[52] Karpov Atarrabiako ikastolan

9 03 2021

Euskal Herriko zenbait ikastoletan Unescoren edota Europako Parlamentuaren gomendioak heldu baino askoz lehenago zabaldu zioten atea xakeari. Batzuetan eskolaz kanpoko jarduera bezala, eta beste batzuetan baita eskola orduetan sartuta ere. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola aitzindaria izan zen, eta xakearekin hasi zirenetik egin zuten bideagatik, eredu bihurtu zen beste askorentzat.

Diktadura garaian sortu zuten ikastola, frankismo betean, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala: seme-alabak euskaraz hezteko asmoarekin, 1964an irakasle bat kontratatu eta gurasoetako baten bizilekua egokitu zuten, ikasgela bilakatu eta eskolak eman ahal izateko. Hurrengo urteetan, ikasleen kopurua handitu ahala egoitza eta ikasgela berriak moldatu zituzten, eta batetik bestera ibili behar izan zuten, azkenean Atarrabian fraide dominikarrek zuten eskola alokatu eta ikastolaren proiektua bertan lasai garatu ahal izateko, ehunka ikaslerekin.

1988an Jose Luis Gorostidi (1952-1996) euskaltzale eta irakasle lekeitiarra zen ikastolako zuzendaria, eta xake eskolak ematen hastea proposatu zion Alvaro Ablanedori (Iruñea, 1948). Ablanedo xake jokalaria eta xakezale sutsua zen orduan, baina gaztelera zuen etxeko hizkuntza, Madrilen egin zituen ikasketak, eta ez zekien euskaraz. Beraz, urtebete eskatu zion zuzendariari, eta epe horretan erabat murgildu zen euskara ikasten. Baita lortu ere, ahalegin handia eginda. Euskaldunduta, 1989an hasi zen Paz de Ziganda ikastolan xake irakasle modura. Lehen hezkuntzan, OHOko 3. eta 6. maila arteko ikasle guztiak xakea ikasgai modura jasotzen hasi ziren, hamabostean behin, ordubeteko tailerrean. Nahi zuenak, berriz, eskolaz kanpoko jarduera bezala ere landu zezakeen xakea.

Behin haurrak eta ikasleak xakean trebatuta, haien zaletasuna hauspotzeko ikastolen arteko txapelketa antolatzea otu zitzaion zuzendariari, eta Ablanedok xake munduan zituen lagunei eta kontaktuei esker zabaldu egin zen txapelketa hura. Horrela sortu zen I. Paz de Ziganda Nazioarteko Xake Txapelketa, 1991ko martxoan. Ikastolen arteko eta nafarren arteko txapelketak ere antolatu zituzten, eta ikuskizun ederrarekin osatu zuten egitaraua: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko selekzioaren eta Euskal Herriko selekzioaren arteko norgehiagoka. Iruña Park hotelean jokatu zen. Sobietarrena ez zen selekzio nagusia, hogei urtetik azpikoena baizik, baina tartean zuten Maia Txiburdanidze georgiarra ere, garai hartan munduko txapelduna zena, eta erraz menderatu zituzten euskal herritarrak: 18-7. Emaitzaz harago, lehia bi aldeen arteko harremana estutzeko baliagarria izan zen, eta georgiarrek ikastolak gonbidatu zituzten beraien herrialdera, xakea eskoletan nola lantzen zuten ikustera.




[Felix Izeta izan zen euskal selekzioaren izenean aritu zen

Urtez urte, ikastolan ez ezik ikastolatik kanpo ere sendotu egin zen Ablanedok egindako lana, eta Paz de Ziganda ikastola erreferente garrantzitsua bihurtu zen, bai ikasgelan xakea lantzeko moduagatik, eta baita horren osagarri xakea sustatzeko antolatutako ekimenengatik ere. Paz de Ziganda Nazioarteko Xake Txapelketaren hamargarren urteurrena biribiltzeko, esaterako, Anatoli Karpov gonbidatu zuten. Ablanedoren hitzetan, “hasieran pentsatu genuen eskolarteko txapelketa indartzea, Estatuko talderik onenak ekarriz. Baina gero Karpov ekartzea bururatu zitzaidan. Nafarroarentzat eta ikastolarentzat oso garrantzitsua zen Karpov ekartzea”. Errusiarra munduko txapelduna zen orduan, eta haurrek gustura hartu zuten ikastolara joan zitzaien gizon adeitsu haren bisita. Horrela, Alvaro Ablanedoren eta Nafarroako Xake Federazioaren eskutik, 2000ko martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran Karpovek zenbait egun igaro zituen Iruñean. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ezagutu eta haurrekin xakean aritu, X. Nazioarteko Xake Txapelketa prentsaurrean aurkeztu, aldibereko hainbat partida jokatu, eta txapelketa inauguratu zuen.


[Karpov, Paz de Ziganda ikastolako haurrekin].


[Anatoli Karpov eta Alvaro Ablanedo].


Jose Luis Gorostidi hil zenean haren oroimenezkoa bihurtu zen nazioarteko txapelketa, eta Gorostidiren izenari lotuta egin du bidea harrezkero, urtero nazioarteko maisu handiak bilduta, sendo, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz 2020-2021 urteetan etena egin behar izan duten arren.

Paz de Zigandak zabaldutako bidera eskola asko gehitu da urteek aurrera egin ahala. Europako Parlamentuaren eta Espainiako Kongresuaren erabakiek eskolei eta erkidegoi erraztu egin die pausoa ematea, eta Nafarroan, esaterako, xakea hautazko ikasgaia da 2018az geroztik, Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Ez da egiturazko erabakirik hartu, georgiarrek espero zuten bezala. Ezta erabaki politikorik ere. Ondorioz, xakea ez dago eskola curriculumean sartuta, eta lantzen denean eskolen, irakasleen edo gurasoen ekimenez izaten da, xakea lanabes hezitzaile gisa erabili nahi dutelako, baina hezkuntza legeak berariaz babestu gabe.




Erreferentziak:
· Alvaro Ablanedo: “En ajedrez puedes ser alto o bajo, chico o chica, eso no importa”. Noticias de Navarra, 2017-10-29.
· Azpilikueta, Asier: ‘Xakean jolasean’, in Nafarkaria, Euskaldunon Egunkaria, 2000-03-31, 4-5 orr.
· Barandiaran, Alberto: Azmaiparasvili nagusitu zen Paz de Zigandak antolatu txapelketan. Euskaldunon Egunkaria, 1991-03-22.
· Osa Galdona, Miren: Tablero zuri-beltza heziketan bidelagun. Argia, 2017-12-24.
· Ablanedo, Alvaro: Xake ikastolan. Paz de Ziganda ikastolaren aldizkaria. 5. zenbakia. 2003.
· www.pazdezigandaxake.net



————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina