[17] Sofonisba Anguissolaren ‘Xake partida’

20 12 2020


[Sofonisba Anguissola, ‘Xake partida’. Olioa mihise gainean. 1555. 72 x 97zm. Poloniako Museo Nazionala, Poznan].

Polgar ahizpek egindako bideaz eta lortu dutenaz asko idatzi da, baina ez dira xakean nabarmendutako lehen emakumeak izan, inolaz ere. Azken mendeetan debekuei eta zailtasun handiei aurre egin behar izan diete emakumeek xakean aritzeko, baina beti ez da horrela izan. Erdi Aroan zein Errenazimentuan, esaterako, artelan ugarik erakutsi dituzte emakumeak xake taularen aurrean. Beharbada, ezagunena, Sofonisba Anguissolak 1555ean margotutako Xake partida mihisearen gaineko olio pintura da, Artistaren ahizpen portreta xakean jokatzen izenarekin ere ezagutzen dena. Anguissola ahizpen heziketak, gainera, badu Polgar ahizpenarekin antzekotasunik, hein batean.

Sofonisba Anguissola (1532-1625) Cremonan jaio zen, Italian. Blanca Ponzone eta Amilcare Anguissola zituen gurasoak. Aita, Genoako noble familia bateko kidea zen, eta goi mailako heziketa espezializatua eman nahi izan zien sei alabei eta seme bakarrari. Alaben artean, Minerva idazten nabarmendu zen, eta beste bostak margotzen: Sofonisba, Elena, Luca, Europa eta Ana Maria. Anaiak, Asbrubalek, musika ikasi zuen. Artea eta letrak izan ziren guztien ikasketen oinarria, baina matematiketan, zientzian, musikan eta xakean ere sakon hezi zituzten, garai hartan emakumeek mugatuta zituzten alorretara bideratuz. Izan ere, Polgartarren gurasoek bezala, Anguissolatarren gurasoek ere argi zuten heziketa espezializatuarekin alabak gailurrera heltzeko gai zirela, eta ez zituztela utziko emakumeei halabeharrez ezarritako roletara kateatuta. Lortu zuten.

Artearen historian, ahizpa zaharrenaren izena geratu da idatzita: Sofonisbarena. Garai hartan emakumeek ez zuten aukerarik akademietan ikasteko, edo tailer eta gremioetako kideak izateko, baina oso gazterik gaitasun handia erakutsi zuenez, 14 urterekin Lombardiako margolari handienen tailerretan onartu zuten. 22 urterekin, Erroman, Michelangelo ere liluratu zuen, eta honek bi urtez baino gehiagoz eskolak eman zizkion, ezkutuan, elizak emakumeei ezarritako ikasteko debekua saihesteko.

Bi urte haietan margotu zuen Xake partida. 1555ean zehazki, 23 urte zituenean. Luca, Minerva eta Europa ahizpak erakusten ditu mihiseak, atzean zerbitzari zaharragoa inguruan dutela. Lucak Minervaren dama eskuratu du, eta Europa azken honi begira ageri da, partida galtzear duenaren saminari irribarre eginez.

Koadroaren gaia xakea izatea ez da kasualitatea, eduki sinboliko handia baitu. Sofonisbaren lanean, ezagutza eta jakinduria adierazten ditu xake taulak, emakumeek ikastea debekatuta zuten garaian. Horregatik, Errenazimenduko arte feministaren ikur bihurtu dira bere margoak, pentsatzeko, ikasteko eta iritzia emateko gai islatu baitzituen emakumeak.


Erreferentziak:
· Burke, Jill: Overlooking Women’s Labour in Sofonisba Anguissola’s Chess Game (Blogpost, 2020-06-28).

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula

 


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina