Adierazpen askatasunaz eta minutu bateko isiluneez

29 01 2015

Urtarrileko udal osoko bilkura izan genuen atzo Zarautzen. PSE-EEk Charlie Hebdoren aurkako atentatua eta Boko Harameko muturreko islamistek Nigerian egindako sarraskiak salatzeko mozioa aurkeztu zuten (hemen irakurgai: PSE-EE mozioa: Charlie Hebdo), eta plenoaren hasieran minutu bateko isilunea eskatu zuten eraso horietan hildakoen alde.

Minutu bateko isilunea eskatu eta inolako aipamenik ez aste honetan Zornotzan lan istripuz hil den langilearentzat.
Inolako aipamenik ez aste honetan Marokok basatiki torturatuta Aaingo kartzelan hil duen 22 urteko preso sahararrarentzat.
Inolako aipamenik ez indarkeria matxistaren eraginez azken astean Europan soilik hil diren dozenaka emakumeentzat.
Inolako aipamenik ez mendebaldeko bateko eta besteko gobernuek finantzatuta egunero egiten diren sarraskiez.

Minutu bateko isilunean, beraz, zutitu eta alde egin nuen batzar aretotik.
Gero, mozioak eztabaidatzerako orduan, Udal Gobernua osatzen dugun alderdion izenean testu hau irakurri nuen mozioaren aurkako gure jarrera adierazteko.

ADIERAZPEN ASKATASUNAZ ETA MINUTU BATEKO ISILUNEEZ

Nazioarteko politika kapitalismoak gidatzen duenez, dena ez da hain sinplea.
Charlie Hebdo astekariaren aurkako erasoa salatzen dugu, noski.
Boko Harameko muturreko islamistek Nigerian egindako sarraskiak salatzen ditugu, noski.
Baina argi daukagu hau adierazpen askatasunaren defentsa baino zerbait gehiago dela.
Adierazpen askatasunaz hitz egin behar bada, benetan hitz egin behar baita.

Gu ez gara Charlie Hebdoren bandera haizatzen hasiko, kapitalismoaren agintariek Parisen egin zuten bezala, adierazpen askatasuna aitzakiatzat hartuta, gero munduko hainbat bazterretan sarraskiak eta giza eskubide oinarrizkoenen urraketak finantzatzeko itzalpean, edota zuzenean egiteko, inolako bitartekaririk gabe.

Adierazpen askatasuna, bai, noski.
Baita oraindik kartzelan dituzten Egin egunkariko zuzendariarentzat eta arduradunentzat ere.
Baita tortura eta kartzela jasan zuten Egunkaria auziko lagunentzat ere. Zarautzen badakigu zerbait horretaz.
Baita egunkari bateko zuzendaria izateagatik, iritzi artikulu bategatik, auzipetua dagoen beste zarauztar batentzat ere.
Baita bere kazetari lanagatik atentatu bat jasan zuen eta aldizkari bateko zuzendaria den beste zarauztar batentzat ere.
Baita twitterren eta sare sozialetan askatasunez iritzia emateagatik jazarriak eta atxilotuak izaten ari diren dozenaka lagunentzat ere.
Baita Espainiako Gobernuak, jendarte isil eta otzana lortzeko bidean, erkidego autonomoetako polizia integral guztien laguntzarekin, ezarri nahi duen Mordaza Legea sufrituko duten, duzuen eta dugun guztiekin ere.

Adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida, askoz sakonagoa baita, kondena antzuetan erortzeko.
Adierazpen askatasuna besteekiko errespetua galtzen den lekuan amaitzen da.
Ezberdina dena irainduta eta umiliatuta sentitzen den muga horretan.
Eta hala ere, ozen aldarrikatu eta lau haizetara defendatu behar da adierazpen askatasuna, inolako zalantzarik gabe.

Zoritxarrez, Espainiako hedabide publikoek, edota euskal erdiko telebista publikoak ere gehiegi dakite adierazpen askatasunari hegalak mozteaz, alderdi zehatz batzuen interesak soilik defendatzeko, gaur, oraindik, 2015eko urtarrilean.

Adierazpen askatasunaren inguruko hausnarketa baino gehiago, beraz, kapitalismo basatiak munduko herrialdeetan egiten dituen sarraskiez hitz egin beharko genuke Charlie Hebdo eta Boko Haram hizpide hartu behar baditugu.

Nork eta zergatik pizten dituen gerrak. Nork saltzen dituen armak. Zein diren munduko erakunde armatu handienak. Zigorrik gabe aritzeko lizentzia dutenak. Zergatik joaten diren guk hautatu ez ditugun erregeak, gure izenean eta gure zergekin, munduko arma trafikatzaile handienen hiletetara.

Edo mozioaren harira joanez, Charlie Hebdo zein Boko Haram aipatuta, Frantzia zein Nigeriari begiratuta, esan beharko da nork eta zergatik finantzatzen dituen diruz fundamentalismo zehatz batzuk. Gaur bertan irakurri dugu hedabideetan, Estatu Islamikoko komandante batek onartu duela AEBek finantzatzen duela diruz Estatu Islamikoa. Siriara bidaltzen duen islamista bakoitzeko 600 dolar jasotzen dituela. Frantziak, NATOk eta AEBek elikatu dute Estatu Islamikoa. Kobanen eta beste leku batzuetan bezala, ekintzaile kurduak aurre egin izan dieten bitartean, Turkia, Frantziaren eta Espainiaren babesarekin, kurduen erresistentzia zapaltzen ahalegindu den bitartean. Turkiak eta Espainiak, Erdoganek eta Zapaterok, badakite zerbait horretaz. Zibilizazioen aliantzaz. Kurduak zapaltzeaz. Estatu Islamikoa elikatzeaz, interes batzuen mesedetan.

Luze segi dezakegu munduari begira. Luzeegi, zoritxarrez. Siriako “errebeldeez”. Ukrainako naziez, eta abar.

Gaur bertan, armada sionistak, zuen soldadu bat hil du, kasko urdin bat jantzita zuen Espainiako soldadu bat, Hezbollahren aurkako erasoan. Baina berdin dio: hildakoak sionismoak, Osaba Samek, NATOk edota zibilizazioaren alde batek eragiten dituenean, hemen, beste aldera begiratzen dute hedabide gehienek. Adierazpen askatasuna hori baita batzuentzat: nahi denaz soilik hitz egitea, edota hildako batzuen berri soilik ematea. Nahi den lekura bakarrik begiratzea.

Adierazpen askatasuna bai, noski.
Minutu bateko isiluneak ere bai, noski.
Baina benetakoak direnean.





Hassanna libre!

23 01 2015

hassana-kartela