[23] Bazterrera eta isiltasunera kondenatuta

4 01 2021

Gorteetan ez ezik, komentuetan ere ohikoa zen xakean jokatzea. Teresa Avilakoa (1515-1582) espainiar mojak eta idazle mistikoak, esaterako, karmeldarren lekame oinutsen ordena sortu zuen, eta batean eta bestean hamazazpi komentu eraiki zituzten lekaime karmeldarrak bizitzeko. Haien otoitzak, eguneroko lana eta bizimodua antolatzeko gomendioekin eta fededunentzako oharrekin hainbat erlijio liburu idatzi zituen, gida espiritual modura. Horien artean, Camino de perfección (1567) da nabarmenena, eta bertan xakean jokatzeko irizpideak ere eman zizkien komentuetako lekaimeei. Xakera eta matera heltzeko ezagutza eta apaltasuna beharrezkoak direla idatzi zuen, xakea eta otoitza alderatuz nolabait, argitasunera iristeko bidea lana eginez eta ikasiz zabaltzen delakoan.

Inkisizioaren itzala apustuen, karta jokoen eta dadoen aurka ere luzatu zen garai hartan. Xakea, ordea, jakintzarekin eta estrategiarekin lotzen zen, eta nobleen artean, komentuetan eta gorteetan errotuta zegoenez, errazago egin zien itzuri debekuei.

Horrela, xakea babesa eta aitzakia bihurtu zen egongela, lorategi edo logeletara heltzeko, eta horietan presarik gabe egoteko. Isilpeko ohar, maitale eta erabakien pasaportea zen xakea, partida luzeek elkarrekin lasai egoteko aukera ematen baitzieten jokalariei. Beraz, lagunak, konplizeak edo bikoteak erakartzeko eta hautatzeko bitartekoa bilakatu zen, eta kortejatzeko edo ligatzeko jokoa ere izan zen garai hartan, gerora abanikoak edo dantzaldiak bezala. Izan ere, aurkarien zentzua, adimena, jakintza, pazientzia, gaitasuna eta dohainak ezagutzeko eta horren arabera bikoteak edo bidelagunak hautatzeko modua ere bazen xakean aritzea.

Emakumeak, ordea, laster ohartu ziren beraien artean jokatzen zutenean sortzen ez ziren haserreak jasan behar zituztela aurkaria gizonezkoa zenean. Egoak ebaki gabe, gizonek ez baitzuten hain erraz onartzen xakean galtzea, irabazlea emakumea izateak erasan egiten zuelakoan beraien sendotasuna. Arren harrotasuna. Ezer berririk ez.

Izan ere, xakearen historian 1213an ageri da lehen aldiz emakumeen aurkako indarkeria. Urte hartan, Konstantinoplako Joanak (1199-1244) xakean irabazi egin zion ordurako senarra zuen Portugalgo Fernando (1188-1233) printzeari eta Flandriako kondeari. Hau haserretu egin zen, eta jo egin zuen emaztea.

Xakearekin lotuta dokumentatuta dagoen lehen hilketa matxista, berriz, 1264 urtekoa da. Urte hartako auzi batean ageri denez, xake partida baten ondoren gizon batek emakume bat hil zuen labanarekin, xakearen harira borrokan hasi ostean. Emakumearen eta erasotzailearen izenik ez da heldu historia liburuetara eta, beraz, anonimotasunak islatzen ditu xakean ere indarkeria sexistak isilarazi nahi izan dituen emakume guztiak.

Zenbait egileren arabera, egoa zauritzean haserretzen ziren animaliak saihesteko, XVI. mendearen amaieran emakumeak gero eta gehiago beraien artean eta isilpean hasi ziren xakean jokatzen, gizonen aurrean benetako gaitasuna eta adimena ezkutatzera behartuta. Harrezkero, lehia alde batera utzita, elkarrekin lasai egoteko erabili omen zuten emakumeek xakea, jolasean babestuta, beti ere gizonen begietatik gero eta urrunago, zuhurtziaz.

Kontuak ertz asko ditu, ordea, emakumea bigarren mailakoa bihurtzen zuten hamaika erabaki eta arau ere ezarri baitziren garai hartan. Besteak beste, emakumeek berariaz debekatuta zuten ezer argitaratzea, eta ikastea ere oso mugatuta zuten. Beraz, xakearen inguruko ekarpen teorikoak eta liburuak loratzen hasi ziren garaian, emakumeentzat askoz zailagoa zen liburu haietara heltzea eta haietan bildutakoa ikastea. Horrek arrakala zabaldu zuen, eta publikoki gizonak eta gizonen lanak hasi ziren nabarmentzen xakean. Garai hartakoak dira Ruy Lopez (Libro de la invención liberal y arte del juego del Axedrez, 1561), Alessandro Salvio (Trattato dell’Inventione et Arte Liberale del Gioco Degli Scacchi, 1604), Pietro Carrera (Il Gioco degli Scacchi, 1617) edota Gioachino Greco (Trattato del Nobilissimo et Militare Essercitio de Scacchi, 1620), egile eta liburu sonatuenak aipatzearren. Emakumeak, berriz, bazterrera eta isiltasunera kondenatu zituzten.

Erreferentziak:
· Wall, Bill: Women in Chess. 2015.
· Lococo, Nicola: Las reinas del tablero. Mujer y ajedrez. Editorial Chessy, 2019.


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina