[25] Loraldia, oztopoen gainetik

6 01 2021

XVII. eta XVIII. mendeetan xakearen historiatik desagerrarazita eta, ondorioz, ezkutuan egon ondoren, emakumeak XIX. mendean hasi ziren berriro ere xake taularen inguruan jendaurrean agertzen. Mendearen hasieran, bakanak ziren berrehun urteko garai iluna amaitzen ari zen zantzuak, baina urteek aurrera egin ahala gero eta emakume gehiago azaldu zen xakean, batez ere emakumeen eskubideen aldeko aldarrien eta mugimendu feministaren eraginez, bereziki horiek indartsuen zeuden herrialdeetan. Ingalaterran eta AEBetan, esaterako.


[Gosia Herba poloniarrak Zwierciadlo hilabetekarian argitaratutako ilustrazioa. 2014].

Elkarteetan eta kafetegietan sarrera mugatuta izan arren, edo ikastea, argitaratzea eta lehiaketetan parte hartzea debekatuta izan arren, oztopoen gainetik emakumeek xakean jokatzen jarraitu zuten, ederki gainera, gizonen artean gailenduz, idatzita geratu diren emakumeen lehen partidek erakusten duten moduan.

Claire-Elisabeth Gravier de Vergennes (1780-1821) idazle frantziarra Napoleon Bonaparteren aurka aritu zen 1804an, Malmaison gazteluan.

Garai hartan ikuskizun modura erabiltzen zuten eta xakean jokatzen zuen Turkiarra izeneko automataren aurka ere aritu ziren emakumeak. Miss Hook Londresen, 1820an, eta Miss Fisher Filadelfian, 1827an. Partida haiek idatzita geratu dira, emakume haien izenik eta beste daturik izan ez arren.

Emakumeen lehen xake elkartea, berriz, 1847an sortu zuten, Herbehereetan. Urte berean sortu zuten The Penelope Club emakumeen xake elkartea ere, Kennington-en, Londres mendebaldean. Hurrengo urtean, Londresen bertan argitaratzen zen The Lady’s Newspaper agerkaria xakeari buruzko zutabeak plazaratzen hasi zen, eta urte hartakoak dira gizonezkoen arteko lehen eztabaidak ere, emakumeei beraiekin jokatzen eta lehiatzen utzi behar zieten ala ez erabakitzeko. Ingalaterrako The Chess Player’s Chronicle aldizkariak eman zuen horien berri, 1848ko azaroan.

Gizonen artean xakearen inguruko bilguneak, liburuak, elkarteak, txapelketak, aldizkariak eta antzekoak gero eta ohikoagoak ziren bitartean, xakean ere zegokien lekua aldarrikatzen hasi ziren emakumeak. Xake jokalari onak zirela erakutsi eta nabarmendu zuten hainbatek.

Flora Tristan (Frantzia, 1803-1844), Francisca Zubiaga (Peru, 1803-1835), Elizabeth Cady Stanton (AEB, 1815-1902), Amelie Paulsen (Alemania, 1831-1869), Ellen Gilbert (AEB, 1837-1900), Frideswide Beechey (Irlanda, 1843-1919), Edith Winter-Wood Baird (Ingalaterra, 1859-1924), Harriet Worrall (AEB, 1836-1928), Nellie Love Marshall (AEB, 1870-1946), Louisa Brett Georgina Ryall (Kanada, 1865-1902), Eliza Campbell Foot (AEB, 1851-1914) edota Rhoda Bowles (Ingalaterra, 1861-1931) aipa daitezke, besteak beste haien partidek eta garaipenek izandako oihartzunagatik edota xakeari egindako ekarpenengatik.

Ellen Gilbert, esaterako, jokalari oso ona zen, eta lehendakari izendatu zuten AEBetan garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Hartfor Chess Circle elkartean, 1876an. Frideswide Beecheyk, xake ariketen nazioarteko lehen txapelketa irabazi zuen 1881ean, xakeari buruzko lehen emakume zutabegilea izan zen, eta xake ariketez osatutako Chess Blossoms liburua argitaratu zuen 1883an. Nellie Love Marshallek, berriz, Emakumeentzako Ameriketako Xake Elkartea sortu zuen, 1894an, Eliza Campbell izendatu zuen lehendakari, eta lehen urtean 75 bazkidek eman zuten izena.

XIX. mendearen amaieran, batean eta bestean sortu ziren emakumeen xake elkarteak, eta horiek antolatu zituzten emakumeen arteko lehen xake txapelketak. Nazioarteko lehen txapelketa, esaterako, Londreseko Ladies’ Chess Club elkarteak antolatu zuen 1897an, New Yorkeko Women’s Chess Club elkartearen laguntzarekin. Londresen jokatu zen, eta Mary Rudge (1842-1919) ingelesa izan zen irabazlea.

Erreferentziak:
· Wall, Bill: Women in Chess. 2015.
· Lococo, Nicola: Las reinas del tablero. Mujer y ajedrez. Editorial Chessy, 2019.

————————–
· Xake taularen zuri beltzetan.
Orain arteko atal guztiak hemen irakurgai: labur.eus/xaketaula


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina