enarak itzuli dira


Enarak itzuli dira
musika eta literatura uztartzen dituen lagunarteko oparia da. Musikan eta literaturan bidea egin duten bi adiskideren arteko besarkada. Zortzi diskoren ondoren, Eraso! eta Osso taldeetako Sergio Ruiz G-Txabarri abeslariak eta musikariak aspaldidanik buruan zuen bakarkako lehen proiektua mamitu du lan honetan, Serge izen artistiko berriarekin, modu intimista eta akustikoan.

Horretarako, hasieratik argi zuen abiapuntua: haurtzaroan zein nerabezaroan urte askoan ikaskide izan zuen Gari Berasaluzeren poemak musikatzea. Duela bizpahiru urte honi hitzak eskatu zizkionean, ordea, eguneroko zurrunbiloan itota zebilen, eta ezer sortzeko denborarik gabe, urteetan pilatzen joandako eta argitaratu gabeko poema zaharrak eman zizkion lagunari, bat edo beste zerbaiterako nahi izanez gero lasai erabiltzeko esanez.

Testu haiek irakurri, batzuk hautatu eta bi urtean lanean aritu ondoren osatutako zortzi abestik osatzen dute Enarak itzuli dira izeneko diskoa. Poemak kanta bihurtuta itzuli zizkion iaz lagunari, ezustean, denak batera. Eta behin opariak biltzen eta egiten hasita, diskoarekin batera, haren abiapuntu izan ziren poema guztiak bildu dituen liburua ere argitaratu dute orain.

Gaur egun Eraso! inoiz baino sendoago dago, bai konposaketan eta baita zuzenekoetan ere, baina horrek ez dio kendu abeslariari bakarkako lana ateratzeko grina. Enarak itzuli dira, beraz, Serge musikariaren bakarkako lehen diskoak eta Gari Berasaluzeren bigarren poema liburuak osatzen dute. Izenburu bera dute bi lanek, eta elkarrekin argitaratu dituzte, opari modura bildu eta mimoz landutako kutxa batean.

Sergio Ruiz G-Txabarri (Zarautz, 1975)

Eraso! taldearekin batetik bestera kantak sortzen eta kontzertuak ematen hasi zen 1996 urtean. Guztiaren arabera maketa atera zuten urte hartan, eta Gaua izenekoa, berriz, hurrengo urtean. Bigarren honekin Euskal Herriko rock gogorraren eremuetan lekua irabazten hasi ziren, baina 1999an argitaratutako lehen diskoak eman zien erabateko bultzada. Ordudanik, diskoz disko entzuleak irabazten, kontzertuak ematen eta aretoak betetzen jarraitu dute, ohikoa duten soinu indartsuarekin.

Eraso! taldearekin zazpi disko plazaratu ditu:
· Erantzunik gabe (Mil A Gritos, 1999).
· Oraina eta geroa (Mil A Gritos, 2001).
· Grisez bustitako egunak (Metak, 2003).
· Kontra (Metak, 2005).
· Ez gara inoiz hilko (Bonberenea Ekintzak, 2012).
· Kaiolatik Ihes (Bonberenea Ekintzak, 2016).
· Inoren lurretan (autoekoizpena, 2018).

Osso taldearekin, berriz, Paraxuta diskoa argitaratu zuen, 2015ean. Orain, Serge izen artistikoa hartuta, bakarkako lehen diskoa plazaratu du: Enarak itzuli dira.


Gari Berasaluze
(Getaria, 1975)

Liburugintzan eta kazetaritzan aritu da lanean urte askoan, hainbat egunkari eta aldizkaritan, eta gaur egun komunikazioa du ogibide, diseinua eta sare bideak uztartuz. Euskaldunon Egunkaria-ko literatura gehigarriaren arduraduna ere izan zen, eta bertan egindako lanari esker Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen 1998an.

Literaturan, Lubaki Bandako eta Vladimir Brigadak literatura taldeetako kide zenean eman zituen lehen urratsak, 90eko hamarkadan. 1996 urtean plazaratu zuen lehen poema liburua, eta 23 urte geroago dator bigarrena.

Tartean, honako liburuak argitaratu ditu:
· Azaro urrunetako intifadak (Elkar, 1996).
· Bobbyren hauspoa (Ibaizabal, 1999).
· Tulipa gorriak (Txalaparta, 2002).
· Elurra ezin da erosi (Txalaparta, 2007).
· Elkano, itsasoak emandako bizitza (Txalaparta, 2008).
· Elaia, glutenik ez duen kolorea (Txalaparta, 2010).
· Kalaportutik (Booktegi, 2017).


[argazkiak: Gorka Lasa eta Ander Morea, kipulastudio.eus]

AURKEZPENAK, ZUZENEAN: aurkezpena, emanaldi akustikoa eta irakurraldia

· Martxoak 29. Zarautz. Garoa liburu-denda. 19:00.
· Apirilak 5. Oñati. Izarraitz taberna. 22:00.
· Apirilak 14. Gasteiz. Vinilora musika-denda. 17:00.
· Maiatzak5. Arrasate. Irati taberna. 19:00.
· Maiatzak 24. Bilbo. Bira kultur gunea.
· Ekainak 12. Azpeitia. Orkatz taberna. 21:30.
· Urriak 2. Iruñea.

Gai honi buruzko material osagarria:
· Ekimenari buruzko prentsa-oharra, hedabideentzat: hemen, PDFan.
· Enarak itzuli dira liburua, eskuragai, booktegi.eus webgunean: booktegi.eus
· Enarak itzuli dira diskoa, entzungai, hemen: Serge1975.bandcamp.com
· Enarak itzuli dira diskoa, badok.eus atarian entzungai eta eskuragai, hemen: badok.eus
· Enarak itzuli dira diskoko Ispilu hautsien gainean abestiaren bideoklipa, youtuben.

· diseinua: Nestor Urdanpilleta.
· ilustrazioa: Haitz de Diego. haitzdediego.com
· argazkiak: KipulaStudio (Gorka Lasa eta Ander Morea). kipulastudio.eus


Hemeroteka:

· Bakarkako lehen diskoa egin du Eraso! taldeko Sergek (badok.eus, 2019-03-20).
· Bideoa: ‘Enarak itzuli dira’ lana aurkeztu dute Gari Berasaluzek eta Sergio Ruizek (Hamaika Telebista, 2019-03-27).
· Bideoa: ‘Enarak itzuli dira’ lana plazaratu dute Sergek eta Gari Berasaluzek
(Urola Kostako Hitza, 2019-03-27).
· Poesiatik musika eta musikatik poema liburua, lagunartean (Gara, 2019-03-28).
· Enaren moduan itzuli dira Gari Berasaluzeren poema zaharrak Sergeren abesti berrietan
(El Diario Vasco, 2019-03-28. PDFa).
· ‘Enarak itzuli dira’, elkarri egindako oparia (Urola Kostako Hitza, 2019-03-28).
· ‘Enarak itzuli dira’ liburua eta diskoa aurkeztuko dituzte gaur (El Diario Vasco, 2019-03-29).