuk ere gehitu izan dizkiot nik. Baina hau aukerakoa da, noski.

Erretilu batean jarri laberako papera, eta goilare batekin ore zatiak hartuta, eman gaileten forma. Nik molde biribil txiki batekin egiten ditut.
Eduki labean 20 minutuz, 180 gradutan.

Atera, eta kanela gustukoa baduzue, gehitu kanela apur bat gainetik.

Emaitza, goiko argazkian duzuena: azukrerik eta irinik gabeko olo gaileta gozoak.

On egin!

· Jatorrizko errezeta, hemen (gazteleraz, PDFan):
Galletas de avena (Nishime)





Glutenik gabeko etxeko kroketak

8 02 2017

Glutenik gabeko elikaduraren eta sukaldaritzaren baitan, azkenaldian liluratuta naukaten etxeko kroketak dira honakoak. Artatxikiarekin eta arto-irinarekin egiten ditut nik. Hemen osagaiak eta errezeta.

gluten-gabeko-kroketak
[ Artatxikia eta arto-irina erabilita etxean egindako kroketak.
Argazkia: 2017-02-07].

OSAGAIAK:
· Artatxikia (ES: mijo. ENG: millet. LAT: miliaceum).
· Arto-irina.
· Ura.
· Porru bat.
· Gurin bejetala (50 gramo inguru).
+ Ziazerbak (aukeran) edo urdaiazpikoa (aukeran).
+ Gatz apur bat (aukeran).

FRIJITZEKO:
· Esne bejetal apur bat (edo arrautza).
· Lio haziak.

Etxeko sukaldean normalean glutenik gabe aritzen naizenez, arto-irina erabilita egindako polenta errezetak probatzen hasi nintzen duela zenbait hilabete, eta ordura arte elikadurari eta sukaldaritzari buruzko zenbait forotan ezagutu nituen artatxikiarekin egindako errezetei polenta gehitu nien. Emaitza, artatxikiarekin eta arto-irinarekin egindako orea da. Hoztean loditu egiten da, eta kroketak egiteko primeran geratzen da.

Etxean honela egiten dut:

· Eltze txiki batean ura egosten jarri (lau bat edalontzi ur inguru).
· Egosten hasten denean, gehitu artatxikia (edalontzi bat).
· 15 minutu inguruz egosi artatxikia.
· Bitartean, zatitu porru bat, eta sueztitu edo potxatu olio apur batekin zartagin batean.
Tipula apur bat ere gehitu dakioke nahi izanez gero.
· Gehitu potxatutako porrua artatxikiari, eta gehitu nahi dena (urdaiazpiko kroketak nahi izanez gero, urdaiazpiko zatiak, edo barazki kroketak nahi izanez gero, ziazerbak, garbituta eta moztuta).
· Gehitu gurina.
· Amaitzeko, bota pixkanaka arto-irina, loditzen joan arte, eta etengabe nahasi irabiatzeko haga edo barilla batekin, beti ere su txikian. Minutu pare bat nahikoa dira.
· Zabaldu orea ontzi zabal batean, eta utzi hozten.
· Hoztean, zatitu orea kroketak egiteko moduan.

Frijitzeko:
· Arroz esnetan busti moztutako zatiak, eta irineztatu glutenik gabeko gustuko irinarekin*.
Nik arroz-esnea erabiltzen dut. Baina izan daiteke olo-esnea edo soia-esnea ere. Nahi duenak, irabiatutako arrautza ere erabil dezake.
· Olio berotan frijitu.

* Hasiera batean garbantzu-irina edo arroz-irina erabiltzen nuen, baina frijitu ondoren testura gogorregia geratzen zela iruditzen zitzaidan. Irin ezberdinekin probatu ondoren, lio haziekin irineztatuak dira bereziki gustatzen zaizkidanak. Irina, glutenik gabeko ogia egiteko sarrera honetan azaldu nuen bezala, kafe aleak ehotzeko molinillo edo ehogailu txiki batekin egin ohi dut etxean. Kasu honetan, lio haziak ehogailuan sartuta.

On egin!