Baratzeari begira

12 05 2012

Larunbatak aisialdirako denbora apur bat hartzeko aukera eman didanez, balkoiko baratzea apur bat mimatu dugu gaur alabak eta biok.

Espinakak erein genituen duela hiruzpalau aste, eta ederki ari dira hazten lehen hostoak. Itxura ederra dauka behintzat espinaken lorontziak.

Kalonjeak onddoren batek erasan ditu, gehiegi ureztatzearen ondorioz segur aski, eta ahulegiak daudenez belar usaindunen artetik atera, eta aparteko lorontzi batera mugitu ditugu, eta belar usaindunen artean kalonjeek utzitako lekua albahakarekin bete dugu.


[ezkerretik eskuinera, oraindik lorerik gabeko kamamila, gaur landatutako albahaka, eta hilabete batean egundoko indarra hartu duen oreganoa].


[itxura hau zuen gaur arratsaldean gure balkoi txikiak].


[ezkaia edo tomilloa loretan dago, usain ederrarekin].

Egun hauetako eguzkiak mesede egin die cherry tomateei, eta baita pixkanaka hazten ari diren letxugei ere…

cherry tomateak balkoiko baratzean

Amaitzeko, atzo Gipuzkoako Hitzak zekarren Samara Velteren erreportajea nabarmendu nahiko nuke, gu bezalako kalekumeen baratzak ere hizpide baitzituen: Baserriaz harago badago baratzerik · Baratzea etxe alboan.





Baratzeko lehen marrubiak

5 05 2012

Maiatzarekin batera eguzkia agertu eta giroa berotzen hasi orduko sendotu eta gorritu dira balkoiko baratzeko lehen marrubi aleak.
Gaur, afarian, postre moduan jan ditu Araitzek, gustura asko…





Baratzea balkoian

8 04 2012

Atseden egun apur hauetan, alabak eta biok zaletasun berriari heldu diogu, hurrengo hilabeteotan eguneroko zurrunbilo eroan minutu batzuk bada ere eskaintzeko asmoarekin: baratzea balkoian.

Balkoian baratzea jartzeko lehen urratsen inguruan hainbat blog irakurri ondoren, lanari ekin diogu, gustura. Ez dugu barazki askorik landatu oraingoz, baina letxugak eta tomateak supermerkatuetan ez direla hazten ohartzeko balioko dio behintzat alabari. Astean zehar loreontziren bat edo beste eta substratua erosi dugu, landatzeko moduan dauden tipula gorri, letxuga eta tomateekin batera. Ostiralean aitona-amonekin baserrira joan ginela aprobetxatuz, hango baratzetik lurra ere hartu genuen, mendarekin, perrexilarekin, usain belarrekin eta neguan erraz irauten duten basalore batzuekin batera.


[ Amonaren baserria: Illarragorri. Nuarben, Azpeitian. Bertako lurra, barazkiak, loreak eta belarrak etxeko balkoian ditugu orain ].

Etxean, baserriko baratzeko lurra, substratuarekin eta zohikatza edo turbarekin nahasi ondoren, bateko eta besteko barazkiak, loreak eta belarrak landatzeari ekin genion herenegun. Atzo arratsaldean, itxura hau zuen gure balkoiak.


[ lorontzi batean tomateak landatu ditugu, eta beste batean letxugak ]


[ asteazkenean, Zarautzen, hondakinen edukiontzien artean, egurrezko bi kutxa eder aurkitu genituen, primerakoak zerbait landatzeko. Bietako bat soilik hartu genuen, eta belar usaindunak jarri ditugu bertan ].


[ belar usaindunak, ezkerretik eskuinera: ezkaia edo tomilloa, kamamila, kalonjeak edo kanonigoak, eta oreganoa ].


[ botatzekotan geneukan bainera zahar batean letxugak eta tipulak landatu ditugu ].


[ perrexila: landatu orduko, erraz hartu du indarra ].


[ marrubi ale bakar bat, balkoiari kolorea emateko eta marrubiak ere nola hazten diren ikus dezan alabak ].


[ atzo Groseko III. Landare Azokatik buelta bat eman genuen, eta limoiondo hau etxera ekartzeko tentazioa ezin izan nuen baztertu ].


[ iaztik etxean daukagun olibondoak konpainia apur bat du orain balkoian ].

BARATZEA BALKOIAN, BARATZEA ETXEAN, KALEKO BARATZEAK EDO KALEKUMEEN BARATZEAK.
Gu bezalako hasiberrientzako oinarrizko azalpenak, informazioa, foroak eta gure blog gustukoenak:
· Picarona y su huerto: picarona.blogspot.com
· Horturba: L’agricultura biològica a casa.
· Baratzekoak: baratzekoak.blogspot.com
· Baratzea balkoian: zuk zeuk egin [ Jon Benito, zuzeu.com, 2009-07-29 ].
· Entsaladak balkoietan [Iñigo Astiz, Berria, 2009-06-26 ].