Sorlekutik Plazara

28 12 2011

Atzo zabaldu zituen ateak Sorlekutik Plazara ekimenak. Hasiera ekitaldiaren ondoren, Patxi Santamaria aktoreak, Oreka TX taldeak eta Alprojako kideek animatu zuten Merkatu Plazako lehen solairua. Ordurako, artisauen, pintoreen, eskultoreen eta gainerako sortzaileen erakusleiho atsegina bihurtuta zegoen lekua.

Abenduaren 30era arte izango da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.

Hurrengo egunotan erakusmahaietako lanen berri ematen ahaleginduko gara, baina hasteko, hemen atzoko ekitaldien zenbait argazki, telefonoarekin aterata.

Lehen egunaren nondik norakoak, gaurko Noticias de Gipuzkoa egunkariak bildu ditu, Zarauzko artistak plazara izenburupeko testuan.





Sorlekutik: Zarauzko sortzaileen erakusleihoa

22 12 2011

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak abiarazi duen ekimen berri bat aurkeztu dugu gaur hedabideen aurrean: Sorlekutik. Zarauzko sortzaileen eta irakurle, entzule eta ikusleen artean zubia izan nahi duen plaza da ekimen berria.

Horren baitan hilero liburuen, diskoen, filmen edo erakusketen inguruko aurkezpenak eta solasaldiak antolatuko dituen arren Kultura Sailak, lehen jarduera, Sorlekutik Plazara izeneko azoka eta erakusleihoa izango da. Abenduaren 27tik 30era Zarauzko sortzaileen lanak ikusteko, ezagutzeko eta erosteko aukera izango da Merkatu Plazako lehen solairuan, Artezaleak elkartearen laguntzari esker.

Honakoa da gaur hedabideei helarazi diegun informazioa: SORLEKUTIK.PDF

· ATARIKOA:

Sormenari dagokionez, Zarautz herri oparoa da. Musikan, literaturan, artean eta beste hainbat esparrutan behin eta berriro aurkezten dituzte zarauztarrek lan berriak, eta hedabideek horien berri ematen dute. Askotan, ordea, hedabideentzat hiriburuetan edo sorlekutik kanpo beste lekuren batean egindako aurkezpenaz gain, herriko idazle, musikari, zinemagile, argazkilari, artista eta sortzaileek ez dute beraien lanaz herritarren aurrean hitz egiteko aukerarik izaten.

Honi aurre egiteko ekimena da Sorlekutik: sortzaileei herritarren aurrean sormenaz hitz egiteko eta azken lana aurkezteko plaza, besterik ez. Nahikoa da sortzailea, solasaldian edo aurkezpenean gidari izango duen aurkezle edo bidaidearekin batera agertzearekin. Ez da bitarteko handirik behar eta, aldiz, sortzaileari argitaratu berri duen lana herritarren aurrean aurkezteko modua bermatuko lioke Kultura Sailak.

· FORMATUA:

Formatu txikiko ekitaldiak izango dira Sorlekutik ekimenari dagozkionak. Sortzailea, solasaldiaren gidari edo bidaide batekin, bere liburuaz, diskoaz, filmaz, erakusketaz edo obraz hitz egiten, aurkezlearen eta herritarren galderen harian.

Nolabait, lagunen, ingurukoen, zaleen eta herritarren aurrean sormen lana aurkezteko aukera ematea da asmoa, zarauztarrek hainbat arlotan kulturari egiten dioten ekarpena aitortu, bultzatu eta erakutsi nahian.

· LEKUA:

Aurkezten den lanaren arabera, herriko gune bat edo beste baliatzea da Kultura Sailaren asmoa. Hasiera batean, Sanz Enea kultur etxeko sotoa izango da ekimen honetarako aurreikusi dugun leku ohikoena.

Hala ere, sortzailearen eta aurkezten den lanaren arabera, lekua aldakorra izan daiteke, inolako eragozpenik gabe. Izan ere, herriko zenbait leku sortzaileen plaza bihurtu dira azken urteotan: liburu dendak, tabernak, museoak, gaztetxea, erakusketa aretoak, arte galeriak… Horiekin guztiekin elkarlanean ariko da Sorlekutik, inori itzal egiteko asmorik gabe, batean eta bestean egiten dena zabaldu eta ezagutarazi nahian.

· LEHEN EKITALDIAK:

Urte berriarekin batera hilean behingo edo hamabostean behingo aurkezpen eta solasaldiekin hasiko da Sorlekutik. Urtarrilean, bi aurkezpen eta solasaldi izango dira. Batetik, Mikel Kazalis musikaria Matxura taldearen inguruan ariko da. Suizidio herrikoia bideoklipa aurkeztu eta talde berriaren ingurukoak erantzungo ditu.

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlearen Bizien gaubeilan liburuari buruzko aurkezpena eta solasaldia izango da bigarrena. Istorioak, mitoak eta bestelako narrazioak bildu ditu zarauztarrak azken liburuan, ahozkotasuna eta jolasa konbinatuz. Horiei buruz idazlearekin aurrez aurre aritzeko aukera izango da orain.

· LEHEN EKIMENA: SORLEKUTIK PLAZARA

Sorlekutik ekimenaren baitan, lehen aldiz, Sorlekutik Plazara antolatuko da eguberri hauetan Zarautzen, Merkatu Plazako lehen solairuan.

Zarauzko sortzaileen erakusleihoa bihurtu nahi duen plaza, azoka eta erakusketa da. Artisauak, pintoreak, eskultoreak, irudigileak, argazkilariak eta sormenaren inguruan lanean ari diren zarauztarren bilgunea bihurtu nahi du.

Abenduaren 27tik 30era izango da zabalik, 17:00etatik 21:00etara.

Honakoak dira bertan parte hartuko duten sortzaileak:

· Helena Aierbe: akuarela.
· Iñaki Aldabaldetreku: itsasontziak.
· Jon Aranguren: ilustrazioak, irudigintza.
· Mar Arregi: publizismoa, collageak.
· Aitziber Esnaola: bitxigintza.
· Ane Franko eta Olaia Landa: bitxigintza.
· Youssef Harribou: pintura eta Marokoko artea.
· Natxo Kareaga: fosilak.
· Maite Isasti: buztina eta toldoak.
· Kepa Izeta: pintura
· Jose Luis Lasa: eskultura eta zura.
· Juan Andres Leria Gomez: eskailerak, aroztegia…
· Txefo Mendez: landutako egurra.
· Juan Antonio Mendizabal: eskultura.
· Jurgi Olaizola: eskultura, grabatuak…
· Olatz eta Mirari: beira dekoratua.
· Concceta Probanza: diseinua eta ilustrazioa.
· Manu Urbieta: egurra, pintura eta eskultura.
· Cristina Zacchi: esmalteak.
· Izaskun Zarate: zaharberritze artistikoa.
· Uxoa Zulaika: tulipa margotuak.

+ Artezaleak elkarteko kideak eta ikasleak: keramika, zaharberritzea, pintura, akuarela…

[ Sorlekutik ekimenaren logotipoaren zein kartelaren egilea Oihana Leunda da ]

# Gai honekin lotutako albisteak:
· ‘Sorlekutik, herriko artisten plaza’ (zarautz.hitza.info, 2012-12-22).
· Sortzaileek herritarrei euren lanez hitz egiteko espazio berria jaio da Zarautzen (Noticias de Gipuzkoa, 2012-12-23).
· ‘Sorlekutik’ pretende acercar a nuestros artistas a los zarauztarras (El Diario Vasco, 2011-12-27).
· Zarauzko sortzaileen erakusleihoa (El Diario Vasco, 2011-12-27).
· Hemengo produktuak dastagai (Berria, 2011-12-27).





Mikromatxismoen inguruan

21 12 2011

Indarkeria matxista ernetzen duten egoeren eta mikromatxismoen inguruko bi altxor aurkitu nituen atzo twitterren.

Ander Izagirre kazetari donostiarraren blogean lehenengoa. Merezi du irakurtzea, benetan: Son unas histéricas.

Anderrek aipatzen zuen beste testu bat da bigarrena: June Fernandezen Paranoicas.

Horiek irakurri eta mikromatxismoaren eta makromatxismoaren mugei buruz pentsatzen ari nintzenean, berriz, Ibai Pujanak zuzendutako Egunon, printzesa! film laburra aurkitu nuen sare sozial berean.

Ander Izagirreren eta June Fernandezen artikuluak gustura irakurri badituzu eta zer pentsatua eman badizute, eman play bideoari. Merezi du honek ere.

EGUNON PRINTZESA! from Ibai Pujana on Vimeo.





Sakabanaketaren errepideetan

17 12 2011

Zarautz-Alacant-Zarautz: 1.532 km 40 minutuz Patxi Uranga adiskidea kristal lodiaren beste aldean ikusteko. Baina maitasunak ez du etenik. Kilometroen eta elurraren gainetik sakabanaketa urratzen segitzen dugu.

Gaur arratsaldeko bideoa:





Gure maitasuna ez dago preso

16 12 2011

Kartzela batera sartu nintzen lehen aldian soilik zeharkatu ditut harresiak senide gisara. Mexikok Espainiaren esku utzi zuen Iñigo, eta Langraitzen egin genizkion lehen bisitak, duela dozena bat urte inguru. Orduan ezagutu nituen 40 minutuko bisitak, mintzalekuak, harresiak, ateak, ateak eta ateak.

Gerora izan ditudan bisita guztietan sakabanaketaren turista izan naiz. Kristal lodiaren beste aldean aurkitu dudana edo bis a bis batean besarkatu ahal izan dudana ez da senidea izan, laguna baizik. Horrek, bidaia urtean behin egitea dakar, edo urtean bi aldiz, hiru aldiz, lau aldiz… adiskide eta gatibu bakoitzarekiko harremanaren arabera. Ez da inondik ere senideen eta etxekoen hamabostean edo hilean behingo errepide, kilometro eta bidaia errosarioa. Ez naiz euskal presoen senideen denbora eta ekonomia odolustu duen sakabanaketaren biktima zuzena izan. Ez dut istripu larririk izan. Ez naiz errepidean hil.

Baina Frantzia eta Espainia kartzelen arabera zeharkatzen eta ezagutzen joan naizen herrialdeak izan dira azken hamabi urteotan. Saint Maurren (843 km) besarkatu nuen hainbat aldiz Xabi. Mansilla de las Mulasen (350 km) Fernando. Soto del Realen (399 km) Mikel. Dueñasen (287 km) eta Zueran (298 km) Arantza. Jokin ere Dueñasen (287 km) eta Zueran (298 km) ikusi izan dut hainbat aldiz, azken urteotan Herrera de la Manchan (674 km) bisitatu baino lehen. Herrialde Katalanek kostalde eguzkitsua eta herri ederrak ez ezik kartzelak ere badituztela erakutsi dit Patxik uda honetan Alacanten (766 km).

Bidean, sakabanaketaren errepideak eta kilometroak ez ezik, senideen samurtasuna ezagutu dut. Ahaztu ezineko irudiak, elkartasuna, sentimenduak eta momentuak. Asteburuak autobusean igarotzen dituzten haurrak, bikoteak, lagunak. Ziegak, harresiak, kristal lodiak, funtzionarioak, metalak irakurtzen dituzten uztaiak, guardia zibilak, aparkalekuak, karnetak eta kartzelaren semantika guztia ezaguna zaien euskal herritarrak.

PSOEk eta PNVk sakabanaketa diseinatu eta abiarazi zutenetik mendeku politikak ahalegin guztiak egin dituen arren, gure maitasuna ez baitago preso. Maite zaituztegula esaten eta erakusten segitzen dugu.

Gaur, kolosala izango den urtarrilaren 7ko ekimenaren atarian, euskal presoen eskubideak eta sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko, Bilduko hainbat zinegotzi hogeita lau orduko baraualdia ari gara egiten, baita Zarautzen ere.

Bihar, Gorka eta biok Alacantera abiatuko gara. Ostiralean 09:00etan edo igandean 17:00etan daukagu Patxi bisitatzeko aukera. Asteburua errepidean eman edo lan egunak galdu, ez dugu besterik. Oraingoan, asteburua errepidean ematea erabaki dugu. 1.532 kilometro izango dira. Bidean egingo dugu lo. Igande arratsaldean 40 minutuko bisita kronometratua egin, eta gauean helduko gara Zarautzera. Astelehenean betiko moduan helduko diogu bakoitzak geure lanei eta egitekoei. Hurrengo bisita arte. Zorionez, batzuk, sakabanaketaren turistak besterik ez baikara.

Euskal presoen senideen aurkakoa da benetako mendekua eta odoluste ekonomikoa. Aski da.





Itsasoari begira

15 12 2011

Gaur goizeko bi argazki. 06:57an eta 07:01ean ateratakoak dira. Itsasgorarekin bat eginez, malekoian, moilan eta Munoa inguruan jendea bildu den arren, itsasoaren indarra ez da sortu duen ikusmina bezainbestekoa izan.





Pablo Marquez, Zarauzko XVIII. Gitarra Jaialdian

9 12 2011

Ez nuen Pablo Marquez gitarra-jotzailea ezagutzen, Zarauzko XVIII. Gitarra Jaialdiko gonbidatu nagusia izatekoa zela irakurri nuen arte. “Gitarra munduko izen nagusietako bat da, zalantzarik gabe” esan zuen jaialdiaren zuzendari Eduardo Baranzanok aurtengo ekitaldiak aurkezterakoan. Kultura Zarautzek kontzertuaren berri emateko prestatutako informazioa irakurri, sarean Marquezi buruzkoak aurkitu, eta aurtengo maisu eta gonbidatuaren berri izan nuenerako, herenegun, aurtengo jaialdiko ikasleei diplomak banatzeko ekitaldian ondoan nuen argentinarra.

Ezagutu ez arren, dagokion arloan mundu mailan handia den norbaitekin egotearen sentsazioa nuen eta, hemezortzi urtean lehen aldiz, Zarauzko Gitarra Jaialdiaren amaierako kontzertura joan nintzen gauean, Lizardi antzokira.

Zaila da bertan entzundakoa hitzetara ekartzea.
Baina abiarazi bideoa, eta ulertuko duzu.





Aurten ere euskara herren dabil Zarauzko Erdi Aroko Azokan

4 12 2011


[ argazkia: Urola Kostako Hitza ]

Euskararen Egunaren biharamunean, etsigarria da Zarauzko Erdi Aroko Azoka zeharkatzea. Erakusmahai gehienetan erdara soilik ageri da, iaz bezala. Ez dago aitzakiarik: huts egin dugu. Zalantzarik gabe, Udalarena baita erantzukizuna, zarauztarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eraginkorrak hartu ez izanagatik. Euskara zinegotzi bezala, lotsa sentitu dut gaur euskararen presentzia aztertzeko erakusmahai guztiak zeharkatu ditudanean.

Postu eta erakusmahai bakanetan ageri da euskara behar bezala. Beste batzuetan, nabari da gaztelera gailentzen den arren euskarari ere lekua egiteko ahalegina. Gehienetan, ordea, gaztelera hutsean daude oharrak, eskaintzak, kartelak eta gainerakoak. Desastre hutsa.

“Gauza batzuk ondo egin genituen, eta beste batzuk gaizki ez, oso gaizki egin genituen” adierazi zuen pasa den asteko udal osoko bilkuran Imanol Lasa zinegotziak, jeltzaleen bozeramaile gisara, pasa den legealdiaz eta Udal Gobernuaz ari zenean. Erdi Aroko Azoka da horren isla argia. Herriari bizia emateko eta bisitariak erakartzeko ekimen egokia da, baina lehen urtetik bigarren mailako herritarrak bihurtu gintuen euskaldunak. Ikasi dugu zer dakarren aurrekoek egindakoa bere horretan egiten segitzeak: gauzak batzuk ondo egingo ditugu, eta beste batzuk gaizki ez, oso gaizki egingo ditugu.

Negozio pribatuetan neurriak hartzea zailagoa den arren, Udalak antolatzen dituen ekimenetan erraza baita hizkuntza irizpideak betetzea eta euskaldunon eskubideak bermatzea: nahikoa da euskara bermatu ezean ekimenetarako baimenik ez ematea. Baimena lortu ondoren irizpideak betetzen ez dituena, berriz, oso kontuan hartuko da hurrengo eskaerak jasotzerakoan.

Herritarrei emandako hitzari zor diogu batetik, eta euskaraz bizi nahi duten zarauztar guztiei bereziki. Ea ikasten dugun.





Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik

1 12 2011

Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik proiektuari ilusioz ekin genion brigadakideok gustura gaude gaur. Esku artean dugu azkenean hainbat eta hainbat lagunen lanari esker osatutako liburua eta diskoa. Axier, Aroa, Leire, Irantzu eta Igotzek elkartasunaren geografian betiko lekua izango duen lan ederra egin dute, dozenaka kolaboratzaileren laguntzarekin.

Liburua gaur heldu da inprentatik, eta igandetik aurrera Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango da, Askapenaren erakusmahaian. Gaur bertan hedabideei banatzen hasi garen informazioa da hurrengo lerroetakoa.

· Izenburua: Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik
· Argitaratzailea:
Biladi Hadi elkartea
· Urtea:
2011
· Orrialdeak:
160
· Prezioa:
10 euro
· ISBN: 978-84-615-4889-7

BILADI HADI hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik izeneko liburua eta diskoa Biladi Hadi elkartasun brigadak Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera hilabeteetan garatutako proiektua da. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada da, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean ari diren euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste.

Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordeta. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari.

Bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau. Euskal Herrian hainbat esparrutan lanean ari diren lagunekin elkarlanean, musika eta hitzak jarri dizkiegu gure bidaian ateratako irudiei: palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiei. Horien bitartez, bat egin nahi dugu nazioartean garatzen ari den Israeli Boikot ekimenarekin, Israelek zapalketa alde batera utzi, eta herri palestinarra aske utz dezan.

Urrats txiki honek beste batzuk ekarri beharko ditu atzetik, azkenean herri gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun.

Palestinaren egoeraren nondik norakoak erakusteaz gain, Biladi Hadi brigadako lagunek ateratako argazkiei jarritako hitzak ere biltzen ditu lan honek. Honakoak dira, zehazki, argazkiei begira idatzi egin dutenak:

● Gabi Basañez · Euskal internazionalista auziperatua
● Ainara Gorostizu eta Arantxa Iturbe ·
Berria egunkariko eta Hik Hasi aldizkariko kazetariak eta Biladi Hadi brigadako kideak
● Ainere Tolosa · Aktorea
● Alberto Arce · freelance kazetaria eta T
o shoot an elephant dokumentalaren egilea
● Alberto Pradilla · freelance kazetaria eta
El judio errado liburuaren egilea
● Amets Arzallus · Bertsolaria eta kazetaria
● Ander Perez · Gazte mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Harkaitz Martinez de San Vicente · Oreka TX musika taldeko kidea
● Aroa Lasa · Arramazka musika taldeko abeslaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Asisko Urmeneta · Marrazkilaria
● Axier Lopez ·
Argia-ko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Beñat Hach Embarek · Sahararen aldeko ekintzailea eta gazte mugimenduko kidea
● Xabier Euzkitze · Kazetaria eta Saharautz elkarteko kidea
● Filipe Bidart · Iparretarrak erakundearen sortzaileetakoa
● Galder Olivares · Igorreko alkate ohia eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Garazi Goienetxea · Ikasle mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Gari Berasaluze · Kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Iñaki Garitaonaindia
Gari · musikaria
● Gotzon Barandiaran · Idazlea
● Izazkun Guarrotxena · Mugimendu feministako kidea
● Imanol Murua · Kazetaria eta idazlea
● Iñaki Antiguedad · Mugimendu ekologistako kidea, eta EHUko irakaslea
● Irune Berro ·
Berria egunkariko kazetaria
● Jesus Valencia ·
La ternura de los pueblos, Euskal Herria internacionalista liburuaren egilea
● Joanes Etxebarria · Bertsolaria eta kazetaria
● Jon Maia · Bertsolaria, musikaria eta idazlea
● Jon Mantzisidor
Mantxi · Gora Japon musika taldeko kidea
● Jon Maya · Dantzaria
● Josu Martinez · Zinema zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Joxe Mari Karrere · Ipuin kontalaria
● Karlos Zurutuza · freelance kazetaria
● Koldo Alzola · Komite Internazionalistak taldeko eta Hala Bedi irratiko kidea
● Kristiane Etxaluz · Militante abertzalea
● Leire Ventas ·
Urola Kostako Hitza egunkariko zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Lidon Soriano · Komite Internazionalistak taldeko kidea eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Miren Amuriza · Bertsolaria
● Mikel Elorza · Abokatua
● Martxelo Otamendi ·
Berria egunkariko zuzendaria
● Miren Artetxe · Bertsolaria
● Maite Ubiria ·
Kazeta.info agerkariko kazetaria
● Martxelo Diaz ·
Gara egunkariko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Mikel Kazalis · Matxura musika taldeko kidea
● Mikel Ayestaran · freelance kazetaria
● Mikel Etxaburu · Idazlea
● Mixel Berhokoirigoin · Laborantza Ganbarako lehendakaria
● Oskar Matute · Alternatiba alderdiko bozeramailea
● Pako Aristi · Idazlea
● Periko Solabarria · Militante abertzalea
● Aiora Zulaika · Pirritx pailazoa
● Sabin Ibazeta · Gernika Batzordeko kidea
● Alfonso Sastre · Antzerkigilea eta idazlea
● Oier Guillan · Antzerkilaria
● Sustrai Colina · Bertsolaria eta kazetaria
● Javier Etayo Tasio ·
Gara egunkariko marrazkilaria
● Jon Garmendia
Txuria eta Xabi Solano · Idazlea eta Esne Beltza taldeko abeslaria
● Unai Vazquez · Auziperatutako militante internazionalista eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Arantxa Erasun · Euskal Memoria elkarteko kidea
● Iñaki Viñaspre · Bertsolaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Xabi Strubell · Zura musika taldeko kidea
● Haritz Gartxotenea
Xaporra · Euskal preso politikoa eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Zuhar Iruretagoiena · Artista
● Raeda Taha · Idazlea
● Joseba Sarrionandia · Idazlea
● Ahmed Jasalwa · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen gazteen adarreko kidea
● Mahmoud Darwish · Poeta palestinarra
● Liliana Cordova Kaczerginski · Militante internazionalista eta IJAN (International Jewish Antizionist Network) taldeko kidea
● Sergio Yhani · Alternative Information Center taldeko kazetari israeldarra
● Jamal Juma · Stop the Wall kanpainaren koordinatzailea
● Ali Mohamed Jaddeh · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen kide historikoa

Honakoak dira, berriz, diskoan parte hartu duten taldeak eta musikariak:

● ARRAMAZKA: Gure hitzak (feat Rim Banna + DAM)
● ERATU: Nablus ilun
● ESNE BELTZA: Free Palestine
● SKATU: Askatasun egarriz
● NAPAR-K: Eguneroko goizak (feat Arramazka)
● MADELEINE: Hartza
● BERRI TXARRAK: Arren, Darwish
● FERMIN MUGURUZA: Yallah, Yallah, Ramallah!
● MALDAN BEHERA: Mohamed
● JON ARANBURU: 31. eskubidea
● PIRRITX PORROTX ETA MARI MOTOTS: Palestinatik, maite zaitut!

ARGAZKIAK:

Irantzu Pastor eta Axier Lopez kazetari eta argazkilarienak dira argazki gehienak, baina badira Biladi Hadi brigada osatu zuten gainerako lagunen hainbat begirada ere.

[ liburuan ageri den eta erakusketan ikus daitekeen argazkietako bat ]


ERAKUSKETA:

Era berean, liburu honetan bildu ditugun hainbat argazki hautatu ondoren, erakusketa ibiltaria ere abiarazi dugu euskal herrietan barrena. Honakoa da orain arteko egutegia:

– Arbizu: abenduaren 11 arte, udaletxean.
– Azpeitia: urtarrilaren 9tik 21era, San Agustin kultur gunean.
– Orereta: urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra, Mikelazulo aretoan.
– Igorre: otsailaren 13tik 27ra.
– Donostia: martxoaren 1etik 15era, Alboka tabernan.
– Oiartzun: martxoaren 16tik 31ra, Makutxo tabernan.


AURKEZPENA:

· Eguna: abenduak 8, osteguna.
· Ordua: 18:00.
· Herria: Durango.
· Lekua: Ahotsenea, Durangoko Azokaren egitarauaren baitan.


Prentsa txostena PDFan:
biladihadi.pdf