La Pegatina, gaur gauean Azken Portun

10 08 2011

Ez dut ukatuko. Ez nituen ezagutzen Kataluniako gazte ero hauek Azken Portuko jaietako egitarauan ikusi nituen arte. Ordudanik, ordea, sarean La Pegatinari buruzkoak irakurtzen hasi, orain arteko hiru diskoak entzun eta hainbat bideo ikusi ondoren, sorgindu egin naute azken egunotan.

Gaur gauean, 01:00ak aldera, Azken Portuko festetan, talde handi bat ikusiko dugu, entzungo dugu, eta dantza egingo dugu.

Ez noa luzatzera. Haien webgunea eta musika zabaltzea nahiago dut, ezagutu ditzazuen. Bertatik doan jaitsi ahal dituzue taldearen hiru diskoak, bertan irakur dezakezue ero maitagarri hauen historia, eta bertan ikus ditzakezue taldearen hainbat eta hainbat bideo. On egin!

· lapegatina.com

 





Kolorea eta artea Azken Portuko hormetan

6 08 2011

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jaien atarian, duela hamar urtetik, urteroko kontua da auzoko zenbait gaztek horma-irudia margotzea. Ekimen horrekin hasi zirenetik, urtez urte, kolorez eta artez bete izan dute auzoa, hutsik zeuden hormei bizitza emanez.

Aurten, Azken Portuko taberna zaharra zegoen lekua hautatu dute murala margotzeko, eta garai bateko argazki zahar bat hartuta, bere horretan ekin diote hura islatzeari. Atzo ekin zioten lanari Mendik, Beatzak eta Tentek, eta egunean zehar izan zuten ohiko brotxagordisten laguntza ere. Egun osoan zehar, jendetza geratu zen gazteak egiten ari diren lanaren aurrean, garai bateko taberna zaharra eta gainerakoak oroituz, komentatuz, eta murala zein ederki geratzen ari den nabarmenduz.

Gaur ere goizean goiz esnatu dira pintoreak, eta arratsaldeko Bertso Tourra hasterako murala amaituta uzteko asmoa dute.

Lan ederra, benetan. Zorionak, eta biba zuek!