hau omen naiz

Hau dio niri buruz Txalaparta argitaletxearen webgunean ageri den biografiak:

Gari Berasaluze Ostolaza (Getaria, 1975). Kazetaritzan eta liburugintzan egin du bidea urte askoan, besteak beste Egin eta Urola Kostako Hitza egunkarietan, eta Txalaparta argitaletxean. Euskaldunon Egunkariako literatura gehigarriaren arduraduna ere izan zen, eta bertan egindako lanari esker Rikardo Arregi saria jaso zuen 1998an. Gaur egun, Irrizaingo Sailean aritzen da lanean. Azaro urrunetako intifadak (1996), Bobbyren hauspoa (1999), Tulipa gorriak (2002), Elurra ezin da erosi (2007) eta Elkano, itsasoak emandako bizitza (2008) liburuak argitaratu ditu, baita Fidel Castroren Askatasunaren eskola (2000) eta Marcos komandanteordearen Zapataren koloreak (2003) euskaratu ere. Ezagutzen ditu glutenik gabeko bizitzaren mugak eta zailtasunak, bi urte bete baino lehen zeliakia diagnostikatu zioten haur baten aita baita.

Azken urteotan Irrien Lagunak Klubean aritu naiz lanean, IRRIA aldizkariaren koordinatzaile modura. 2011-2015 agintaldian EH Bildu koalizioko zinegotzia izan nintzen Zarauzko Udalean. Zehazki, Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotzia. Hura amaitzean, komunikazioan hasi nintzen lanean, eta gaur egun esparru horretan aritzen naiz, Kalaportu Sare Bideak proiektua sortuta, autonomo moduan, komunikazio estrategiak, kazetaritza edukiak, brandinga, diseinua eta sare bideak jorratuz. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen komunikazio zerbitzuaz eta prentsa bulegoaz arduratzen naiz. Parkean eta ikastolan, berriz, Araitzen aita naiz.