gernika esaten badut

30 03 2012

EuskalPen Klubak apirilaren 26an munduko bazter guztietatik iritsitako poemekin bete nahi du Gernika, bonbardaketaren 75. urteurrenean. Horretarako Poemak Gernikarako deialdia egin du, Gernikari eta munduko beste gernikei buruzko poemak jasotzeko. Ekimenarekin bat egin nahian, hau da gaur bidali diedana.


[ koadroa: Felipe Arcos txiletarraren Gernika-Remix, 2011 ]

gernika esaten badut
lanbroa ageri da
sagarrondorik gabe
geratutako historia liburuetan.

gernika abesten badut
maite ditudan bazterrak
betetzen dituzte hildakoen izenek
oraindik galdu gabe dagoen toponimian.

gernika ikusten badut
lapurtutako koadro bat dago
munduari begira
hemengoa ez den museo batean.

gernika oroitzen badut
zure ezpainak dira
itzaltzen ez den suak hartuta.

gernika idazten badut
dornier, junker edo heinkel
bezalako hitzekin
harriz betetako basamortua
zabaltzen da azoka egunetan.

gernika esaten badut gernika
abesten badut gernika ikusten
badut gernika oroitzen badut
gernika idazten badut

errautsetatik koloreak bildu dituen
herri bat erakusten ari naiz
munduko gernika guztiekin batera
koadroa noiz amaituko den galdezka.





Erabateko babesa eta elkartasuna Gurekin Jai Batzordeari

28 03 2012

Zarauzko Gurekin Jai Batzordeko kide bat epaitzen hasiko dira apirilean Espainiako Audientzia Nazionalean. Informazioa, hemen.

Horren harira, jai batzordeak mozioa aurkeztu du gaurko plenorako, eta aztergaien zerrendan izango dugu gaurko udal osoko bilkuran.

Bilduko zinegotziok mozioa babesten dugunez, jai zinegotzi bezala honakoa esango dut Zarauzko Udal Gobernuaren izenean, Gurekin Jai Batzordeari eta auzipetutako zarauztarrari erabateko elkartasuna eta babesa adierazi nahian.

ZARAUZKO UDAL GOBERNUAK GUREKIN JAI BATZORDEAREN AURKAKO EPAIKETAREN ATARIAN

Ez da esaten dudan lehen aldia: izan sanpelaioak, izan Euskal Jaiak, izan auzoetako festak, eta antzekoak, Zarautzen, bateko edo besteko festak iristen direnean, guztietan, beti dago lanerako borondatearekin ageri den herritar sorta ederra.

Ez da esaten dugun lehen aldia: Zarauzko Udalak horien guztien ispilu izan behar du. Gure lana da horiek guztiek herriaren alde egiten duten lana aitortzea, eta behar dituzten bitartekoak eskura jartzea. Izan ere, auzoetako jai batzordeetatik eta gainerakoetatik behin baino gehiagotan esan eta aldarrikatu izan da, azken urteotan, ulertezina izan dela Zarauzko Udalaren jarrera: lanerako gogoa eta borondatea erakutsi izan duenari, lagundu beharrean, trabak jartzea askotan.

Gurekin Jai Batzordeak badaki zerbait horri buruz. Gehiegi.

Festak antolatzeagatik, jai eredu parte-hartzaile eta herrikoian sinetsi eta zarauztar guztiek lekua izango duten festak antolatzeagatik, oztopoak, neurrigabeko fidantzak, beste inori eskatzen ez zaizkion baldintzak eta kriminalizazioa ere ezagutu ditu azken urteotan. Zarauztar askok ez dute erraz ahaztuko: udal osoko bilkura areto honetan bertan, gaurkoa bezalako udalbatzar batean, Gurekin Jai Batzordearen festa eremua «antro de rateros, ladrones, violadores y terroristas» hutsa dela esan izan da, lasai asko.

Gurekin Jai Batzordea, gustatu ala ez, ordea, hainbat alorretan lanean aritzen diren Zarauzko elkarte eta eragileek osatzen dute eta, beraz, Zarautzen sustrai sakonak ditu. Antolatzen dituen ekimenei eta egitarauei, jasotzen duen babesari eta herriari ematen dion koloreari begiratu besterik ez dago.

Jai zinegotzi bezala, beraz, Udal Gobernu osoaren izenean, Gurekin Jai Batzordeak orain arte egin duen eta gaur egun ere egiten duen lana eta ahalegina eskertu nahi dut hemendik. Aupa zuek!

Hau esanda, ordea, ezinbestekoa da iazko sanpelaioetan gertatutakoaren irakurketa politikoa egitea. Maiatzaren 22ko hauteskundeek aldaketa politikoaren, indar metaketaren eta prozesu demokratikoaren aldeko erauntsia ekarri zuten euskal herrietara. Ekainaren erdialdera karguak hartu zituzten alkate eta zinegotziek, eta testuinguru hartan zentzurik alaienean lehertu ziren lehenengoetako festak izan ziren sanpelaioak.

Guk espero gabe, ordea, Zarautzek, Bilduren aurkako sorgin ehizari ekiteko osagai asko zituen. Gerra ministerioek diseinatu eta zenbait hedabideren laguntzarekin gezurrak zabaltzen hastea nahikoa zen horretarako. Antza denez, leku batzuetan, gauzak ez baitira hain erraz aldatzen. Plan ZEN. Zona Especial Norte. Basta que la información sea creíble para explotarla.

Horrela heldu ziren lehen titularrak. Un alcalde de Bildu pide explicaciones a la Ertzaintza al retirar fotos de presos etarras. Edozerk balio zuen Bildu lokazteko, eta ibaiak gora egin zuen. Horrelakoetan, badakizue nolakoa den prentsa ultraeskuindarra: El alcalde proetarra de Zarauz, blablabla. Basta que la información sea creíble para explotarla. Lerro bakar bat ere ez, noski, gertaera haien atarian zenbait zinegotzik, udaltzainek, ertzainek eta Gurekin Jai Batzordeko kideek batzuen eta besteen artean izandako dei, bilera, solasaldi eta gainerakoez, festa eremua errespetatzeko eta sanpelaioak lasai eta alai igaro ahal izateko konpromisoez.

Bestelako aginduak eta titularren beharra, ordea, Zarauzko festa eremuen eta polizia etxeen gainetik zeuden, eta Ertzaintza, halako batean, hitz emandako konpromisoak urratuz festa eremura sartu zen udal ordezkariei eta udaltzainei aldez aurretik ezer jakinarazi gabe.

Festa eremutik, epailearen arabera, hainbat zarauztarren argazkiak zituen pankarta bat kendu zuten.

· Iraitz Gesalaga: Ziburun atxilotu, Espainiaratu, eta epaitu gabe behin-behinean kartzelan zuten gazte zarauztarra. Hamalau hilabete egin zituen kartzelan, epaitu eta errugabe izendatu ondoren pasa den hilabetean aske utzi zuten arte. Antzeko zerbait egin zuten beste zarauztar batekin duela urte batzuk: atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta hainbat hilabetez kartzelan eduki zuten Iñaki Uria, Euskaldunon Egunkaria zenaren administrari kontseilari ohia. Gero, epaiketan errugabe izendatu zuten.
· Ekaitz Sirvent: duela ia hiru urte Frantzian atxilotu eta oraindik epaitu gabe behin-behinean preso duten gazte zarauztarra.
· Aritz Labiano: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Haritz Gartxotenea: epaiketan inolako frogarik gabe, salatzaile anonimo baten salaketa faltsuaren ondorioz kondenatutako gazte zarauztarra.
· Jose Mari Perez Diaz, Txuri: etakidea izateagatik eta atentatu batean parte hartzeagatik ezarri zioten kondena 2008ko abenduaren 15ean amaitu zuen arren, oraindik espetxean duten zarauztarra.

Ertzaintzaren arabera, bost zarauztar horien argazkiak zituen pankartak.

Munduko edozein abokatuk edo epailek esan dezala, arren, bost lagun horien argazkiak erakusteak zein delitu dakarren eta zein legetan oinarritzen den. Inon ez dago hori delitutzat jotzen duen legerik.

Nahikoa da, ordea, borondate politikoa, frankismoaren oinordekoa den salbuespeneko auzitegi bat, eta epaile baten konplizitatea, edozertarako.

Auzitegi Nazionala eta Fernando Grande-Marlaska, adibidez.

Begira hiru orrialdeko autoaren lehen orrialdea:

Juzgado de Instrucción Número Tres. Audiencia Nacional. Madrid.
Auto
En Madrid, a ocho de noviembre de dos mil once
Antecedentes de Hecho
(blablabla…)

Así las cosas, en la tarde del día 25 de junio de 2011, agentes no uniformados de la Ertzantza observaron como en el escenario y en una de las txoznas, la cual no ha podido ser identificada, se habían colocado fotografías de presos de la organización terrorista ETA, entre ellos: JOSE MARIA PEREZ DIAZ, ARITZ LABIANO ZEZEAGA, EKAITZ SIRVENT AUZMENDI, IRAITZ GESALAGA FERNANDEZ, HARITZ AINGERU GARTXOTENEA IRURETAGOIENA, GARIKOITZ BERASALUCE OSTOLAZA Y FRANCISCO JAVIER ECHABURU ELU.

Ederki.

Udal Gobernu honetako Garikoitz Berasaluze Ostolaza eta Francisco Javier Echaburu Elu zinegotziak, orain, presos de la organización terrorista ETA gara.

Berriro ere Audientzia Nazionalaren eta bertako epaileen zorroztasun juridiko guztia agerian.

Barregarria da. Erabat. Kontua serioegia ez balitz…

Salbuespeneko Audiencia Nacional horrek eta epaile zehatz horrek jendea atxilotu, inkomunikatu, inolako frogarik gabe epaitu eta urte luzeetarako kondenatuko ez balu.

Berriro ere beste zarauztar bat bidegabekeria handi baten eta epaiketa absurdo baten atarian ez balego.

Eskandalu hutsa da apirilaren 20an hasiko den Gurekin Jai Batzordeko kide baten aurkako epaiketa, azken urteotan beste zenbait zarauztarren auzipetze, epaiketa eta kondenak izan diren bezala.

Hau guztia salatzeko ekimenetan, beraz, gure babes osoa izango du Gurekin Jai Batzordeak eta auzipetutako zarauztarrak. Erabaki politiko batean oinarritzen den eta inolako helduleku juridikorik ez duen auzipetze eta jazarpen honen aurrean, ondoan izango gaituzue.

Horregatik onartu dugu hau guztia salatzen duen mozioari sarrera ematea eta udal osoko bilkura honetara ekartzea.





Kometa gorriak gutunetan

20 03 2012

Hamalau urte igaro dira Eduardo Galeanoren testu hau euskaratu eta sasoi hartan plazaratzen genuen Vladimir literatura fanzinean argitaratu genuenetik:



“Preso politiko uruguaitarrek ezin dute baimenik gabe hitz egin, txistua jo, irribarre egin, abestu, azkar ibili eta beste preso bat agurtu. Ezin dituzte margotu, ezta jaso ere, emakume haurdunen, bikoteen, tximeleten, izarren eta txorien marrazkiak.

Didasko Perezek, eskolako maisuak, torturatua eta ideia ideologikoak izateagatik preso dagoenak, igande batean bost urteko Milay bere alabaren bisita du. Alabak txorien marrazki bat dakarkio. Zentsoreek kartzelaren sarreran hausten diote.

Hurrengo igandean, Milayk zuhaitzen marrazki bat dakarkio. Zuhaitzak ez daude debekatuak eta marrazkiak aurrera egiten du. Didaskok lana goraipatzen dio eta zuhaitzen hostoetan agertzen diren koloretako zirkuluetaz galdegiten, arramen arteko zirkulu txiki ugari horietaz:

—Laranjak al dira? Zer fruta dira?

Haurrak isilarazi egiten du.

—Ssssshhhh.

Eta sekretuan azaltzen dio:

—Babua, Ez al duzu ikusten begiak direla? Izkutaturik ekarri dizkizudan txorien begiak”.

[ iturria: Vladimir fanzinea, 6.zenbakia. Zarautz, 1998ko apirila ]

Galeanoren testu ederrarekin, eta Didasko Perez maisuaren alabak zentsoreei aurre egiteko erakutsitako irudimenarekin akordatu naiz gaur, Espainiako kartzeletan dauzkaten preso politikoei ezarri dizkieten azken debekuak ezagutu ditudanean. Albistea, hemen: Interior prohíbe a los presos de ETA y de los GRAPO firmar como ‘presos políticos’.

Tartean, honakoa salatzen du Alacanten preso daukaten David Garaboa GRAPOko presoak: “Recientemente me impusieron una nueva prohibición, una más: a partir de ahora no puedo escribir en los sobres de mis cartas la firma ‘preso político’, ni tampoco dibujar ninguna estrella roja, tal y como venía haciendo hasta ahora. De lo contrario, dichas cartas serán retenidas”.

Sasoi batean Didasko Perezi emakume haurdunen, bikoteen, tximeleten, izarren eta txorien marrazkiak debekatzen zizkioten modu berean, orain, izar gorriak marraztea debekatzen diete presoei. 2012an. Europan.

Didasko Perezen alabak zuhaitzetan ezkutatuta marrazten zituen txorien begiak bezala, debeku antzuei eta ankerrei irudimenarekin eta literaturarekin erantzuteko garaia heldu da. Marraztu ditzagun kometa gorriak gutunetan. Honelakoak. Eta bidal ditzagun preso politikoen ziegetaraino, ezkutatuta helarazi dizkiegun izarrak aurkitu eta irribarre egin dezaten.





Etorkizuna erraustuz

18 03 2012

Errauste plantek osasunean duten eragina eta, batez ere, errauste planten atzean dauden interes ekonomiko zikinak agerian uzten dituen dokumentala da honakoa. 3 Mugak Batera plataformak aurkeztu zuen iaz, eta dagoeneko sarean ikusgai dago. Hondakinen bilketaren inguruan zenbait alderdi egiten ari diren demagogia merkearen sasoian, herriz herri zabaldu eta erakutsi beharko litzatekeen dokumentala da.

· Sinopsia: Olaztiko Cementos Portland Valderribas enpresak hondakinak erraustu nahi ditu, eta horrek alarmak piztu ditu Sakana, Goierri, Ameskoa, Lizarraldea eta Arabako Lautadan. Hainbat adituri egindako elkarrizketen bidez, dokumental honetan aktibitate honek pertsonen osasunarengan eta ingurunean duen eragina azaltzen da eta negozio zikin honen barnean murgiltzen da.

· Iraupena: 47 minutu.
· Iturria: hitzondobideoak

Incinerando el futuro from hitzondobideoak on Vimeo.





Se trataba de una chica muy guapa

15 03 2012

Astelehenean, Amaia Azkueren hilketa basatiaren lehen urteurrenaren atarian eta ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa hasi zenean, Urola Kostako Koordinadora Feministak agerraldia egin zuen. Besteak beste, honakoa nabarmendu zuten:

“Esanguratsua da hiltzaileak emakume bat aukeratu izana, eta ez gizon bat. Gertaera honen arduradun zuzena hiltzailea bera izan arren, hau ez da gertakari isolatu bat; hau jendarte matxistaren ondorio bat gehiago da”.

Argi dago jendarte matxista honetan, mikromatxismoetatik makromatxismorainoko eltzean kabitzen den guztian, egunero ditugula asaldatzeko moduko adibideak. Nik gaurko El Diario Vasco egunkarian aurkitu ditut, Zarauzko albisteetan, eta eskandalu hutsa iruditu zaidanez, hona ekarri nahi ditut.

Albistea honakoa da: Talleres de la danza del vientre de la mano de las mejores profesionales.

Lehen bost parrafoek ez dute galbiderik. Irakasleak onenetan onenak direla nabarmendu ondoren, honakoak aurki ditzakegu berehala:
· “Organizando todo esto la bailarina y coreógrafa Ouarda Elkatumi, mujer del atleta Kamel Ziani“.
· “También se cuenta con la sensualidad y dulzura de Analia, quien enseñará los distintos ritmos de la danza árabe”.
· “Por su parte, Warda Mallal (la propia Ouarda), profesora, bailarina y coreógrafa nativa, con su glamour, simpatía y sensualidad, impartirá un taller…”.

Ni zorrotzegia naiz eta mamuak ikusten ditut edonon, ala emakume hauen atzean kazetariak objektuak ikusten ditu etengabe. Onenetan onenak direla esaten zaigun arren, ez da nahikoa: norbaiten emaztea izan behar dute, norbaiten itzala: “mujer del atleta Kamel Ziani”. Analiaren gozotasuna eta sentsualitatea nabarmendu behar da. Wardaren sinpatia eta, berriro ere, sentsualitatea.

Dantza irakasleak Gorka, Youssef, Mikel edo Alberto balira, kazetariak idatziko lituzke “la sensualidad y la dulzura de Alberto” edo “Gorka, con su glamour, simpatía y sensualidad, impartirá un taller de…” bezalakoak? Argi daukat: ez.

Berriro diot: akaso mamuak ikusten ditut, baina ez dut uste horrela denik. Izan ere, kazetari horrek berak, duela urtebete, Amaia Azkue hil zutenean, hau idatzi zuen egunkari horretan bertan: “Todo eran ayer comentarios y conjeturas de lo que le pudo pasar. Se trataba de una chica muy guapa, de mucho estilo a la hora de vestir y en un principio se rumoreaba que detrás del suceso pudiera estar el móvil sexual”.

Amaia Azkue una chica muy guapa eta de mucho estilo a la hora de vestir zenez, movil sexual. Kazetariak pentsatu ez ezik, idatzi egiten du, eta ordaintzen dion egunkariak, lasai asko argitaratu. Egundokoa da, benetan.

“Esanguratsua da hiltzaileak emakume bat aukeratu izana, eta ez gizon bat. Gertaera honen arduradun zuzena hiltzailea bera izan arren, hau ez da gertakari isolatu bat; hau jendarte matxistaren ondorio bat gehiago da”.

Ezin da argiago esan eta zenbait hedabidek eguneroko irentsarazten dizkiguten adibideekin erakutsi.





Etxebizitza alokagai Getarian

11 03 2012

Iaz, Azken Portura itzuli eta Zarautzen alokairuan bizitzen jarri ahal izateko, Getariako etxebizitza alokagai jarri genuen.

Bizitzaren beste karanbola baten ondorioz, berriro ere alokagai daukagu, urte osorako, eta zenbait urtez luzatzeko aukerarekin. Nahiago dugunez Getarian edo euskarazko prentsan iragarkia jarri aurretik ezagunen artean komentatu, hemen dituzue datuak, interesa baduzue edo alokairuan bizitzeko etxebizitza bila dabilen ingurukoren bat ezagutzen baduzue.

· ETXEBIZITZA ALOKAGAI GETARIAN.
· Helbidea: San Roke kalea 19, 4. pisua.
· Hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna, denak kanpoalderako leihoekin.
· Bi balkoi.
· Bista ederrak hegoalderantz zein iparralderantz.
· Urte osorako alokairua, kontratuarekin.
· 695 euro hileko.
· Harremanetarako: kalaportu@gmail.com

This slideshow requires JavaScript.





Martxoaren 8aren atarian

7 03 2012

Ohi bezala, Martxoaren 8aren harira, hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten ere Zarauzko Sorginak Emakume Asanbladak eta Bilgune Feministak.

Gaur, esaterako, Artea eta emakumea mahai-ingurua izango da, 20:00etan, Ispilu Arte galerian.





Itsas gudariak

4 03 2012

Sasoi batean esku artean gehien ibili nuen liburuetako bat izan zen Agustin Sarriaren De arrantzales a gudaris del mar (Graficas Loroño, Bilbo, 1978).

Aitona Gregorio Matxitxakoko bataila sonatuan ibili zen, Bizkaia eta Ciscar ontzietan, eta aitak hainbat aldiz kontatzen zituen bataila hari buruzkoak. Aitaren hitzen irudiak eta itsas gudariak bihurtutako arrantzale haien borrokaren argazkiak ageri ziren Sarriaren liburuan, eta gustukoa nuen tarteka hura irakurtzea eta begiratzea.


[ iturria: marinavasca.eu ]

Orain, bataila haren 75. urteurrenaren harira, liburu berria argitaratu dute: Euzkadiko Gudontzidia iruditan, eta ostiraletik aurrera Busturialdea eta Euzkadiko itsas armada erakusketa ere ikusgai dago Bermeoko Arrantzale Museoan.

Berria egunkariak gaur argitaratu du borrokaldiari eta urteurrenari buruzko erreportajea: Matxitxako gogoan · Txikiak handiari aurre egin zionekoa.

Gudari haietako bakoitzaren atzean historia pertsonal berezia egongo da, saminez betea segur aski, gerra guztietan bezala. Gure aitona Izquierda Republicana alderdiko kidea zen, anaia galdu zuen faxismoaren aurkako gerra hartan, eta erbesteratu ere egin behar izan zuen. Getarian, Gregorio Rojo goitizena geratu zitzaion betiko.

Gorriak, atzo, gaur eta beti. Zer egingo diogu: odolean daramagu. Hamaika aldiz abestu dugu: somos los nietos de los obreros que nunca pudisteis matar. Hil ezin izan zituzten langileen bilobak gara, eta egunotan bereziki gogoan ditugu arbasoak.

Gai honi buruzko zenbait esteka:
· Txikiak handiari aurre egin zionekoa (Berria, 2012-03-04).
· Un libro y una exposición recuerdan a la ‘Marina Auxiliar de Euzkadi’ (DV, 2012-03-02).
· Euskadiko Gudontzidiko pertsonala: marinavasca.eu





‘Escudero’, dokumentala

3 03 2012

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Jose Mari Agirrek egindako Escudero dokumentala ikusi ahal izan zen atzo Lizardi antzokian eta, ondoren, musikariari buruzko solasaldia izan zen Alberto Iglesias eta Angel Illarramendi konposatzaileekin eta dokumentalaren zuzendariarekin batera, Ainara Lozano kazetariaren gidaritzapean.

Hona ekarri dut dokumentala, osorik, Escuderoren mendeurrena herri honek eman duen musikari nabarmenenetakoa eta bere lana gehiago ezagutzeko aukera ederra delakoan.

[ Iturria: euskomedia.org · Auñamendi Entziklopedia ]





Hollywoodeko Oscar sarietatik Zarauzko Lizardi antzokira

2 03 2012

La muerte de Mikel (1984), Vacas (1992), La ardilla roja (1993), Tierra (1996), Los amantes del círculo polar (1998), Todo sobre mi madre (1999), Lucía y el sexo (2001), Comandante (2003), Te doy mis ojos (2003), Cometas en el cielo (2007), Che, el argentino (2008), También la lluvia (2010) edo La piel que habito (2011) filmak aipatzen baditugu, Alberto Iglesias handia da guztien lotura. Musikari donostiarra da film horien guztien eta beste hainbaten soinu bandaren egilea. Julio Medemen edo Pedro Almodovarren lan sonatuenak, ezinbestean, Iglesiasen musikarekin gordeta ditugu memorian. Horiengatik eta beste batzuengatik, dagoeneko hamar Goya sari eskuratu ditu, eta Hollywooden banatzen diren Oscar sarietan ere hiru aldiz izan da izendatua saria jasotzeko. Azkena, aurten bertan, Tinker Taylor Soldier Spy filmaren soinu bandagatik.

Tasio (1984), Hamaseigarrenean aidanez (1985), 27 ordu (1986), Kareletik (1987), Yoyes (1999), El hijo de la novia (2001), Luna de Avellaneda (2004), Los Borgia (2006) edo Zorion perfektua (2009) aipatzen baditugu, berriz, Angel Illarramendi konpositore zarauztarra da guztien lotura, film horien eta beste hainbaten soinu banden egilea baita.

Alberto Iglesiasek eta Angel Illarramendik, hein batean gure bizitza markatu duten hainbat filmen musika sortu dute, eta Francisco Escudero da biak lotzen dituena, Escuderoren ikasleak izan baitziren biak. Horregatik gonbidatu ditugu gaur Zarautzera, Escuderoren mendeurrena gogoratzeko bigarren ekitaldira. Alberto Iglesias, Hollywoodeko alfonbra gorritik zuzenean helduko da Lizardi antzokira.

Jose Mari Agirre zarauztarrak zuzendu zuen Escudero dokumentala izango da ikusgai lehenik, 19:30ean, eta ondoren Escuderoren ekarpenari buruzko solasaldia izango da, dokumentalaren zuzendariarekin, Alberto Iglesiasekin eta Angel Illarramendirekin. Ainara Lozano kazetariak gidatuko du solasaldia.

Gonbidatuta zaudete.

Escuderori buruzko dokumentala eta solasaldia.

· Gaur, 19:30ean, Zarauzko Lizardi antzokian.
· Alberto Iglesias, Angel Illarramendi eta Jose Mari Agirre.
· Moderatzailea: Ainara Lozano.

Antolatzailea:
· Kultura Zarautz: Francisco Escudero 1912-2012, mendeurrena.