Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)

4 10 2017

ZuZeu orainkari digitalarentzat urriaren 1eko erreferendumaren inguruan Bartzelonatik egindako kronika laburra, irudi eta bideoekin lagunduta. Jatorrizko bertsioa, hemen irakurgai:
· Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira). zuzeu.eus, 2017-10-02.

emoria eta etaorkizuna (Kataluniari begira) –


IRAILAK 30, larunbata, 12:00. Cerdanyola del Valles.


Juan Paredes Manotas
 Txiki fusilatu eta 42 urtera, fusilatu zuten lekuan bertan omenaldia egin zitzaion aurten ere, Cerdanyola del Vallesen. Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko dozenaka lagun elkartu ziren bertan. David Fernandezek, Diego Paredesek eta Fermin Muguruzak hartu zuten hitza, Feliu Ventura musikariarekin batera. Eusko Gudariak eta Els Segadors abestuz amaitu zen ekitaldia.

Aurtengoa urteroko ekitaldia baino zerbait gehiago zen. Izan ere, urriaren 1eko erreferendumaren bezperan,  inoiz baino gehiago sumatzen zen Txikiren askatasun haizea Cerdanyolan. Milaka eta milaka lagunek frankismoaren aurka eta askatasunaren alde egindako guztia loratzen ikusteko gero eta gutxiago falta dela sinetsita.

Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)
Krabelin gorriak, Txiki fusilatu zuten lekuan bertan.

Diego Paredes eta Fermin Muguruza.

IRAILAK 30, larunbata, 16:39. Bartzelona.

IRAILAK 30, larunbata, 18:00. Bartzelonako Ateneoa.


Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak (Associació de Municipis per la Independència, AMI) harrera egin zien urriaren 1eko erreferendumera begirale gisara nazioartetik heldutako gonbidatuei. Tartean ziren Euskal Herriko ehun bat alkate eta hautetsi, gehienek Udalbiltzako kide gisara joanda. Argazkian, Udalbiltzako lehendakari eta Hernaniko alkate Luis Intxauspe eta AMIko lehendakari eta Vilanova i la Geltru-ko alkate Neus Lloverasekin.

IRAILAK 30, larunbata, 19:06. Sant Jaume plaza. Bartzelona.

Espainiaren batasunaren alde oihuka, dozenaka lagun elkartu ziren erreferendumaren bezperan Bartzelonako Sant Jaume plazan. Francoren eta Democracia Nacional alderdi ultraeskuinaren aldeko oihuak eta agur faxistak ere egin zituzten hainbat aldiz.


URRIAK 1, igandea. 05:47. Bartzelona.
Vallcarca auzoko Pare Poveda eskola. Hauteslekua.

Dozenaka lagunek egin dute lo eskola barruan, gimnasioan, hauteslekua zainduz. 05:00etatik aurrera, erakunde subiranistek egindako deiari erantzunez, herritarrak gerturatzen hasi dira, hauteslekua babestera. Eskolako patioa da bilgune nagusia.

06:43. Mossoak heldu dira Vallcarca auzoan dagoen Pare Poveda eskolako hauteslekura, ea hautetsontzirik dagoen begiratzera, eta arduradunen bat ba ote den galdetzera. “Tots!” erantzun dute gaua bertan eman duten herritarrek, txalo artean. Krabelin gorriak eman dizkiete mossoei.

09:03. Tentsioa da nagusi hauteslekuan. Mossoak heldu dira berriro, eta duten informazioa helarazi diete mahaikideei: hauteslekua hustu ezean, Espainiako Polizia helduko dela, hautetsontzien bila. Mahaikideek eta ahaldunek aurrera segitzea erabaki dute. Kanpoan zain dauden ehunka herritarrei jakinarazi diete, eta txalo artean eta votarem! oihuka hartu dute hauek erabakia.

09:11. Mahaikideek bozkatu ondoren, ateak zabaldu eta herritarrak hasi dira bozkatzen. Goizeko 06:50etik zain dagoen amona hau izan da lehena.

10:23. Familia giroan bozkatzen dute askok, hainbat orduz zain egon ondoren. Izan ere, Guardia Zibila gogor ari da Kataluniako Gobernuak prestatutako aplikazioen eta sistema informatikoaren aurka, eta arazoak konpondu arte luze itxoin behar dute herritarrek. Gazte asko ageri dira adineko senideekin.

11:15. Hauteslekua babesten gaua bertan eman dutenek edo oso goiz etorri direnek, goizean zehar lo apur bat egiteko ere baliatu dute eskolako gimnasioa. Hala ere, tentsioa handia da, batez ere sare bideetatik eta mezularitza aplikazioetatik heltzen diren albisteak eta irudiak ikusi ostean.

11: 43. Mossoek oharrarazitakoa eta gero, Espainiako Polizia edo Guardia Zibila heltzea minutuetako kontua delakoan daude mahaikideak eta boluntarioak. Eskola honetatik hurbil dagoen Vall d’Hebron hauteslekura heldu omen dira. Beraz, adi egoteko garaia da. Denak telefonoetatik heltzen den informazioari begira, etengabe. Izugarriak dira irudiak. Indarra eta bortizkeria basatia erabiltzen ari da Espainia, bozkatu nahi duten herri oso baten aurka. ‘Jende baketsua gara’ eta ‘ bozkatu besterik ez dugu nahi’ diote, eta hauteslekuaren atarian krabelin gorriak jarri dituzte, beste hauteslekuetan zakur amorratuen gisara egurra banatzen ari diren poliziak heltzen direnean haiei emateko.

URRIAK 1, igandea. Gotiko auzoa. Bartzelona.

17:35. Bartzelonako alde zaharreko Gotiko auzoan, Cervantes eskolako hauteslekuaren atarian, herritarrek orduak eman dituzte ilaran, bozkatzeko zain. Behin hauteslekutik atera ostean, gainerakoen txalo artean egiten dute bidea. Horietako asko pozik, eta beste asko baita hunkituta ere, negar artean.

18:42. Marcel Subirach gustura eta harro atera da bozka eman ostean. Nazionalitate kataluniarra aitortzen dion karneta erakusten die ingurukoei, aspaldidanik kataluniarra soilik dela esanez.

18:36. Halako batean, jendeak kalez jantzitako Espainiako hiru polizia ezagutu ditu, eta bidali egin ditu hautesleku ataritik.

19:46. Kataluniako Parlamentuko lehendakari Carme Forcadell heldu da hauteslekura. Mahaikideak eta boluntarioak agurtu ditu banaka-banaka, eta hauteslekuan dauden nazioarteo begiraleekin ere solasean aritu da. Mahaikideren bat hunkitu ere egin da, eta negarrez besarkatu du Forcadell, behin eta berriro eskerrak emanez. ‘Gràcies, presidenta. Gràcies’. Nazioarteko begiraleen artean dira Euskal Herriko zenbait hautetsi eta alkate ere.

20:00. Hauteslekua itxi dute barrutik, bozkatzeko ordua amaitu denean. Ez da heldu Espainiako Polizia edota Guardia Zibila, eta pozik ospatu dute herritarrek. Zoramen uneak dira. Poza, malkoak, urduritasuna… elkarrekin aurrera egin eta irabazi izanaren sentipena dute gehienek.


Batzuei kosta egiten zaie malkoei eustea.


21:36. Espainiako Polizia edo Guardia Zibila zenbaketa eragoztera etorriko den beldur, badaezpada, zenbaketa amaitu arte hauteslekua zaintzen geratu dira ehunka eta ehunka herritar. Telefonoari begira daude gehienak, etengabe, mundu osoko hedabideak Kataluniako erreferendumaz esaten ari direna segitzen.


22:30. Katalunia Plaza. Kataluniako Gobernuaren agerraldia pantaila erraldoian jarraitu dute milaka lagunek, independentziaren aldeko oihuen artean. Errepresioari irabazi izanaren alaitasuna ez da plazan kabitzen. Denek dakite egun eta ordu historikoen lekuko eta protagonista ari direla izaten.

Espainiaren errepresioa eta Kataluniako herritarren duintasuna nabarmendu ditu Carles Puigdemont presidenteak, eta emaitza loteslea izango dela adierazi dute, gobernukide guztiak ondoan dituen agerraldi solemnean. Zerbait handia egin eta irabazi izanaren poza nabari da milaka eta milaka herritarren artean.


Erreferendumaren emaitzak ezagutzea soilik falta da orain. 23:30erako iragarri dute Jordi Turull, Oriol Junqueras eta Raül Romeva gobernukideek. Nazioarteko dozenaka eta dozenaka hedabideren kamerak eta platoak daude plazan. Mundua begiratu dute kataluniarrek, eta ospakizun unea da, errepresioari duintasunez aurre egin eta erreferenduma egitea eta irabaztea lortu duen herri baten bihotza da une hauetan Katalunia Plaza.

Bozgorailuetatik  baietzaren alde Herrialde Katalanetako hainbat musikarik egindako Agafant l’horitzó abestia jarri dute, hauteskunde kanpainan lau haizetara entzun dena. Azken asteotako eta egun osoko tentsioa irribarre eta ospakizun bihurtzeko ordua da, errepublika eta askatasuna gero eta hurbilago dutela jakinda. Mambo!

Memoria eta etorkizuna (Kataluniari begira)





Sahararekiko elkartasun egun ederra, Larrabetzun

31 12 2014

Larrabetzun izan naiz gaur goizean. Izan ere, Sahararekiko elkartasun egun polita antolatu dute gaur, eta abenduan errefuxiatuen kanpalekuetan atera nituen argazkiak bertan erakusteko gonbidapena onartuta, gustura ibili naiz goizean zehar izan diren ekitaldietan.

IMG_3087

IMG_3096

Urteko azken egunean ohitura da lasterketa herrikoiak egitea, herri askotan. Larrabetzun ere lasterka aritu dira gaur goizean, baina izena ematerako orduan, ordaintzerakoan, Saharako errefuxiatuentzat bideratuko diren elikagaiak eraman behar ziren. Hori da ohitura azken urteotan. Elkartasu ekimen polita, zinez. Gaur, esaterako, 178 kilo azukre bildu dituzte. Basamortuan hainbat te kikara gozatzeko balioko dute.

IMG_3083

Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak, berriz, otsailean kanpalekuetara eramateko autobus bat lortu du, eta lasterketa amaitu ostean autobusa margotzea izan da korrika egin dutenentzat saria. Haurrak gustura aritu dira eskuak sahararren koloreekin busti eta autobusa margotzen.

IMG_3105

IMG_3113

IMG_3109

IMG_3114

IMG_3121

IMG_3125

Sahararen aldeko hainbat elkartek elkarlanean ekoitzitako egutegiak, elastikoak, pinak eta gainerakoak ere salgai izan dira horretarako propio jarritako karpan.

Kukubel Aisialdi Taldeak pintxoak ere prestatu ditu, eta herriko plazan euro batean saldu dituzte. Lortutako diruarekin, otsaileko karabanan bidaltzeko elikagaiak erosiko dituzte.

Hau guztiaren inguruan, herriko plazan bertan, abendu honetan errefuxiatuen kanpalekuetan atera ditudan argazkiak ere ikusgai izan dira. Horiek eramatera, eta paneletan jartzera joan naiz. Gaurkoaren ostean, Larrabetzuko kultur etxean eta herriko zenbait tabernetan izango dira ikusgai argazkiak, gehienak Sirocco tabernan.

IMG_3129

Bertatik bertara ikusteko aukerarik ez baduzue, hemen duzue 68 argazkiko bilduma osoa.

· Basamortu ertzeko begiradak (Gari Berasaluze. 2014ko abendua).

Bertako argazki guztiak Sahararen aldeko edozein ekimenetarako libre erabil daitezke, gaur Larrabetzun egin duten bezala. Horretarako agazkiak tamaina eta erresoluzio onean behar izanez gero, eskatu besterik ez duzue.

Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteko lagunei esker, gaur Larrabetzun Sahararen alde salgai jarritako materiala Zarautzen eskuratzeko aukera ere izango da: elastikoak, 2015eko hormako zein mahaiko egutegiak, pinak, Saharako banderak, pultserak eta abar. Horiek hurrengo egunotan erosi ahal izango dira herriko zenbait lekutan. Lortzen den dirua, otsailean errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko den karabanarako elikagaientzat izango da.

Horren berri, ordea, emango dugu laster batean.

Larrabetzu, Sahara, materiala





Itsasoa XXL (Zarautz, 2014-01-07)

7 01 2014

Euskal kostaldera indartsu ari da sartzen itsasoa azken orduotan.
Honako argazkia eta bideoa gaur goizean hartutakoak dira, Zarauzko malekoian.

Gai honi buruzko loturak:
· Kalte handiak eragin ditu itsaso zakarrak euskal kostaldean (argazki eta bideo bilduma: Argia, 2014-01-07).





Jorgerekin jolasean

1 04 2013

edo bazko astelehena etxean, sukarrarekin, Oteizarekin eta argazki kamararekin…

20130401-173849.jpg20130401-173906.jpg

20130401-174748.jpg

20130401-173913.jpg20130401-173835.jpg





Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek bat egin dute

20 10 2012

Argazki eta agerraldi historikoa eskaini dute gaur Mollarri eta Iratzarri dantza taldeek. Izan ere, urte askoan Zarauzko bi dantza talde nabarmenenak izan direnek bat egin dute, eta aurrerantzean talde bakar bat bezala ariko dira, elkarrekin.

EAJk Lizardi antzokia zena eraikuntza enpresa bati saldu ondoren, Iratzarri dantza taldea entseatzeko aretorik gabe geratu da aurten. Eta egoera berean geratu da Mollarri dantza taldea ere, Salbatore Mitxelena Ikastolan azken urteotan erabili izan duen lokala ikastolak psikomotrizitate gela bezala erabiltzeko beharraren ondoren.

Herriko bi dantza taldeak entseatzeko lokalik gabe geratzeak, denboran bat egin du Lizardi eraitsi eta Modelo zinema itxi ondoren Zarautzen kultur azpiegituren inguruan aurten abiarazi dugun parte-hartze prozesuarekin. Bertan, udal eraikinen erabilera aztertzeko eta berrantolatzeako beharra agerian geratu zen, eta hausnarketa horren ondorioa da Ebro Etxean erretiratuentzat zegoen informatika gela lekuz mugitzea eta Ebro Etxea osorik kultura ekimenetarako bideratzea. Tartean, lehen aldiz, Mollarri eta Iratzarri dantza taldeen entseguetarako eta dantza taldeen materiala eta arropak gordetzeko.

Horregatik agertu dira bi taldeetako ordezkariak gaur Ebro Etxean, han bertan astelehen honetan aurtengo ikastaroekin eta entseguekin hasiko direla iragarriz, baina batez ere, bi taldeek bat egin dutela eta aurrerantzean dantza talde bakarra izango direla nabarmenduz.

Izena erabakitzea soilik falta zaie.
Ideiarik?

· Honakoa da bi taldeen izenean irakurri duten testua:

Kaixo, egunon guztioi!

Hemen bildu gara, Zarautzen hain ezagunak garen Iratzarri eta Mollarriko kideak. Gaurko agerraldi honetara ez gara soilik gaur egun dantza irakasten ari garen hezitzaileak agertu, gure haur dantzariak eta beraien gurasoak ere gonbidatu nahi izan ditugu; azken batean beraien parte hartze eta laguntzarik gabe hau guztia ez litzatekelako posible izango. Gure artean ditugu, gainera, Iratzarrin eta Mollarrin hainbeste urteetan dantza irakasten eon diren beteranoak ere. Beraien bideari jarraituz eta egin duten lanari esker iritsi baikara gu gauden lekura.

Urte asko dira gure herrian bi dantza talde ditugula. Badakigu, jende mordoa igaro dela hemendik, baina azken boladan bi talde hauen indarra aldatuz joan da, besteak beste irakasle taldea oso gaztea izan delako. Iratzarriko gehienek Zarauztik kanpo ikasten zuten eta beraz talderik ezin izan dute hartu urte hauetan. Mollarrin, aldiz, haur talde asko genituen eta ez ginen guztiei irakastera iristen. Hau ikusirik, eta buruari nahiko buelta emanez, bi dantza taldeak mahai berean eseri eta irtenbide hauxe ikusi genuen: Zarautzen dantza talde bakarra eta eraginkorra egotea. Finean, gaur egun bi talde hauetan gauden irakasleon helburuak berdinak baitira; esate baterako, euskal kulturaren bultzatzaile izatea, azken batean haurrek herriko festetan euskal dantzak egiteko gaitasuna izan dezaten.

Ez da lan erraza izan honaino iristea eta bilera dexente egin behar izan ditugu. Batetik, lokala ahalik eta azkarren lortu nahi genuen, leku finko bat izatean gauzak erraztuko zitzaizkigula pentsatzen genuelako. Lan honetan Udalak asko lagundu digu, aukera ezberdinak izan ditugulako eta azkenik guretzat egokiena zena utzi digutelako. Bestetik, bi taldeek ditugun funtzionamenduez hitz egin behar izan dugu, eta hainbat puntutan adostasunera iritsi. Hau erraza izan da, biek ala biek interes handia izan dugulako. Baina oraindik izen berri bat asmatzea geratzen zaigu, norbaitek ideia originalen bat izango balu gurekin harremanetan jarri besterik ez du izango.

Oraindik ere badugu zer eginik. Herrian hau guztia zabaldu nahi genuke, jendeak gure intentzioen berri izan dezan. Herritarrak aipatzean, gogoratu gara orain gutxi irakurri al izan dugula prentsan, gaur egun dantza taldeek ez dutela fundamenturik eta asko pattaldu direla lehendik hona. Horren aurrean aipatu nahiko genuke gure lana erabat boluntarioa dela eta musutruk aritzen garela lanean. Hala ere, indarrak hartuta gatoz eta indartsu jarraitu nahi dugu lanean denentzat onena izango dena lortu arte. Inork pentsatuko balu gauzak hobe egin daitezkeela, hemen gaude gu esku zabalik eta gustura jasoko ditugu ekarpenak.

Amaitzeko aipatu nahi genuke, aurten ere matrikula irekiko dugula ikasle berriek izena eman dezaten. Egun bakarra egongo da horretarako: urriak 24, asteazkena, arratsaldeko 18:00tatik iluntzeko 20:00tara, Ebro Etxean bertan.

Besterik gabe, mila esker guztion laguntzagatik eta laster arte!

ZARAUZKO DANTZA TALDEA.





Hiru hitz nazioarteko hedabideei begira

26 09 2012

Oraintsu, lagunartean afaltzen, kazetari batek nabarmendu zuen garrantzitsua litzatekeela gaurko greba egunean nazioartera begira eman beharreko mezua zaintzea.

Irailaren 11n Katalunian independentziaren aldeko aldarrikapen arrakastatsuak izandako oihartzunaren ondoren, Espainia erreskatearen amildegian dagoenean, atzo Madrilen gazteak zein adinekoak egurtzen eman zuten irudiaren aurrean, eta Donostian zinemaldiaren harira nazioarteko kazetari ugari daudenean, Espainia hondamendia dela eta guk ere ospa egin nahi dugula erakutsi beharko litzatekeela, nola edo hala. Nazioarteko hedabideak Espainiaren irudi hori erakusteko irrikaz omen daude.

Hiru kartel, lau lagun, eta sare sozialak.
Ez dugu besterik behar izan gaur mezua zabaltzeko.
Donostiako manifestazioan, argazkiak atera, atera dizkigute. Gehiegi. Ikusiko dugu noraino heltzen diren 😉

Argazki hauek, sarean:
· TheKlan, flickr galeria.





Greba eskubidearen aldeko elkarretaratzea

20 09 2012

Otsailaren 14an Espainiako Polizia Autonomikoak Zarautzen porrazoka besoa hautsi zidanean salaketa jarri nuen, eta ordudanik bidea egiten ari da auzia: salaketa, deklarazioak, auzitegiko medikua… eta gaur epailearen aurrean nuen lehen hitzordua, Azpeitiko epaitegian.

Atarian, beste hiru zarauztar aurkitu ditut. Zehazki, martxoaren 29an, greba orokorra deitu zutenean hainbat euskal sindikatuk eta dozenaka eta dozenaka elkarte eta eragilek, Ertzaintzak hiru lagun identifikatu zituen Zarauzko malekoian, informazioa banatzen ari zirenean. Hirurak atzo eta gaur deitu dituzte deklaratzera Azpeitiko epaitegira, eta horren aurrean LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du auzitegiaren aurrean, Greba eskubideari erasorik ez! Auzipetuekin elkartasuna lelopean.

LAB sindikatuaren deialdiarekin bat egin dute ekainaren 15az geroztik greba mugagabean dauden Corrugados Azpeitia lantegiko dozenaka langilek, eta 12:00etatik 12:30era ehun lagun inguru elkartu da auzitegiaren atarian, hiru zarauztarrei elkartasuna adieraziz eta datorren asteko greba orokorrerako deialdia nabarmenduz.





Azken Portuko festak 2012, zenbait begirada

13 08 2012

Astelehen handia da gaurkoa ehunka eta ehunka lagunentzat Zarautzen. Hiru eguneko festa giroaren ondoren, atzo amaitu ziren Azken Portuko jaiak, herri bazkariaren, kalejiraren, bertso saioaren eta azken parrandaren ostean. Hemen bildutakoak zenbait irudi soilik dira. Ez onenak, noski. Horiek, filmatzea komeni ez delako edo erakutsi ezin direlako, bakoitzak bere oroitzapenen disko gogorrean gordeko ditu.

Hainbat ekitaldi falta da irudi hauetan. Izan ere, lo apur bat ere egin behar da tarteka, eta ezin da guztietan egon. Zer egingo diogu: denok ez gara Ituarte bezalakoak, hiru egunez etxera sartu gabe irauteko gai…

Aurten ere gure plazan gauero eguzki betea izan da, dena bideratzeko lanean aritu diren komisioko gazteei eta hiru egunez duten onena eman duten auzokideei eta bisitariei esker. Biba zuek!

ABUZTUAK 10, OSTIRALA:

· Jaien hasiera iragartzeko txupinazoa eta Patxi Iruretagoienari omenaldia, bere heriotzaren lehen urteurrenean.

· Kontzertu batetik besterako tartean, txosna gunean, Iosu Uribetxeberria euskal presoaren egoera salatzeko ekimena.

ABUZTUAK 11, LARUNBATA:

· Apar festaren hasiera, txosnetan, 03:45ak aldera.

·

ABUZTUAK 12, IGANDEA:

· Herri bazkaria, 650 lagun ingururekin. Aurten aske utzi dituzten Jose Mari Perez Diaz Txuri eta Haritz Gartxotenea Xaporra euskal preso ohiei omenaldi apala egin zitzaien.

· Herri bazkariaren ondoren, kalejira auzoko kaleetan barrena. Aurten, Azken Portuko txarangaren lekua hartu dute Zarauzko Musika Bandako hainbat lagunek, festa giroari eusteko ahaleginean. Patxi Iruretagoiena kalea inauguratu ondorengo irudiak dira honakoak.

· Bertso saioa: Uxue Alberdik, Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak, Julio Sotok, Beñat Gaztelumendik eta Hodei Iruretagoienak, leporaino bete zuten aurten ere Azken Portuko plaza. Azken parrandari ekin aurreko saioa izan zen.





Bost begirada ostegun arrats bati

12 07 2012

Kultura ekitaldiei dagokienez arratsalde oparoa izan da gaurkoa Zarautzen.

Batetik, Manu Muniategiandikoetxea artistaren erakusketa inauguratu dute Sanz Enea kultur etxean. Artezaleak elkarteak antolatzen dituen arte eta pintura ikastaroetan Manuk Ebro Etxean dituen ikasleen laguntzarekin osatu du erakusketa: Lieber Maler, male mir. Lan kolektiboa dela nabarmendu nahi izan du artistak. Laura Cobo, Ester Gorostiza, Micaela Sanchez, Loli Aramendi, Rosa Arruabarrena, Edurne Atorrasagasti, Jose Angel Sarasua eta Patxi Santamariaren laguntzarekin eta lanekin osatutakoa. Irailaren 23a arte izango da ikusgai.

20120712-222118.jpg

Pako Aristik eta Mikel Markezek, berriz, Plazer bat izan duk, Benito! (Elkar, 2012) liburua aurkeztu dute Sortaldea Kultura Eremuan.

20120712-222138.jpg

20120712-222152.jpg

20120712-222202.jpg

Azkenik, Ebro Etxean, Artezaleak elkarteak antolatuta, Manu Muniategiandikoetxearen eta ikasleen erakusketaren inaugurazioa ospatzeko, harrera, luntxa eta Tik Tara taldeko lagunen kontzertua izan da, giro ederrean.

20120712-222212.jpg





Ehunka haur bildu ditu Porrotxek Sortaldean

11 07 2012

Gaur, eguna lainoek eta euriak hartuta heldu den arren Zarautzera, Porrotxek eguzkiz bete du arratsaldean malekoia. Irrien Lagunak Kluba eta Irria aldizkaria aurkezteko ekitaldia egundoko festa bihurtu da Sortaldea Kultura Eremuan.

20120711-215801.jpg
[Kanpoan haurrak Porrotxentzat marrazkiak egiten aritu diren bitartean, sudur gorriak Irrien Lagunak Kluba eta Irria aldizkaria zer diren azaldu die gurasoei Sortaldearen barrualdean].

20120711-215817.jpg
[Kanpora atera denerako, irrikaz zain zituen haur guztiak].

20120711-215825.jpg
[Magia, musika, dantza, irria… Haurrek arratsalde ederra pasatzeko aukera izan dute].