Jose Luis Zumetari, esker onez, Zarauztik

23 04 2020

Handienetan handienak joaten direnean bezala, asko idatziko da gaur, bihar eta hurrengo egunotan Jose Luis Zumetari buruz. Ez da gutxiagorako. Dena merezi du. Bi hitz soilik gehitu nahiko nituzke, Zarauzko Kultura zinegotzi ohi bezala, 2011-2015 agintaldian Zarauzko Udaletik eskatu genizkion bi kontuetan zenbaterainoko eskuzabaltasuna erakutsi zuen gogorarazteko.

Batetik, 2013ko udazkenean Imanol Urbietaren omenez argitaratu genuen Imanol Urbieta. Bakarrik eta libre diskorako azala egiteko eskatu genion. Aspaldi Mikel Laboaren omenez haren bertsioekin plazaratu  zuten Txerokee. Mikel Laboaren kantak diskoaren antzeko zerbait egitea genuen buruan Manoloren omenez, eta Laboaren handitasunak Zumeta lagun izan zuen moduan, Urbietaren handitasuna ere ahalik eta modu ederrenean bildu nahi genuen. Baietz esan zuen Zumetak, eta bere azalarekin argitaratu genuen azkenean diskoa. Azal haren erreprodukzio mugatuarekin lan grafikoak egin zituen gero Zumetak, eta diskoan parte hartu zuten musikarien artean banatu genituen.

2014an, berriz, Zarauzko Merkatu Plazako lehenengo solairua erakusketa areto gisara zabaltzea otu zitzaigun, eta Txiki Agirre Keixeta izan zen han erakusteko aukera izan zuen lehena. Ekimena iragartzerako, ordea, lotuta genituen hurrengo bi lekukoak ere: Ainize Txopitea eta Jose Luis Zumeta. Usurbildarraren Gernika Zarauzko Merkatu Plazan ikustea amets hutsa baino gehiago bihurtu zen guretzat.

Jose Luis Zumetaren eta Usoa alabaren lanerako prestutasuna, profesionaltasuna eta eskuzabaltasuna benetan nabarmentzekoak izan ziren, eta 2015eko uztailaren 3an inauguratu zen erakusketa hura, aste batzuk lehenagoko hauteskundeen emaitzek ekarri zuten udal gobernu berriarekin. Uda hartan, egundoko oparia izan zen zarauztarretzat eta bisitarientzat. Erakundeek horretan sinetsiz gero, artista batek, kulturak, koadro batek edo erakusketa batek herri batera bisitariak nola erakarri ditzakeen erakusteko ariketa koloretsua izan zen. Horretan sinesten baitzuen Zumetak. Kulturaren eta artearen kolorerik gabe ezin dela ulertu herri bat.

Marisol Bastidari eta biei koadroaren ondoan jartzeko eskatu nien egun hartan, Mikel Laboak abestutako Gernika guztien aurrean. Ordukoak dira honako argazkiak.

Zumeta-Marisol (2)

Ohi bezala, erakusketaren inaugurazioan ez zuen hitzik egin Jose Luisek, baina Urola Kostako HITZAko lagunek lapurtu zizkioten adierazpen batzuk. Amaia Ventas kazetariaren bideo honetan ageri da Zumeta, Zarauzko erakusketari buruz hitz egiten.

Erakusketa haren inguruko informazio guztia, argazkiak eta abar luzea, ohi bezala, zuzarautz.eus webgunean
zabaldu genituen, gainerako guztiak bezala. Udal Gobernu berriak itxiarazi eta desagerrarazi zuen webgune hura ere, kulturari zabaldu genizkion beste hamaika ekimenen eta leihoren antzera. Haien faltan, beraz, hedabideen hemeroteketan geratzen diren estekak dira honakoak, noizbait Jose Luis Zumetak Zarautzi egindako opari ederren lekuko. Ez dira bakarrak, lehenago ere Zumetaren zeramikak Zarautzen ondare bihurtu baitziren. 1996an Donibane plazan kokatu zuena, esaterako.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Lanik berrienekin osatu du Zumetak Zarauzko Merkatu Plazako erakusketa berria (naiz.eus, 2015-07-01).
· Zumeta expone su obra mas reciente en la Plaza Mercado de Zarautz (Gara, 2015-07-02).
· Jose Luis Zumetaren erakusketa, Zarauzko Merkatu Plazan (Urola Kostako Hitza, 2015-07-03).
· ETBren bideoa: Zarauzko Merkatu Plazan jarri du Zumetak erakusketa berria (ETB, 2015-07-04).
· Zumeta, en la Plaza del Mercado (El Diario Vasco, 2015-07-19).
· Jose Luis Zumeta margolaria hil da, 81 urte zituela (Berria, 2020-04-23).


Argazkia: Gorka Arrese.