Azken Portuko festak 2012, zenbait begirada

13 08 2012

Astelehen handia da gaurkoa ehunka eta ehunka lagunentzat Zarautzen. Hiru eguneko festa giroaren ondoren, atzo amaitu ziren Azken Portuko jaiak, herri bazkariaren, kalejiraren, bertso saioaren eta azken parrandaren ostean. Hemen bildutakoak zenbait irudi soilik dira. Ez onenak, noski. Horiek, filmatzea komeni ez delako edo erakutsi ezin direlako, bakoitzak bere oroitzapenen disko gogorrean gordeko ditu.

Hainbat ekitaldi falta da irudi hauetan. Izan ere, lo apur bat ere egin behar da tarteka, eta ezin da guztietan egon. Zer egingo diogu: denok ez gara Ituarte bezalakoak, hiru egunez etxera sartu gabe irauteko gai…

Aurten ere gure plazan gauero eguzki betea izan da, dena bideratzeko lanean aritu diren komisioko gazteei eta hiru egunez duten onena eman duten auzokideei eta bisitariei esker. Biba zuek!

ABUZTUAK 10, OSTIRALA:

· Jaien hasiera iragartzeko txupinazoa eta Patxi Iruretagoienari omenaldia, bere heriotzaren lehen urteurrenean.

· Kontzertu batetik besterako tartean, txosna gunean, Iosu Uribetxeberria euskal presoaren egoera salatzeko ekimena.

ABUZTUAK 11, LARUNBATA:

· Apar festaren hasiera, txosnetan, 03:45ak aldera.

·

ABUZTUAK 12, IGANDEA:

· Herri bazkaria, 650 lagun ingururekin. Aurten aske utzi dituzten Jose Mari Perez Diaz Txuri eta Haritz Gartxotenea Xaporra euskal preso ohiei omenaldi apala egin zitzaien.

· Herri bazkariaren ondoren, kalejira auzoko kaleetan barrena. Aurten, Azken Portuko txarangaren lekua hartu dute Zarauzko Musika Bandako hainbat lagunek, festa giroari eusteko ahaleginean. Patxi Iruretagoiena kalea inauguratu ondorengo irudiak dira honakoak.

· Bertso saioa: Uxue Alberdik, Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak, Julio Sotok, Beñat Gaztelumendik eta Hodei Iruretagoienak, leporaino bete zuten aurten ere Azken Portuko plaza. Azken parrandari ekin aurreko saioa izan zen.





Resumen en castellano, por favor

1 08 2012

Zarauzko eta Debako Udako Musikaldiak aurkeztu ditugu gaur eguerdian hedabideen aurrean, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak, Debako alkate Maider Zubikaraik eta hirurok.

Euskaraz egin du aurkezpena Garazik, eta gazteleraz itzuli du gero esandakoa, Maiderri eta niri hitza pasatu aurretik.

Euskara hutsean hitz egin du Debako alkateak, eta amaitu eta niri hitza pasatu didanean, gazteleraz ere egiteko eskatu dio kazetari batek. Zubikaraik gazteleraz laburtu dio euskaraz esandakoa.

Nik ere euskaraz hitz egin dut, eta amaitu dudanean, kazetari berak eskaera bera egin dit, gazteleraz ere egin ote dezakedan, “por favor”. Tira, gutxienez, mesedez eskatzeko detallea izan du. Uko egin diot eskaerari, noski. Horrelako kasuetan, hizkuntza politika ausarta eta euskalduna izan ezean, burutik behera nahi duten guztia egingo digutela sinetsita. Pentsatu dut ez dakidala zein hedabideetakoa den, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bi udalek deitutako prentsaurreko batera euskararik ez dakien kazetari bat bidaltzeko gibela behar duela bere erredakzio buruak edo arduradunak. Pentsatu, eta esan ere egin diot, gainerako guztien aurrean.

Prentsaurreko agerraldia amaitu dugunean, itzulpena eskatu duenak eta beste zenbait kazetarik alde egin dutenean, El Diario Vasco egunkariko bi kazetari hurbildu zaizkigu. Bat kazetaria, bestea argazkilaria. Prentsaurrekoaren bideoa egin behar dutela, eta ea bakoitzak minutu bateko laburpena edo kortea eskainiko diegun, esan duguna laburtuz. Baietz esan diegu. Eta errepikatu egin da, bere horretan, prentsaurrekoan gertatutakoa. Euskaraz soilik egin ditut nik adierazpenak, beste bi mahaikideek ez bezala. Lepoa jokatuko nuke, beste bien korteetatik desagertu egingo dela euskara, eta gaztelerazko bertsioa soilik entzun ahal izango dugula.

Bideoa grabatzea amaitutakoan, El Diario Vasco egunkariko kazetaria etorri zait, adeitsu, barkamen eske. Ulertzen duela nire jarrera, bera praktiketan dagoela, Bizkaitik hona bidali dutela, eta sentitzen duela euskara ez jakitea. Benetan esan didala iruditu zait.

Editatu eta webgunean jarri behar zuten bideoa ikusteko desiatzen nago…