Ez du zentzurik ‘Elkano bai, baina militarrik ez’ esateak

24 06 2019

Joan Sebastian Elkano omentzera dator Espainiako Armada Getariara, uztailaren 6an eta 7an. Espainiak, Espainiako Armadak, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Espainiako militarrek koherentzia osoarekin omenduko dute Elkano.

Elkano Gaztelaren aldeko beso armatua baitzen. Elkano ez zen humanista. Elkano ez zen euskal itsas ondarearen ikurra. Elkano ez zen mendeurrenaren harira erakutsi nahi diguten merkatari eredugarria edo gure industriaren aitzindaria.

Elkano konkistatzailea zen. Elkano inkisizioa zen. Elkano bidean aurkitzen duten guztia zapaltzen dutenen kapitaina zen. Milaka lagun hil eta ehunka emakume bortxatu zituzten. Besteen ondasunak lapurtu eta odol uberak uzten zituen espedizioko burua zen. Zapaltzailea. Militarren, armadaren eta gaur egungo Espainiaren aitzindari leiala.

Ez du zentzurik ‘Elkano bai, baina militarrik ez’ esateak, Getaria inguruan lagun batzuk ari diren moduan. Benetako euskal itsas ondarea aldarrikatu nahi badugu, ezin dugu gustukoa dugun alderdia soilik erakutsi. Elkano omentzea, Espainiako Armadaren eta militarren balore guztiak goraipatzea baita. Ezin da ulertu bata bestea gabe.

Hiltzaileek idatzitako historiari buelta emateko ordua da. Bosgarren mendeurrena egin zutenaren benetako ispilu bihurtzeko garaia da. Elkanori buelta eman behar diogu. Egia eta oroimena merezi dute hil zituzten eta bortxatu zituzten guztiek. Zapaldu zituzten herriek.

XXI. mendeak mundua iraultzeko eta ulertzeko erakutsi dizkigun balore, kolore, borroka eta aldarrikapen guztiak ez dira bateragarriak Elkano omentzen segitzearekin. Iraganari otzan begiratzen badiogu, etorkizuna hipotekatuko dugu, batere gustukoak ez ditugun ereduekin eta baloreekin.

Bide batez, Elkano eta enparauak ez ziren munduari itsasoetan barrena buelta ematen lehenengoak izan. Hori ere beste gezur bat da. Baina hori beste kontu bat da…

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Elkano, itsasoak emandako bizitza (Txalaparta, 2008).





Etxebizitza alokagai edo salgai Getarian

16 04 2013

Bizitzaren karanbolek etenik ez dutenez, Getariako etxebizitza alokagai daukagu berriro, urte osorako, eta luzatzeko aukerarekin. Nahiago dugunez Getarian edo euskarazko prentsan iragarkia jarri aurretik ezagunen artean komentatu, hemen dituzue datuak, interesa baduzue edo alokairuan bizitzeko etxebizitza bila dabilen ingurukoren bat ezagutzen baduzue.

Etxea salgai ere badago, norbaitek gutiziaren bat izanez gero.
Kasualitatez erosleren bat agertuz gero, bi hilabeteko epea izango lukete errentariek etxea uzteko.

· ETXEBIZITZA ALOKAGAI GETARIAN.
· Helbidea: San Roke kalea 19, 4. pisua.
· Hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna, denak kanpoalderako leihoekin.
· Bi balkoi.
· Bista ederrak hegoalderantz zein iparralderantz.
· Urte osorako alokairua, kontratuarekin.
· 695 euro hileko (komunitate gastuak barne).
· Azaroaren 1etik aurrera sartzeko moduan.
· Harremanetarako: kalaportu@gmail.com

Hemen zenbait argazki:

IMG_8013.JPG





Etxebizitza alokagai Getarian

11 03 2012

Iaz, Azken Portura itzuli eta Zarautzen alokairuan bizitzen jarri ahal izateko, Getariako etxebizitza alokagai jarri genuen.

Bizitzaren beste karanbola baten ondorioz, berriro ere alokagai daukagu, urte osorako, eta zenbait urtez luzatzeko aukerarekin. Nahiago dugunez Getarian edo euskarazko prentsan iragarkia jarri aurretik ezagunen artean komentatu, hemen dituzue datuak, interesa baduzue edo alokairuan bizitzeko etxebizitza bila dabilen ingurukoren bat ezagutzen baduzue.

· ETXEBIZITZA ALOKAGAI GETARIAN.
· Helbidea: San Roke kalea 19, 4. pisua.
· Hiru logela, egongela, sukaldea eta komuna, denak kanpoalderako leihoekin.
· Bi balkoi.
· Bista ederrak hegoalderantz zein iparralderantz.
· Urte osorako alokairua, kontratuarekin.
· 695 euro hileko.
· Harremanetarako: kalaportu@gmail.com

This slideshow requires JavaScript.





Itsas gudariak

4 03 2012

Sasoi batean esku artean gehien ibili nuen liburuetako bat izan zen Agustin Sarriaren De arrantzales a gudaris del mar (Graficas Loroño, Bilbo, 1978).

Aitona Gregorio Matxitxakoko bataila sonatuan ibili zen, Bizkaia eta Ciscar ontzietan, eta aitak hainbat aldiz kontatzen zituen bataila hari buruzkoak. Aitaren hitzen irudiak eta itsas gudariak bihurtutako arrantzale haien borrokaren argazkiak ageri ziren Sarriaren liburuan, eta gustukoa nuen tarteka hura irakurtzea eta begiratzea.


[ iturria: marinavasca.eu ]

Orain, bataila haren 75. urteurrenaren harira, liburu berria argitaratu dute: Euzkadiko Gudontzidia iruditan, eta ostiraletik aurrera Busturialdea eta Euzkadiko itsas armada erakusketa ere ikusgai dago Bermeoko Arrantzale Museoan.

Berria egunkariak gaur argitaratu du borrokaldiari eta urteurrenari buruzko erreportajea: Matxitxako gogoan · Txikiak handiari aurre egin zionekoa.

Gudari haietako bakoitzaren atzean historia pertsonal berezia egongo da, saminez betea segur aski, gerra guztietan bezala. Gure aitona Izquierda Republicana alderdiko kidea zen, anaia galdu zuen faxismoaren aurkako gerra hartan, eta erbesteratu ere egin behar izan zuen. Getarian, Gregorio Rojo goitizena geratu zitzaion betiko.

Gorriak, atzo, gaur eta beti. Zer egingo diogu: odolean daramagu. Hamaika aldiz abestu dugu: somos los nietos de los obreros que nunca pudisteis matar. Hil ezin izan zituzten langileen bilobak gara, eta egunotan bereziki gogoan ditugu arbasoak.

Gai honi buruzko zenbait esteka:
· Txikiak handiari aurre egin zionekoa (Berria, 2012-03-04).
· Un libro y una exposición recuerdan a la ‘Marina Auxiliar de Euzkadi’ (DV, 2012-03-02).
· Euskadiko Gudontzidiko pertsonala: marinavasca.eu