[35] Feminismo sozialistaren alabak

27 01 2021

Errusiako Iraultza emakumeen eta langileen borroketatik ernatu zenez, politikak eta feminismoak lotura estua izan zuten, eta emakumeen eskubideak ordura arte beste inon ez bezala bermatu zituzten boltxebikeek 1918ko konstituzioan, historian aurrekari askorik gabeko neurriak hartuz. Besteak beste, botoa emateko eskubidea, abortu librea eta doakoa, dibortzioa, amatasun ordaindua, homosexualitatearen despenalizazioa edo ezkontzatik kanpoko seme-alaben legitimitatea onartuz eta aitortuz. Gainera, Aleksandra Kollontairen eta beste hainbat burkideren ekarpenari esker, feminismo sozialista aitzindaria izan zen emakumeak “etxeko esklabotzatik” askatzeko neurriak abiarazten. Zaintza erdigunean jartzea etxeko lanen sozializazioan giltzarria zelakoan, haurtzaindegi eta jantoki publikoak zabaldu zituzten, ikuztegiekin eta nekazariak alfabetatzeko planekin batera. Emakumeen askatasuna ikuspegi sozioekonomikotik landu zuten, baina baita ikuspegi psikologikotik ere.

Horrek guztiak bat egin zuen iraultzaileek xakea heziketarako oinarritzat hartzearekin eta xakea eskoletara zein lantokietara eramatearekin, eta emaitza agerikoa izan zen: xakean bikain aritu zen emakume sorta oparoa. Vera Mentxiken mailara heldu ez ziren arren, XX. mendearen lehen erdian asko izan ziren xakean goi mailara heldu ziren emakume sobietarrak, lurraldekako zein Sobietar Batasuneko txapelketak irabaziz, eta baita nazioartean arituz ere.


[Nina Alexandrovna Bluket (1902-1966) hezitzailea, biologian doktorea, zientzialaria, dibulgatzailea, eta xake terapeutikoaren onurez hitz egiten eta xakea ospitaletara eramaten aitzindaria izan zen].

Horien artean Nina Alexandrovna Bluket (1902-1966) errusiarra ezinbestean aipatu behar da. Hezitzailea, botanika irakaslea, biologian doktorea, zientzialaria eta landareen bizitzari buruzko hainbat libururen egilea izateaz gain, xake irakaslea izateko titulua lortu zuen lehen emakumea izan zen. Xake terapeutikoaren onurez hitz egiten eta xakea ospitaletara eramaten ere aitzindaria izan zen. Moskun emakumeen xakea sustatzeko batzordearen arduradun izan zen hasieran, eta ondoren baita Sobietar Batasuneko xake saileko kidea ere. Jokalari bezala, berriz, hainbat txapelketa irabazi zituen.

Zehazki, munduko txapelketetan lortutako emaitzei esker, Olga Nikolaievna Rubtsova (1909-1994) eta Elizabeta Bikova (1913-1989) maizago agertzen dira xakearen historian, baina haiekin batera ibili eta gailendu ziren beste asko ere: Vera Txudova, Olga Semenova Tian-Xanskaia, Olga Moratxevskaia, Natalia Lobanova, Varvara Zargarian, Berta Weisberg, Olga Strelova, Natalia Ivashina, Lili Gelovani, Liubov Kogan, Salme Rootare, Larisa Volpert, Milda Lauberte, Tsilia Borisovna Frid, Lidia Miroxnitxenko edota Xenia Gogiava, garai hartako txapeldunen eta maisu handien zerrenda luzetik batzuk soilik aipatzearren.


[Berta Weisberg (1911-1972) ukrainarra].


[Lili Gelovani (1911-1973) georgiarra].


[Larisa Volpert (1926-2017) errusiarra].

Nazioartean Mikhail Botvinnik eta eskola sobietarra xakearen historian orrialdeak betetzen ari ziren bitartean, ordea, feminismo sozialistaren alabek oro har ez zuten fokurik eta oihartzunik izan, eskoletan, lantokietan eta bateko eta besteko txapelketetan milaka emakume ibili ziren arren xakean. Noizbehinka, Sobietar Batasuneko egunkariak eta xakeari buruzko aldizkari espezializatuak salbuespen apurrak izan ziren, baina gainerakoan ohiko emariak elikatu zuen azpiratze sistemaren errota: isiltasunak, bazterkeriak eta ikusezintasunak, besteak beste. Munduan barrena batez ere beroki, alkandora eta gorbata artean jarraitzen zuen xakeak, gehienbat gizonezkoen elkarteetan edota emakumeek sarrera mugatuta zuten lekuetan.

Bibliografia:
· Bykova, Elizaveta: Sovetskie Shakhmatistki. Fizkul’tura i Sport, 1951.
· Goldman, Wendy: La mujer, el estado y la revolución. Política familiar y vida social soviéticas 1917-1936. Ediciones IPS, 2010.
· Kollontai, Aleksandra: Feminismo socialista y revolución. Fundación Federico Engels, 2017.
· Kollontai, Aleksandra: Mujer y lucha de clases. El Viejo Topo, 2016.
· Uharte, Aroa: Hitzaurrea, in Erle langileen amodioak, Aleksandra Kollontai. Erein-Igela, 2020.
· Zakharov, Alexey: Pioneers of Soviet women’s chess. chess.com, 2017.


Ekintzak

Information

Utzi iruzkina