[55] Xakea eta zinema. Harreman luze baten gidoia.

13 03 2021

The Queen’s Gambit ez da zinema aretoetan estreinatu. Pantaila handian beharrean etxeko sofan ikusi dute mundu osoko milioika lagunek, baina zinemari lotutako sari garrantzitsuak lortzen ari da. Nazioartean, atzerriko hedabideek Los Angelesen duten ordezkaritzak Urrezko Globoak banatzen dituenean hasten da nolabait zinema denboraldia urtero, eta Hollywoodeko akademiak Oscar sariak banatzen dituenean amaitzen da. Bada Urrezko Globoetan bi sarirekin gailendu da aurten The Queen’s Gambit, telebistarako telesail edo film onenaren sariarekin, eta Beth Harmonen rola jokatzeagatik Anya Taylor-Joy gazteak jasotako emakumezko aktore onenaren sariarekin.

Zinemak 125 urte bete zituen iaz, eta urteurrenarekin bat eginez heldu zen xakea fikzioan beste inork baino pantaila gehiagotara eraman duen lana, pandemia betean, pantailen tamainak zinemaren mugak zenbateraino lausotzen dituen hizpide zen garaian. The Queen’s Gambit baino lehen, ordea, xakea osagai edo orube modura duten ehunka film egin dira.


[Humphrey Bogart eta Peter Lorre, Rick eta Ugarte, ‘Casablanca’ filmean, xake taularen inguruan].

Izan ere, xakea mendeetan barrena zabaldu da, eta jendartean errotuta zegoen zinema sortu zenerako eta lehen filmak iritsi zirenerako. Beraz, Lumiere anaiek 1895ean Parisen lehen filma aurkeztu zutenetik, ez zen denbora gehiegi igaro xakea filmetan ikusten hasi zen arte. Zehazki, Robert William Paul zuzendari eta zientzialari ingelesaren A Chess Dispute (1903) film laburra da xakea agertzen den lehen filma. Baita xakeari buruzko lehenengoa ere.

 

Ordudanik, zerrenda oso luzea da. Zinema mutuaren garaian hasi eta gaur egun arte, ehunka baitira xakea zeharka erakusten duten filmak, eta dozenaka xakeari buruzkoak. Beste askotan, berriz, xakea argumentuaren eta bilbearen erdian ageri da. Sarean bada xakea zein filmetan agertu den erakusteko ekimen ederra: auzolanean elikatutako www.chess-in-the-cinema.de webgunea. Mundu osoko xakezale eta zinemazaleen ekarpenari esker 1.873 film ditu bilduta eta kronologikoki antolatuta, film bakoitzaren izenburuarekin, datuekin eta fotogramekin.

Zinemaren eta xakearen arteko harremana aztertzen duten lanen bibliografia ere oparoa da, eta gaiari ertz askotatik hel dakioke. Batetik, irudien edo piezen edertasun estetikoagatik erabili dute xakea. Bestetik, ordea, pertsonaiak eraikitzeko kodea izan da xakea zuzendari askorentzat, batez ere pertsonaiak argiak edo adimentsuak direla erakusteko. Izan ere, xakea mende askoan elitearen, jakintzaren eta estrategiaren jokoa izan dela barneratuta egon da jendartean, eta horri zukua atera dio zinemak. Xakea heldutasun handiko pertsonaiak eraikitzeko erabili du, eta pertsonaia horien inguruan agertu da xakea film askotan. Casablanca (1942), Cape Fear (1962), From Russia With Love (1963), Blade Runner (1982), Dante’s Peak (1997) edo Sherlock Holmes: A Game of Shadows (2011) aipa daitezke, ale bakan batzuk gogoratzearren.

Beste film batzuetan, xakea heriotzaren hurbiltasuna islatzeko ere baliatu dute, bizitzaren amaierari, hilketei edo planik zitalenei lotuta. Askotan, gainera, horiei aurre egiteko gai diren pertsonaien kontua da xakea. Beraz, heriotzarekin eta maltzurkeriarekin, edo horiei aurre egiten dieten heroiekin lotuta ageri da. A Matter Of Life And Death (1946), Angel Face (1952), Det sjunde inseglet (1957), Superman II (1980), X-Men (2000) edo Harry Potter and the Philosopher’s Stone (2001) filmetan, esaterako.

Xakea sentsualitatearen eta erotismoaren osagai modura ere erabili du zinemak, izaretarako bidea girotzeko. The Thomas Crown Affair (1968) filmean xakea zen sua elikatzen zuena, Faye Dunaway eta Steve MacQueen aktoreen arteko sekuentzian. Zinemaren historian geratu zen sekuentzia hori, eta Austin Powers: The Spy Who Shagged Me (1999) komedian parodiatu ere egin zuten.


Xakean aritzen diren ordenagailuak erabiltzea, berriz, ohikoa izan da inteligentzia artifizialaren ingurukoak edota etorkizunean girotutako garaiak erakusteko. Star Trek (1966), 2001: A Space Oyssey (1968) edo War Games (1983) filmetan, adibidez.

Pertsonaiak eraikitzeko kodea edo giro zehatzak sortzeko elementua ez ezik, xakea bera gai nagusia ere izan da hainbat filmetan. Xakeari buruzko film horien artean, Vsevolod Pudovkin zuzendari errusiarraren Shakhmatnaya goryachka (1925) da klasiko ezagunena. Capablancak ere hartu zuen parte xakearen sukarrari buruzko film hartan. Ondoren, Raymond Bernard frantziarraren Le Joueur d’échecs (1927), Wolfgang Petersen alemaniarraren Schwarz und weiß wie Tage und Nächte (1978) eta beste asko heldu ziren.

[Vsevolod Pudovkin zuzendari errusiarraren Shakhmatnaya goryachka – Xakearen sukarra (1925) filmean Capablanca da aktore nagusietako bat].

Horien artean, badira xakearen historian mugarriak izan diren partida edo norgehiagoka handiak islatu zituztenak: Kortxnoi eta Karpoven arteko lehiari buruzko La diagonale du fou (1984) edo Spasski eta Fischerren arteko finalari buruzko Pawn Sacrifice (2014), esaterako. Baita xake jokalari handien bizitzetan oinarritutakoak ere: Belyy Sneg Rossii (1980), Searching for Bobby Fischer (1993), The Dark Horse (2014), Queen of Katwe (2016), El jugador de ajedrez (2017) edo Fahim (2019).

[Spasski eta Fischerren arteko1972ko Munduko Txapelketaren finalari buruzkoa da Pawn Sacrifice (2014) film ederra].

Gainerakoan, Shatranj ke khilari (1977), Fresh (1994), The Luzhin Defence (2000), Joueuse (2009), Brooklyn Castle (2012), Computer Chess (2013) edo Critical Thinking (2020) nabarmentzen dira xakeari buruzko filmen artean, zerrenda asko luzatu daitekeen arren.

Xakearen inguruko dokumentalek aparteko beste atal bat merezi dute, baina Jouer sa vie (1982), Game Over: Kasparov and the Machine (2003), Bobby Fischer Against the World (2011), Brooklyn Castle (2012), Magnus (2016), Judit contra todos (2000) eta Glory to the Queen (2000) aipatzearekin nahikoa izango da.


Erreferentziak:

· Batlle, Guillermo: El ajedrez en la pantalla. 25 films y partidas. Universitat de Barcelona, 2009.
· Basalla, Bob: Chess in the movies. Thinkers’ Press Wonderworks, 2005.
· Jewison, Normal: The Chess game, in The Tomas Crown Affair. 1963.
· Paul, Robert William. A Chess Dispute. 1903.
· Pudovkin, Vsevolod: Shakhmatnaya goryachka. 1925.
· Saunders, Clarissa: Bogie, Chess & Casablanca. Stars and letters, 2016-02-10.
· Urias, Fernando: ‘Ajedrez y cine. Blancas juegan y… ¡acción!’, in Jaque, 366 zbk. 12-13 or. 1993.
· Whiteley, Aliya: What it means when people play chess in the movies. Deen of Geek, 2013-03-07.
· http://www.chess-in-the-cinema.de (ingelesez).
· https://levico.ru/filmy-pro-shaxmaty/ (errusieraz).


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina