[9] Xakearen hizkera: idazkera aljebraikoa

6 12 2020

Txapelketak sortu zirenetik, indar handiagoa hartu zuen partiden mugimendu guztiak idazteko ohiturak. Hartara, egindako akatsak ikusteko, taktikak ikasteko eta trebatzen joateko modua izan zuten jokalariek, eta xakezaleek baita partida horiek ezagutzekoa ere.

Idazkera aljebraikoa da xake partiden mugimenduak adierazteko modurik ohikoena eta errazena. Hizkien eta zenbakien bidez, zer pieza mugitzen den eta nora mugitzen den zehazten da. Laukiak goitik behera zenbakiekin eta ezkerretik eskuinera hizkiekin adierazten dira. Zenbakiek lerroak adierazten dituzte, eta hizkiek zutabeak. Hartara, lauki bakoitzak, koordenada sistema erabilita, bere izena du.


Piezak adierazteko, berriz, pieza horien izenen hasierako hizkiak erabiltzen dira, letra larriz.
Beraz, hizkuntzaren arabera aldatu egiten da xakearen idazkera. Euskaraz Erregea, Dama, Alfila, Zalduna, Gaztelua eta Peoia direnak, King, Queen, Bishop, Knight, Rook eta Pawn baitira ingelesez. Honela, gaztelua a3 laukira mugitzea Ga3 litzateke euskaraz. Ra3 ingelesez (Rook) eta Ta3 gazteleraz eta frantsesez (torre, tour). 

Peoiak mugitzen direnean, ez da piezaren hizkirik idazten laukiaren aurretik.
Honela, e4 soilik irakurtzen badugu, e4 laukira peoi bat mugitu dela dakigu. Gainerakoetan, esan bezala, hizki larriz adierazten da pieza bakoitzaren izena. Ae4, beraz, Alfila e4 laukira. Ee4 = Erregea e4 laukira. Piezaren izenak eta laukiak ez nahasteko, nahikoa da letra larriak ala minuskulak diren begiratzea. Larriek piezak adierazten dituzte, eta minuskulek laukiak.

Egiten den mugimenduarekin aurkariaren pieza bat jaten denean, x hizkia idazten da helburuko laukiaren aurretik. Axe4 = Alfila e4 laukira mugitu da eta bertan zegoen pieza jan du.

Xakea + ikurrarekin adierazten da.
Xake matea, berriz, bi modutara: # ikurrarekin edota ++ idatzita.

Endrokea ere bi modutara adierazten da.
Endroke laburra denean 0-0 idazten da, eta endroke luzea denean 0-0-0.

Peoia azken zutaberaino heltzeari koroatzea esatean zaio. Peoia damagatik edota nahi den piezagatik aldatzen da orduan, eta = ikurra erabilitzen da hori adierazteko.
f1=D hizkiek, beraz, peoi bat f1 laukira heldu dela eta Dama bihurtu dela adierazten dute.

Zenbait kasutan, zalantza sortu daiteke mugimenduarekin.
Adibidez, bi gaztelu egon daitezke mugitzeko moduan. Esaterako, bat a8an eta bestea h8an, eta edozein mugitu daiteke c8ra. Horrelakoetan, nora mugitu den adierazten duen laukiaren izenaren aurretik, pieza non zegoen ere esaten da.
Ghd1 = h laukian zegoen gaztelua d1 laukira mugitu da.
Gae1 = a laukian zegoen gaztelua e1 laukira mugitu da.

Azkenik, egindakoa mugimendu ona dela erakusteko, ! ikurra erabiltzen da.
Aldiz, mugimendu aldrebesak ? ikurrarekin adierazten dira.

Atal honetakoak ulertuta, edonork errepika ditzake xakearen historian idatzita geratu diren partida handiak, hasieratik bukaerara.

Ohitzen hasteko, hemen adibide erraz eta labur bat:
1. e4 e5
2. Ac4 Zc6
3. Dh5 Ac5
4. Dxf7++


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina