Las de Tafalla a Tafalla

21 10 2013

Txalaparta argitaletxean lanean hasi eta Tafallan bizi izan nintzen bost urte haietan izan nuen lehen aldiz Ines del Rioren berri. Herriko presoen artean argazki bat zen hasieran. Gero ezagutu nituen haren ingurukoak. Senideak, lagunak, Itziar, Kris eta gainerakoak. Argazki huts bat izatetik, horrelakoetan ohi den bezala, sentitu zitekeen errealitatea izatera pasatu zen: sakabanaketa, kilometroak, gutunak, mendeku politika, Parot doktrina, legez kanpoko bahiketa eta abar. Gaur arte.

Joxemari Esparza lagunak behin baino gehiagotan kontatu eta idatzi izan duen moduan, 1977an, Askatasunaren Ibilaldiaren amaieran, Euskal Herritik heldutako milaka lagunen artean, poliziak, helikopterotik, megafoniaz, jendetza sakabanatzeko historian idatzita geratu den esaldia errepikatzen omen zuen, behin eta berriro: Los de Tafalla a Tafalla!

aTafalla

“En 1977, el día final de la Marcha de la Libertad y para aventar aquella muchedumbre venida de todos los pueblos de Euskal Herria, desde un helicóptero, la policía no hacía más que repetir un absurdo «los de Tafalla a Tafalla», porque así estaba escrito en el papel para tontos que les habían dado sus superiores y que ¡oh paradoja! todavía se conserva en los archivos del Gobierno Civil”. Los de Tafalla a Tafalla (Joxemari Esparza, Gara, 2012-03-07)

Gaur, Estrasburgok ‘Parot doktrina’ baliogabetu eta Del Rio espetxean legez kanpo dagoela ebatzi duen egunean, gustura, baina 2008az geroztik bidegabeki bahituta egon dela jakiteak sortzen duen suminarekin, espetxe urrunetan bahituta dituzten euskal herritarrak dagozkien herrietara eta etxeetara lehenbailehen heldu daitezen lanean jarraitu behar dugu. Los de Tafalla a Tafalla. Mendarokoak Mendarora, Oreretakoak Oreretara, Bilbokoak Bilbora, eta abar.

Mendeku politikak indarrean segitzen duen bitartean, bakerako urratsak ere garesti saltzen dira herri honetan eta, beraz, inork ez digu ezer oparituko. Las de Tafalla a Tafalla esanez irribarre egiteko eguna da gaurkoa, baina batez ere lanean segitzekoa. Animo!