· Nawal El Saadawi, emakume izena duen iraultza

24 03 2011

“Zoriontsu naiz. 80 urte ditut, eta egun hauetan bizitzen ari garenak zoriontsu egiten nau erabat. Honekin egin dut amets! Iraultzari ekarpena egin ahal izatearekin. Egunero ateratzen naiz kalera, manifestazioetara”.

Nawal El Saadawi idazle egiptoarraren hitzak dira, Mubarak erori baino lehenagoko igande batean, telefonoz Suediako Feministiskt Perspektiv aldizkariari emandako elkarrizketan. Telefonoa eskegi eta kalera aterako zen, edo hurrengo libururen baterako orrialdeetan islatuko zuen hamarkada luzeetako diktadura erortzen ikusteak sortu dion sentimendu eztanda.

Orain erraza baita diktadura edota diktadore hitzak erabiltzea Egiptoz eta presidente ohiaz hitz egitean, baina Mendebaldeko herrialdeak eta hedabideak hango erregimenaren bidelagun zirenean ere, Nawal El Saadawik liburuak eta liburuak idatzi eta argitaratu zituen egiptoarren egunerokotasuna bere gordinean islatuz, gainetik literaturaren soinekoa jantzi arren.

Nawal El Saadawik (Kafr Tahla, Egipto, 1931) badaki zer den zapalduta egotea eta zapalduta sentitzea. Hamarkadak daramatza emakumeen eskubideak eta eskubide politikoak aldarrikatuz, bidea kartzelarekin ere ordaindu duen arren. Ez du amore eman, noski. Bidegabekeriak, emakumeen ahotsa eta zapalkuntza ozen aldarrikatu beharrak, eta “gure baitan ditugun belo ikusezinak kendu beharrak” eraman zuten hainbat liburu idaztera eta batean eta bestean hitzaldiak ematera.

Medikuntza ikasi ondoren, nekazari ingurune bateko osasun etxean aritu zen lanean, eta han sortu zitzaion emakumeen egoeraren eta zapalkuntzaren kontzientzia. Lehen bi senarrekin izandako esperientziak areagotu egin zion feminismoa aldarrikatzearen beharra, feminista arabiar nabarmenenetakoa bihurtu arte. Gaur egungo nazioarteko politika eta ekonomia “esklabutasunaren sistema patriarkatu modernoa” da, El Saadawiren hitzetan.

Goiz hasi zen ikusten eta sentitzen zuena literaturaren galbahetik pasatzen. Emakume sendagile baten memoriak (1958) liburua, esaterako, mugarri izan zen feminismo arabiar garaikidean, eta ordudanik liburu asko argitaratu ditu emakumeek emakume izate hutsagatik hainbat alorretan bizi duten zapalkuntza islatuz.

Bibliografia
• Emakume sendagile baten memoriak (1958).
• Munduko gizon bakarraren heriotza (1974).
• Ez daukagu lekurik paradisuan (1979).
• Bi emakume bakar batean (1983).
• Imanaren erorketa (1987).
• Maitasuna petrolioaren garaian (2009).

Webgunea
nawalsaadawi.net

· Nawal El Saadawi, emakume izena duen iraultza [Gaztezulo aldizkaria, 116. zenbakia, 2011ko martxoa]





Jonathan Franzen, eguneroko askatasunaren bila

7 02 2011

“@ehunginen: Jonathan Franzenen ‘Freedom’ irakurtzeko deseatzen nago. Elkarrizketa interesgarria egin diote La Tercera egunkarian”.

Ez nuen ezagutzen Jonathan Franzen, oraintsu adiskide batek twitterren utzitako mezu hori irakurri eta egile estatubatuarraren arrastoari segika hasi arte.

Txileko La Tercera egunkariak egindako elkarrizketa irakurri orduko ohartu nintzen ez nuela bakerik izango Franzenen lanak sarean aurkitu eta eleberriren bat amaitu arte. Zorionez. Ez baita edonolako aurkikuntza izan.

Jonhatan Franzen (Chicago, AEBak, 1959) 29 urterekin sortu zen literaturaren historiarentzat, Hogeita zazpigarren hiria eleberria argitaratu zuenean. Kritika onak izan zituen, eta beste zenbait lan ere argitaratu zituen hurrengo urteetan, baina 2001ean lortu zuen arrakasta eta oihartzuna nazioartean Zuzenketak nobelarekin. AEBetako National Book Award saria jaso zuen, eta Pulitzer sarirako finalista ere izan zen. Hainbat hizkuntzara itzuli dute liburua, eta dagoeneko ia hiru milioi ale saldu ditu mundu zabalean.

Iaz argitaratu zuen azken eleberria: Freedom. “Maisulana”, The New York Times egunkariaren iganderoko literatura gehigarriaren iritziz.

AEBen azken hamarkaden erretratua egiten du eleberriak, “surik eta amorrurik gabeko gaur egungo nerabeei” gorrotoz begiratzen dieten protagonisten eguneroko kontuetatik abiatuta. Eguneroko kontu horiek dira historia handia kontatzeko Franzenen bitarteko gustukoenak: “Gaur egun, zenbait urtez kulturatik aldentzea eta inguruko kontu txikiei arreta handiz begiratzea da idazle batek eskaini dezakeena”.

Ahaleginean, Franzenek ez du lortu kulturatik aldentzea. Mundu erdiko irakurleak bere lanen zain egotea baizik. Izan ere, literatura garaikidearen izen handienetakoa da Franzen, batzuetan twitterreko mezu baten txikitasunean galduta geratu daitekeen arren.

Bibliografia

Eleberriak

The Twenty-Seventh City (1988).

Strong Motion (1992).

The Corrections (2001).

Freedom (2010).

Entseguak

How to Be Alone (1988).

The Comfort Zone (2004).

The Discomfort Zone (2006).

[ Gaztezulo aldizkaria, 115 zenbakia, 2011/02 ]