SKAPA2012 hasi da kolorez betetzen

28 07 2012

Azken Portun, zenbait artistek eta urteroko brotxagordistek, komisioko eta auzoko gazteen laguntzarekin, jaien atarian, aurten ere, horma-irudia margotzeari ekin diote gaur. Langile auzoa da Azken Portu, eta Mesill lantegiko horma handia hautatu dute aurtengo irudia egiteko. Goizeko lehen orduan bildu eta langileriaren aldarriak eta festa-giroa uztartuko dituen muralari kolorea ematen hasi dira.

Kolorea eta festa, beste behin ere, eskutik helduta Azken Portuko festen atarian.

20120728-095454.jpg

20120728-095510.jpg

20120728-095520.jpg

20120728-095527.jpg

20120728-104749.jpg

20120728-104741.jpg

20120728-104756.jpg

20120728-130608.jpg

20120728-130640.jpg

20120728-205838.jpg

20120728-205850.jpg

20120728-205901.jpg

20120728-205909.jpg

20120728-205922.jpg

20120728-205932.jpg

Goizeko 08:30ak aldera hasi dira horma-irudia margotzen hainbat lagun, eta azken argazkiak hamabi ordu geroago ateratakoak dira, arratsaldeko 20:30ak aldera. %95 inguru zuten amaituta ordu horretan.
Ez zitzaien asko falta, baina han geratu dira zenbait lagun oraindik, azken bertsoa idazten eta muralari azken ukituak ematen.

Zorionak guztioi egindako lanagatik.
Biba zuek, eta eskerrik asko trenbidearen beste aldeko herri honi kolorea emateagatik!





Kuba, askatasunaren eskola

26 07 2012

Uztailak 26 ditu gaur. Egun handia da kubatarrentzat. 1953an, gaurko egunez, Fidel Castrok gidatuta, Moncada eta Carlos Manuel de Cespedes koartelen kontrako erasoak egin zituzten Batista diktadorearen aurkako iraultzaileek. Kubako Iraultzaren hasiera izan zen. Atxilotu eta epaitu egin zituzten iraultzaile haiek. Fidel Castro epaiketa hartan nabarmendu zen hizlari eta iraultzaile gisara, eta epaiketa hartakoa da betiko geratu den La historia me absolverá esaldia eta hitzaldia.

Uztailaren 26ko Mugimendua sortu zuten iraultzaileek, Moncadan hasitako bideari segida emateko, eta Fidel, Che, Camilo, Tania eta beste hainbat gerrillari buru zituzten fronteekin, borroka armatuaren bidez diktadura garaitzea lortu zuten. Kubako Iraultzak eta herriak boterea eskuratu zuten.

Duela hamahiru urte, 1999ko ekainean Txalaparta argitaletxean lanean hasi nintzenean, Tafallako bulegoan pilatuta aurkitu nituen lanen artean, Fidelen liburu bat zegoen: La fortaleza conquistada. Iraultza gailendu ondoren, militarren koartelak eskola bihurtzeko erabakia hartu zuten iraultzaileek, eta horietako lehenengoaren inaugurazioan ehunka haurren aurrean hitz egin zuen Fidel Castrok, 1959ko irailaren 14an, ikasturteari hasiera emateko ekitaldian. Haurrentzat eman zuen lehen hitzaldia izan zen.

Harribitxi hutsa da hitzaldia, eta Kuban haurrentzako liburu gisara ere argitaratu zuten 80ko hamarkadan. Liburu haren fotokopiak ziren Tafallako bulegoan aurkitu nituenak.

Euskaraz Fidel Castroren libururik ez zegoenez irakurgai, liburu hura itzultzea otu zitzaidan. Ez genuen lortu ez argitaratzailearekin ez marrazkilariarekin harremanetan jartzea, eta 1999an Kubara egin nuen lehen bidaian liburu haren orijinala aurkitzearekin egoskortu nintzen, euskarazko edizioa ahalik eta ederrena izan zedin. Habanako hamaika liburu denda zeharkatu nituen, baita plazetan eta kaleetan dauden liburu saltzaileen hainbat postu ere, azkenean, Habana Zaharreko plaza batean, ale bakan bat aurkitu nuen arte.

“Este discurso fue el primero que Fidel Castro dedico a los niños cubanos, y lo pronuncio con motivo del inicio del curso escolar el 14 de septiembre de 1959 en la antigua fortaleza de columbia, convertida a partir de ese momento en ciudad escolar libertad”.

Hurrengo hilabeteotan lortu genituen liburua euskaratzeko eskubideak, eta 2000. urtean ikusi zuen argia Fidel Castroren euskarazko lehen liburuak, Txalapartaren Axuri Beltza bilduman eta 8 urtetik aurrerako haurrentzat argitaratuta: Askatasunaren Eskola. Oraindik salgai ageri da Txalapartaren webgunean.

Hau irakur daiteke liburuaren kontrazalean:
“Kuban, Iraultza gailendu zenean, errebeldeek gotorleku militarrak eta kuartelak menperatu eta askatasunaren eskola bihurtu zituzten. Lehenengoa Fidelek inauguratu zuen, eta orduan eskaini zien hitzaldi oso bat haurrei lehen aldiz. Hitzaldi ezagun hura jasotzen du esku artean duzun liburuak. Bertan, besteak beste, iraultzaile onak izateko ikasi egin behar dela nabarmentzen du egileak, ikasten ez duenak, nahi izanda ere, ez baitaki gauzak ongi egiten”.

Handik hilabete batzuetara, sasoi hartan Hala Bedi irratiko esatariak ziren Mikel Ayllon eta Aitziber Perez de Karkamo adiskideen opari polita jaso nuen. Bizitzan jaso dudan berezienetakoa, dudarik gabe. Nik euskaratutako Askatasunaren Eskola hura hartu, eta musikarekin lagunduta, atalka, irratian eman zuten, irrati-nobela balitz bezala. Guztia amaitu zutenean, cd batean bidali zidaten, opari.

Gaur, uztailaren 26a denez, Fidel, Camilo, Che, Tania eta gainerako iraultzaile guztien omenez, Kubako Iraultzak erakutsi digun bidea gogoratuz, zuekin konpartitu nahi dut.

Duela hamabi urte, Hala Bedi irratiko bi lagunek, Mikelek eta Aitziberrek, Fidelen Askatasunaren Eskola liburua hartu eta irratirako prestatutako irakurketa musikatua, gaur, zuentzat eta Kubaren lagun guztientzat.

Hemen duzue osorik entzungai, bost ataletan.

ASKATASUNAREN ESKOLA
· Testua: Fidel Castro.
· Euskaratzailea: Gari Berasaluze.
· Ahotsa: Mikel Ayllon eta Aitziber Perez de Karkamo.
· Hala Bedi irratia, 2001.

· JAITSI (66,7 Mb)





Zarauztarren erdiak hitz egiten du euskaraz kalean

25 07 2012

Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangarekin batera, gaur goizean aurkeztu ditugu Zarauzko hizkuntza erabileri dagozkion datuak, azken kale neurketaren arabera. Hauek dira daturik nabarmenenak:

· ZARAUZKO hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren arabera, %50,0koa da euskarazko erabilera. Gaztelaniarena %48,54, beste hizkuntzena %1,5.

· Euskara gehiago erabiltzen da Zarautzen (%50,0), Euskal Herrian (%13,3), EAEn (%16,1) eta Gipuzkoan (%32,7) baino, alde handiarekin, gainera.
· Eskualdeko datuekin alderatuta, ordea, Zarautzen euskara gutxiago erabiltzen da gaur egun, Urola Kostan baino (%71,5).
· Adinaren arabera aztertuz gero. Haurrak (2-14 urte) eta gazteak (15-24 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak: haurrek %68,5 eta gazteek egindakoen %53,5.
· Helduek eta adinekoek gutxiago erabiltzen dute euskara: helduek %41,8 eta adinekoen %37,9.
· Haurrak eta helduak nahasian daudenean haurrek hitz egiten dutenean entzuten da gehien euskaraz Zarautzen (%75,3).
· Ondoren, haurrez osaturiko taldeek (nagusiak ez daudenean, alegia) (%69,9).
· Gutxien nagusiek soilik osatutako taldeetan entzuten da (%35,8).

· Zonaldearen arabera, berriz, hau da kale erabileraren emaitza:

Nahi izanez gero, beheko irudiaren gainean klik eginda eskuratu daiteke osorik Soziolinguistika Klusterraren txostena, PDFan.





Mutualian euskara ez dago osasuntsu

23 07 2012

Gutun hau bidali dut duela minutu batzuk Mutualiara eta Zarauzko Udaleko zenbait sailetara, hurrengo egunetan konpon dezaten egindakoa eta aurrerantzean berriro ere horrelakorik gerta ez dadin.

Eguerdion:

Oraintxe jaso ditut Zarauzko Udaleko langileen azterketa medikuen harira egindako analisien emaitzak.

Udal Kiroldegira odola ateratzera joan nintzenean gertatu zena errepikatu da:
euskara ez dago osasuntsu.
Kiroldegian zeuden medikuetatik inorekin ezin izan nuen euskaraz hitz egin.
Eta orain, Sociedad de Prevención de Mutualia delakoaren bi orrialdeak jaso ditudanean analisien emaitzekin, biak gaztelera hutsean daude.

Lan kontuengatik, urteak eman ditut azterketa medikuak egiterakoan ere langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko gai diren enpresei odola ateratzen utziz. Hasieran kosta egiten da. Ohi bezala, euskaldunok matraka eman beharra izaten dugu legez gure eskubidea dena lortzeko: euskaraz ere bizi ahal izatea. Kosta egiten da lortzea, baina badira gai diren enpresak, eta bada modua, noski. Azken urteotan, euskaraz jaso ditut odol analisien eta mediku azterketen emaitzak, lan egin dudan enpresa guztietan: Urola Kostako Hitza, Bertako Hedabideak, Irrien Lagunak…

Zarauzko Udala erakunde publikoa den heinean eta oraintsu udal osoko bilkuran onartu dituen Urola Kostako Udal Elkartearen hizkuntza irizpideei jarraiki, udal honi erabat onartezina zaio Sociedad de Prevención de Mutualiak analisien emaitzak gaztelera hutsean bidaltzea langileei.

Beraz, honen bidez, Zarauzko Udaleko langile bezala, eta udal honetako Euskara Zinegotzi bezala, kontu hau bideratu duen sailari eskatzen diot analisiak egin eta emaitzak bidali dizkigun enpresari lehenbailehen eska diezaion udal honetako langile guztiei dagozkien emaitzak euskaraz ere bidaltzeko hurrengo egunetan.

Era berean, berriro horrelakorik gerta ez dadin, hurrengo urteotan langileen azterketa medikuak egiterakoan euskara ere kontuan hartuko duen enpresa batekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, langileak ez ezik, euskara ere osasuntsu egon dadin Zarauzko Udalean.

Gari Berasaluze
Zarauzko Udala
Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotzia

Post Scriptum:
1) Hau idatzi ondoren jakin dut aurten ohi baino beranduago egin direla analisiak, hauek egiteko enpresa esleitzerakoan, euskara ere kontuan hartzeko hizkuntza irizpideekin osatu genituelako pleguak. Bada, pleguetan irizpide horiek egonda, are larriagoa da Mutualiaren jokabidea, egin beharreko lanari dagokion pleguetan zehaztuta dagoelako euskara bermatu beharrarena.

2) Gaur, 2012ko abuztuaren 2an, mezu hau jaso dut posta elektronikoz Mutualiaren Bezeroaren Kudeaketa sailetik:

Jaun agurgarria :

Zure eskutitzari erantzunez adierazten dizugu, zure eskakizuna lehendik ere aurreikusia genuela gure politika eta estrategia prozesuaren barne.

Egun, gure aplikazio informatikoaren hobetze esta euskaratze prozesuaren barnean eta gure nahia hizkuntzaren normalizazioa edozein arlotara zabaltzea izanik, datorren urteko helburuetako bat helarazten diren dokumento guztien euskaratzea da hala nola zerbitzua osoki euskaraz ematea.

Igarotako une latza barkatuko duzulakoan eta datozen urteetan emango dugun zerbitzua osoki euskaraz izango delakoan, jaso ezazu gure agurra.

Adeitasunez,
Bezeroaren Kudeaketa
Gestión Cliente
SOCIEDAD DE PREVENCIÓN DE MUTUALIA, S.L.U.

3) Eta honakoa da nik erantzun diedana:

Anonimo agurgarria:

Zarauzko Udalaren izenean, eskertzen dizuegu gure eskaerari emandako erantzuna, baina ez zen hori, zehazki eskatzen genuena.
Ez dugu nahi eta eskatu hurrengo urteotan zerbitzua euskaraz eman ahal izatea.
Aurten bertan, zerbitzu hau esleitzeko pleguetan bereziki zehaztuta geratu zen moduan, euskaraz ere ematea dagokizue.
Beraz, berriro eskatzen dizuegu, udal honetako langileei helarazi dizkiezuen emaitza guztiak euskaraz ere bidaltzea, ahalik eta lasterren.

Horrela egin ezean, dagokion sailak aztertu eta erabakiko du zuen zerbitzuak kontratatzerakoan zehaztutako baldintzak ez betetzeagatik hartuko ditugun neurriak. Urdinez margotu beharreko horma bat beste kolore batean margotuz gero, logika guztiaren baitan dago margoketa enpresak lana berriro egin behar izatea eta eskatutakoa egin arte ez kobratzea.

Adeitasunez, baina udal honen irizpideen eta bertako langileen hizkuntza eskubideen defentsan atzerantz pausorik ez dugula emango nabarmenduz,

Gari Berasaluze
Zarauzko Udala
Kultura, Jaiak, Herrien Elkartasuna eta Euskara zinegotzia





Galiziako Eguna, gaur Zarautzen

22 07 2012

Galiziako Eguna da gaur Zarautzen.

Hau da aste honetan Carballeira elkartearekin gaurko festa aurkezteko egindako agerraldia, eta bertan Zarauzko Udalaren izenean nabarmendutakoa. Beste behin ere, bi herriren eta bi kulturen arteko besarkada izango da gaurko eguna.

Boa tarde.
Hoxe, lembramos que Galicia é unha parte de Zarautz.
E Zarautz é unha pequena parte de Galicia.

En Zarautz viven centos de galegos, que unha vez viñeron a esta terra en busca de pan e traballo. Expandiron as súas raíces aquí, e aquí creceron as xeracións que levan no corazón esa Galicia que deixaron os seus antepasados.

Mais, non esquecen o seu pasado, nen a su sua terra. Todos os anos, nesta época, cando chega xullo, a Sociedade Recreativa Carballeira lo recorda, e organiza o Día de Galicia na pradera de San Pelaio. E unha festa que é un lugar de encontro para toda a comunidade galega do País Vasco, e de todos e todas aqueles e aquelas que queren compartir a festa coa comunidade galega.

Apreciado por os esforzos feitos por Carballeira pra non esquecer as súas raíces, o folclore e gastronomía, este ano, o Concello de Zarautz, e o Departamento de Cultura, han querido colaborar neste evento, coa programación de tres películas do novo cinema galego o do cine contemporaneo galego: Doentes, A tropa de trapo onde sempre brilla o sol, e Dezaoito comidas.





Zarautz Egin, gaur hamalau urte

17 07 2012

Gaur hamalau urte goiz esnatu ginen. Hobe esanda, ez genuen lo askorik egin.
Bi egun lehenago itxi zuten Egin egunkaria, eta gaurko egunez, Zarautzen kioskoetan Euskadi Información edo beste edozein egunkari eskatzen zuenak lau orrialdeko Zarautz Egin gehigarria eskura izatea otu zitzaigun.


[Zarautz Egin, 1998ko uztailean Egin egunkaria itxi ondoren Zarauzko herri informazioa landuz hainbat astez argitaratu zen agerkaria. Lehen zenbakia jaisteko, egin klik irudiaren gainean].

Egin egunkariko Zarauzko berriemailea nintzen sasoi hartan, eta lanik gabe eta ahotsik gabe utzi nahi izan gintuztenez, lanean segitzea erabaki genuen, herritarrei ahotsa emanez. Fotokopia eta gillotina egunak eta asteak izan ziren, zarauztarrek goizero kioskoetan Zarautz Egin hura eskura izan zezaten. Ohiko kazetari lana egin, albisteak idatzi, maketatu, fotokopiagailutik pasatu, gillotinatu, eta goizean goiz kioskoetara eraman, horretarako propio sortutako laguntzaile taldearekin.

Gaur hamalau urte argitaratu genuen lehen zenbakia, Egin itxi eta bi egunera.
Gaur, hamalau urte geroago, egunkari haren zuzendariak kartzelan segitzen du.
Gaur, bereziki, Jabier Salutregi eta Teresa Toda ditut gogoan.

Besarkadarik estuena haientzat eta haien senide eta lagunentzat.

Gai honekin lotuta…
· Egin, bidaia laburra oroimenera (2012-05-06).





Bost begirada ostegun arrats bati

12 07 2012

Kultura ekitaldiei dagokienez arratsalde oparoa izan da gaurkoa Zarautzen.

Batetik, Manu Muniategiandikoetxea artistaren erakusketa inauguratu dute Sanz Enea kultur etxean. Artezaleak elkarteak antolatzen dituen arte eta pintura ikastaroetan Manuk Ebro Etxean dituen ikasleen laguntzarekin osatu du erakusketa: Lieber Maler, male mir. Lan kolektiboa dela nabarmendu nahi izan du artistak. Laura Cobo, Ester Gorostiza, Micaela Sanchez, Loli Aramendi, Rosa Arruabarrena, Edurne Atorrasagasti, Jose Angel Sarasua eta Patxi Santamariaren laguntzarekin eta lanekin osatutakoa. Irailaren 23a arte izango da ikusgai.

20120712-222118.jpg

Pako Aristik eta Mikel Markezek, berriz, Plazer bat izan duk, Benito! (Elkar, 2012) liburua aurkeztu dute Sortaldea Kultura Eremuan.

20120712-222138.jpg

20120712-222152.jpg

20120712-222202.jpg

Azkenik, Ebro Etxean, Artezaleak elkarteak antolatuta, Manu Muniategiandikoetxearen eta ikasleen erakusketaren inaugurazioa ospatzeko, harrera, luntxa eta Tik Tara taldeko lagunen kontzertua izan da, giro ederrean.

20120712-222212.jpg





Ehunka haur bildu ditu Porrotxek Sortaldean

11 07 2012

Gaur, eguna lainoek eta euriak hartuta heldu den arren Zarautzera, Porrotxek eguzkiz bete du arratsaldean malekoia. Irrien Lagunak Kluba eta Irria aldizkaria aurkezteko ekitaldia egundoko festa bihurtu da Sortaldea Kultura Eremuan.

20120711-215801.jpg
[Kanpoan haurrak Porrotxentzat marrazkiak egiten aritu diren bitartean, sudur gorriak Irrien Lagunak Kluba eta Irria aldizkaria zer diren azaldu die gurasoei Sortaldearen barrualdean].

20120711-215817.jpg
[Kanpora atera denerako, irrikaz zain zituen haur guztiak].

20120711-215825.jpg
[Magia, musika, dantza, irria… Haurrek arratsalde ederra pasatzeko aukera izan dute].





Txikira beti hordago!

6 07 2012

Gaur goizean zabaldu ditu ateak Sortaldea Kultura Eremuak, Zarauzko malekoian.

Garoa liburu dendako Imanol Agirrek ezin hobeto esan du, esaldi bakar batean, espazio berri honen asmoa zein den: malekoiaren kulturatik, kulturaren malekoira pasatu nahi dugu.

Hona gaur goizeko argazki batzuk, eta goizeko aurkezpenean esan ez dudana…

20120706-144239.jpg

20120706-144356.jpg20120706-144413.jpg20120706-144438.jpg20120706-144459.jpg

20120706-144558.jpg

20120706-144615.jpg

20120706-144641.jpg

20120706-144705.jpg

SORTALDEA KULTURA EREMUAREN AURKEZPENEAN PENTSATU BAINA ESAN EZ DUDANA

Politika egiteko modu berria iragarri genuen duela urtebete. Aldaketa. Udala eta udal ordezkariak herritarren zerbitzura egotea. Eta kulturaren kasuan, areago ere zehaztu genuen: herritarren artean du Zarauzko kulturak aberastasunik handiena. Zarauztarren borondatea da gure kultur azpiegiturarik onena.

Izan ere, herriaren beharretatik oso urrun ikusten genituen Kultura Sailak abiarazitako hainbat egitasmo.
Orduan hasi zen gaur zabaldu dugun Sortaldea Kultura Eremuaren historia.
Labur azalduko dut, merezi baitu.

Bilboko Guggenheim museoa diseinatzeko lehiaketa egin zenean, Frank Gehry arkitekto estatubatuarra gailendu zen, eta Wolf D. Prix arkitekto austriarraren proiektua geratu zen bigarren postuan. Egun batean, Zarauzko Kultura zinegotzi bati, Wolf D. Prix jaunari arantza hura ateratzeko aukera ematea otu zitzaion. Guggenheim handi hartatik 83 kilometro eskasera, Zarautzen, arkitekturaren historian lekua izango zuen proiektu berria diseinatzea proposatu zion. Kultura zinegotziaren eskutik Zarautzera egin zuen lehen bidaian, Euskal Herria ezagutu zuen. Musika Plazako taberna batean, terrazan, liluratuta begiratzen omen zion aurrean zeukan eraikinari eta hango mural handiari: Tourist, remember. This is not Spain. You are in the Basque Contry!

Arkitekto austriarra galdezka hasi zen, eta Kultura zinegotziak, Zarautzek eta Euskal Herriak sorgindu egin zuten. Onartu egin zuen eskaintza. Baietz. Diseinatu egingo zuen Guggenheim apalago bat, Bilbotik hurbil. Handik aurrera heldu zen nazioarteko arkitektoen lehiaketa, milioika pezetako kontratu garestien bilduma, Zarautz New York Viena Amsterdam New York bidaien sasoia, simposiumak eta abar luzea. Oskola zen garrantzitsua, Wolf D. Prix eta Zarautz distiratsu ager zitezen Europan. 21 milioi euro. Handira egin zuten apustu Kultura zinegotziak eta Zarauzko Udalak, eta galdu egin zuten. Zarauztarrok galdu egin genuen. Gaur, hainbat urte geroago, Zarautzek ez du herriaren beharrak asetzeko moduko agertokirik, zinemarik, kultura azpiegiturarik. Wolf D. Prixen ordezkariekin sinatutako kontratuak eteteko ehunka mila euroko zama astuna besterik ez. Eta tomateak, letxugak eta kalabazak faraoien eraikin harentzat gorde zuten lekuan. Kultura zinegotzi baten gutizia izan zen hura, eta huts egin zuen.

Iaz, Zarauzko Udal Gobernura heldu ginenean, 2011ko aurrekontuetan, sarrera gisara, zenbait udal eraikin saltzea aurreikusita eta onartuta zuen aurreko Udal Gobernuak. Alderdi guztiek osatzen zuten Udal Gobernu bateratu hark, dena esaten hasita. Saltzea aurreikusitako eraikinetako bat hau zen, gaur dagoeneko Sortaldea Kultura Eremua dena. Kuriosoa da, baina oraintsu, lokal hau kultura ekimenetarako erabiltzea proposatu du alderdi batek. Iazko hauteskundeak arte Udal Gobernuan zegoen eta lokal hau saltzea aurreikusita eta onartuta zuen alderdi batek. Batzuen hipokrisiak ez du neurririk.

Guk ezetz erabaki genuen. Ez genuela udal eraikinik salduko. Zarauztarren beharreratako egokitu beharko genituzkeela. Eta Kultura zinegotzia, pertsonalki, lokal honekin tematu zen. Bere apalean, Zarautzentzat eta kultur ekimenentzat gune aproposa iruditzen baitzitzaidan. Erakusketetarako, sormenerako, hitzaldi eta aurkezpenetarako, eta abar. Azken hilabeteotan, Sortaldea izango denari forma ematen joan gara. Asmo arranditsurik gabe. Guztion artean osatu beharko dugun egitarauarekin. Herritarrentzat eta herriko kultur adierazpenentzat lekua izango duen espazioarekin.

Sortaldea zer den, nola funtzionatuko duen, kudeaketa nolakoa izango den, erakusketari buruzkoak, liburu irekiak, artisauen gunea eta gainerakoak, ekimenaren webgunean zehatz azalduta daude: kulturazarautz.org/sortaldea helbidean.

Gure kultur azpiegiturarik onena zarauztarren borondatea dela sinetsita, gazteagoa zenean Joxe Ripiau taldearekin Txikira beti hordago! abesten zuen Kultura zinegotzi baten gutizia da hau. Txikira egin dugu apustu. Ea oraingoan irabazten dugun. Hasteko, Sortaldea Kultura Eremua irabazi dugu behintzat, itsasontzi irekiak diren liburuekin, erakusketa batekin, artisauen bilgune den aretoarekin, mamitzen ari den egitarauarekin…

Malekoiaren kulturatik, kulturaren malekoira pasatu nahi dugu. Ezin da zehatzago esan.

20120706-205937.jpg

20120706-205958.jpg

20120706-210020.jpg





Euskara da gure territorio libre bakarra

4 07 2012

Joseba Sarrionandiak poema eder hartan idatzitakoa goitik behera sinesten dugu batzuk: euskara da gure territorio libre bakarra, eta territorio hori zaintzeko ahaleginak egitea dagokigu udaletan ordezkaritza dugunoi eta, zer esanik ez, euskara zinegotzioi.

Horren harira, prentsaurrean agerraldi garrantzitsua egin dugu gaur Zarautz, Orio eta Getariako euskara zinegotziok, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariarekin batera. (Zumaiako zinegotziak ezin izan du agertu, gaur gauean 26 urteko langile zumaiarra hil delako lan istripu baten ondorioz, eta oso hurbil egokitu zaion kontu horrek belztu diolako eguna eta agenda).

Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Batzordeak proposatutako hizkuntza politika bateratua onartu zuen Udal Elkarteak duela zenbait hilabete, eta gerora Zarautz, Orio, Zumaia, Getaria eta Aiako udalek bat egin dute hizkuntza politika horrekin, udal osoko bilkuretan bozkatuta eta hamar puntuekin bat eginda.

Hamar puntu horiek aurkeztu, bide horretan lan egingo dugula nabarmendu, eta udal ordezkari gisara etxeko lanak egingo ditugula ere esan dugu gaur. Besteak beste, udalek ordaintzen dituzten faktura guztiak euskaraz ERE jaso nahi ditugula esanez hornitzaile guztiei gutunak bidaliko dizkiegula jakinaraziz, lehen urrats bezala. Hornitzaileek eskubidea dute fakturak gaztelera hutsean bidaltzeko. Ados. Udalek euskara aintzat hartzen ez duten hornitzaileak baztertzeko eta euskara kontuan hartzen dutenekin lan egiteko dugun eskubide bera.

Gure udaletako berezko hizkuntza kontuan hartzea besterik ez dugu eskatzen. Euskara bizi nahi dugu. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu nahi diogu. Besterik ez. Euskara legez hizkuntza ofiziala baldin bada euskal erdian, bada ordua ofizialtasun hori benetakoa izan dadin erabaki ausartak hartzeko.

Hori da gure asmoa.

Hemen gaurko agerraldiari buruzko prentsa oharra eta informazio zehatza:
· Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalen eta Urola Kostako Udal Elkartearen Hizkuntza Politika Orokorra (prentsa oharra, PDFan).