Hondakinak atez ate biltzeak turismoa erakartzen du

11 09 2013

Hondakinak atez ate biltzeak turismoa erakartzen du.
Edo atez ateko bilketak turismoa aldentzen eta desagerrarazten du.
Bat ala bestea. Berdin dio.
Bi esaldiak absurdoaren mugan daudela pentsatuko du zentzu apur bat duen edozeinek, baina Zarautzen hondakinak atez ate biltzeko sistema abian izango bagenu, lasai asko izan zitekeen Zurekin Ostalarien Elkarteak adieraziko lukeena.

Antza denez, batzuek, beraien negozioen gainbeherari buruzko irakurketa zehatza egin eta ispilura begiratu beharrean, nahiago dute pilota beste norbaiten teilatuan utzi.


Lehen urtean, 2011n, Zarautz putamierda bat zen, herri hau hilda zegoen, ez zen ezer antolatzen, eta herria salbatu nahian heldu ziren, Fangoria, Nena Daconte eta gainerako handikeriekin
. Guk zuek baino luzeagoa daukagu. Hori herriko dozenaka elkarteri, Udalari, Salberdingo amets fabrikari, eta urtean zehar lanean aritutako guztiei emandako mezua. Badaezpada diru publikoarekin, noski.

Bigarren urtean, 2012an, eguraldiaren iragarpenak zuen guztiaren errua.
Edozein psikologia ikaslek erraz aztertzeko moduko prentsa oharrean, eguraldiaren iragarpenarekin kokoteraino zeudela adieraztera iritsi ziren: Los hosteleros de Zarautz, “hasta el gorro” del pronóstico del tiempo


La Asociación de Hosteleros de Zarautz, Zurekin, manifestó ayer a través de una nota estar “hasta el gorro con el pronóstico del tiempo”. Mediante el comunicado, quisieron “denunciar el acoso y derribo” que está sufriendo el sector “debido a los pronósticos del tiempo que se hacen en los diferentes medios de comunicación”.

Según este gremio, las previsiones negativas, que muchas veces no se cumplen, están causando “pérdidas millonarias”, ya que muchos clientes organizan sus vacaciones en función de estos pronósticos. “No podemos entender cómo se pueden anunciar con un mes de antelación semejantes previsiones, tan negativas, sabiendo la repercusión que ello puede tener en el turismo, y cuando se está comprobando que es imposible saber el tiempo que va a hacer más allá de cinco o siete días. ¿Quizá se esconde algún otro interés para dirigir el turismo a alguna otra región? Nosotros creemos que sí”, opinan los hosteleros zarauztarras.

[ Noticias de Gipuzkoa, 2011-08-30: Los hosteleros de Zarautz, “hasta el gorro” del pronóstico del tiempo ]

Hirugarren urtean, 2013an, TAO sistemak eta Udalak uda honetan antolatu duen egitarauak du guztiaren errua.

Nik luzeagoa edukitzeaz gain, dena ondo egiten dut, noski.
Errazagoa da Udalari egurra ematea. Autokritika, zero.

Ez naiz hemen TAO sistemaren inguruko erabakien inguruan hasiko. Zarauzko Udalak aspaldi esanda dauka zein den hartutako erabakien oinarria. Mugikortasun politika zabal baten katebegi bat besterik ez da gaur egungo TAO sistema. Oinezkoak lehenesten ditu, bizikletak ondoren, garraio publikoa hirugarrenik, eta herri barruan autoa erabiltzea ez du hain erraza izatea nahi. Ez du misterio askoz gehiagorik. Niri ere burukomin bat baino gehiago sortu dit azken hilabeteotan, baina nire ohitura zaharrak ingurumenarekiko aldarrikatzen dudan jarrera iraunkorrarekiko oso koherenteak ez zirelako da. Autoa askoz gutxiago erabiltzen dut orain herri barruan, eta bizikletan gehiago ibiltzen naiz.

Tranpa egiten eta gezurretan ari da Zurekin elkartea, gaztelera hutsean lau haizetara zabaldutako oharrean TAO sistemak bisitariak aldentzen dituela esatean, eta udako egitaraua eskasa izan dela gehitzean: Los hosteleros zarauztarras muestran su disgusto por los resultados económicos del verano. Achacan los malos datos «a la implantación de la OTA y la escasa programación de verano»

Tranpa egiten ari da, Zumaia, Lekeitio edo Donostia aipatzen dituenean. Zurekin elkarteak oso ondo daki etorkizuneko mugikortasun politika eta TAO sistemaren kontzeptua zein den. Lehenago edo geroago, Zarautzen, Zumaian, Lekeition, Donostian edo dena delako lekuetan, autoa sukalderaino sartzea ordaindu egin beharko da, nahi ala ez. Eman dezatela buelta bat Europako kostaldeko edozein herritatik, eta esan dezatela zein diren autoa aparkatzeko irizpideak eta moduak eta tarifak. Bide batez, begira ditzatela tabernetako, ostatuetako eta hoteletako prezioak ere. Bartzelonan, Alacanten, Valentzian, Gironan, Cadizen, Nizan, Lisboan, Santanderren, Dubrovniken edo nahi duten lekuan.

Gezurretan ari dira, udako egitaraua eskasa izan dela diotenean, eta hondartza edo Salberdingo aparkalekua hutsik erakusten dutenean. Salberdinen aparkatu beharrean eta TAO ordaindu beharrean, doaneko aparkalekuetan utzi du uda honetan jendeak autoa, nabarmen. Asti eta Eguzki Zahar dira lekuko. Eta horiek leporaino beteta egon ondoren, TAO sistema gabeko edozein zirrikitu autoz bete da, Bizkaia kaleko industrialdean eta beste hainbat lekutan nabarmen ikusi den moduan. Eta hondartza, beti bezala, leporaino egon da aurten ere, eguraldi onak lagundu izan duenean, askotan, zorionez. Aurten, ordea, eguraldiari ezin leporatu ezer.

Zarautzen jendetza ibili da uda honetan.
Taberna edo ostatuetara nahi baino gutxiago sartu baldin bada, bakoitzak hausnartu beharko du zergatik.

Ez dut uste, gainera, taberna edo ostatu guztiek gauza bera esango dutenik, egoera, gainerako leku eta negozio guztietan bezala, kezkagarria den arren.

Kultura zinegotzi bezala, bai Kultura Sailetik eta baita Turismo bulegotik aurten ere antolatu diren ekitaldiak nabarmendu nahiko nituzke. Azken bi urteotan bezala, ekitaldi arranditsuetan baino gehiago, ekimen herrikoi eta parte hartzaileagoen aldeko hautua egin dugu. Ildo horretan, dozenaka eta dozenaka ekitaldi izan dira batean eta bestean, eta milaka lagunek hartu dute parte guztira.

Donostian zeharo arrakastatsuak diren Surfilm Festival eta Musika Parkean bezalako ekimenen plaza bihurtu da lehen aldiz aurten Zarautz, eta bietara ehunka lagun hurbildu da. Iñurritza Kalegorrian, Jardunaldi Gastrokulturalak, Euskadiko Kintopeko Txapelketa edo Desioak Sutan Sahararentzat ere, lehen aldiz Zarautzera heldu diren ekimenak izan dira uda honetan. Sortaldea Kultura Eremuak, aurten ere, erakusketa, hitzaldi, liburu aurkezpen eta kontzertuekin, ehunka eta ehunka lagun erakarri ditu, uda osoan zehar ekitaldiz betetako egitarau oparoarekin. Urola Kostako Jardunaldi Ekologikoak, nekazaritza azokak, edo herriko artisauekin elkarlanean Zuberoa kalea sustatzeko hainbat egunetan antolatutako azokak ere ekimen berriak dira.

[Ekainak 21, ostirala. Iñurritza Kalegorrian musika ziklo berriko kontzertuetako bat. Ane Arruti musikari zarauztarra].

[Abuztuak 2. Aziza Brahim musikari sahararraren kontzertua Sortaldea Kultura Eremuan].

[Abuztuak 16. Eñaut Elorrietaren kontzertua Munoa plazan. Zurekin elkartea: “Por otra parte, la programación para las fiestas de la Virgen no ha sido muy atrayente que digamos. Gigantes y cabezudos y poco más. No ha habido ningún acto para los jóvenes y muy pocos para los adultos”].

[ Abuztuak 15. Desioak Sutan  Sahararentzat. Zurekin elkartea: “tampoco ha habido fuegos”. Desioak Sutan ekimenak Zarautz hedabideetan jarri zuen Zarautz, uda erdian, ekimenaren arrakastagatik zein ikusgarritasunagatik. Argazkia: Abar Aranburu].

[Abuztuak 24. Las dos D talde kubatarraren kontzertua Sortaldea Kultura Eremuaren kanpoaldean, malekoian].



[Irailak 4. Andoni Egañaren hitzaldia Sortaldea Kultura Eremuan].

[Irailak 7, larunbata. Euskararen aldeko kalejira herrikoia kaleetan barrena].

[Irailak 8, igandea. Musika Plaza. Segurako Udalak Zarauzko Udalari euskal jaien lekukoa pasatzeko ekitaldia eta gero, herriko txistularien eta dantzarien saioa].

Azken batean, diru publikoa arduraz erabiltzeko hautua etengabea ari da izaten. Munoa jendez bete behar bada, nahiago dugu Anje Duhalde edo Eñaut Elorrieta, Michael Jacksonen bertsioak baino. Musika Plazan erromeria bati begira zortzi lagun egongo badira, nahiago dugu diru hori Iñurritza Kalegorrian ekimenera bideratu eta gainerakoan egitarauetan nahikoa ahaztuta dugun auzoa lau astez kalitateko musikaz eta kulturaz bete. Udala, herriko eragileek egiten dutena sustatzeko eta laguntzeko dago, eta ez diru publikoa edonola xahutzeko. Zurekin elkarteak faltan botatzen dituen hainbat ekimen, diru publikoa inolako kontrolik gabe erabili eta xahutzearen ondorioz desagertu dira, Munduko Surf Txapelketa, kasu. Ez da Udal Gobernu honen egitekoa eta ardura, arduragabe batzuek sortzen zituzten zuloak estaltzea, eta are gutxiago zuloak sortzea.

Diru publikoa arduraz erabili, herriko sortzaileen lana balorean jarri, eta lanean ari diren herriko elkarteei eta taldeei lagundu, ahal den heinean, oztopo izan gabe. Hori da irizpidea.

Zurekin elkartea gustura ez badago, has dadila irizpide politikoak alde batera utzi eta ostalarien benetako arazoen inguruan lan egiten. Bestela, tabernetako zaratez, prezioez, udal ordenantzak urratuz publizitatez gainezka dauden terrazez, gremioaren irizpide bateratuez eta ostalari denen kezka komunez beharrean, elkartearen zuzendaritzako batzuen interesez soilik ariko da aurrerantzean ere. Horrelakoak gertatzen dira herritarrak eta herri ekimenak beharrean nork bere zilborrari soilik begiratzen dionean.

Badakizue: atez ateko bilketak turismoa aldentzen eta desagerrarazten du.
Eguraldiaren iragarpenak bezala.
Eta hondartzara errusiar entsalada eta patata tortilla etxetik eramatea, zilegia den arren,
ostalarientzat konpetentzia da. Akaso hurrengo urtean debekatu egin beharko dugu erakunde publikoetatik…