Hartzidura: zaporez eta kolorez betetako mundu berria sukaldean

17 08 2018

Bada oharkabean bizitza aldatzen dizun jendea. Abesti batekin, film batean esandako esaldiren batekin, argazki batekin, errezeta batekin, liburu batekin…

Duela zenbait hilabete sarean Iruñeko Nishime Makrobiotika Institutua ezagutu nuenetik, bertako Nerea Zorokiain eta Almudena Montero ari zaizkit niri bizitza aldatzen.

Azken asteotan, esaterako, Nerea Zorokiainek uda hasieran argitaratu zuen liburua korana edo biblia bihurtu da etxeko sukaldean: ‘Fermentación’.

Elikadura kontuetan, “ez gara jaten duguna, asimilatzen duguna baizik” kontzeptua irakatsi dit Nereak, osasunarentzat elikagai probiotikoak eta hartzidura edo fermentazioa zein garrantzitsuak diren ikusaraziz.

Sukaldea tarroz edo kristalezko ontziz betetzen ari zait, eta txukruta, kefirra, kombucha, bulgur hartzitua eta antzekoak gero eta ohikoagoak dira nire bizitzan eta elikaduran, zaporez eta kolorez betetako mundu berri bat ezagutzen hasteraino.

Eskerrik asko!