Ez zaizkit zakurrak gustatzen

31 05 2013

zakurrak

Inork fobiarik lepora ez diezadan, hasieratik hasiko naiz: ez zaizkit zakurrak gustatzen.
Fisikoki, esan nahi dut.

Nahiago ditut katuak, zebrak, tximeletak, oreinak edo enarak. Askoz eleganteagoak iruditzen zaizkit, zakurren artean ere eder eta elegante askoak izango diren arren.

Gustu kontua da.

Fisikoki latinoak asiarrak baino gehiago gustatzen zaizkidan bezala.
Ez dago esan beharrik, nire gustu pertsonalek ez dutela zertan gustatzen ez zaidanarekiko fobiarik elikatzen. Asiarrentzat edo beste edozeinentzat zabalik ditut eskuak.
Palestinara duela zenbait urte egindako bidaian behin eta berriro nabarmentzen zuten adiskide arabiarrek: “guk ez dugu ezer juduen aurka. Erlijioaren izenean herri gisara egiten digutena da onartu ezin duguna, sionismoa. Juduak, esku zabalik hartzen ditugu errespetatzen gaituzten heinean”.

Adibide egokia iruditzen zait zakurrei buruzko eztabaidarako.
Iritzi artikulu interesgarria argitaratu du gaur Gara egunkarian Imanol Intziarte kazetariak: Pues yo no quiero jugar con tu perro.

Laburpena, esaldi batean: “el derecho de unos a tener un animal no está por encima del derecho de otros a pasear con tranquilidad”.

Bertan esaten duen guztiarekin bat egiten dudanez, beste batzuen antzera sare sozialetan zabaldu dut artikulua, azkenaldian zakurren inguruan gertatzen ari denarekin sumintzen hasita bainago. Pasa den astean, herriko taberna batean, tabernan bueltaka zeuden hiru zakurretatik biren babak edo lerdea edo dena delakoa eskuan nuela atera nintzen kalera, nik barran eskatu nuen bakarra zurito bat izan arren. Azken bizpahiru urteotan parkean edo kalean zakurren batek haurraren gainera salto egin ondoren “ez du ezer egiten” delakoa ere ez dakit zenbat aldiz entzun behar izan dudan.

Bada, Imanol Intziarteren iritziarekin %100 ados nagoela idatzi eta ez sinestekoak dira jasotako erantzunak: “Orduan lotu zazu alaba ere”, edo “ez bazaizkizu gustatzen izorratu neri ere kalean ikusitako gauza asko etzaizkit gustatzen baino horregatik ez naiz inposatzen hasten eta askatasuna kentzen”, eta antzekoak.

Ez dago esan beharrik: eztabaida eraikitzaileetarako, erabat zabalik.
Gainerakoan, ez du merezi.

Eta gaiarekiko kezka ez da pertsonala. Kolektiboa baizik.
Gure herri eta hiri guztietan lehen mailakoa da kontu hau, inork gaiari behar bezala heltzen ez dion arren.
Milaka eta milaka zakur daude erroldatuta gure herrietan, eta haurren artean galdezka hasiz gero, herri gehienetan, kezka nagusia da zakurrekiko beldurra, edota zakurrek parkeetan uzten dituzten opariena. Porrotxek behin eta berriro aipatzen du kontua.
Haurrek zakurrekiko duten kezka horren haritik sortu zuen Irrien Lagunak Klubak Lagun pertsonaia. Lagun zakurra, zehazki klubak sustatzen eta nabarmentzen dituen baloreak nabarmendu nahian, haurrek zakurrekiko beldurra galdu, zakur bat modu alaian eta maitagarrian erakutsi, eta sustatu nahi diren baloreak zakur horren bidez erakutsiz: bizikidetza, elkarrekiko errespetuan eta elkarrizketan oinarritua, eskubide berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna.

lagun

Hau baita kasu honetan ere kontuaren oinarria: elkarrekiko errespetua eta bizikidetza. Adiskide palestinarrek bezala, nik ez dut ezer juduen aurka, edo asiarren aurka. Baina ezin dut onartu norbait besterik gabe ondokoari muturreko bat ematen ikustea. Sutu egiten naiz. Leku itxi batean zigarroa piztu eta ‘ez dizu molestatzen, ezta?’ esaten dutenekin bezala, behin zigarroa piztu ondoren. Kalean zabiltzanean edo taberna batera sartzean ezagutzen ez dudan zakur bat eskuak edo galtzak miazten hasten zaizunean bezala.

Askatasuna, azken batean, aldamenekoarekiko errespetua urratzen den lekuan amaitzen da. Bien bitartean, beste guztia da zilegi. Izan festa. Izan nahi den edozer. Zakurrarekin kalean ibili nahi duena, ibil dadila, lasai asko, ni aterki gorri batekin ibiltzen naizen modu berean. Kontua ni aterki gorriarekin jendea ostiatzen ez joatea da. Edo aterkiarekin jendea apaizen antzera bedeinkatzen ez ibiltzea. Libre zara nahi duzuna egiteko, baina errespetatu besteen askatasuna ere. Nik ez dut zure zakurrak eskua miaztu diezadan nahi. Nik ez ditut zure zakurraren hankak gainean eduki nahi. Ez dut zure zakurrak alabaren gainera salto egin dezan nahi. Alaba jolastuko da zakurrarekin osabarekin dagoenean, edo amonaren etxean, edo nahi duenean. Baina hori: berak nahi duenean, ez ezagutzen ez duen zure zakurrak baimenik eskatu gabe gainera salto egin dionean.

Ez ahaztu: ligoteo sanoa bi aldeek nahi dutenean jolastea da. Bestea erasoa da.





Heriotzaren zerbitzura

23 05 2013

Kultura gehienetan heriotzari beldurrez begiratzen diogun arren, hileta zerbitzuak errealitatea ez ezik negozioa ere badira, baita gurean ere. Azken urteotan asko aldatu da heriotzarekiko ikuspegia, hein handi batean legeek hala behartuta.

Sasoi batean etxean izaten zen hilbeila, hildakoaren gorpua bertan zela.
Gaur egun, ez da horrelakorik onartzen, eta salbuespenak hil-kaperak izaten dira, gorpua eraikin publikoren batean izaten denean eta antzekoetan.

Modu batera edo bestera, gaur egun, lurperatuak zein erraustuak izan, hildakoek hileta zerbitzuek eskaintzen dituzten ohiko tramiteetatik igaro behar dute: araututako hilkutxak, tanatorioak, erraustuak zein lurperatuak izateko arau eta baldintza zehatzak, eta abar.

Horren inguruan, noski, hainbat enpresa mugitzen da.
Egunotan, zehazki, Hileta Zerbitzuen Nazioarteko Azoka ari da izaten Valentzian, Herrialde Katalanetan: Funermostra.

roler1

roler3

roler4

roler5

roler7

Bertan, atzo, gaur eta bihar, munduko 30 herrialdetako 120 enpresa inguru ari dira parte hartzen. Funerarietako autoak, hilkutxak, hildakoen errautsak gordetzeko ontziak eta, oro har, heriotzaren inguruko produktu guztiak ekoizten eta saltzen dituzten enpresak dira, sektore horretarako berrikuntzak aurkezten eta erakusten, heriotzari buruzko hitzaldi eta aurkezpenekin batera.

Antolatzaileek nabarmendu dituzten berrikuntzen artean, hileta zerbitzuetan azkenaldian gorakada nabarmenena izan duten hiru kontu daude: internet bidezko eskelak edo hil-berriak, errautsak gordetzeko ontzi biodegradableak eta, batez ere, ohikoen aldean merkeagoak direlako gero eta gehiago saltzen diren kartoizko hilkutxak.

Hauez gain, sektorean ohikoak diren hozkailuak, autopsia mahaiak, loreak, tanatopraxiarako edo hildakoak erakusgai mantentzeko produktu kimikoak, hilarrietarako marmolak eta gainerako materialak, errauste labeak, hilkutxak eramateko autoak eta abar ere erakusgai dago nazioarteko azoka honetan.

· · ·

Batzuek erreparoz hartzen badute ere gaia, azken urteotan, telebistako telesail onenetako baten ardatza izan da hileta zerbitzuena. Zehazki, Six Feet Under (Bi metro lur azpian) serie amerikarra horri buruzkoa da. Funeraria bat du telesailaren ardatza den familiak, eta atal bakoitza hildako bati buruzkoa da. Hildako horren ingurukoen eta funeraria duen familiako kideen artean sortzen diren gorabeherak biltzen ditu, funeraria baten bueltan mugitzen den guztiaren inguruko gidoiarekin ondo uztartuta, eta emaitza bikaina da.

AEBetan ez ezik, munduko hainbat herrialdetan ere telesail arrakastatsua izan zen Six Feet Under, denborarekin kultuzkoa ere bihurtu dena nolabait. Bost denboraldi izan zituen, guztira 63 atalekin.

Nik, pertsonalki, bizitzan ikusi ditudan telesailen artean, dudarik gabe, hiru gustukoenen artean dudana da.

Six Feet Under (Bi metro lur azpian) telesailaren hasierako kredituak:

· · ·

Euskal Herrian, heriotzaren inguruko ohiturei buruzko hainbat lan argitaratu da.
Gaur egun heriotzaren aurrean hartzen diren erabakiak erabat araututa eta bateratuta daude oro har, baina mendeetan zehar, atzo arte nolabait, heriotzaren inguruko ohitura eta erritu berezi eta ugariko herria izan da gurea. Mendietan eta lautadetan dauden trikuharri eta kromletxetatik hasi, hilarrien berezitasunetatik segi, eta heriotzaren inguruko usadio ugarien bilduma zabaleraino.

Horietako asko, gaia ederki landu duten liburuetan aurki daitezke.

Juan Garmendia Larrañagaren hau, esaterako, osorik eskuratu daiteke sarean:

Costumbres y ritos funerarios en en País Vasco (desde el siglo XVI a nuestros días)

ritos
[liburua, PDFan]

Baina badira gehiago ere:

· Juan Madariaga: Historia social de la muerte en Euskal Herria (Txalaparta).

Pedro Zarrabeitia: Estelas discoidales en Euskal Herria (Pamiela).

Ritos funerarios en Vasconia

Euskal Herrian sasoi batean heriotzaren inguruan izaten ziren ohitura horietako zenbait laburtu zituen Itziar Artetxek bere blogean (2009-01-18), Heriotza ohiturak Euskal Herrian izeneko sarrean.

Hemen kontu nabarmenenak:

· Hilzorian egonda, heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten hainbat herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan. Gainera euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.

· Hil ostean, beste senideak deitu eta etxeko animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitekeen bide arruntik erabili. Bide honek izen ezberdinak zituen: elizabide, gorputzbide, andabide, zurrunbide…

· Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Hasieran, ehorzketak elizan egiten zireneko garaian, hilobia eliza barruan zegoen. Gerora hilerria elizaren inguruan jarri zuten.

· Hil meza garaian, etxekoandreak zenbait eskaintza egiten zituen jarlekuan, etxeko hildakoei. Argiaz gain, janariak ere jartzen zituen, normalean ogia (zenbait herritan ogi bereziak ziren, hiru edo lau buru zituztenak), baina haragia eta animaliak ere erabiltzen ziren. Aldi berean, elizaren atarian idi edota ahari bat utzi ohi zuten. Opari gisa ere, hildakoaren ohepekoa (lastozkoa izaten zena), hil bideko lehen bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, hainbatetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz.

· Elizkizunak eta ehorzketa amaitu ostean, senideak eta gonbidatuak etxera joaten ziren mezatako bazkaria zena ospatzera. Bazkarian, otoitza egin ondoren, senideren batek hildakoaren izaera goraipatzen zuen eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen, irriak eta txantxak zabalduz han zeuden guztien artean.

· Hildakoei egiten zitzaien oparien artean argia zen garrantzi gehien zuena. Iluntasunaren mundu horretan argia ezinbestekoa zela uste baitzuten. Horretarako tortxa eta kandelak erabiltzen ziren; batzuk ezko luzedunak ziren. Hauek ezkogixor edota bildumena izena hartzen zuten. Askotan ohol berezi bati inguraturik zegoen ezkoa; ohol horrek argizaiola du izena. Argizaiolak giza itxura du eta askotan oso landuta dago. Argizaiolak, beste opariak bezala, jarlekuan jartzen ziren.

Gai honi buruzko informazio osagarria eta kanpo loturak:
· Garmendia Larrañaga, Juan: Costumbres y ritos funerarios en el País Vasco (liburua, osorik, PDFan).
· Heriotza ohiturak Euskal Herrian (Itziren bazterra bloga, 2009-01-18).
· Heriotza ohiturak Euskal Herrian (Itziar Artetxe, Territorios, El Correo).
· «En los ritos funerarios vascos la gran protagonista es la mujer» (Gara, 2007-10-31).
· Antxon Agirre Sorondo: Los rituales mortuarios en Euskal Herria (Euskonews&Media 186.zbk, 2002-11-01).
· Estelas discoidales en Euskal Herria (estelasdiscoidales.com webgunea)
· Six Feet Under (oficial website).

tombstone2

POST SCRIPTUM:
· Heriotzari buruzko ‘Goian’ aldizkaria sortu du Funeuskadi ehorztetxe taldeak (2014-01-08).
Hemen klik eginda eskuratu daiteke aldizkaria PDFan.
goian





Urtzainak eta ertzainak [atzoko zubi harresiaren kronika pertsonala]

16 05 2013

1. Atarikoa

Ez nuen Urtza Alkorta ezagutzen. Nire mezuren bat bertxiotu zuen apirilean, eta egun berean Erroman Lander Fernandezen atxiloketa ekidin nahian osatu zuten herri harresiari buruzko albistea ere zabaldu zuen. Baina sarean anonimotasunean geratzen diren milaka izen birtual horietako bat besterik ez zen @sagastaneku hura niretzat, pasa den maiatzaren 8ra arte.

sagastaneku

Egun horretan, Ondarroan herri harresia osatzeko deia egin zuen, bere burua espetxean aurkezteko aginduari uko egin eta Ertzaintza bi aldiz bera atxilotzen saiatu ondoren. Maiatzaren 10ean, ostiralarekin, 12:30ean, Ondarroako Alamedan aurkeztuko zela esan eta herri harresia osatzeko deia egin zuen.

Orduan ulertu genuen Donostian sortutako Aske Gunearen bigarren atala Ondarroan idatzi behar zuela herri honek. Alderen bat bazegoen: Donostiako gazteak Segi gazte erakundeko kideak izateagatik eta, beraz, lan politiko hutsa egiteagatik soilik espetxeratu zituzten. Alkorta, berriz, ETAri laguntza emateagatik kondenatuta zegoen.

2. Tortura: izuen gordelekuetan barrena

Honaino iritsita, Urtza Alkortak Ertzaintzaren eskuetan jasandako torturak giltzarriak dira kasua ulertzeko. Torturapean sinatutako adierazpen hura baita Urtza kondenatzeko epaileak kontuan hartu zuen froga bakarra. Ertzaintzak noizbait iragarri zuen torturaren aurkako protokoloa bertan behera utzi zuen Urtza eta beste zenbait lagun atxilotu zituen operazioan. Kasu hark soka luzea ekarri zuen, besteak beste, Arartekoak eta epaileren batek Rodolfo Ares orduko Barne Sailburuari inkomunikazio aldiko grabazioak eskatu arren, honek uko egin ziolako bideoak erakusteari.

Ertzaintzak Urtza torturatu zueneko kasua, ederki laburtzen du Xabier Makazaga erbesteratu zarauztarrak pasa den astean argitaratutako artikulu honetan:

· Otra mentira más de Rodolfo Ares (izaronews.info, 2013-05-13).

Urtza Alkorta babestea eta bere atxiloketa ekiditeko herri harresia osatzea, beraz, urrun zegoen ETAri babesa ematetik. Ertzaintzak torturapean sinarazitako adierazpena zen Alkortaren aurkako froga bakarra. Berriro ere, beraz, kasuak osagai guztiak zituen Ondarroa gainditu eta herri harresiak dimentsio nazionala hartzeko, eta babesa ere zabala zen (jendarte eragile, alderdi, elkarte eta sindikatu ezberdinen babesa izan du Alkortak azken egunotan), hedabide batzuk Aske Gunea ezker abertzalearekin soilik lotzeko egiten ari diren ahaleginak ederki erakusten duen bezala.


[ ELA sindikatuko ordezkaritza, astelehenean, Urtzari babesa erakusten Ondarroako Aske Gunean ]


3. Lehen elkarrizketa eta We Free Zone #askegunea

Donostian sortutako Aske Gunea politikoki herri honen historian geratuko den inflexio puntua dela oso argi ikusita, gaiari buruzko proiektu zabal bat abian da, oraindik mamitzen ari denez aurkezteko beste egun batzuk beharko dituen arren: We Free Zone #askegunea crowdfunding ekimena, Aske Guneari buruzko bi liburu eta dokumental bat bilduko dituena.

Dokumental horretarako Urtza elkarrizketatzea ezinbestekoa ikusita, maiatzaren 13an joan ginen lehen aldiz Ondarroako herri harresira, gaua bertan ematera. Oier Aranzabal kazetaria izan nuen bidaide. Urtzari We Free Zone #askegunea proiektuaren berri eman, eta elkarrizketa egin genion. Horren laburpena ederki bildu eta argitaratu du gaur Aranzabalek, zuzeu.com orainkarian:

· Urtza Alkorta: “Herritarrek ekarri zuten AskeGunea Ondarroara” (Oier Aranzabal, zuzeu.com, 2013-05-16).

Hemen ikus daiteke elkarrizketa, laburtuta:

4. Kazetaria, zinegotzia, euskal herritarra… nik zer dakit zer

Bateko eta besteko argazkiak edo irudiak ikusita, Ondarroako zubi harresian zer egiten nuen galdetu zidan atzo batek baino gehiagok. Ea kazetari bezala ari nintzen, zeinentzat. Ala pertsonalki, ala zertan.

Ez daukat erantzunik.
Edo erantzun gehiegi ditut.

Kazetari gisara, We Free Zone #askegunea proiekturako materiala biltzea zen asmoa, eta gertatzen ari zena sare sozialen bidez lau haizetara zabaltzea, noski. Horrela aritu ginen azken orduotan hainbat eta hainbat lagun, Aske Guneak oraingoan ere eman duen komunikazio eta kazetaritza ikasgaiari ekarpena egin nahian. Izan ere, norbaitek sare sozialetan duela zenbait egun esan zuen bezala, Aske Guneak komunikazio aldetik suposatu duena, noizbait, kazetaritza fakultateetan erakutsiko da. Baina hau udazkenean argitaratuko den liburuaren gaietako bat da. Beraz, beste baterako utziko dugu. Baina, bai, zainetan barrena daukagun kazetari senak bultzatuta ere aritu nintzen Ondarroan.

Azken gauean, Ertzaintzaren dozenaka furgoneta Iurretako ertzain-etxera heltzen ari zirela eta atxiloketa edonoiz hel zitekeela aurreikusiz, azken orduko mezu laburra eskatu genion Urtzari, Euskal Herri erdia sare sozialetan #resistondarru eta #askegunea traolei begira zegoela ohartuta. Hau izan zen grabatu eta zabaldu genuen mezua.

azkenmezua

Hemen bideoa ikusgai:

Kazetari gisara aritzea, barruak eskatzen du Aske Gunean.
Baina baita beste zerbaitek ere.

Pertsona bezala, bidegabekeria bati aurre egiteko, babesa adierazteko eta bidegabekeria horren berri munduari emateko gogoa sortzen dizu zerbaitek.

Euskal herritar bezala, badakit auzi politikoek, torturak eta herri hau isilarazteko urte askoan hainbat lekutatik abiarazitako gerra estrategiak oraindik alde batera utzi gabeko ondorioak dituela. Auzi politikoetan harrapatuta epaiaren zain dauden ia 200 euskal herritarren kasua da. Eta beste dozenaka dira, Urtza Alkorta bezala, torturapean edozer sinatzera heldu direnak, basatikeria guztiak libre diren zulo ilun horretatik edonola atera nahian.

Zinegotzi eta udal ordezkari gisara, aurreko legealdian Ondarroako hautetsia izan zen norbaiti babesa adierazteko beharra ere sumatzen nuen. Legez kanporatzeak nonbait eragin gordinik izan badu, Ondarroan izan da hori. Herritarrek gehiengo oso zabal baten bidez hautatutako zerrendak baliogabetzearen ondorioz sortutako egoera muturrera heldu baitzen, kasu gordin eta larriekin. Urtza Alkortak lehen eskutik bizi izan zuen hura guztia, legez kanporatutako zerrendako hirugarren hautagaia eta, beraz, herritarrek aukeratutako hautetsia izan zen momentutik. Orduan egindako lanaren mendeku zatia ere izango du gerora heldu zaion guztiak. Herritarren ordezkari gisara, beraz, Maribi Ugarteburuk, Unai Urruzunok, Laura Mintegik eta beste hainbat parlamentari, zinegotzi edo batzarkidek bezala, Urtzari babesa adierazi nahi nion.

Atzo Espainiako Polizia autonomikoa Ondarroara heltzear zenean zubi harresira igo ginenean, beraz, egia esan, ez nekien euskal herritarra, kazetaria, zinegotzia ala zer nintzen eta, batez ere zer izango nintzen Ertzaintza gora heltzean, gure ondora. Zainetan daramagun kazetariak Urtzaren ondoan egotea eskatzen zidanez badaezpada, hala egin nuen azkenean.

zubian

zubian-efe

zubian-correo3

zubian-correo4

DV

5. Harresistentziaren zubian

Polizia operazioaren atarian, tentsioak gora egin ahala, sare sozialetara argazkiak eta bideoak igo eta eta zubitik bertatik zuzenean aritu ginen bizitzen ari ginena zabaltzen, batez ere twitter bidez: herri oso bat, ehunka eta ehunka lagun, poliziak atxilotu nahi zuen pertsona bat babesten, desobedientzia baketsuaren bidea hautatuta.

Honakoak dira argazki eta bideo horietako batzuk:

· 05:57, bideoa: “Ez gaituzue geldituko!”

· Mikel Etxaburu eta Urtza, zubian: tentsioa eta besarkadak

· (ordua ez dakit): “honela ari dira hurbiltzen Urtzarengana, beti bezain bortitz #resistUrtza”

· Herri Harresia barrutik: Ertzaintza Urtzarengana hurbiltzen (1)

· Zubian: ertzainak jendeari belarrietatik eta iletik tiraka, belaunekin kolpeka, botekin zapaltzen…

6. Zuzenean: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarentzat streaminga

Halako batean, Ertzaintza Urtzarengandik bospasei metrora zegoenean, eta azken hiru orduak bere ondoan egon ondoren, telefonoaren bateria agortu zitzaidan. Ertzaintza aurpegirik bortitzena erakusten ari zenean, eskuan itzali zitzaidan egiten ari zirena zabaltzeko eskura nuen bitarteko bakarra. Ordurako atzera egin zuten zubian bertan lanean ari ziren Lander Arbelaitz (Argia) eta Maite Bidarte (info7) kazetariek, eta lehen lerroan geratu nintzen, lanerako bitartekorik gabe.

Ertzaintza zein bortitz ari zen ikusita, bateriarik gabe ere itxura egiteko esan zidan norbaitek, horrela behintzat animalia haiek apur bat otzandu zitezkeelakoan. Hurrengo proposamena, berriz, opari ederra izan zen. Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA egunkariko kazetariak mobila pasatu zidan, baina ohar batekin: “ez mugitu askorik mesedez, zuzenean ari gara ematen”.

Zuzenean? Irribarrea atera zitzaidan, batez ere pantailan 976 views ikusi nuenean. Ehunka eta ehunka lagun ari ziren telefono hartatik ateratzen ziren irudiak ordenadore aurrean zuzenean ikusten. Bazegoen zer erakutsia.

7. Urtza eta ertzainak, aurrez aurre

Urtza zaintzen ari ziren ehunka Urtzainak bortizki banan banan aterata eta aurrera egin ahala, Ertzaintza gero eta basatiago aritu zen. Urtzarengandik hiru bizpahiru metrora zegoenean egoera jasangaitza bihurtu zen, Urtza bere onetik ateratzeraino. Ezin zuen eraman bera babesteagatik zubian zegoen jendea horrela tratatzea ertzainek, eta behin eta berriro oihuka aritu zitzaien lasai eta suabe aritzeko erreguka. Bere burua entregatuz gero guztia amaitu egingo zela esan zion ertzain batek Urtzari, eta ez zela indarkeria gehiago erabili beharrik izango.

Urtzaren erantzuna antologikoa izan zen. Oilun popi jarri zitzaigun ondoan geunden guztioi. Ea nori okurritu zitzaion zubi harresiko jendea banan-banan horrela ateratzea, bortizki. Jende artetik igaro eta oinez berarengana joan besterik ez zutela hasieratik, eta bi minutu nahikoa izango zituztela atxilotuta eramateko. Baina hori egin beharrean zirko hura guztia antolatzea eta jendea banan-banan basatiki ateratzea erabaki zutela, indarrez. Ea ez al ziren konturatzen zer-nolako erokeria zen hura. Nahikoa zutela aurrera egitea, eta atxilotzea. Baina bera ez zela entregatuko. Hori esan, eta jasotako babes guztia eskertzeko mezua bidali nahi izan zuen. Mikel Etxaburuk eta biek eskuan nuen telefonoari edo kamarari begiratu, eta ukabila altxata agurtu zuten Euskal Herria.

Gainerakoa, badakizue.

Guztia ezin hobeto bildu zuten, zubitik bertatik, Argiako Lander Arbelaitzek eta Axier Lopezek.
Hartutako bideo guztiak, gainera, hemen bildu dituzte: Ondarroako herri harresia · bideo bilduma.

Horien artetik, Urtza atxilotu aurreko azken sei minutuak biltzen dituen hau nabarmendu nahiko nuke:

8. Zein da pertsona bat torturatzearen prezioa?

Nahi den bezala saldu arren, Donostiako eta Ondarroako irudiek urrea balio dute, bere horretan.
Horregatik da hain garrantzitsua errealitatea desitxuratzea. PNVren hariko hedabideen gaurko azalak ikusi besterik ez dago.

NGportada

Deiaportada

Lotsa gutxi behar du, atzokoa eta gero, lehendakari batek polizia operazioaren kostuaz hitz egiteko: «Ezker abertzaleak alferrik tentsionatu du gizartea, eta baliabideak xahutu dira». Urkullu asegura que la detención de Alkorta ha derivado en «un despilfarro de recursos».

Hitzik gabe. Benetan.
Itxaso Urtiaga zarauztarrak atzo sare sozial batean horri buruz idatzi zuen:
“Patetikoa. Urtzaren atxiloketa garestia omen. ETA ZE PREZIO DU PERTSONA BAT TORTURATZEAK? ZE PREZIO DU TORTURAPEAN EGINDAKO DEKLARAZIOENGATIK SOILIK PERTSONA BATI BERE BIZITZAKO URTEAK LAPURTZEA espetxe zikin batean sartuz? Honelako egoerak sortu eta onartzen dituztenek lapurtzen duten diru guztiarekin ere ez dute egindako injustizia guztiak ordaindu eta eragindako mina erreparatzeko lain izango”.

9. Herri Harresia eta Aske Gunea, aurrera begira

Aurrera begira, epaiketa politikoen aurkako benetako herri harresia osatzeko eta jazarpen politikoarekin amaitzeko, denon beharra izango da. Herri Harresia benetan osatu beharko da. Ez dute publikoki onartuko, baina jeltzale asko eta asko eta asko lotsatuta egongo dira Donostiako eta Ondarroako irudiekin. Nahi den bezala erakutsita ere, munduaren aurrean, bi kasuetan kartzelara doazen gazteak babesten dituen herri bat dago atzean, epai bidegabeak betetzera datorren polizia bortitz baten aurrean.

Horrek, hausnarketa sakona eskatzen du.
Bidegurutzean, betikoa: herri honen ala Espainiarekiko eta Frantziarekiko morrotzaren artean hautatu beharra. Bidegabekeria ala duintasuna. Eskuak lotuta edukitzea ala libre izatea. Arrain haztegia ala erreka. Espainiako Polizia Autonomikoa ala Ertzaintza. Iragana ala etorkizuna. Aske izateko, gune askeak sortu behar dira, eta ez obedientzia otzanaren bidea hartu.

Ikusi ZuZeu orainkariak gaur argitaratu duen Urtzaren elkarrizketa. Ertzaintzak torturatu zuen. Kasua nabarmena da. Ertzaintzak torturapean sinarazitakoa da Urtza bahitzeko eta kartzelaratzeko arrazoi bakarra. Eta hala ere, sufrimendua alde batera utzi, eskua luzatu, eta aurrera egiteko deia egiten dio jeltzaleei. Herri honen askatasunaren alde, bidea elkarrekin egin beharko dugu, edo ez dugu askatasunik ezagutuko. Zeren zain zaudete? Atzo Ertzaintza Ondarroa hartzen ari zenean zubi harresian Urtzak abesten zuen moduan, ez gaitun lapurrak ez eta zakurrak kateiaz loturik ibiltzeko…





Sonanbuluak: lotan dabiltzanak

9 05 2013

Loak hartzen gaituenean, lotan egoten gara gehienok. Badira, ordea, lotan ibiltzen direnak ere. Lotan egon arren, ibiltariak bihurtzen direnak. Sonanbuluak dira.

Marrazki bizidunetan, filmetan edo komikietan karikaturizatu ere egin dira, gaur egun dugun sonanbuluen irudia erabat zehatza izateraino: zonbien antzera ibiltzen diren bizidunak, lotan, begiak itxita, eskuak luzatuta, zuzen…

Hori guztia, ordea, faltsua da.

Hainbat artikulu idatzi eta argitaratu da gaiari buruz, aspaldidanik, eta topiko horietako asko faltsuak direla erakusten dute ikerketek. Euskaraz, ederki azaldu zuen kontu hau Jabier Agirrek, Elhuyar aldizkarian argitaratutako Sonanbuluak. Gauez baina konturatu gabe erreportajean.

ETBko Teknopolis saioak ere landu zuen gaia (2010-12-26).
Hemen bideoa ikusgai.

SONANBULUAK: gauez konturatu gabe (Jabier Agirre, Elhuyar, 1986-12-01).

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonanbuluaren irudia ohizkoa bihurtu da txiste eta komikietan: gau-jantziz estalirik, teilatu gainean, ziurtasun osoz dabilen gizona, edozein hitz edo hotsek esnatuz gero, oreka galdu eta behera amildu daitekeena. Baina topiko guztiekin gertatzen den bezala, irudi hori ezaguna izan arren, faltsua da: ziurtasuna ez da hain ziurra, ez dago batere frogatua sonanbuluak besoak zabaldurik dabiltzanik, hitz egite hutsak ez ditu esnarazten, etab. Zeintzu dira, bada, gertakizun honen agerpen edo zeinuak? Zein da sonanbulismoaren egiazko arrazoia?

Sonambulismoa (latinezko SOMNUS: Loa, eta AMBULARE: ibili), h.d. “lotan ibiltzea” oso fenomeno bitxia izan da betidanik jende xehearentzat. Ohizko psikiatriak gogoz aztertu izan du pertsona helduen sonanbulismoa (umetan agertzea normalagotzat jotzen da) eta erreakzio neurotiko bezala kontsideratu da: lo dagoenak ohea utzi eta bere nahiak ase edo bere tentsioak baretuko dituen zerbaiti ekiten dio (galdutako zerbaiten bila hasi, edo bere egunerokoan idazten has daiteke).

Sonanbuluak berak, ez digu inolako argitasunik emango, noski. Beren familiarteko edo lagunek dakite beren ibilalditxoen berri. Egiten duena eginik ere, sonabulua ez da egindakoaren erantzule. Amets egin ondoren geratzen zaigun oroitzapen lauso eta zirriborrotsu hori ere ez du izango; bere amnesia totala da.

Duela urte gutxi batzuk arte, sonanbulua ametsetan zegoen bitartean irteten zela ohetik pentsatzen zen. Gaur egun hipotesi hori guztiz baztertua gelditu da, egindako esperimentuei esker. Gauza jakina da, loaldiaren azaleko faseetan —REM fase bezala ezagutzen direnetan (REM, Rapid Eye Movement, Begien Mugimendu Azkarra)— egiten direla ametsik gehienak. Baina une horietan gorputza guziz erlaxatua dago, eta nekez uler daiteke egoera horretan, muskuluak lasa daudenean, pertsona ohetik jaikitzeko gai izatea. Alderantziz, frogatu ahal izan da sonanbulua lo sakonean dagoenean soilik bihurtzen dela aktibo. Eta fase honetan ez da ametsik gertatzen. Gau batean pertsonak lo sakoneko fase bat baino gehiago izaten dituenez, posible da sonanbulu batek bere IHARDUERAK zenbait aldiz burutzea goizean esnatu aurretik.

Eta iharduera horiek ez dira beti jeiki-ibili modukoak. Kasu askotan mugimendua askoz ere apalagoa izan daiteke: ohean agondu, ezpainak mugitu, besoarekin mauka tiratu, begiak denbora osoan itxita mantentzen dituen bitartean. Sonanbulua oso kapaz da orduerdi pasatxoz “lanean” aritzeko. Bere begiak irekita edo itxita egon daitezke: irekita daudenean begirada finkoa dute, baina ez dute inguruko ezertxo ere ikusten.

Sonanbulua bere etxean zehar, inoiz ere ikusi gabe ezagutuko lukeen itsua bezala mugitzen da. Egia da inoiz sukaldera joan, hozkailua ireki eta esnea edango duela, baina aldez aurretik hozkailua non zegoen bazekielako egin dezake hori. Ezagutzen ez duen etxe batean, gisa horretako balentria guztiz ezinezkoa litzateke.

Sonanbulurik gehienak oso astiro mugitzen dira. Beren ibilerak koordinaziorik gabekoak dira, erritmo-aldaketa eta kordokaldi edo astinaldiak agizkoak dira. Gaizki sinkronizaturiko robot baten mugimenduak gogorarazten dituzte. Besoak gorputz-alboetan zintzilik, edo eskuekin gauzak aztatuz, baina ezer jakinik ukitu gabe. Familiartekoek segurtasun-neurriak hartu nahi izaten dituzte, istripu posibleak baztertzeko. Baina, kontuz! ez du ezertarako balio atean sarrailak ipintzeak; sonanbuluak atera nahi badu eta ateak traba egiten badio, leihotik irtengo da.

Ikusi dugunez sonabuluen iharduera lo sakoneko faseetan ematen da. Fase horiek bereziki luzeak eta iraunkorrak dira haurtzaroan —lo gauden bitartean, hazkunde-hormonak bere lana egiten du eta umea horrela hazten da—, eta pertsona adinean aurrera doan neurrian laburutu egiten dira. Pertsona zaharrengan, batez ere, loaldi osoa azaleko edo REM fase batean gertatzen da, eta lo sakona ia erabat desagertzen da. Ia sonabulu guztiak umeak izatearen arrazoietako bat hauxe izan zitekeen.

Sonanbulismoaren intzidentzia, edo zenbat kasutan ematen den beste era batera esanda, ez dago oso argi. Baina espezialista gehienek diotenez zortzi umetatik bat sonanbulua izan daiteke (lehen ikusi dugunez sonanbulu izateko oso maila ezberdinak daude). Zortziren bat urterekin has daiteke fenomeno hau, astean bi aldiz errepikatuz. Pubertaroarekin batera desagertzen da normalean.

Pertsona helduen artean berrogeitik batek bakarrik jasaten du sonanbulismoa. Eta ia beti aurrekin edo antezedenteak aurkitzen dira familietan. Aurregoera honek arrazoi genetikoak egongo ote ziren pentsatzera eraman zituen espezialistak. Baina badira beste arrazoi batzuk ere; psikikoak batipat, sexualitate erreprimitu baten agerpenak agian edo babes-nahi ezkutuak. Pertsona helduetan sonanbulismoa erregresio bat bailitzan onartzen da; berriro ere ume izateko nahikunde inkontziente bat. Dena den, sonabuluak ez dauka inhibizio horren berri eta bere inkontzientea aske uzten du, gainontzeko pertsonek ametsetan daudenean egiten duten bezalaxe.

Orain arte ikusitako guztia sonanbulu OSASUNTSUEI dagokie, h.d. gauez duten portaera bitxi honetaz landa, bizimodu guztiz normala daramaten pertsonei, osasun betea daukatenei. Badira sonanbulismo patologikoak ere, aurrez neurosiak edo epilepsiak jota dauden pertsonetan agertzen direnak.

Bukatzeko esan dezagun sonanbulismoak ez duela nahitaez gauean agertu behar. Orain dela gutxi egunkari guztiek ekarri zuten lo zegoen bitartean bere fusila manipulatu zuen soldadu suediarraren notizia: fusilak tiro egin eta laguna hil zuen. Gertakizun ikaragarri hau eguerdi-eguerdian gertatu zen: soldadu sonanbulua gauez goardia egin ondoren goizeko hamarrak inguruan oheratu bait zen. Agintariek mutila soldadutzatik libre utzi zuten arren, epaitua izan zen tiro-unean bere ekintzetaz kontziente zen ala ez erabakitzeko. Epaileen berediktua, mediku- eta psikiatra-talde batek lagundurik, ahobatekoa izan zen: “ERRUGABEA”. Lo zegoen bitartean mutil hura ez zen, inola ere, bere ekintzen erantzule.


Sonanbuluak eta sexua, sonanbuluak eta hilketak…

Sonanbuluek oharkabean egiten dituzten kontuen harira, eta tarteka gertatu izan diren kasu zehatzei tiraka, asko idatzi da ohartu gabe sexua izatearen edo ohartu gabe norbait hiltzearen inguruan. Hainbat filmen gidoirako ere eman du gaiak, noski. Sleepwalking da horietako bat, beste askoren artean.

Hemen gai horiei buruzko zenbait kontu, batzuetan zientziaren ikuspegitik, eta beste batzuetan morboaz harago helduleku askorik ez duten albisteetatik:
· Sexo sonámbulo (BBC, 2004-10-17).
· Sleepwalking woman had sex with strangers (New Scientist, 2004-10-15).
· ‘Sleepwalker’ accused of murder (BBC News, 2005-03-10).

Gai honi buruzko estekak eta informazio osagarria:
· Sonanbuluak (zientzia.net, Teknopolis, erreportajea, bideoan).
· Sonanbuluak. Gauez baina konturatu gabe (Jabier Agirre, Elhuyar aldizkaria, 1986-12-01).
· Sonambulismo (wikipedia, gazteleraz).
· Sleepwalking (h2g2, 2002-12-23).
· La noche temática: parasomnia y sonambulismo (dokumentala, bost zatitan, youtuben).

Amaitzeko, alabaren bideo bat, duela hiru urtekoa. Bi urte besterik ez zituen Araitzek orduan…