Munduaren amaiera, maien egutegiaren arabera

20 12 2012

Duela hiru urte euskarazko hedabide baten webgunean irakur zitekeen testua zen hau:

Mundua 2012. urteko abenduan bukatuko da, Maien arabera

“Gizadiaren amaierarako egun zehatz baten aldeko ahots ugari bildu dira azken urteetan: 2012. urteko abenduak 21. Ohi denez, Estatu Batuetan makinak martxan jarri dituzte: liburuak, ikerketak, albisteak, artikuluak… eta Hollywoodeko ekoizpen erraldoiak. Hala ere, askok uste dute Apokalipsia egun horretan izango dela: profetak, kazetariak, maiak, Tibeteko monjeak edota Nostradamus igarle ezaguna, besteak beste.

Maien zibilizazioak egutegi zehatz-zehatza sortu zuten, orain 2.000 bat urte. Maien kalkuluen arabera, Lurrak aro berri bati ekingo dio 2012ko abenduaren 21ean. Honek, gure planetaren bukaera ekar lezakeela uste zuten maiek. Zibilizazio horren egutegia egun horretan bukatzen da, izan ere.

Maiak ez dira abenduaren 21erako Munduaren Bukaera seinalatu duten bakarrak. Nostradamus, historian izandako profetarik ospetsuena, data horri buruz aritu zen 1555. urtean idatzitako olerkietan (“Liburu Galduan”). Tibeteko monjeek hainbat testu argitaratu dituzte, 2012. urtean izango diren gertaerei buruz”.

Erokeria dirudien arren, ordea, milaka lagunek serio hartu dute maiek egindako iragarpena.

Pasa den astean eitb.com webgunean irakur zitekeenez, “Ipsos enpresak egin duen inkesta baten arabera, estatubatuarren % 12k, txinatarren % 20k, mexikarren % 13k eta espainiarren % 10ek abenduaren 21ean munduaren amaiera izango dela esaten duen maien iragarpena sinesten dute. Hala ere, maiek ere dagoeneko iragarri dute munduaren amaiera izateko iragarri duten data hori faltsua dela esan dute. Guatemalako hiru buruzagi maiak azaldu dutenez, maien egutegiak abenduaren 21erako iragarri duen aldaketak ez du munduaren amaiera eragingo”.

Iragarpen honen oinarria: maien egutegia

Duela hiru urte, Anakoz Amenabar kazetariak, 2012 filmaren estreinaldiaren harira, berria egunkarian ederki azaldu zuen nondik datorren bihar mundua amaituko den kontu hau:

“2012ko Gabonetan, 5.125 urte beteko ditu maien egutegiak; ziklo handi baten amaiera helduko da orduan, eta, horrekin batera, gaur egun ezagutzen dugun munduaren amaiera. Lurrak eta bertako gizakiek erabateko aldaketa fisiko eta espirituala izango dute, apokalipsiaren hasiera izan daitekeena, batzuen ustez. Eszeptikoek, aldiz, diote egutegiaren interpretazio horrek ez duela oinarririk, sasi-zientzia baino ez dela. Maien historiako adituen arabera, egutegiaren amaiera ez da izango beldurtzeko moduko eguna, ospatzeko eguna baizik”.

Gure artean ere, munduaren amaiera gaur gauean izango den kontu hau ez du batere serio hartu ia inork, baina badaezpada, mundua benetan amaituko balitz ere, egokiena, parrandan eta ondo pasatzen amaitzea dela iritzita, hainbat festa antolatu dira, munduaren amaieraren atarian.

Getxon, esaterako, berria egunkarian irakurri ahal izan dugunez, munduaren amaiera ospatzeko festa egingo dute bihar. Solstizioaren jaialdia izango da, zehazki, Algortako Geltokiko plazan, 19:30etik 23:00etara bitartean; eta Maia proiektuari bukaera emango diote. Ibon Fernandez DJa Euskal Herriko eta nazioarteko musika jarriko du. Gastronomiari dagokionez, hainbat kulturatako jakiak dastatu ahal izango dira. Beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte.

Zarautzen ere, esaterako, gaur gauean, malekoiko taberna ezagun batean, munduaren amaierarako festa dago, musika, dj-ak eta zozketak uztartuz.

Historian zehar, lehenago ere, hainbat profeziak iragarri dute munduaren amaiera. Guztiek huts egin dute. Hona Anakoz Amenabar kazetariak bildutako batzuk (berria, 2012-01-21).

1. Leedseko oiloa (1806)
Gizateriaren amaiera azaltzeko, askok iragarri dute Jainkoaren itzulera, egindako bekatuak epaitzeko bueltatuko baita. Horien artean, Ingalaterrako Leedseko oiloa da bitxienetako bat. «Kristo badator» zioten arrautzak jartzen hasi zen oiloa. Miraria zela pentsatu zuten herritar askok, iruzurra zela argitu arte.

2. Miller (1843)
Ingalaterra Berriko (AEB) nekazari batek, William Millerrek, hainbat urtez Biblia aztertu eta gero, adierazi zuen Jainkoak bertan zehazten zuela noiz amaituko zen mundua. Haren ustez, aditzera ematen zuen 1843 eta 1844 arteko uneren batean amaituko zela. Milaka jarraitzaile izan zituen profezia agertu zuenean, baina urteekin, ezer gertatu ez zenez, taldea desegin egin zen. Horietako batzuek osatu zuten gaur egun Zazpigarren Eguneko Adbentistak deitzen direnak.

3. Smith (1891)
Joseph Smithek, mormoien elizaren sortzaileak, bilerara deitu zituen taldeko buruak, Jainkoarekin hitz egin zuela esateko. Hurrengo 56 urteetan Jesus itzuli egingo zela esan omen zion Smithi, eta hortik aurrera hasiko zela munduaren azkena.

4. Halley kometa (1910)
1881ean, astronomo batek deskubritu zuen kometek zianogeno izeneko gas hilgarri bat zutela. Urte batzuk geroago, 1910ean, kezka sortu zen herritarren artean, Lurrera kometa arrastoak heltzekoak zirela jakinarazi zutenean. Mundu guztia gasaren biktima izango zela esan zuten. The New York Times eta gisako egunkariek ere argitaratu zuten berria. Alarma piztu zen, harik eta zientzialari batzuek halakorik ez zela gertatuko argitu zuten arte.

5. Nostradamus (1999)
Michel de Nostredameren idatziek 400 urtez eragin dute jakin-mina herritarren artean. Milaka interpretazio egin dizkiete, eta gizartean eragina izan duten profeziak sortu. Haren idazki ezagun batean, 1999ko uztailean «zerutik terrorearen errege handia» etorriko zela esaten zuen.

6. 2000. urtea
Zurrumurrua ibili zen ordenagailuek ezin izango zutela 1900 eta 2000 arteko jauzia egin. Herritarrek ez zekiten horren ondorioak zeintzuk izango ziren, eta holokausto nuklearra ere izan zitekeelakoa zabaldu zuten. AEBetan, esaterako, milaka lagun joan ziren janaria eta armak erostera, zer gertatuko zen zain. Garrantzirik gabeko akatsak izan ziren.

Gai honi buruzko kanpo loturak:
· Munduaren amaiera (Anakoz Amenabar, berria, 2012-01-21).
· Munduaren amaiera bloga, euskaraz (elfindelmundo.blogspot.com)
· Mundua 2012. urteko abenduan bukatuko da, Maien arabera (eitb.com).
· Abenduaren 21a: maiak oker zeuden (eitb.com).
· Preparing for the 2012 apocalypse (www.december212012.com)
· Final countdown: 1 day until the Mayan apocalypse (foxnews.com).
· Munduaren amaiera iragartzen duen 2012 filmaren trailerra:


Ekintzak

Information

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s




%d bloggers like this: