Labankadaka, bizkarretik

29 05 2012

Iluntzeko 21:16ak aldera heldu naiz gaur etxera, kultura azpiegituren inguruko parte-hartze prozesuaren hirugarren saioa amaitu ondoren.
Hirugarren eta azken saio honetan, Zarauzko Udalaren proposamena ezagutarazi dugu.

Besteak beste, proposamen hauek nabarmendu ditugu:
· Modelo Zinemaren jabeekin akordioa lortu eta irailetik aurrera aretoari bizitza ematea, alokairua ordainduz.
· Sanz Enea kultur etxea osorik liburutegi bihurtzea.
· Itsas Naturako eraikina kultura ekimenetarako eta erakusketetarako erabiltzea.
· Eraikin berria behar izanez gero, hutsetik eraiki beharrean, Santa Klara komentua izatea eraikin horren bihotza. Eliza, komentuaren eraikina, klaustroa, eta gainerakoetatik abiatuta, duela pare bat aste Zarauzko arkitekto batek aurkeztu zigun proposamenaren harira.
· Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handia ere izan daitekeela kultura azpiegituretarako eraikin posible bat, metro koadro ugari dituelako hainbat jardueretarako.

Etxera heldu naizenetik hiru ordu laurden ingurura, Erlo Telebistan Zarauzko PSE-EEren prentsaurreko bat ikusi dut, antza denez gaur goizean eman dutena, Zarauzko kultura azpiegituren inguruan.

Besteak beste, proposamen hauek nabarmendu dituzte:
· Modelo Zinemaren jabeekin akordioa lortu eta aretoari bizitza ematea, alokairua ordainduz eta erosteko aukera zabalik utziz.
· Sanz Enea kultur etxea osorik liburutegi bihurtzea.
· Itsas Naturako eraikina kultura ekimenetarako eta erakusketetarako erabiltzea.
· Eraikin berria behar izanez gero, hutsetik eraiki beharrean, Santa Klara komentua izatea eraikin horren bihotza. Eliza, komentuaren eraikina, klaustroa, eta gainerakoetatik abiatuta.
· Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handia kultura azpiegituretarako erabiltzea, metro koadro ugari dituelako hainbat jardueretarako.


[argazkia: Sanz Enea kultur etxea, flickr.com/photos/imanollasa/ medio ]

PSE-EEk egin dituen zenbait proposamen ezagutzen zituen aldez aurretik, Kultura zinegotziaren ahotik, azken asteotan Kultura Batzordean horien berri eman diegulako. Aktak irakurri besterik ez dago. Gaur beraien proposamen bezala aurkeztu dituzte hedabideen eta, beraz, zarauztarren aurrean, inolako lotsarik gabe, Zarauzko Udalaren eta Kultura Sailaren asmoak horiek direla ezkutatuz.
Santa Klara komentuaren eraikinarena eta Eroski hipermerkatuaren ondoko fabrika handiarena, berriz, teknikari bakan batzuk soilik zekiten, gaur arratsaldean azpiegituren inguruko parte-hartze prozesuaren hirugarren saiora joan diren herritarrek eta kultur eragileek baino lehenago. Norbaitek PSE-EEri jakinarazi dizkio, eta honek hedabideen aurrean aurkeztu ditu gaur.

Ondo.
Konfiantza esaten zaio honi.
Eta garbi jokatzea.
Politikan gardenegiak, zintzoegiak eta inozenteegiak garela entzun dugu behin baino gehiagotan.
Labana behin eta berriro sartuko digutela bizkarretik.

Gaur ere ikasi dugu zerbait.
Labankadaka bada ere.

Ez dugu ahaztuko.





XXV. Extremadurako Jardunaldiak Zarautzen (I)

27 05 2012

Hogar Extremeño Francisco de Zurbaran elkarteak antolatuta, XXV. Extremadurako Jardunaldiak izango dira hurrengo egunetan Zarautzen. Ostiralean hasi ziren ekitaldiak, mus txapelketarekin, eta gaur aurkeztu dituzte, elkartekideek eta gonbidatuek, lagunartean.

Zarauzko Udalaren izenean bertan izan gara zenbait ordezkari, eta Herrien Elkartasuna eta Kultura zinegotzi gisara bi hitz esatea ere egokitu zait, lehendakariaren agurraren ondoren. Extremaduratik Zarautzera heldutako etorkinak milaka diren arren, hainbat arrazoirengatik apenas ikusarazi den errealitatea aitortzeko eta zubiak eraikiteko beharra nabarmendu dut, besteak beste.

Ondoren, ezagutzen ez nuen Extremadurako castuo hizkelkian zenbait poema entzuteko aukera ere izan dugu, mahaiaren inguruan Zarauzko Udalaren eta Francisco Zurbaran elkartearen arteko elkarlana eta zubiak nola sendotu ditzakegun solasean lasai aritu aurretik.

XXV. Extremadurako Jardunaldiak Zarautzen
2012ko maiatzaren 25etik ekainaren 1era


Maiatzak 25, ostirala:
· Mus Txapelketa, Francisco Zurbaran elkartean
Maiatzak 25, igandea:
· 12:30ean, jardunaldien aurkezpena, zuzendaritzaren agurra eta hamaiketakoa elkartekide eta gonbidatuentzat.
Maiatzak 28, astelehena:
· 19:00etan, ekonomiari buruzko hitzaldia eta solasaldia, Marce Mantecarekin.
Maiatzak 29, asteartea:
· 18:00etan, hamar urte arteko haurrentzako marrazki lehiaketa. Gaia, librea. Opariak parte-hartzaile guztientzat.
Maiatzak 39, asteazkena:
· 18:00etan, okintza eta gozogintza erakustaldia, Jose Sayalero gozogilearekin.
Maiatzak 31, osteguna:
· 18:00etan, bingoa, adinekoentzat.
Ekainak 1, ostirala:
· 19:00etan, ardo dastaketa.
· 22:30ean, kuatrola txapelketa.





Baratzeari begira

12 05 2012

Larunbatak aisialdirako denbora apur bat hartzeko aukera eman didanez, balkoiko baratzea apur bat mimatu dugu gaur alabak eta biok.

Espinakak erein genituen duela hiruzpalau aste, eta ederki ari dira hazten lehen hostoak. Itxura ederra dauka behintzat espinaken lorontziak.

Kalonjeak onddoren batek erasan ditu, gehiegi ureztatzearen ondorioz segur aski, eta ahulegiak daudenez belar usaindunen artetik atera, eta aparteko lorontzi batera mugitu ditugu, eta belar usaindunen artean kalonjeek utzitako lekua albahakarekin bete dugu.


[ezkerretik eskuinera, oraindik lorerik gabeko kamamila, gaur landatutako albahaka, eta hilabete batean egundoko indarra hartu duen oreganoa].


[itxura hau zuen gaur arratsaldean gure balkoi txikiak].


[ezkaia edo tomilloa loretan dago, usain ederrarekin].

Egun hauetako eguzkiak mesede egin die cherry tomateei, eta baita pixkanaka hazten ari diren letxugei ere…

cherry tomateak balkoiko baratzean

Amaitzeko, atzo Gipuzkoako Hitzak zekarren Samara Velteren erreportajea nabarmendu nahiko nuke, gu bezalako kalekumeen baratzak ere hizpide baitzituen: Baserriaz harago badago baratzerik · Baratzea etxe alboan.





Zarautz eta Lizardiren ametsa

10 05 2012

Bake garaiak lortu ez duena erdietsi du gerrak. Zortzi urte eta guda egoerak gizarte zibilari ezarritako baldintza gorriak izan dira beharrezko Lizardiren ametsa, alegia, euskal egunkari bat kaleratzeko guraria gauzatuta ikusteko. Pozik izanen zen Xabier Lizardi bizi izan balitz: Lauaxetak bete du lagunaren nahia.

1929ko martxo-apirilean Euzkadi-n argitaratutako artikulu sorta batean azaldu zuen Lizardik bere proiektuaren nondik norakoa. Ideia ez da berea, Zarauzko garaitik lagun min zuen Txomin Arruti, Mendi-Lauta-rena baizik. Atalez atal, erredakzioak non, kazetariak nolako, dirua zertan… egitasmo ezin zehatzagoa zen Lizardik gogotik paperera ekarri zuena. “Bai” deituko zen, eta hamar-hamabi mila ale sal zitezkeela zioen. Hiru mila harpidedun baino ez ziren behar, «iru milla lagun zintzo euskotasunaren gaizkakunderako».

[ Iñigo Aranbarri, Gure mendea. Kronikak. argia.com ]

Baratza azi bearra izena zuen artikulu sorta hartako lehenengoak, eta euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko beharra nabarmendu zuen Lizardik, euskara hutsean argitaratutako “euskal egunkariaren ametsa” zehaztuz. Forma ere eman zion ametsari:

“Jainkozale garbia, euskeltzale yaukala; ederra, argia, erreza; ondo ordaindutako gizonek egiña; berreiez, lan benez ta arin-alaiez –parrirudiak aztu gabe– naroki ornitua; eta erri bakoitzean izparkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako gaztun arazo guztiak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituanak; lankidien artean, maiz agertzen dira erbesteko euskal jakintsuen izenak, bein Alemanitik, urrena Errusitik, Txekoslobakiatik, non-naitik. Labur esateko: erderazko zenbait bezin eder-osoa…”.

Lizardiren ametsak ez zuen aurrera egin, zortzi urte geroago Lauaxetak lagunaren nahia bete zuen arte. Bidean oztopoak aurkitu zituen. Bideragarritasunik ez zuten ikusten batetik, eta laguntza handirik ez zuen izan bestetik. Baina gerra heltzean, euskal kontzientzia pizteko beharrak eta gudariei adorea emateko ahaleginak ekarri zuen euskarazko egunkaria, Eguna.

Ordudanik, hainbat gorabehera, ahalegin, kazetari, izen eta egitasmoren aterkipean bidea eginez, euskarazko prentsak aurrera egin du, egoerarik zailenetan, gaur haize eta euri erauntsiei eta bihar lehorte gorrienari ere eusten dakien baratzeak bezala.

Baratzea lantzeko lanabesak, konpromiso iraunkorra eta, batez ere, laborari zailduak behar dira horretarako, inurrien antzera lana, lana eta lana egingo dutenak.

Horrelakoak ezagutu nituen 90eko hamarkadaren lehen urteetan, Euskaldunon Egunkaria oraindik Lasarteko lehen erredakzio hartan zegoenean.

Ordurako, Egunkaria Sortzen taldeak herriz herri egindako lanak eman zuen uzta. Zarautzek egundoko ekarpena egin zuen sasoi hartan, eta Zarauzkoa bezalako beste dozenaka eta ehunka talderen ahaleginari esker, 1990eko abenduaren 6an sortu zen Euskaldunon Egunkaria.

Sei urte geroago bertan lanean hasi nintzenean, Andoaingo erredakzio berrian zegoen kazeta ordurako. Zarauztarrez inguratuta, nolabait. Iñaki, Beatriz, Txiliku, Imanol, Bult, Amagoia, Txumai, Karlos, eta abar.

Azken bizpahiru hauekin egiten nuen bidea Zarauztik Andoainera, Andoaindik Zarautzera, Txumairen autoan. Memoria ariketak egiten hasita, urte haietan, Zarauzko Udaleko zinegotzi izateagatik Txumairi autoa erre ziotela ere akordatzen naiz.

Euskaldunon Egunkariak ere egoerarik zailenetan egin zuen aurrera, haize eta euri erauntsien zein lehorteen erdian. Kriminalizazioa heldu zen arte. Gezurra heldu zen arte. Bidegabekeria heldu zen arte. Neguan, armen indarrez itxi, arduradunak atxilotu, torturatu eta espetxeratu egin zituzten. Tartean zen Iñaki Uria zarauztarra. Hainbat hilabetez eduki zuten preso kartzela urrun eta arrotz batean, auskalo zenbat urte geroago epaitu eta absolbitu egin bazuten ere. Libre. Errugabe.

Hilabete haietan Zarautz kalera atera zen. Hainbat ekimen antolatu ziren Iñakiren askatasuna aldarrikatzeko. Jendetsuak haietako asko. Bidegabekeriari erantzuteko, egunkari berria sortzeko, Egunkaria aurrera! aldarrikatzeko eta, areago, Zarautzek herri informazioa ere euskaraz jaso nahi zuela esateko. Baratzeak soberan zituen eguzkia, ura eta lanerako gogoa.

Sasoi hartan, Berria egunkaria sortu zen.
Urola Kostako Hitza sortu zen.

Eta belaunaldi berriek heldu zioten lekukoari. Heldu diote lekukoari. Danel, Gurutze, Leire, Gorka, Jon, Samara, Eli edo Ilargi gogoratzen ditut Andoainen. Eta beste hainbat hemen, Zarautzen. Lore, Xabi, Uxua, Aritz, Ane, Onintza, Amaia… Batean zein bestean, egunero, inurrien antzera baratzean ari diren kazetari zailduak.

Lizardik euskal idazleen baratzea hazteko eta zabaltzeko asmoa agertu zuenean, ordea, berehala argitaratu zuen beste artikulu bat, ekonomiaz arduratuz gehienbat, proiektuak zeuzkan zailtasunak agerian utziz: “Iñola ateratzekotan, ba, egunkaria, askoen alkar-artze ta laguntzaz bear bide da, nik uste”. Egunkari on bat argitaratzeko, bazekien horrek dirua eskatzen zuela, eta aurrekontua eginda, ehun pezetako akzioak sortzea proposatu zuen, eta dirua biltzen hastea.

Ia mende bat geroago antzera dabil euskarazko prentsa. Berria egunkariak ziztadak behar ditu baratzeak emankor iraun dezan. Eta Ziztada Eguna antolatu dute, zarauztarren ziztadak eta babesa biltzeko. Lizardik eta Mendilautak amestutakoa eguneroko errealitatea izatea lortu dute gaur hemen ondoan ditudan lagun askok. Zuei esker Zarautzek, egunero, munduari euskaraz begiratzek leihoak ditu zabalik.

Horregatik, Zarauzko Udalaren zein Euskara Zerbitzuaren laguntza eta babesa izango duzue behar duzuenerako, eta bidelagun izango gaituzue. Horregatik, eta amaitzeko, Zarauzko Udalaren izenean, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu maiatzaren 19ko ekimenetan parte hartzera, eta euskarazko prentsak behar duen ziztada ematera.

Lizardiren ametsak behar izan duenean, Lizardiren ametsa defendatu behar izan denean, Zarautzek erantzun egin du. Orain ere, beraz, euskarazko prentsak merezi duen moduan erantzuteko deia egin nahi dugu Zarauzko Udaletik.

Eskerrik asko.





Salbuespen egoeraren eta apartheid politikoaren ondorioak

7 05 2012

Albistegi berean eman dituzte bi albisteak, eta akaso horrek zorroztu dit oroimena: salbuespen egoeran sortutako Patxi Lopezen gobernuaren azken taupadek bat egin dute Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe Aralarrek alderditik egotzi izanarekin.

Eusko Jaurlaritzaren azken taupadak dira hauek, EAEko PPk Patxi Lopezen gobernuari babesa erretiratu ostean. Salbuespen egoeran egin ziren 2008ko hauteskunde haiek, abertzaletasunaren ildo zehatz bati hauteskundeetara aurkezteko aukera ukatuz.

Egun hartan, Aintzane Ezenarro bozkatzera joan zenean, isilpean hori bera gogoratu genion Getariako hautesleku hartan bildu ginen ezker abertzaleko zenbait lagunek. Salbuespen egoeran geundela, eta hauteskunde haiek ez zutela inolako zilegitasunik.

Gauean, euskal gizartearen zati handi bat jokoz kanpo utzita, hauteskunde gaueko emaitzek Patxi Lopezi lehendakaritzarako atea ireki zioten. Zilegitasunik gabeko gobernu berriak zabalik zituen ateak. Patxi Lopez Ajuria Enean ikustera gindoazen laster, eta iruzurraren neurriak asaldatuta zituen abertzaleak, eskuinekoak zein ezkerrekoak.

Denak? Ez!
Saltoka, gustura, pozik, negar malkotan, kabitu ezinik ikusi genituen batzuk, fartsa hartan lortu zituzten emaitzak ospatzen. Hemeroteka oroimenaren maitalea da horrelakoetan. Begira bestela gau hartako argazki honi.

Gaur, Patxi Lopezen gobernuaren gainbehera iragarri izanak eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralar alderditik egotzi izanak albistegi berean bat egitea, kasualitatea baino gehiago da: salbuespen egoeraren ondorioz eta apartheid politikoaren ondorioz puztu ziren estrategia batzuen amaiera iragartzen du.





Egin, bidaia laburra oroimenera

6 05 2012

Eskola izan nuen Egin egunkaria. Baita Egin Irratia ere. Unibertsitatean baino gehiago ikasi nuen bietan. Lehenengoan, papereko egunkarian, Zarauzko berriemailea nintzen. Bigarrenean, irratian, literaturari buruzko Itsaso debekatuak irratsaioa egiten nuen astearte arratsaldetan. Pare bat urte eman nituen bietan, egunero batean, asteartero bestean, 1998ko uztailean Espainiako epaileek eta poliziek egunkaria eta irratia itxi zituzten arte.

Gaur, Gara egunkariak argitaratu duen erreportaje hau goitik behera irakurrita eta argazkiak ikusita, zerbait hautsi zait bihotzean. Bidegabekariaren gurpilak bueltaka segitzen baitu. Itxieraren kolpeari edo adierazpen askatasuna eta dozenaka lagunen lanpostuak zaurituta geratu izanari, epaia gehitu zitzaion: arduradunak kondenatu eta espetxeratu zituzten, eta zuzendaria, kazetariak… Gaur, bereziki, kartzelan segitzen duten Jabier Salutregi eta Teresa Toda ditut gogoan.

Gaur, argazki hauek ikusita, zaila da hitzetara amorrua ez ekartzea. Izan ere, epaileek, administratzaile judizialek eta polizia arrotzek Egin eta Egin Irratia zirenen egoitzak zertan bihurtu dituzten irakurri besterik ez dago. Hondamendia, mendekua islatzen duten hainbat zantzurekin.

La sensación se hace todavía más asfixiante al acceder a los despachos de dirección, sumidos en la oscuridad absoluta al haber sido tapiadas sus ventanas. Aquí es donde se alojaban los policías que custodiaron el edificio, como denota la vajilla y hasta las bombonas de gas y sartenes abandonadas. O los posters de revistas pornográficas, banderines deportivos castellanos o hasta un escudo de Euskal Herria sobre el que jugaban a los dardos.

[GARA, 2012-05-06, La muerte administrada del patrimonio de Egin en Hernani].

Egin egunkaria nire bizitzaren puska bat da. Iraganeko leiho bat. Kazetaritza eskola, eguneroko kronikak, argazki kamara digitalik, posta elektronikorik eta gaur egungo teknologiarik ez zegoen sasoian. Spielbergen Close Encounters of the Third Kind filmekoa zirudien fax-modem zaharraren letaniaz akordatzen naiz, zortzi eta hamabi argazkiko eguneroko karreteez, horiek ordu zehatz baterako taberna batean utzi beharraz, argazkilarien laborategiaz, Gipuzkoa saileko lankideez, sasoi hartako ordenagailuez…

Egin Irratiaz akordatzea, berriz, nostalgia putzu bat marraztea da. Oheratu orduko, Fermin Muguruza zen gaueroko bidaidea, RIP taldearen Lepoan hartu mitikoarekin hasten zen Igo Bolumena hartan. Kannabis Baratza saioan ezagutu genituen munduko reggae taldeak, internetik eta musika erraz eskuratzeko aukerarik ez zegoenean. Udan Bota Salabardoa saioarekin freskatzen ginen. Errepideetan han edo hemen erretentzioak egon zitezkeela jakiten genuen albistegien amaieran, Guardia Zibilak kontrolak jarri zituelako. Zorion agurrek eta preso eta iheslariei eta hauen senideei eskainitako abestiek betetzen zizkiguten bazkalorduak musikaz eta besarkadez.

Literaturaz aritzeko aukera sortu zen gero, eta Itsaso debekatuak haren lemari eutsi genion, gustura, astero itsasontzia munduko literaturetan barrena porturatuz.

Isildu egin nahi izan zuten guztia.
Baina begiratu ingurura, irakurri, entzun. Ez zuten lortu, bistan denez.
Min egin zuten, kartzela urrunetan preso dituzte oraindik batzuk, baina 1998ko uztailean emandako kolpe harekin ez zuten nahi izan zuten ezer lortu.

Gaurkoa bezalako egunetan, bidegabekeria zenbaterainokoa izan zen eta zenbaterainokoa den oroitzea soilik.

Gainerakoan, bidea egin du herri honek.
Orain askoz gehiago gara.

Gai honi buruzko informazio osagarria, blog honetan bertan:
· Egin, 16 urte ahotsa isilarazita.
· Zarautz Egin, gaur hamalau urte.





Baratzeko lehen marrubiak

5 05 2012

Maiatzarekin batera eguzkia agertu eta giroa berotzen hasi orduko sendotu eta gorritu dira balkoiko baratzeko lehen marrubi aleak.
Gaur, afarian, postre moduan jan ditu Araitzek, gustura asko…





Ariola Eguna, lehen argazkiak

5 05 2012

Ariola Eguna da gaur Zarautzen, sormena kalera ateratzeko eta Zarauzko sortzaileak, herritarrak eta kultur eragileak batera aritzeko.

Hainbat gunetan banatuta, egitarau oparoa antolatu dute antolatzaileek. Goizeko lehen argazkietako batzuk dira hauek, Frontoi Txikian ateratakoak.

This slideshow requires JavaScript.