Sorlekutik II, Txiliku ‘Bizien gaubeilan’ liburuaz solasean

18 01 2012

Sorlekutik ekimenaren bigarren solasaldia izango da gaur.

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle zarauztarra izango da gonbidatua, udazkenean aurkeztu zuen Bizien gaubeilan liburuaz solasean aritzeko. Nagore Etxabe izango du ondoan galderak egiten, bidaide eta aurkezle lanean.

· Eguna: urtarrilak 18, asteazkena.
· Lekua: Zarautz. Sanz Enea kultur etxeko sotoan.
· Ordua: 19:00etan
· Bidaidea: Nagore Etxabe
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

JESUS MARI OLAIZOLA ‘TXILIKU’


[argazkia: zarautz.hitza.info]

Jesus Mari Olaizola Lazkanok (Zarautz, 1951) literaturaren alorrean, haur eta gazteentzat idatzi izan du batik bat, eta bibliografia oparoa du alor horretan, baina helduentzako ipuin eta narrazioak ere argitaratu ditu.

Ahozko literaturaren miresle, hainbat altxorren bila ibiltzea atsegin zaio: igarkizunak, kantu eta esaera zaharrak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak… 1994. urtean Koldo Mitxelena saria irabazi zuen, igarkizunen gaineko lan bategatik eta 2000. urtean Axa mixa zilarra liburua argitaratu zuen gai bertsua jorratuz.

Haur eta Gazte Literatura sailean Euskadi saria irabazi zuen 2004an, Osaba Bin Floren liburuarekin.

· Iturria: idazleak.org
· Txilikuren biografia zehatzagoa, hemen.
· Txilikuren bibliografia osoa, berriz, hemen.

BIZIEN GAUBEILAN

Gaur egun oraindik ipuinak kontatzen direla, batez ere umeei, eta tradiziozkoak izan litezkeela uste du Txilikuk. Baina egun ahozko literatura beste era batera egiten dela uste du, istorioak kontatzen dituzten kantuen bidez, edo hor zehar dabiltzan legenda urbanoen bidez. «Horiek guztiak ikusi beharko genituzke, eta geure euskarazko literaturan sartzen joan». Horixe egin du berak, eta 23 istorio bildu ditu Bizien gaubeilan (Elkar, 2011) lan berrian.

«Gertatzen edo kontatzen diren gauzez» dihardu liburuak, idazlearen hitzetan. «Ez dut esango ipuinak direnik; badu ipuinaren kutsu bat, badu kondaira eta mitologiako zenbait kontakizunena ere». Askotariko istorioak bildu ditu. «Ipuin antz handiagoa dute batzuek, eta beste batzuk gehiago hurbiltzen dira istorio laburretara, pasadizoen tankerako kontuetara, narrazio txikietara».

· Testua: Ainhoa Sarasola, Berria.

LIBURU HONI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO:
· Lagunartean kontatzeko modukoak (Berria, 2011-10-01)
· Ahoz-aho zabaltzeko ipuinak aurkeztu ditu Txilikuk ‘Bizien Gaubeilan’ (Noticias de Gipuzkoa, 2011-10-01).
· ‘Bizien gaubeilan’ liburua aurkeztu du gaur Jesus Mari Olaizola Txilikuk (Urola Kostako Hitza, 2011-09-30).





Sorlekutik I, Mikel Kazalis Matxura taldearen lehen diskoaz solasean

10 01 2012

Bihar emango diegu hasiera abenduaren 22an aurkeztu genuen Sorlekutik ekimenaren solasaldiei.

Mikel Kazalis musikari zarauztarra izango da lehen gonbidatua, eta Matxura taldeari buruz eta taldearen lehen diskoari buruz ariko da solasean. Aritz Mutiozabal musikari eta kazetaria izango du ondoan galderak egiten, bidaide eta aurkezle lanean.

Suizidio herrikoia abestiaren bideoklipa
izango da solasaldiari ekiteko aitzakia.

· Eguna: urtarrilak 11, asteazkena.
· Lekua: Zarautz. Sanz Enea kultur etxeko sotoan.
· Ordua: 19:00etan
· Bidaidea: Aritz Mutiozabal
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

MIKEL KAZALIS

Mikel Kazalis (Zarautz, 1968) ibilbide sonatua bezain oparoa duen musikaria da. Zarauzko Estigia taldean ekin zion bideari 1985ean. Hiru urte geroago utzi zuen taldea, 1988an, eta urte hartan bertan sortu zuten gaur egun bizirik irauten duen Anestesia.

Anestesian ez ezik, urte hauetan guztietan beste zenbait talde eta proiektutan ere aritu da buru-belarri: Negu Gorriak (1990-1996), 2 Kate (1997-1999) eta Kuraia (2001) dira nabarmenenak.

Iaz, berriz, Matxura taldea eta honen lehen diskoa aurkeztu zuen, Fer Apoa, Aitor Abio eta Txarly Diazekin batera.

Musika sortzeaz gain, Zarautzen duen Fidelenea estudioetan ere aritzen da lanean Kazalis, ekoizle eta soinu teknikari gisara.

MATXURA

Matxura, hainbat musikari ezagunek osaturiko taldea da. Mikel Kazalis (Estigia, Negu Gorriak, 2 Kate, Anestesia, Kuraia), Aitor Abio (Pi L.T.), Fernando Sapo (El Corazon Del Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diaz (Anestesia, Gutural) dira taldekideak.

Azken bi urteak taldea osatzen eta abestiak egiten eta grabatzen pasatu ondoren, iazko ekainean argitaratu zuen taldeak lehen diskoa: Matxura (Bonberenea, 2011).

Rock industriala edota punk-metal elektronikoa bezalako etiketak erabili dira taldea katalogatzeko. Azken batean, rock indartsua da, elektronikarekin nahastuta: ahots distortsionatuak, sintetizatore basatiak…

Ministry, Atari Teenage Riot, Nine Inch Nails, Nailbomb Godflehs edota Front Line Assambly bezalako taldeen eragina nabarmendu izan dute aldizkari espezializatuek.

· Sarean: matxura.com





Sorlekutik Plazara

28 12 2011

Atzo zabaldu zituen ateak Sorlekutik Plazara ekimenak. Hasiera ekitaldiaren ondoren, Patxi Santamaria aktoreak, Oreka TX taldeak eta Alprojako kideek animatu zuten Merkatu Plazako lehen solairua. Ordurako, artisauen, pintoreen, eskultoreen eta gainerako sortzaileen erakusleiho atsegina bihurtuta zegoen lekua.

Abenduaren 30era arte izango da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.

Hurrengo egunotan erakusmahaietako lanen berri ematen ahaleginduko gara, baina hasteko, hemen atzoko ekitaldien zenbait argazki, telefonoarekin aterata.

Lehen egunaren nondik norakoak, gaurko Noticias de Gipuzkoa egunkariak bildu ditu, Zarauzko artistak plazara izenburupeko testuan.