Zauriei begira, kazetaritzaren ispilutik

21 03 2013

‘Egunkaria: 10 urte, hilabete 1 eta egun 1’ izeneko ekitaldia antolatu zuen atzo Zarauzko Udalak, Modelo aretoan, Zarautzek eta zarauztarrek euskal prentsari egindako ekarpena eskertzeko eta aitortzeko. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrena gogoan, Iñaki Uria zarauztarraren lana nabarmentzeaz gain, Lizardirengandik gaur arte zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egin duten ekarpena eskertzea zen asmoa. Bidean, Zeruko Argia, Egunkaria Sortzen, Bartolo, Zarautz Egunkariaren Alde taldea, Fernando Muniozguren, Txaparro herri aldizkaria, Urola Kostako HITZA eta beste hainbat langile, talde eta egitasmo aritu dira Zarautzen euskarazko prentsari egundoko ekarpena eginez, eta horiek guztiek lekua izan zuten atzoko ekitaldian.

p040_f01
[ argazkia: Gorka Rubio, Argazki Press / Berria ]

Amaieran, zarauztarrek euskarazko hedabideen alde egindako lana aitortzeaz gain, alde guztietako kazetariek jasandako jazarpena eta erasoak ere gogoan izan genituen, “zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea” dagokigula sinetsita.

Zehazki, honakoa da irakurri nuen testua:

Arratsaldeon denoi.

Duela hogei urte, 1993an, gaur ekitaldi hau aurkezten aritu den Gorka Arrese zutabegilea zen Euskaldunon Egunkarian. Uztailean, Lubakietatik izeneko zutabea idatzi zuen, Txiki eta Otaegi hil zituztenean jaio ginen hainbat gazte literaturaren lubakietatik tiroka hasiko ginela eta antzekoak iragarriz. Lubaki Banda izan zena bazetorrela plazaratu zuen Gorkak zutabe hartan. Ordurako bazekien zerbait Susa argitaletxeko editoreak. Hamazazpi urte nituen nik orduan, Susa aldizkaria Lubaki Bandako gazteon esku utzi zutenean. Utzi zigutenean, nolabait.

Hiru zenbaki argitaratu genituen, eta hiru zenbaki haiek osatzeko lanetan ezagutu nituen hemen oholtza gainean dauden hainbat lagun, Lasarteko erredakzioan, lehen Imanol Muruak bideoan esan duen moduan, Susa, Argia eta Euskaldunon Egunkaria eraikin berean baitzeuden.

Egunkariarentzat, aldizkariarentzat eta argitaletxearentzat bizi ziren. Etxerako ordurik gabe, erredakzioa ia etxebizitza bihurtuta, gau bat baino gehiago bertan igarota, sinesten zutenaren alde dena emanez. Eskola horretakoak dira Imanol Murua Uria, Gorka Arrese, Iñaki Uria, Xabin Makazaga, lan kontuengatik gaur hemen ez dagoen Amagoia Iban, eta belaunaldi hartako beste hainbat eta hainbat. Eskola hartakoa zen Bartolo ere. Euskarazko egunkaria. Euskarazko aldizkariak. Euskarazko liburuak.

Urte haietan, Euskaldunon Egunkariak larunbatero argitaratzen zuen literatura gehigarria egiteko Lubaki Banda hartako gazteren bat proposatzeko eskatu zioten Gorkari, eta horrela hasi nintzen Egunkarian, dinosauro hauek irakasletzat nituela. Denok ere, gaur baino 20 urte gutxiago genituen.

Txumai Iturriarekin egin ohi nuen erredakziorako bidea, autoan. Txumai, zehazki, Zarauzko Udaleko zinegotzia zen urte haietan, HBko zinegotzia, eta autoa erre zioten. Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidai haietan, Txumai, Karlos edo Amagoiarekin, Egin egunkarian Zarauzko albisteen kazetaria izateko aukera aipatu zen, Imanol Arruabarrenak lekukoa pasatzea eskatu zuelako, eta bidaideek lan askorik gabe konbentzitu ninduten lan askoz gehiago hartzeko. Beste lan batzuekin batera, biak uztartzen nituen: Euskaldunon Egunkariako literatur gehigarria, eta Egin egunkariko Zarauzko albisteak.

1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkaria. Xabier Salutregi zuzendariak kartzelan jarraitzen du oraindik, Teresa Toda kazetariarekin batera. Baita Xabier Alegriak ere. Bost urte geroago Egunkariari heldu zitzaion mamua bizirik zegoen ordurako. Bidean eraman zituen Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkariak ere, Egunkaria irentsi baino lehenago.

Egunkaria auzian, mamuak ez zuen nahikoa izan kolpe bakarrarekin, eta Martxelo, Iñaki eta gainerako arduradunen atxiloketarekin eta Egunkariaren itxierarekin hasitakoa, hilabete batzuk geroago errepikatu nahi izan zuen, auzi ekonomikoarekin. Auzi horrek zabalik segitzen du oraindik. Epaiketaren esperoan daude auzipetuak, eta ez nolanahiko kartzela zigor eskaerekin, gainera. Tartean dago Iñaki Uria zarauztarra ere. Auzipetuetako batek otsailaren 20an gogoratu zuen moduan, auzi ekonomikoa zabalik dagoen bitartean, Egunkariaren zauriak odoletan segitzen du oraindik, bizirik.

Odola eta zauriak aipatuta, Zarauzko Udalaren izenean, herri honetan jazarriak eta erailak izan diren kazetariak badirela gogoratu behar dut ezinbestean. Udal ordezkari gisara, eredu izatea dagokigu eman beharreko urratsetan. Horregatik, zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, batzuek eta besteek pairatutako minaren errekonozimendua, biktima guztien aitortza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak ematea dagokigu. Zentzu horretan, kazetarien eta hedabideen aurkako ekintzak gogoratu behar ditugu: GALek hildako kazetariak, ETAk hildako kazetariak, zenbait hedabideren egoitzek izandako atentatuak, beste zenbait hedabideren aurkako sarekadak, epaiketak, torturak eta bidegabekeriak. Eta Zarautzen, bereziki, ezin dugu ahaztu Gorka Landaburu kazetariak jasandako atentatua ere. Inoiz baino gehiago, guztien aitortza eta minaren errekonozimendua beharrezkoak ditugu.

Ez nuke gaurko ekitaldia amaitu nahi, ekitaldiaren helburua nabarmendu gabe: Zarautzek eta zarauztarrek euskarazko prentsaren alde egindako jarduna eskertzea. Prentsa idatzira mugatu gara batez ere, baina jakin badakigu, telebistan eta irratian ere, kate pribatuetan zein libreetan, hamaika zarauztar ari dela lanean, gaur hemen aitortu nahi izan dugun ekarpenaren antzekoa eginez, beste formatu batzuetatik. Telebistan eta irratian ez ezik, baita sareko albistarietan ere. Horiek ere gogoan ditugu.

Guztiei, beraz, mila esker euskaratik eta euskaraz Lizardik noranahikoa amesten zuen hizkuntza larrekoa lau haizetara zabaltzeagatik.

Ekitaldian zehar banatu ditugun oroigarriak, ekitaldi honetarako Manu Urbieta artista zarauztarrak berariaz egindakoak dira. Benetan ederrak. Egindako bidea eta lan ederra eskertzeko, baditugu beste bi ere: Martxelo Otamendirentzat, eta Imanol Muruarentzat. Beraiek jasoko dituzte, baina nolabait, gaur hemen aitortu eta eskertu nahi izan dugun belaunaldi eta ekarpen baten ordezkari gisara. Zuen txaloak beraientzat dira.

Eskerrik asko!

Post scriptum:
Ekitaldia amaitu eta oholtzatik jaitsi orduko Gorka Landaburu kazetaria hurbildu zitzaidan, eskerrak ematera. Eskua luzatu zidan. ETAren lehergailu batek zartatutako eskua. Lander Garrok azaroan sentitu eta idatzitakoaren antzeko zerbait sentitu nuen nik ere. Hemen testua.
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 2012-11-22).

Kontu honi buruzko informazio osagarria eta estekak:
· Aitorpena euskal prentsari (Berria, 2013-03-22).
· Nire tokia (Lander Garro, GARA, 201211-22).

Atzoko ekitaldia iragartzeko egunotan prestatu dugun bideoa:





Modelo aretoa, zinema zaharretik kultura eredu berrira

15 11 2012

Gaur eguerdian aurkeztuko dugu Modelo aretoa izango denaren hurrengo asteotako egitaraua, eta aretoa kudeatzeko Kultura Sailak eta herriko hainbat talde eta eragilek izan ditugun bileren berri ere emango dugu, egitaraua guztion ekimena eta ardura izango dela nabarmenduz.

Izan ere, Modelo zinema negozio bezala kudeatzen zuen enpresak zinema itxita, eta Lizardi antzokia zena ere eraitsita, kultur azpiegitura aldetik herren geratu da aurten Zarautz. Horren aurrean, zinema, musika, antzerkia eta gainerako arte eszenikoak eskaini ahal izateko agertoki baten beharra ikusita, aldi baterako hitzarmena sinatu du Zarauzko Udalak Modelo zinema zenaren eraikinaren jabeekin. Hilean 2.500 euroko alokairua ordaintzen dio Udalak Jose Miguel Zubillaga e Hijos S.A. enpresari.

Eraikina moldatu behar izan dugu kulturari atea zabaltzeko. Urteetako utzikeriaren ondorioz baldintza kaskarretan egon dena nolabait egokitu behar izan dugu: argindar koadroak, agertoki berria, fokoak, segurtasuna bermatzeko legeak eskatzen dituen distantziak, eserlekuen ilarak, berogailuak eta deshumifikadoreak, proiektorea… Zarauztarrei Modelo aretoan behin-behinean zinema, antzerkia eta musika eskaintzeko, 30.000 euro inguru bideratu ditu Kultura Sailak, oraingoz, hileroko alokairuaz gain. Aretoa zabaldu eta modu duinean abiarazteko soilik, alegia.

Aretoa modu duinean abiarazteko, ordea, ez da dirua soilik behar.
Askotan esan dugu. Zarauztarrak eta Zarauzko talde eta eragileen borondatezko lana da gure kultur baliabiderik garrantzitsuena, eta horri heldu nahi izan diogu zinema zaharretik kultura eredu berrira igarotzeko.

Asko izan dira elkarlanean aritzeko gogoa eta borondatea erakutsi diguten talde edo elkarteak, bakoitza bere arloan: musika, zinema, antzerkia… Bilera orokor bat egin genuen talde guztiekin batera, areto honetan bertan, elkarlanean kudeaketari nola heldu zehazten hasteko. Gerora, taldeekin banaka bilduta, bakoitzak eskaini dezakeena zehazten eta lotzen aritu gara, eta ari gara oraindik ere.

Gaur aurkezten dugun egitaraua, beraz, oraingoz lotuta dagoena soilik da. Talde eta elkarteen ekarpenarekin, hurrengo asteotan, zabaldu eta osatu egingo baita. Izan ere, Modelo aretoa kudeatzeko, hiru multzo bereizi ditugu, eta bakoitzak bere baldintzak izango ditu.

1. Kultura Sailak antolatzen dituen ekimenak, eta Zarauzko Udalaren gainerako sailek antolatzen dituzten ekimenak.
2. Bidelagunek antolatzen dituzten ekimenak. Herriko talde, elkarte eta eragileek Kultura Sailarekin elkarlanean, Modelo aretoan dagokien arloari buruzko ekimenak kudeatuko dituzte: zinema zikloak noizean behin, antzerkia hilean behin, musika entzunaldiak, hitzaldiak, eta abar. Kultura Saila talde eta eragile hauetako bakoitzarekin ari da bakoitzak egingo duen ekarpena zehazten eta baldintzak adosten.
3. Modu pribatuan, ohiko bidelagunen multzoan egon gabe, Modelo aretoa ekimen puntualetarako erabili nahi duten gainerako enpresak, elkarteak edo eragileak.

Elkarlana da, beraz, kudeaketa berriaren ardatza.
Elkarlana Kultura Sailaren eta Modelo aretoan zerbait iraunkorki eskaini eta kudeatu nahi duten herriko talde eta eragileekin.
Elkarlan hori, gainera, herritik kanpora ere heltzen da. Izan Argiarekin eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin Dokusarea ekimenean emango diren dokumentalak eskaintzeko, izan Euskadiko Filmategiarekin ziklo zehatzak antolatzeko, izan Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin Zarautzek antzezlan berrien zirkuitoan lekua izan dezan bermatzeko, eta abar.

Modelo aretoa izango denaren kudeaketa ereduaren adibide batzuk besterik ez dira.

Egitaraua, ekimenei eta zikloei buruzko informazioa, sarreren prezioa, ordutegiak eta gainerakoak, aurrerantzean, modeloaretoa.com webgunean izango dira ikusgai, gaurtik aurrera.

Gaur atea zabalduko dugu, eta barrura sartzen denak aurkituko duena erakusten hasiko gara, baina hemendik aurrera etorriko dira Modelorekin lotutako ekimen, hitzarmen, elkarlan eta albiste berriak.

Gonbidatuta zaudete!

EGITARAUA:

AZAROA:

18 Zinema: ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filma, eta Txaber Larreategi zuzendariarekin solasaldia. 17:30ean. Sarrera, 5 euro.

25 Bertha Gaztelumendiren ‘Tximeleta burdinan’ dokumentala. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren baitan. Sarrera, doan.

30 Kontzertua: Jabier Muguruza.

ABENDUA:

2 ‘Arra arraroa’ eta ‘Stereo’ antzezlanak. 18:00etan. Sarrera, 3 euro.
‘Arra arraroa’. Aktorea: Iñigo Ortega. Testua: Oier Guillan. Zuzendaria: Ainhoa Alberdi. Ekoizpena: Metrokoadroka Sormen Laborategia.
‘Stereo’. Aktorea eta zuzendaria: Miren Gaztañaga.

3 Euskararen Eguna. ‘Euskararen ispilutik, munduko hizkuntzetara’. Zarautzen hitz egiten diren eremu urriko hizkuntzei buruzko dokumental laburrak eta etorkinekin solasaldia.

4 ‘Urte berri on amona’ filma, eskola ordutegian, ikasleentzat.

4 Telmo Esnalen ‘Hamaiketakoa’ film laburraren estreinaldia + ‘Taxi’ eta ‘Amona Putz’ film laburrak, eta zuzendariarekin solasaldia. 19:00etan. Sarrera, doan.

6 Gitarra Jaialdia. Kontzertua: Eva Pons (2011ko Gitarra Jaialdiko irabazlea) eta Enrique Truan Gitarra Orkestra.

8 Gitarra Jaialdia. Kontzertua: Eduardo Baranzano, Jacaranda laukotea eta Bartzelonako Gitarra Orkestra.

9 Zinemapean: ‘Ziztadak · Tábanos’. Desobedientzia zibilari buruzko dokumentala, Dokusarea ekimenaren baitan, Argia eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean. Sarrera, 2 euro.

14 Zine Modelon zikloaren baitan, ‘La naranja mecánica’ filma. I Love Rock ekimenak antolatuta. Sarrera, 5 euro.

15 ‘Aurresku zaharra’ bideo-dokumentalaren aurkezpena, 19:00etan.

16 Zinema: ‘Gazta zati bat’ filma, eta Jon Maia zuzendariarekin solasaldia. 19:00etan. Sarrera, 5 euro.

22 Haurrentzako antzerkia. 17:00etan. Sarrera, 3 euro.

23 Zinemapean: ‘Morir de día’. 80ko hamarkada eta heroinaren aurpegi ezkutuari buruzko dokumentala, Dokusarea ekimenaren baitan, Argia eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean. Sarrera, 2 euro.

30 ‘Zu Zarautz’ zikloaren baitan, Zarautzi buruzko lehen lau dokumentalen estreinaldia. Debolex etxearen eskutik. 18:00etan. Sarrera, doan.

URTARRILA:

20 Zinema: ‘Zuloak’ filma, eta solasaldia. 19:00etan. Sarrera, 5 euro.

27 Zinemapean: ‘Brad, beste gau bat barrikadetan’ dokumentala. Dokusarea ekimenaren baitan, Argia eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean. Sarrera, 2 euro.

OTSAILA:

16 Tik Tara musika taldearen lehen diskoaren aurkezpena, kontzertua eta festa.

24 Zinemapean: “Ezkutuko zorra’ dokumentala. Dokusarea ekimenaren baitan, Argia eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean. Sarrera, 2 euro.