Sembrant llibres que porten un nou món. Mundu berria dakarten liburuak ereiten

1 04 2016

Obrint Pas taldeko Xavi Sarriaren Totes les cançons parlen de tu liburua argitaratu zuenean ezagutu nuen Sembra Llibres argitaletxea, eta ordudanik arretaz jarraitu dut pasioz eta mimoz egiten duten lana.

Azken hilabeteotan, ordea, arreta lilura bihurtu zait, Feliu Venturaren Com un record d’infantesa eta Roc Casagranen L’amor fora de mapa irakurrita.

Lagunak bisitatzeko sakabanaketaren errepideetan ehunka eta ehunka kilometro egitera behartuta, Alacant barrualdean barrena egindako bidaientzat soinu banda bilatzen hasita arkitu nuen noizbait Feliu Venturaren Alacant -per interior- ederra, eta harrezkero Xativako musikariak egindako bidea sakonago ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dut.

2014an, herrien elkartasuna, festa eta kultura uztartuz, eta Kataluniako prozesuari keinu konplizea eginez, Falcons de Vilafranca taldearen falcon edo casteller erakustaldiarekin batera, Feliu Venturaren kontzertua antolatu zuen Zarauzko Udalak, abuztuko jaietan.

feliu-zarautz

Egun hartan ezagutu nituen pertsonalki Feliu Ventura bera, eta haren taldeko musikariak. Tartean, baita bere ibilbide luzean ezinbesteko bidelaguna izan duen Borja Penalba ere. Jende ona.

Pasa den udazkenean Sembra Llibres argitaletxeak Feliu Venturaren lehen eleberria iragarri zuenean, beraz, irrikaz itxoin nuen argitalpena, eta azaroan gustura irakurri nuen Com un record d’infantesa (Haurtzaroko oroitzapen bat bezala).

Txileko diktadurako kontuak, oroimen historikoa eta gaur egungo Herrialde Katalanak uztartzen dituen istorioan barrena, Ovidi Montllorren disko bat da hariari eusten diona. Liburu on eta atsegin bat ez ezik, beraz, Kataluniako musikan eta kulturan erreferentea den norbait ezagutzeko ere aukera eman zidan Feliuren liburuak: Ovidi Montllor, musikari, aktore eta poeta.

Hemen ‘Com un record d’infantesa’ liburuaren booktrailerra:

Hemen, berriz, Ovidi Montllor, Oriol Soleren rola jokatuz Segoviako ihesa (Imanol Uribe, 1981) filmean.

Azken batean, liburu batek orrialdez orrialde mundua ikusteko leiho berriak zabaltzen dizkizunean, bizitza edertzen eta aberasten dizun liburu horietakoa dela ohartzen zara. Horixe gertatu zitzaidan udazkenean Feliu Venturaren lehen nobelarekin, ezezagunak zitzaizkidan erreferentzia kultural ugari aurkituta.

Antzekoa gertatu zait Sembra Llibres argitaletxeak otsailean plazaratu zuen eta Herrialde Katalanetan saldu eta saldu ari den Roc Casagranen L’amor fora de mapa liburuarekin ere. Sorgindu egin nau, eta hainbat leiho berri zabaldu dizkit, idazle eta musikari berriak erakutsita.

Liburuaren nondik norakoa ederki laburtu du Raquel Andres kazetariak egunotan argitaratu duen iruzkinean:

“La generació que es mou entre els 30 i els 40 anys afronta el present i el futur amb molta incertesa. Planificar la vida a mitjà termini se’ls fa molt difícil, ja que és molt complicat trobar un treball estable o que garantisca uns ingressos mínims. I quant a les relacions sentimentals, els models apresos de mares i mares ja no els serveixen. Com moure’s, doncs, en aquest territori incert? Amb L’amor fora de mapa (Sembra Llibres), Roc Casagran (Sabadell, 1980) ens fa una proposta: trencar amb les convencions socials per a construir un món nou i pròxim on puguem ser realment feliços”.

Gazte izateari uko egin nahi ez diogun helduon muga horietan barrena, eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak eta bikote harremanen inguruko kontraesanen ispilu guztiak erakusten dizkigu Roc Casagranek nobela eder honetan, gure burua behin eta berriro Llull izeneko protagonistan ikusteraino. Llull, gainera, poemak idaztea gustukoa duen ero horietakoa da, eta poema horietako batzuk ere ageri dira eleberrian barrena.

Poema horietako 14 hartu, abesti bihurtu, eta liburuko zenbait pasarterekin batera, disko ere bihurtu dute Mireia Vivesek eta lehen aipatutako Borja Penalba musikariak. Herrialde Katalanetan argitaratzen den Ara egunkariak, zehazki, pasa den asteburuan eskaini eta banatu zuen diskoa, egunkariarekin batera.

Hemen, Roc Casagran idazlea bera, Mireia Vives, Borja Penalba eta David Fernandezekin diskoaz eta liburuaz solasean.

Argitaratu eta bi hilabete eskasera, liburu bat eta disko bat baino askoz gehiago bihurtu da dagoeneko L’amor fora de mapa ederra. Erantzunak aurkitu ezinik dabilen belaunaldi baten erretratua izateaz gain, Herrialde Katalanetan hainbat esparru elkartu dituen proiektu kulturala ere bada. Liburu batetik abiatuta, zerbait aldatzeko esperantzan sinesten duen jendearen ekarpena. Kulturan ere, Herrialde Katalanetako lagunak ikasgai ederra ematen ari zaizkigu. Batez ere Sembra Llibres argitaletxeko lagunak. Mundu berria dakarten liburuak ereiten ari dira. Sembrant llibres que porten un nou món.

L’amor fora de mapa. Mireia Vives eta Borja Penalba

Diskoa sarean ere entzun daiteke, on-line, esteka honetan edo beheko irudiaren gainean klik eginda.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Sembra Llibres argitaletxearen webgunea: sembrallibres.com
· Feliu Ventura: Com un record d’infantesa. Liburuari buruzko informazioa.
· Feliu Venturaren webgunea: feliuventura.cat
· Smoking Souls: Alacant -per interior-. Smoking Souls taldearen bertsio ederra eta bideoklipa.
· Ovidi Montllor.
· Roc Casagranen webgunea: roccasagran.cat
· Per a la generació de la incertesa (L’amor fora de mapa liburuaren iruzkina. Raquel Andres, La Vanguardia, 2016-03-29).
· Roc Casagran.
· Emporta’t el CD ‘L’amor fora de mapa’, de Mireia Vives i Borja Penalba (promo.ara.cat).
· Mireia Vives i Borja Penalba: L’amor fora de mapa (mesdemil.bandcamp.com).

 





‘Escudero’, dokumentala

3 03 2012

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Jose Mari Agirrek egindako Escudero dokumentala ikusi ahal izan zen atzo Lizardi antzokian eta, ondoren, musikariari buruzko solasaldia izan zen Alberto Iglesias eta Angel Illarramendi konposatzaileekin eta dokumentalaren zuzendariarekin batera, Ainara Lozano kazetariaren gidaritzapean.

Hona ekarri dut dokumentala, osorik, Escuderoren mendeurrena herri honek eman duen musikari nabarmenenetakoa eta bere lana gehiago ezagutzeko aukera ederra delakoan.

[ Iturria: euskomedia.org · Auñamendi Entziklopedia ]





Hollywoodeko Oscar sarietatik Zarauzko Lizardi antzokira

2 03 2012

La muerte de Mikel (1984), Vacas (1992), La ardilla roja (1993), Tierra (1996), Los amantes del círculo polar (1998), Todo sobre mi madre (1999), Lucía y el sexo (2001), Comandante (2003), Te doy mis ojos (2003), Cometas en el cielo (2007), Che, el argentino (2008), También la lluvia (2010) edo La piel que habito (2011) filmak aipatzen baditugu, Alberto Iglesias handia da guztien lotura. Musikari donostiarra da film horien guztien eta beste hainbaten soinu bandaren egilea. Julio Medemen edo Pedro Almodovarren lan sonatuenak, ezinbestean, Iglesiasen musikarekin gordeta ditugu memorian. Horiengatik eta beste batzuengatik, dagoeneko hamar Goya sari eskuratu ditu, eta Hollywooden banatzen diren Oscar sarietan ere hiru aldiz izan da izendatua saria jasotzeko. Azkena, aurten bertan, Tinker Taylor Soldier Spy filmaren soinu bandagatik.

Tasio (1984), Hamaseigarrenean aidanez (1985), 27 ordu (1986), Kareletik (1987), Yoyes (1999), El hijo de la novia (2001), Luna de Avellaneda (2004), Los Borgia (2006) edo Zorion perfektua (2009) aipatzen baditugu, berriz, Angel Illarramendi konpositore zarauztarra da guztien lotura, film horien eta beste hainbaten soinu banden egilea baita.

Alberto Iglesiasek eta Angel Illarramendik, hein batean gure bizitza markatu duten hainbat filmen musika sortu dute, eta Francisco Escudero da biak lotzen dituena, Escuderoren ikasleak izan baitziren biak. Horregatik gonbidatu ditugu gaur Zarautzera, Escuderoren mendeurrena gogoratzeko bigarren ekitaldira. Alberto Iglesias, Hollywoodeko alfonbra gorritik zuzenean helduko da Lizardi antzokira.

Jose Mari Agirre zarauztarrak zuzendu zuen Escudero dokumentala izango da ikusgai lehenik, 19:30ean, eta ondoren Escuderoren ekarpenari buruzko solasaldia izango da, dokumentalaren zuzendariarekin, Alberto Iglesiasekin eta Angel Illarramendirekin. Ainara Lozano kazetariak gidatuko du solasaldia.

Gonbidatuta zaudete.

Escuderori buruzko dokumentala eta solasaldia.

· Gaur, 19:30ean, Zarauzko Lizardi antzokian.
· Alberto Iglesias, Angel Illarramendi eta Jose Mari Agirre.
· Moderatzailea: Ainara Lozano.

Antolatzailea:
· Kultura Zarautz: Francisco Escudero 1912-2012, mendeurrena.





Txillardegi, zuhaitz eroria

15 01 2012

‘Zuhaitz handi bat erori da oihanean goizean’ abestuz ekin dio gaur Ruperrek Zarauzko kontzertuari.

Ezinbestean, Txillardegiz akordatu naiz.





Ruper Ordorika gaur Lizardi antzokian

14 01 2012

The Balde aldizkariaren azken zenbakian aurkitu ditut gaur Lizardi antzokian entzungo dugun musikari puska deskribatzeko hitz egokienak:

“30 urte daramatza Ruperrek bide propioa egiten. Ez du zerikusirik unean uneko modari eta joerei desesperatuki eusten diotenekin. Ruper arbola da. Guk arnastu dugun aire beraz elikatu dena. Gure moduan, presarik gabe baina etenik gabe errauts bihurtuko dena. Babesa eta itzala ematen diguna”.

Berandu dabiltza sarrerarik ez dutenak. Gainerakoek, gauean izan arren, itzal ederra aurkituko dute hodeien azpian.

· Zer: Ruper Ordorikaren kontzertua.
· Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
· Lekua: Lizardi antzokia, Zarautz.
· Antolatzailea: Zarauzko Udala, Kultura Saila.

· Sarean: ruperordorika.com

Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago:
· Ruper Ordorikak zabalduko du Lizardi antzokiko 2012ko programazioa, urtarrilean (Urola Kostako Hitza, 2011-11-16).





Pablo Marquez, Zarauzko XVIII. Gitarra Jaialdian

9 12 2011

Ez nuen Pablo Marquez gitarra-jotzailea ezagutzen, Zarauzko XVIII. Gitarra Jaialdiko gonbidatu nagusia izatekoa zela irakurri nuen arte. “Gitarra munduko izen nagusietako bat da, zalantzarik gabe” esan zuen jaialdiaren zuzendari Eduardo Baranzanok aurtengo ekitaldiak aurkezterakoan. Kultura Zarautzek kontzertuaren berri emateko prestatutako informazioa irakurri, sarean Marquezi buruzkoak aurkitu, eta aurtengo maisu eta gonbidatuaren berri izan nuenerako, herenegun, aurtengo jaialdiko ikasleei diplomak banatzeko ekitaldian ondoan nuen argentinarra.

Ezagutu ez arren, dagokion arloan mundu mailan handia den norbaitekin egotearen sentsazioa nuen eta, hemezortzi urtean lehen aldiz, Zarauzko Gitarra Jaialdiaren amaierako kontzertura joan nintzen gauean, Lizardi antzokira.

Zaila da bertan entzundakoa hitzetara ekartzea.
Baina abiarazi bideoa, eta ulertuko duzu.





Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik

1 12 2011

Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik proiektuari ilusioz ekin genion brigadakideok gustura gaude gaur. Esku artean dugu azkenean hainbat eta hainbat lagunen lanari esker osatutako liburua eta diskoa. Axier, Aroa, Leire, Irantzu eta Igotzek elkartasunaren geografian betiko lekua izango duen lan ederra egin dute, dozenaka kolaboratzaileren laguntzarekin.

Liburua gaur heldu da inprentatik, eta igandetik aurrera Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango da, Askapenaren erakusmahaian. Gaur bertan hedabideei banatzen hasi garen informazioa da hurrengo lerroetakoa.

· Izenburua: Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik
· Argitaratzailea:
Biladi Hadi elkartea
· Urtea:
2011
· Orrialdeak:
160
· Prezioa:
10 euro
· ISBN: 978-84-615-4889-7

BILADI HADI hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik izeneko liburua eta diskoa Biladi Hadi elkartasun brigadak Euskal Herriko hainbat sektoretako hamarnaka pertsonarekin batera hilabeteetan garatutako proiektua da. Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada da, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean ari diren euskal herritarrek osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta ikasleek, besteak beste.

Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordeta. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari.

Bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau. Euskal Herrian hainbat esparrutan lanean ari diren lagunekin elkarlanean, musika eta hitzak jarri dizkiegu gure bidaian ateratako irudiei: palestinarren sufrikarioaren isla diren argazkiei. Horien bitartez, bat egin nahi dugu nazioartean garatzen ari den Israeli Boikot ekimenarekin, Israelek zapalketa alde batera utzi, eta herri palestinarra aske utz dezan.

Urrats txiki honek beste batzuk ekarri beharko ditu atzetik, azkenean herri gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun.

Palestinaren egoeraren nondik norakoak erakusteaz gain, Biladi Hadi brigadako lagunek ateratako argazkiei jarritako hitzak ere biltzen ditu lan honek. Honakoak dira, zehazki, argazkiei begira idatzi egin dutenak:

● Gabi Basañez · Euskal internazionalista auziperatua
● Ainara Gorostizu eta Arantxa Iturbe ·
Berria egunkariko eta Hik Hasi aldizkariko kazetariak eta Biladi Hadi brigadako kideak
● Ainere Tolosa · Aktorea
● Alberto Arce · freelance kazetaria eta T
o shoot an elephant dokumentalaren egilea
● Alberto Pradilla · freelance kazetaria eta
El judio errado liburuaren egilea
● Amets Arzallus · Bertsolaria eta kazetaria
● Ander Perez · Gazte mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Harkaitz Martinez de San Vicente · Oreka TX musika taldeko kidea
● Aroa Lasa · Arramazka musika taldeko abeslaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Asisko Urmeneta · Marrazkilaria
● Axier Lopez ·
Argia-ko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Beñat Hach Embarek · Sahararen aldeko ekintzailea eta gazte mugimenduko kidea
● Xabier Euzkitze · Kazetaria eta Saharautz elkarteko kidea
● Filipe Bidart · Iparretarrak erakundearen sortzaileetakoa
● Galder Olivares · Igorreko alkate ohia eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Garazi Goienetxea · Ikasle mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Gari Berasaluze · Kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Iñaki Garitaonaindia
Gari · musikaria
● Gotzon Barandiaran · Idazlea
● Izazkun Guarrotxena · Mugimendu feministako kidea
● Imanol Murua · Kazetaria eta idazlea
● Iñaki Antiguedad · Mugimendu ekologistako kidea, eta EHUko irakaslea
● Irune Berro ·
Berria egunkariko kazetaria
● Jesus Valencia ·
La ternura de los pueblos, Euskal Herria internacionalista liburuaren egilea
● Joanes Etxebarria · Bertsolaria eta kazetaria
● Jon Maia · Bertsolaria, musikaria eta idazlea
● Jon Mantzisidor
Mantxi · Gora Japon musika taldeko kidea
● Jon Maya · Dantzaria
● Josu Martinez · Zinema zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Joxe Mari Karrere · Ipuin kontalaria
● Karlos Zurutuza · freelance kazetaria
● Koldo Alzola · Komite Internazionalistak taldeko eta Hala Bedi irratiko kidea
● Kristiane Etxaluz · Militante abertzalea
● Leire Ventas ·
Urola Kostako Hitza egunkariko zuzendaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Lidon Soriano · Komite Internazionalistak taldeko kidea eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Miren Amuriza · Bertsolaria
● Mikel Elorza · Abokatua
● Martxelo Otamendi ·
Berria egunkariko zuzendaria
● Miren Artetxe · Bertsolaria
● Maite Ubiria ·
Kazeta.info agerkariko kazetaria
● Martxelo Diaz ·
Gara egunkariko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Mikel Kazalis · Matxura musika taldeko kidea
● Mikel Ayestaran · freelance kazetaria
● Mikel Etxaburu · Idazlea
● Mixel Berhokoirigoin · Laborantza Ganbarako lehendakaria
● Oskar Matute · Alternatiba alderdiko bozeramailea
● Pako Aristi · Idazlea
● Periko Solabarria · Militante abertzalea
● Aiora Zulaika · Pirritx pailazoa
● Sabin Ibazeta · Gernika Batzordeko kidea
● Alfonso Sastre · Antzerkigilea eta idazlea
● Oier Guillan · Antzerkilaria
● Sustrai Colina · Bertsolaria eta kazetaria
● Javier Etayo Tasio ·
Gara egunkariko marrazkilaria
● Jon Garmendia
Txuria eta Xabi Solano · Idazlea eta Esne Beltza taldeko abeslaria
● Unai Vazquez · Auziperatutako militante internazionalista eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Arantxa Erasun · Euskal Memoria elkarteko kidea
● Iñaki Viñaspre · Bertsolaria eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Xabi Strubell · Zura musika taldeko kidea
● Haritz Gartxotenea
Xaporra · Euskal preso politikoa eta Biladi Hadi brigadako kidea
● Zuhar Iruretagoiena · Artista
● Raeda Taha · Idazlea
● Joseba Sarrionandia · Idazlea
● Ahmed Jasalwa · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen gazteen adarreko kidea
● Mahmoud Darwish · Poeta palestinarra
● Liliana Cordova Kaczerginski · Militante internazionalista eta IJAN (International Jewish Antizionist Network) taldeko kidea
● Sergio Yhani · Alternative Information Center taldeko kazetari israeldarra
● Jamal Juma · Stop the Wall kanpainaren koordinatzailea
● Ali Mohamed Jaddeh · Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen kide historikoa

Honakoak dira, berriz, diskoan parte hartu duten taldeak eta musikariak:

● ARRAMAZKA: Gure hitzak (feat Rim Banna + DAM)
● ERATU: Nablus ilun
● ESNE BELTZA: Free Palestine
● SKATU: Askatasun egarriz
● NAPAR-K: Eguneroko goizak (feat Arramazka)
● MADELEINE: Hartza
● BERRI TXARRAK: Arren, Darwish
● FERMIN MUGURUZA: Yallah, Yallah, Ramallah!
● MALDAN BEHERA: Mohamed
● JON ARANBURU: 31. eskubidea
● PIRRITX PORROTX ETA MARI MOTOTS: Palestinatik, maite zaitut!

ARGAZKIAK:

Irantzu Pastor eta Axier Lopez kazetari eta argazkilarienak dira argazki gehienak, baina badira Biladi Hadi brigada osatu zuten gainerako lagunen hainbat begirada ere.

[ liburuan ageri den eta erakusketan ikus daitekeen argazkietako bat ]


ERAKUSKETA:

Era berean, liburu honetan bildu ditugun hainbat argazki hautatu ondoren, erakusketa ibiltaria ere abiarazi dugu euskal herrietan barrena. Honakoa da orain arteko egutegia:

– Arbizu: abenduaren 11 arte, udaletxean.
– Azpeitia: urtarrilaren 9tik 21era, San Agustin kultur gunean.
– Orereta: urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra, Mikelazulo aretoan.
– Igorre: otsailaren 13tik 27ra.
– Donostia: martxoaren 1etik 15era, Alboka tabernan.
– Oiartzun: martxoaren 16tik 31ra, Makutxo tabernan.


AURKEZPENA:

· Eguna: abenduak 8, osteguna.
· Ordua: 18:00.
· Herria: Durango.
· Lekua: Ahotsenea, Durangoko Azokaren egitarauaren baitan.


Prentsa txostena PDFan:
biladihadi.pdf





La Pegatina, gaur gauean Azken Portun

10 08 2011

Ez dut ukatuko. Ez nituen ezagutzen Kataluniako gazte ero hauek Azken Portuko jaietako egitarauan ikusi nituen arte. Ordudanik, ordea, sarean La Pegatinari buruzkoak irakurtzen hasi, orain arteko hiru diskoak entzun eta hainbat bideo ikusi ondoren, sorgindu egin naute azken egunotan.

Gaur gauean, 01:00ak aldera, Azken Portuko festetan, talde handi bat ikusiko dugu, entzungo dugu, eta dantza egingo dugu.

Ez noa luzatzera. Haien webgunea eta musika zabaltzea nahiago dut, ezagutu ditzazuen. Bertatik doan jaitsi ahal dituzue taldearen hiru diskoak, bertan irakur dezakezue ero maitagarri hauen historia, eta bertan ikus ditzakezue taldearen hainbat eta hainbat bideo. On egin!

· lapegatina.com

 





Zinematik Surfing: musika, zinema eta malekoia

30 06 2011

ZMMZ.
Zarauzko malekoian musika eta zinema. Hori da bihartik aurrera Muskariako lagunen ekimenez antolatu den hirugarren Zinematik Surfing jaialdiak ekarriko duena. Hainbat astez, musika, surfa eta zinema uztartuko dituzten ekitaldiak antolatu dituzte, hirugarren aldiz, eta bihar emango diote hasiera uda honetako egitarauari.

Antolatzaileek zehaztu duten moduan, “Zinematik Surfing Zarauzko malekoian egiten den Surf Zinema jaialdia da, uda partean. Orain dela hiru urte lagun talde batek sortutako ideia da. Ordutik, urtero antolatu du jaialdia, modu eskuzabalean, herriko talde honek. Zinematik Surfing ekitaldiaren helburua nazioarteko zein tokiko surf pelikulak ezagutzera ematea da, hain lasaia eta goxoa den Zarauzko hondartzako malekoian. Zarautz erreferentea da Euskal Herriko surf giroan, batez ere tokiko eta kanpoko surfisten artean
dagoen giro onagatik. Hori da helburua: giro on hori sustatzea, eta surfa maite dutenek filma eta musika ona gozatu dezaten udako iluntzetan”.

Horrelako herritarrekin, ez dago esan beharrik Zarautzek erreferentea izaten segituko duela, surf giroan, musikan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Kalitatea baita, beste behin ere, Muskariako kideen eskaintzan ikur nagusia. Honakoa da bihar hasiko den ekimenaren kartela.

HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Zinematik Surfing: prentsa dossierra (PDFan).
· zinematiksurfing.wordpress.com





Rim Banna · A Time To Cry [a lament over Jerusalem]

8 06 2011

Hunkitu egin nau Rim Banna musikari palestinarraren bideo honek.

Beharbada, Rim Bannaren izena eta ahotsa entzute hutsak hunkitzen nauelako izango da, irailean Palestinara egin genuen elkartasun bidaian Biladi Hadi brigadaren helburuekin eta bidaide genituen musikariekin izan zuen jarrera ezin baitut ahaztu. Arramazka taldearekin eta Palestinako DAM taldearekin batera Mikel Laboaren Gure hitzak abestia euskaraz eta arabieraz moldatzeko bertsioan parte hartu zuen Rim Bannak. Hemen irakur daiteke horren berri, eta hemen entzun edo jaitsi daiteke abestia.

Orain, Rim Bannaren lan berria heldu zaigu. Duin, ohi bezala, okupazioari aurrez aurre begiratuz eta abestuz. Indarrez eta samurtasunez.
Nire hitzak soberan daude. Hasi dadila musika, harresi guztien gainetik. Play: Rim Banna, A Time To Cry, a lament over Jerusalem…